LUMA BAKAR
Amarrugabe,
ez hobengabe,
lakio kantak
ezarri nizkizun
gari artean
(eta nolabait
barregarria da:
nire txoriak
ezpainak ezti).
Txori eta gari
artean, baina
hegaldi motzeko,
hala nahi zintudan,
hala eta nire
hegal-zabalera
gainditu gabe.
Abioi bat zara
ostera eta
lumatu nauzu
eta jausten utzi.
Jitoan dagoen
ontzi txatxarra
dirudit segurik,
ausartu naiz baina,
ausartu ere,
ur handitan gaindi.
Ez naramate uhin ilunek.
Aldean dudan luma bakarra
zurea da, baina
ez da zuria,
halarik ere, lasta guztia
botata bainago, aitortzen dizut
hegaldi motzeko nahi zintudala
eta orain behar zaitut aingura.
© Xabier Izaga