HERDOILA LODI
erabaki politiko sendoak hartu ditut gaur:
barre aire batean ibili naiz ibai bazterrean
baitezpada xede bakoitzari bere urratsa esleitu beharrez
zuhaitzek hostoetan irakurriz ziharduten
firfira jostari gisa ulertu dudan hizkuntza berrituan:
eztarri marrantatua dute orrien arima hilduratuek
«fabrika hustua» zerbaiten izenburu begitandu zait
bide ertzean hildako satorra
ukitu ez ukitu egon naizenean:
hain leuna behar du bakardade horren belusak...
maiz eskaintzen diet maitetasun handiagoa
ortzi bikortsuaren itxura aldaketei
etxeko zaharren memoriari baino:
eta hori kapitalismoa da
gutun laburra utzi dut emakume baten begirasunean
deserritar batek atoan egingo lituzkeen galderez:
besteren gorputzetan arren
gureak dira gau-minak inoiz
jaulkitzen dituen zinkurinak
hain hotza sumatuko du nik igurtzi ezean hitzen azala...
lau dobletan tolestuko dut egunkaria
albiste larriak albiste xeheak
amari lotarakoan esateko gero
uste dut gaur ere ez dugula
elkarri agindu genion lurra merezi izan
© cc-by-sa Jose Luis Otamendi