Bildumaren zerrendara itzuli


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

«Oraindik gazte zara»,

esaten dit gure amak urtero,

eta honen gaztea izanik ere

arrunt zaharturik sentitzen naiz

arrastiriko tenore honetan.

Adin kontua ote da?

 

Anitz gauza nizun galdetu

nire zalantzen argipena

gordetzen duzun horri,

eta duela mende batetik esperoan naukan

erantzunak lore berrien artean abegi egin didalarik

ahots batek «¡recuento!» iragarriz

galderetara jaurti nau harzara, baina

zu ikusiaren eguzkitan geratu naiz

etzanik, «...veinte, veintiuno,

¡póngase en pie !, veintidós...»,

eta zure urtebetetze egunaz oroitu naiz.

Baina nigandiko zorionek

baimenduak behar dute izan zuganaino

                iritsiko badira, baina eta baldin

hizkuntza susmagarri honetan izkiriatzera

ausart banadi hobe duket

heldu den urteko datapean igorri

garaiz ailega dakizkizun

                zorion zentsuratuok.

 

Menturaz zentsuratzaileak ere maite du inor

eta bi hilabeteren buruan hartuko dukezu

haren errukia, berak eta berak bezala

paperezko zorion eta maite zaitut ilusioz beteak

edo desesperatuak baimentzen,

sekretu ezagunak urratzen dituzten

                profanatzaile guztiek

nire madarikazioa jasotzen duten artean,

munduak gaztetasuna gurtzen

                duen artean, gazte izatea

jainkoen kuttuna izatea bailitzen.

 

 

 

© Xabier Izaga

 


www.susa-literatura.eus