Camembert helburu
Camembert helburu
1998, saiakera - nobela
292 orrialde
84-86766-87-7
azala: Xabi Alonso
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1995, nobela
 

 

Errealitatearen aniztasuna

jasateko formula

 

Joseja, nire betiko abokatua, aurpegia zartatuko didalakoan dago, onetik irtenda. Baina zer arraio...! Beste hitzik ez du. Baina zertan nahastu haiz? Nik hasieratik esan diot, Joseja, badakik zertan aritzen naizen. Ba, ni betikoan aritzen nauk. Gainerakoa kea duk. Baina, orduan..., berak, azalpen bat eskatzen duen protesta moduan. Nik ez diat fitsik esango ostia nondik etorri den jakin arte. Atera nazak hemendik.

        Komisaldegiko egonaldia gogorra izan da, uste baino gogorragoa. Bi egunez ziega batean eduki ninduten, isolaturik, bakarrik, inolako konpainiarik gabe. Berrogeita zortzi ordu pasatutakoan nazkagarri bat sartu zitzaidan ziegan lege antiterrorista aplikatu zidatela jakinarazteko. Hirurogeita hamazortzi ordu pasatu eta gero nazkagarri bera etorri zitzaidan garaipenezko irribarrea ezpainetan. Etxea eta denda sakon miatu zizkidaten, eta gaztak aurkitu zituzten. Ez hituen ezkutaleku txarrak, esan zidan nazkagarriak, ez hituen batere txarrak. Nazkagarriak muniparen pipa bota zidan ziegako koltxoi gainera. Orain bai, orain harrapatu egin haugu. Hirurogeita hamabostetik argitu gabeko guztiak leporatuko ditiagu. Josejak aitarenak egiten zituen: baina nola arraio gorde duk muniparen pistola? Burutik al hago?

        Nazkagarriak maltzur egin zuen irri. Atxilotu eta berrogeita hamar ordutara aitorpen bat ekarri zidan, izenpe nezan. Zu ez zaude burutik sano, esan nion, lehor. Harro jarri zitzaidan: hara, panpina hori, hik hau firmatuko duk, onez, edo hauxe bera firmatuko duk, txarrez. Aitorpena bat eta bera izango duk; hire kaskagorkeriak markatuko dik emaitza bakar horretara iritsi aitzin jasango dituan ostien zenbatekoa. Pentsatu gabeko erreakzioa eduki nuen. Irabaz beza torturadoreak bere jornala, atera zitzaidan, deblauki. Ez dut ukatuko gogotik jipoituko nindutelakoak beldurrez eduki ez ninduenik. Izan ere, polizien intelijentziaz fio behar baduzu... Nazkagarriak maltzur egin zuen irri. Orain berdin zaiguk, hireak egin dik, pistola badiagu. Ostia-errazioa aurreztu duk, mutur zikin horrek, bedeinkazioa izan duk hiretzat, ez dakik zer huen esperoan. Orain berdin duk. Pistola badiagu, eta hiretzat ez zegok fidantzapeko askatasunik. Epailearen aurrean halaxe azaldu nintzen, ezer izenpetu gabe, baina mutu. Carabanchelera, esan zuen epaileak. Joseja abokatuak aitaren egiten zuen behin eta birritan. Kaguendios, pistola puta horrengatik ez balitz... Ikusi duk egunkaria? «ETAko komando diru-garbitzailea». Izenez baizik ezagutzen ez nituen militante historiko pilo batekin lotzen ninduten. Joseja ileetatik tiraka ari zen. Pistola puta hori. Chanchullo Komandoko buru egin haute. Epaileak badik interes gaiztoa, ez duk normala hirekin gertatzen ari dena, ez diate ezer eta Carabanchelen haukate, ez zegok fidantzarik, jakin nahiko nikek epaile honi nork eman dizkion argibideak.

        Ni, lehen hilabetean, mutu, ostia nondik zetorren jakiteko zain. Joseja lasaitu nuen, barregarria da, gero, presoak abokatua lasaitzea. Carabanchelen aste bete eginda, bertako mafiako bat bidali zidaten mezulari. Lasai, esan nion, dirua badiat. Josejari esan nion, bila ezak Cristina, badiat urrezko Rolex bat, hona ekartzeko esaiok.

