Camembert helburu
Camembert helburu
1998, saiakera - nobela
292 orrialde
84-86766-87-7
azala: Xabi Alonso
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1995, nobela
 

 

Drakula kondeari

berakatza bezala

 

Mme Cartailhacek, zuzendariak, halaxe esan zuen, neronek aditu nion belarri hauekin: astero iristen zaizkiola Lautrec egiazko bat daukatela zin egiten duten gutunak. Eta zer egiten du?, jakin nahi izan zuen Margot Lasallek. Leitu ere ez omen ditu egiten; idazkariari pasatzen omen dizkio, eta —esan zuena hitzez hitz errepikatzen ari naiz— idazkariak ere ez omen ditu leitzen. Alegia, museoan ez dietela batere kasurik egiten iristen zaizkien gutun haiei, zuzenean eta begiratu gabe zakarrontzira doazela, segurutzat jotzen dutela faltsifikazio zabarrak izango direla. Ez nagoela oso konbentzituta adierazi nahi diot Margoti, nire zalantzen berri eman nahi diot, zehar hitzez baizik ez bada adierazi nahi diot susmoak baditudala, presentimenduak. Ikusi nahi dut zer erantzuten duen, zer jarrera hartzen duen nirekin. Zer dago faltsuen aretoaz?, galdetu du Margotek, ezer gertatuko ez balitz bezala, nik dakidala, ez zuten sekula eratu.

        Maurice Joyantek, Lautrec faltsifikatzea ezinezkoa zela konbentziturik, eginarazi eta atzemandako faltsu batzuk museoan erakusteko proposamenaz ari zen, halakorik zintzotasun eskaseko jendearen eskarmentagarri izango zelakoan. Joyant hil ondoren, Mme Dortuk ere proposamen bera egin zuen. Baina hil egin zen halakorik ikusi gabe. Eratu egin zuten, ordea!, esan dut, seguru. Informazioa Cahuzac andrearen ezpainetatik jaso dut, dokumentalistak ziurtatu zidan garai batez faltsuen aretoa hantxe egon zela, baina gero kendu egin zutela. Kendu!? Zergatik kendu? Finean, ez omen zitzaien ideia ona iruditu. Barre egin du Margotek nire erantzuna entzun duenean. Barre egin dut nik ere, azkenik. Ikusten, memelo? Begiez horixe esaten ari zaidala dirudi. Ikusten? Zu beldur zaude ez dakizulako, ez duzulako uste faltsifikazio bat sakatzeko gauza izango ote garen, eta Lautrecen erabateko faltsifikaezintasunaz konbentzituenen zeudenek ere amore eman zuten aspaldi.

        Parisko berriak eduki ditut, dio Margotek. Thierryk argibideak helarazi dizkit. Hauek denak behar omen ditu: 1884-87 urteen artean artistak egin zituen obren zerrenda, tamainak, margo-klaseak (olioa, pastela, tinta...), gaiak eta gainontzeko detaileak emanez. Non dauden ere bai: Thierryk bere begiz ikusi nahi ditu, oso urrun ez badaude bederen. Epe horretako obra guztien erreprodukzio grafiko ona, batez ere Ameriketan edo bilduma pribatuetan daudenena. Zer dago izenpeaz? Zenbat izenpe erabili zuen garai hartan? Non izenpetu ohi zuen koadroa? Eta zer dago Dorturen gutunaz?

        Horretarako kontratatu naute, azken finean. Horixe da nire lana.

