URTEMUGA
gaur hamabost urte
lurrean zuloa egin eta
aita sartu genuen
gero lurra berdindu eta
harrezkero gainean bizi gara
ez ginen aurrenak izan
ez gara bakarrak
—seguru gauzak
konpon zitezkeela
beste modu batera
baina ez genuen jakin nola—
milioika jende bizi da
gure antzera
larri maiz
inoiz ezaxola edo pozik
gurasoen hilobiaren gainean
denok maite dugu bakea
eta edertasuna
—seguru gauzak
konpon zitezkeela
beste modu batera
eta ez genuen jakin nola—
gaur hamabost urte
lurrean zuloa egin eta
aita sartu genuen
baina ahaztu egin zitzaigun
haren ondasunak lurperatzea
© cc-by-sa Jose Luis Otamendi