        Cristinak bisita bat egin zidan, negarrez aritu zen, disgustu handia bazuen. Ez iezadak orain emaztegai etsituaren planta egin dezadan eska, esan zidan, ez nauk astero bisitan etorriko, badiat lagun berria, ez nauk berriro izorratuko, hor konpon hi eta hire txapuzak, gureak egin dik. Soka eman nion bere lanturuaren soka luzeari. Eta Rolexa, ohe ondoko mesanotxeko kaxoi ezkutuan nuena? Rolexik ez zegok ohe ondoko mesanotxean, putaren bati-edo oparituko hion, alproja halakoak. Barrez ekin nion, nire kautan, Cristinak alde egin eta gero. Orduan, Mallorcakoa zela esaten zuen puta hari eman nion erloju hura...? Horrek ere berea badu, Mallorcakoa zen errealitatearen berri zekien bakarra. Lasai, esan nion mafiakoari, dirua badut, emaidazue aste pare bat.

        Barruan hiru aste neramatzala Margoten orri bat jaso nuen. Nik ez nuen kontua honela bukatzerik nahi. Triste nago. Ezer egiten ahal badut zure alde... Zertarako hasi burukadaka zeldako pareten aurka? Irriaren bidetik atera zitzaidan. Horra bihotza erauzirik izatearen beste abantaila bat. Oso barregarria zen dena, izan ere. Nire txaluparen aingura guztien lokarriak eten dituzu, itsas handietan zeu beste iparrorratz ezaguzten ez duen txalupa hauskor bilakatu nauzu, eta hondoratu naiz; esku bat luzatu dut zuregana, zuk ez diozu heldu; nire ergelkeriak xaxatu olatuek jan naute, zure eskua izan da ikusi dudan azken gauza, zure irria adituko dudan azkena itzulerarik gabeko hondarreko bidaia hasi baino lehen. Idatzirik zegoen.

        Laugarren astean beste gutun luzeago bat eduki nuen. Gutuna ez zetorren bakarrik, Le Mondeko ebakin batekin baizik. Ebakinari paratu nion begia, lehenik, ezinbestean, eta ikusi nuenak zur eta lur utzi ninduen. Gutunaren izenpea begiratu nuen, gero. Nestor-Lupusena zen. Halaxe zioen gutunak:

        «Euskalduna, ez zara nik uste nuen bezain azkarra, aitzitik, oso baldarra eta zakarra zara, ez nuen uste munduko herririk zaharrenak horren tipo ergelak eman zitzakeenik, zu bezalako jendearekin zure herriak ez zukeen luze iraungo, seguru zaude euskalduna zarela? Dezepzio handia hartu dut zurekin. Gaztigatu nuen, gaizki pasatzekoak bazenituen, ilusioak zapuztuko dizkizugu, zure patua kunplituko da, gaztigatu nuen. Ez zenidan jaramonik egin nahi izan. Margotek nahastu zaituela pentsatu nahi dut, eta alde batera ulertzekoa da, ez da hori bezalako eztirik edozein erlategitan aurkitzen, hori baino gehiagokotzat zintudan, ordea. Dezepzionatu egin nauzu, askoz gehiago espero nuen munduko herri zaharrenetakoa den batengandik. Badakit zer ibiliko zaizun buruan. George Garastas izan al zen eroslea? Garastasen lagunen bat? Zu eta bion artean: zer inporta du horrek? Berdin da, euskalduna, berdin da. Zuri, batez ere, berdin zaizu. Garastas izan, bere lagun bat izan, berdin da, horrek ez du ezer aldatzen. Zure aukera izan zenuen, neronek eman nizun aukera hori, eta ez zenuen nire hitza aintzat hartu nahi izan, ez zenuen bidea egoki aukeratzen jakin. Gaizki pasatuko zenuela esan nizun, euskalduna, gaizki pasatzen ari zara, gaizki pasatuko duzu puska batez, ez dut uste inork kendu ahalko dizunik, demagun, pare bat urteko kartzela; honezkero, ezta guk ere, nahiko bagenu: badakizu, burokrazia astiro doa... Eredugarri izan daitekeen zigorra komeni zaigula alde batera utzi gabe. Ikusi zintudan azkeneko aldiz hainbeste kezkatzen zintuen ile urdinduko gizon horrek, Fuentesek badu, noski, zerikusia zure oraingo egoeran. Peoi bat da, peoi hutsa; baina halako peoiek nagusietan nagusiena denari men egin behar izaten diote, orain honen alde daude, baina bost minutu ondoren beste patroi boteretsuagoaren alde egon daitezke erraz... Ez al zenekien hau guztia, euskalduna? Benetan hain sinplea al zara? Fuentes horrek ardura politikoak eduki ditu Madrilen. Yvesen laguna zen. Baina gure laguna ere bada. Margot putaxka hartaz nahiago dut ezer ez esatea. Benetan uste al zenuen sekula maite ahalko zintuenik? Benetan uste duzu neska batek —edozein izanik ere— hainbeste balio dezakeenik? Zuei, euskaldunei, ehungarren eskutik iristen zaizue dena, makina bat bider erabilitako gauzengatik ezagutzen duzue mundua. Pena ematen didazue, hirugarren mailako ekipoa zarete.