        Ikus dezagun. Goazen poliki-poliki. Obra inportanteenak? Bon, garai hartan Artilleur et femme saileko guztiak sartuko lirateke, Carmen la Rousse saileko guztiak, Emile Bernarden eta Suzanne Valadonen erretratuak, La chaise Louis XIII gaia hartuta beste bi. 1887koak Van Goghen eta artistaren amaren erretratuak daude, Au Moulin de la Galette, La Gouloue et Valentin le Désossé... oso oker ez banago Thierryk esaten duen epea prestakuntza klasikoarekin apurtu eta Montmartre deskubritzen ari den garaia da. Epe horretan 51 margo daude katalogatuta. Batzuk Albin daude, beste batzuk Parisen, Madrilgo Thyssenen ere bada Carmen bat... Thierryk maite al du bidaiatzea? Hobe hala bada, badituelako epe horretako obrak, erakusketa publikoan, Belgraden, New Yorken, Kopenhagen, Londresen, Buenos Airesen, Stockholmen, Chicagon, Amsterdamen... Agian horietako batzuk ikusten ahalko ditu. Erreprodukzio onak lortzearena, ez da erraza izango, batez ere bilduma pribatuetan daudenen erreprodukzioak. Batzuetan guztiz ezinezkoa izango da, hainbat obra non dagoen inork ez dakielako. Beste batzuetan zaila izango da, Ancelin tabernako paretetan egin zuen hainbat, esaterako, 1926ko enkanteko katalogoan dago erreproduzituta... Thierryk izango du, noski, katalogo edota material horiek eskuratzeko modua... Firmarena konplikatuxeagoa da. Garaiko 51 koadro horietatik asko firmatu gabe dago, mordo bat H.T. Lautrec, gehienetan behean eta ezkerraldean, behin Tréclau, bere deituraren silabekin jolastuz, bere monograma famatua bitan baino ez da azaltzen... Baina apunteak errepasatu beharko ditut, batez ere Dortuk bere liburuan izenpeen aferari eskaintzen dion kapitulua. Zeren, oso oker ez banago, Albiko txikitoak 34-35 izenpe erabili baitzituen bere bizitzan. Izenpeaz mintzatu behar da, noski, eta kezkatuta nago.

        Margotek nire kezkak kanporatzeko eskatu dit. Gure Camembert hori izenpetu beharko ote litzatekeen eztabaidatu beharko genuke, nik. Gauzik hitz hauek jartzen ditu Lautrecen ahotan, Camemberten pasadizoa kontatzen duenean: «Je ne le signarai pas; je me bornerai à inscrire sur la notice un pseudonyme quelconque» [8]. Horrek ahalbidea ematen du ez izenpetzeko, Gauzik esaten duena ontzat emanez, edo izenpetzeko, Gauzik esaten duenari kasurik egin gabe. Eta, izenpetzekotan, Lautrecek erabilitako izengoitietako bat erabiltzeko (Trèclau, Tolag-Segroeg), edo berri bat asmatzeko. Ez da erraza.

        Ni Dorturen gutunak kezkatzen nau —esan zuen Margotek—. Egia izango da existitzen delakoa?

        Mme Dortuk [9] ziurtatzen du Joyantek eduki zuela Lautrecen gutun bat, zeinean azaltzen baitzion zer egin behar zuen, zalantzarik edukiz gero, autentiko bat faltsu batetik bereizteko. Gauza jakina da Joyanten material guztia, hau hil zenean, Dorturen eskuetara pasatu zela. Dortuk ez du datu hori ematen, baina uste izatekoa da eskutitz hori Joyanten paperetan egongo zela, eta bere eskuetara iritsi ez ezik, bere eskuetan ere hartuko zuela indarra, eta bere ondorengoen eskuetan. Dortuk oso diskretuki darabil gaia («Eduki izan dut esku artean» dio, kasualidadez inoiz ikusi izan bailuen edo), eta bere hitzetatik ez dago ateratzerik, ezta hurrik eman ere, nik ateratzen ditudan ondorioak, baina hala behar du. Lautrecek berak hari egiten ahal zizkioten faltsifikazioen aurka eginiko antidoto bat bezalakoa-edo. Eskutitza dagoelakoa sinesgarria egiten da Lautrecek berak harrapatu zituela faltsifikatzaile batzuk enteratzen garenean. Dorturen materiala Méricen eskuetara pasatu zen. Méricek eduki behar du gutuna, halakorik badago.

        Duda egiten duzu?, nik.

        — Esan nahi dut faltsifikatzaileak desanimatzeko beste truku bat izan daitekeela, Lautrecen koadro faltsuen aretoa eratzearena bezalakoa. Baina gutunarena askoz mehatxu boteretsuagoa da; faltsuen aretoa kendu egin zuten justu lortu nahi zuten efektuaren kontrakoa eragingo zuten beldurrez. Halako karta batek, ordea, Joyant-Dortu-Méric autoritate-lerroari sekulako indarra emango lioke, euren eskuetan nolabaiteko indar faktiko bilakatuko litzateke.

