Bildumaren zerrendara itzuli


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Hika eginen dinat, hasiera hartan bezala.

Egunez amodio poemak egin eta gauez

dadaisten antzera desegiten nituenean bezala...

Haiek ez zitunan poema dadaistak ez deus;

amodio poemak nahi zitenan, baina nik,

ahalkez, mozorrotuak behar nitinan.

Denboraren joanak Ulise bihurtu ninduelakoan,

lurralde ez etsai baten bila, maitasun gutunek

erridikuloak izan behar dutela irakurritakoan

neure bertso berri kaxkar eta egartsuen

freskagarri hindudan, loreak udan ihintza bezala...

Eta ez nionan hosto iharren kexuari erreparatu

eta ustekabean negua iritsi zelarik

izotz beltzak atzamarrak moteldu zizkidanan.

Nolanahi ere, oraino uste dinat meteorologoek,

zer gerta ere, oharrarazi behar luketela

itsasaldera hurbiltzen haizen bakoitzean.

Eta Ulise ez naizen arren nire baitan baziraun

itakaminak, eta orain hika deginat berriz,

etsipenaren mintzamoldea balitz bezala, ezen

mezu desesperatuek diten segurrenik

esperantzarik gehien gordetzen. Nire mezua,

basapiztia kikildua, ihesi zoan

hire soaren abaro epelera, hire begiek

jakingarri egin dezaten, Itaka

inoizko aberri urruna soilik izan ez dadin.

 

 

 

© Xabier Izaga

 


www.susa-literatura.eus