        »Nire patroiak, dena dela ere, ezin zezakeen laido hau jasan. Ni ere peoi bat baizik ez naiz, mundutik erretiratu naute nire okerrak direla-eta, baina nire peoi-lanak oraino du salmenta. Zu presidiario bat zara. Peoi-lanak agintzen dizkidan patroiak ezin zezakeen laidoa jasan. Ez da diru kontua. Edo bestela esanda, dirua gutxien inporta duena da. Zuri esker, zure pigmentuei esker zehatzago esateko, egin den operazioan zenbat gal zezakeen nire patroiak? Bost milioi libera, sei milioi, zazpi? Huskeriak. Nire patroiak ezin jasan dezakeena ez da berarentzat huskeria baino ez den diru hori, bere kontura trufa egin, berari harpa jo, berari errespetu galdu dioten lau alproja badirelako prezedentea baizik. Adibide txarra egin duzue, eta horrek ez du barkamenik. Horregatik zaude zu orain zauden tokian. Ongi etorriko zaizu gogoeta egiteko, euskalduna».

        Garaia da, noski, esateko Le Mondeko ebakinak zer esaten zuen. Yves Carreauxen argazki eder bat bazekarren, izenburu honekin. «Armand Leduc arte-kritikariak dio badakiela Toulouse-Lautrecen Aux Courses koadro famatua, orain hamazazpi urte desagertua, non egon daitekeen».

        «Orain ulertzen duzu, euskalduna? —segitzen zuen Nestorren gutunak—. Margotek Aux Courses koadroaren kopia ederra eginarazi du zuk emandako pigmentuekin, eta nire patroiari erakutsi dio. Jakina, nire patroia Lautrecen koadro hori 1982ko lapurretaren ostean erosi zuena da. Dudarik al zenuen lapurreta hori eroslearen beraren aginduen arabera egin zenik? Kapritxo hori eduki zuen. Ez zuen espekulatzeko gogoz erosi, ez, egiazko amateurra delako baizik, koadroa bere bilduma pribatu izugarrian eduki gogo zuelako. Margotek ere horrenbeste bazekien, eta bazekien nola iritsi gugana, eta txantajea egin dio nire patroiari. Nola ez zuen jakingo, bada, gaztigatu nizun bezala bera gau hartan gertatutako guztiaren lekuko izanez gero. Thierryk —zure pigmentuekin— moldaturiko kopia erakutsi dio, eta zera esan dio, zer, aterako al dut jendaurrera, eskandalua eratuko dut edo moldatuko gara? Hasiko al naiz nire Aux Courses faltsu hau erakusten? Adituek ontzat ematen badute, zureak, autentikoak, ez du ezer balioko. Zalantzarik sortzen bada, berriz hasiko gara 82ko lapurreta denon gogora ekartzen. Pista berriak azalduko dira, suposizio maltzurrak... Susmo berriak haziko dira, eta koadroa nola berreskuratu dugun ikertzen hasiko denik ez da faltako. Eta orduan... Zer, hasiko al gara berriro kontu zahar hori denen oroimenera ekartzen? Onartuko duzu egia guztia jakin dadin arriskua edo zerorrek erosiko didazu faltsua? Honezkero prezio bat adostu dute —bost, sei milioi libera, lehen esan dizudanez—. Ez da eskandalurik izango, Armand Leducek —edo Yves Carreauxek, zuk ezagutzen zenuen izenez— laster esango du konfundituta zegoela, pista gezurrezko baten atzetik abiatua zela, Aux Courses lehen bezain desagertua dagoela... Eta, zu, euskalduna, bitartean, zure gaztarekin, zure gazta barregarri horrekin engainaturik. Eta kartzelan.

        »Aitortu behar dut faltsifikazioa izugarri ona dela; Thierryk maisulan bat egin du; seguru nago bera ez dela gauza, gaur egun, horrelako lan bat, teknikoki, bakarrik egiteko. Berdin da, behar zituen laguntzak bilduz edo deabruak daki nola, kontua da moldatu dela faltsifikazio-lan ikaragarria, lehen mailakoa egiten. Baina, denetan harrigarriena da nire patroiak ez duela txantajea onartu faltsifikazioa ona zelako, ez; harrokeriarengatik, banitatearengandik erosi du koadroa. Nire aholkuen aurka, bidenabar esanda.

        »Margotek kopia atera izan balu, guk aurka egitea bagenuen, eta, ez pentsa nire aldetik hau esatea harrokeria dela, baina, faltsifikazioaren teknikez eta gorabeherez dudan ezagutzari, aldez aurretik banekiela duda izpirik gabe kopia bat dela gaineratzen badiozu, aukera guztiak genituen Margoten iruzurra, goizago edo beranduago, agerian uzteko. Hautsak harrotuko lirateke, hori egia da, eta horixe zen nire patroiak nahi ez zuena.