        Jakiteko modu bat baino ez dago: Mérici berari galdetu. Parisen bizi omen da. Méricek ez dizu gutuna nolanahi erakutsiko, baina.

        Agian... esan du Margotek, pentsakor. Ni ere zerbait pentsatzen ari naiz, neskaren ipurdia gogoan. Baina ez, txorakeria da, Méric hori agure beneragarria da. Margot konturatu da. Aizak, hi, txorradaren bat esateko, egon hadi isilik. Ez, ez da txorrada bat. Museoan pasatu ditudan egunetan ikusi dut, noizean behin, jendea badoala beren litografia zaharrekin, autentikoak ote diren esperantzan, kontsulta egitera; gehienetan ez dira jatorrizkoak, ez dira orijinalak, eta halaxe jakinarazten zaie. Gehienetan ere ez dira konforme gelditzen [10]. Orduan Méricengana joateko esaten zaie, helbidea emanda. Hortaz, nahikoa izango genuke litografia zahar bat nonbait bilatu, eta gisa horretan Méricengana iritsiko ginateke. Eta orduan, zer? Orduan... ez nintzen atrebitu pentsatzen nuena esatera, eta beste hauxe esan nuen, orduan hartu eta egurra eman gutuna erakutsi edo gutunik ez dagoela aitorrarazi arte. Ametsetan ari haiz, motel, esan zuen Margotek.

        Drakulari berakatza, arteari faltsua.

        Margotek nire kemen galdua berreskura dezadan nahi omen du, nabaritu egiten du ez nagoela oso animatuta, eta hauxe esan dit: Van Meegerenek Vermeer zuen espezialitate. Ikaragarri ona omen zen. Hainbeste non zenbait museori sakatu omen zion ziria. Zehatz esanda, 1937an aditurik adituena engainatu zuen, A. Bredius doktorea. Engainuari esker Rotterdameko Boyman Museoak Emmaüseko erromesak erosi zuen, Vermeerrena zelakoan [11] Goeringi berari ere sakatu omen zion ziria. Bihurrikeriak kartzelara eraman zuen. Van Meegerenek ez zituen, baina, Vermeerren koadrorik kopiatzen. Vermeerren antzera egiten zuen. Artista bat zen, azken finean, faltsifikazioaren artista bat. Banitaterik gabeko artista? Gosete handiak pasatutako artista? Auskalo. 1984ko irailaren 11n, zazpi hilabete lehenago zendu den Tom Keating faltsifikatzailearen obra batek (lorontzi bat, Van Goghen antzera) 3.500.000 pezeta harrapatu zuen Londresko Christie'sko enkante-areto printzipalean [12]. Keating famatua zen 1979 urtean epaitegietara eraman zutelako, inpresionista eta XIX. mendeko margolari ingelesen koadroak faltsifikatzeaz akusaturik. Baina baita ere Ingalaterrako telebistako programa-sail batean hainbat koadro faltsifikatu zituelako, xehetasunez esplikatuz Monetek, Cézannek edo Van Goghek nola margotzen zuten: «Hemen Van Goghek hodeiak kiribilduko zituen, haizearen indarraren inpresioa areagotzeko». Pintzela eskuan eta txorradarik gabe, esan eta egin egiten omen zuen. 1979ko epaiketa bertan behera gelditu zen, ezin zutelako ezer frogatu.

        Suari ura bezalakoa.

        Margoti ez zaio argudio-saila bukatu: kritikari eta aditu guztiek onartzen dute, gogoz kontra bada ere, bilduma pribatuek eta museoek faltsuen portzentaia txiki bat badutela. Ehunekoetan ez dira bat etortzen: %2 edo %3, baikorrenen arabera, %15, sistemarekin kritikoen direnek diotenez. Margot gaixoa. Egon liteke hiru aste faltsifikazio-kasu zelebratuenen zerrenda egiten, mila argudio arrazoizko eta logiko aletu litzake, eta ez zukeen nire une hartako eszeptizismoa deuseztatuko.

