ARNASA KANTUZ
esaten dute
nahita ez dagoela arnasa hartzeari uzterik
baina hori mito hutsa dela denok dakigu
hamaika tratatutan irakurri dugu
ezin dela maitasuna kontrolatu
ausaz jokatzen duela
esfinter erotu batek nola...
petxuan trabatutako
hezur gaiztoa da hori
gezur gogor bat
entzunda nago
klase arteko bakea posible dela
eta beste munduetako mapak
merke saltzen direla...
hori sinesteko fedea behar da
oinak ibiltzeko direlako elezaharra
espazioa aldi batez okupatzeko
amarrua baino ez den juzkua eginda nago
eta inor larregi ez mintzearren
denbora aipatu gabe diot hori
erreparo larriz galdatzen baitut
denbora ez den beste kontinente labain bat
gauza batzuk ikasi ditut atzo-gaurretan:
oinak ez dira ibiltzeko
—ba ote da hori ez zekienik—
airea asmatzeko dago
—inork egingo al du—
eta musika soinua ahotsak argia
ezinezko loaldietako sehaska kanta dira
oraindik plazer pribatua dirudi bakeak
maitasunak beti narama
autarkia ilusio eder batera...
atzokoaren ondoren
arnasa nahi dudalako
nahi dudanean
nahi dudanekin hartzen dudala uste dut...
bat-batean itotzeko aukera berriz
zoragarria iruditzen zait
© cc-by-sa Jose Luis Otamendi