        »Bazegoen, ordea, beste aukera bat, eta horixe izan zen nire patroiari proposatu niona: uztazu, uztazu koadroa atera dezaten! Guri zer? Kasurik txarrenean, hau da, adituek autentikoa dela esaten badute ere, guri zer? Berriz Albin eskegitzea lortzen badute, fabula nahasi eta aldrebes bat erantsiz, zer? Autentikoak zeurea izaten jarraituko du, berdin erakusten ahalko duzu zure bilduma pribatuan horrelakorik merezi duten lagunei; are, Albin dagoena faltsua dela azalduz, faltsu horren historia kontatuz, irri handiagoak egin ditzakezu! Horixe proposatu nion, eta hara! Horixe izan da nire patroiak jasan ezin izan duena: inoren burutik pasatzea, une labur batez baizik ez bazen inork susmatzea, berak daukan Aux Courses autentikoa ez dela. Prestijio-kontu ergel batek bost milioi libera galarazi dizkio.

        »Eta zu, bitartean, gaztagintzan. Zu bezalako jendearekin, mirakulua da euskaldunak XX. mendera iritsi bazarete, zeuen konkistatzaileak eskuzabal eta on izan dira zuekiko, derrigor, zeren, bestela... Handi etorri zaizu hau guztia, euskalduna. Mundua handi zaizu.

        »Margotek lortu du, azkenik, bere mendekua gauzatzea, sosak atera dizkigu, honezkero lasai egongo da, pozik, irri egingo du gogotik. Nire patroiari ez zaio dirua axola, bere giroko jendearen aurrean barregarri gelditzea baizik. Dudak eduki zituen, horixe izan zen bere kezka: faltsua erakusten bazen bere prestijioak sofritzen zuen. Mukitsu horrek engainatzen bazuen, baita ere, beste modu batean bada ere. Zu izan zinen gure azkeneko baza; bagenekien zerbait prestatzen ari zela baina ez genekien zer. Zuk hitz egin izan bazenu kolpea geldiaraziko genukeen, baina ez zinen azkarra izan, euskalduna, eta orain larrutik ordaintzen ari zara. Margoti ere eskua erantsiko diogu halako batean, pazientzia kontua baizik ez da. Baina, jakina, zuri ez genizuke inola ere eskapatzen utziko. Okertu egin nintzen zurekin, aitortu beharra daukat. Uste izan nuen nire kastakoa zinela, hautsezina zinela, ni bezala; gogorra eta azkarra zinela. Baina oker nintzen, apurtxo bat falta duzu: inork sekula zu maitatzen ahal zaituela posibilitatea baztertzen ez duzuno, zaurigarri zara, ahul eta hauskor».

        Bestela ere nire zeldatik ikusten ez dudan zeru urdina ez omen da zerua, ezta urdina ere, eta nik ikasi berri dut, hungariar batek erakutsia, zein den errealitate harrapaezin eta aurpegi-aniztun horren aurrean hautsezina izateko formula.

        Nork esan zidan niri artea aspergarria zela?

        Zederruni egin diot karta. Honelakoxea, koma bat gora, koma bat behera:

        Zederrun maitea: Internet ikastaroa egiteko eman dut izena, hemen, kartzelan. Arrazoi duzu, atzeratuta gabiltza, ez dugu ezer ulertzen. Egin dezagun behingoz garaiaren araberako faltsifikazioa, faltsifikazio birtuala. Asmatu ezazu firma polit bat, itxuroso, ikusgarria. Inprimarazi ezazu milioi bat kondoi firma horrekin. Egin ezazu web orri egokia, ospeduna, jendeak biblia moduan hartzen duen horietako bat. Sekula izan ez den pintorearen biografia, obra eta estiloa, nire kontu. Inoiz munduan izan den pintorerik onena, noski. Gure amarruak mundu-mailako hedapena, hagitz denbora laburrean, lortu duenean, jendea saldoka erostera joango denean, ez dute, noski, obrarik aurkituko: ez dago-eta. Eta ez gara egiten hasteko bezain tontoak izango. Baina kondoiak bai, kondoiak badira, pintore birtualaren izenpearekin, noski, eta hori da printzipalena. Jendea saldoka abiatzen denean erostera, saltzeko ezer edukitzea. Hortaz, egun horretarako denda guztiak kondoiez lepo eginda eduki behar ditugu. Aberastu egingo gara.

        Inoiz aterako naiz hemendik, eta orduan ere duin zahartzeko aukera eduki nahi dut.

        Xede goren hori dela tarteko, ez dut hain erraz amore emango.