        «Egia esan, ikerketa serio batek eskatzen dituen baldintza guztiak betetzen badira, historiografiko hutsetatik hasi eta gaurko teknologiaren sofistikatuetaraino —gure zerbitzuan jartzen dituena koloreen analisi mikrokimikoa, erradiografiak, argi ultrabioleta, ordenadoreak eta laserra—, maula ia ezinezkoa da» [13]. Hauxe baino ezin diot kontrajarri Margot baikorrari, eta ez da gutxi.

        Zer, orain Louvreko zatiki-azeleradorearen beldur al zaude? [14] Sekula entzun duzu Alberto Fabra izena? Fabrak batez ere zinemaren industrian lan egin izan du. «Nik koadro faltsu ugari margotu dut —dio berak—, eta ez dut etsi: iritsiko da horietakoren bat Amerikako museo batean ikusiko dudan eguna» [15]. Zer uste duzu, gu, gure taldea, Fabra baino gutxiago dela?

        Ezer esan ez nuen arren, nik ere banuen Fabraren aditzea. Fabrak azaltzen du berak faltsu asko ikusi dituela hortik zehar —museo, galeria eta bilduma garrantzizkoenetan—. Ofizioa ezagutzen duenez, atzeman egiten dituela: «Margolari bati eskatzen badiote pelikula baterako faltsu bat egitea, errazena izaten da faltsifikatu nahi duen margolariaren hiruzpalau koadro erabiltzea, gero faltsua egiteko. Lehen planoan dagoen irudi jakin baten bariante bat egiten da, eta hondoan beste koadroetako elementuak sartzen dira. Koadro batean bi margo ezagunen elementuak ikusten badira, ia segurua da faltsua dela».

        Horiek ohi dira bi metodo garrantzizkoenetakoak: inoren antzera egitea, edota Fabrak lerro batzuk gorago adierazi duena, motiboen nahasketa hori. Inoren antzerako bat sakatu ahal izateko oso ona behar du izan koadroak. Elementuak nahastea beti zakarragoa izaten da. Toulouse-Lautrecen faltsuen historian margolariaren iruditeria ohikoena (La Gouloue, Jane Avril, Valentin le Dessossé, Marcelle Lender, Guilbert) nahastekatzen da entsaladetako elementuak bezala. Alde horretatik, Lautrec margolari-mauka da faltsifikatzaileentzat.

        Baina maularen eremuak oso zabalak dira. Koadroa faltsua eta firma egiazkoa izan daiteke. Halako koadro famatua prestatzeko bozeto bezala aurkezten den faltsifikazioa ere oso tipikoa izaten da. Kalkoarekin bezala eginiko kopia alde batera utzi gabe, jakina. Ezagutzen den baina desagertu den margoarena ere aintzat hartzekoa da. Zenbaitzuetan koadro ezezagun —baina «egiazko»— bat hartu, izenpe ospe handiko bat faltsifikatu eta, are, egiazkotasun-zertifikatua faltsutuz saia daiteke. Kontua nahiko nahasirik ez bailegoen, askotan artistak berak faltsuak egiten ditu, inoren antzerakoak, barre egiteko, dibertitzeko beste helbururik gabe Eta Lautrecek berak ez al zituen faltsuak egin marrazki bat Forain eta beste bat Helleu izenpetu zituelarik?» [16]). Lautrecen kasuan, gainera, litografien saltsa gaineratzen badiogu (jatorrizkoa izateko bete behar dituen baldintzak: autoreak berak jatorrizko plantxekin eginiko lehen ediziokoa izatea, zenbakiduna, eta ez beste inork ondoren eginiko beste tirada batekoa), mundu oso baten aurrean gaude. Ez, etsi egingo dut, ez naiz kasuistika zabal hau sailkatzen saiatuko, arte-lizentziatuei uzten diet lana, baldin eta denbora luze dela bat edo batek egin ez badu. Baina, eta horixe zen nire kezkarik nagusiena, arte-lizentziatu horrek ahalik eta sailkapen zehatzen eta perfektuena egin badu ere, seguru ez duela bere sailkapenean guk egin asmo genuen bezalako faltsifikaziorik: Lautrecen antzera egin Albiko margolariak bere nortasun piktorikoa maskaratzeko berariazko grinarekin pintatu omen —omen— zuen koadroa. Hura inauteria!

        Garai bitxian bizi gara, dio Fabrak, «koadro hau faltsua dela egiaztatzen dizugu», diote saltzaileek. Eta hori garantia bat da. Halaxe ere Beliakoven negozioan.

        Zeren garantia, galdetzen dut nik? Bada, horixe koadroa guztiz faltsua delako garantia. Duda izpirik ez dago. Hori bai, faltsu pedigreeduna. Pedigreeduna, bistan denez, gabe baino gehiago da, beste prestijio bat. «Agiri honen bidez jakinarazten dizut zure koadroa guztiz faltsua dela, guztiz baina, Judasen musua bera baino faltsuago, faltsu autentikoa». Eta beste hau? Hori? —nazkaz zipaturiko keinu bat—. Hori? Auskalo! Faltsua da, hain faltsu non faltsua ote den ere ezin baitaiteke egiaztatu, faltsu-faltsua. Urdaiazpikoaren harra, gariaren txingorra, egurraren pipia, Drakularen berakatza, kondoiaren zuloa. Kaosa.

        Kaosaren aurrean faltsu autentikoak ordena garantizatzen dizu, eta prestijioa ematen du. Edozein polizia autonomikok bezala. Eta zer autonomiak ez du bere polizia autonomikoa eduki nahi?

        Faltsu autentikoa gizarte kapitalista garatuaren azken orroa da, asmazio ikaragarri ona. Nork eman dezake gehiago horren diru gutxiren truke?

        Guk egin nahi genuen faltsua, baina, ez zen faltsu autentikoa, autentikotzat sartu nahi genuen faltsu-faltsua baizik. Gizarte kapitalista garatuaren azken orroari iruzur eginez. Zer arraio, azkenik iraultza egiten ari nintzen.

        Besterik ezean, ideia horri atxiki nintzaion; ez zen nik horrelakorik benetan sinesten nuela, noski. Bazen zerbaiti atxiki behar niola zalantza guztiak desegiteko.

 

        [8] «Ez dut izenpetuko; izengoitiren bat ipiniko diot», François Gauzi: Lautrec mon ami. La bibliothèque des arts, Paris, 1992.

        [9] Toulouse-Lautrec. Collection Génies et Réalités, Hachette, 1962.

        [10] Lautrecek litografiaren kontzeptua, ordura arte arte-obra txikia, irauli eta duindu zuen, paperen kalitatea zainduz, tiraden zenbakia kontrolatuz eta harri gaineko marrazkiak tirada eta gero ezabatuz. Ikus Maurice Joyant, II. liburukia: «Lautrec avait, en effet, à notre contact d'éditeur, compris que pour qu'une estampe, conçue, dessinée, inprimée par l'artiste lui-même, oeuvre d'art dans toute l'acception du mot, puisse conserver sa valeur, le tirage doit être strictement limité au chiffre annoncé, et chaque épreuve signée et numerotée (...) il effaçait lui-même ses pierres après tirage, et détruisait impitoyablement les épreuves de passe».

        [11] Moreau-Vauthier: Historia y técnica de la pintura. Hachette, Buenos Aires, 1955.

        [12] El País, 1984-IX-12.

        [13] F. Calvo Serraller, El País, 1984-IX-12. «En realidad, si se cumplen todos los requisitos de una investigación seria, desde los puramente historiográficos hasta los más sofisticados de la tecnología actual, que pone a nuestro servicio el análisis microquímico de los colores, las radiografías, la luz ultravioleta, la microfotografía, las computadoras y el láser, el fraude es prácticamente imposible».

        [14] Zatiki-azeleradorea da Louvrek faltsifikazioak atzemateko duen azken bitxikeria teknikoa. El País, 1995-II-27.

        [15] El País Semanal, 1993-VI-27.

        [16] M .G. Dortu, in Toulouse-Lautrec. Collection Génies et Réalités, Hachette, 1962. «Mais Lautrec lui-même n'aurait-il pas fait des faux, en signant un dessin 'Forain' et un autre 'Helleu'?».