Camembert helburu
Camembert helburu
1998, saiakera - nobela
292 orrialde
84-86766-87-7
azala: Xabi Alonso
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1995, nobela
 

 

Krokodilo bentzutuen begiradak

 

Gutuna hagitz luzea zen eta gaztelera nahiko onean idatzirik zetorren. Bietatik bat: edo neska hobea zen idazten hitz egiten baino edo inori eman zion itzultzeko. Gutunarekin batera zenbait material bidaltzen zuen: liburu-zerrenda bat, hainbat artikulu, eta bere baitako gogoeta batzuk. Neskak gaia menderatzen zuela bistan zen. Gutunaren zenbait pasarte itzuliko ditut hona. Madame Lasalle ere hunkiturik omen zen begiradekin, nonbait, horretaz luze mintzatzen baitzen. Hortik hasiko naiz, batez ere gai horretantxe, puntu horretan gelditu zelako Zederrunekin eduki nuen solasa. Hala zioen pasarte batean:

        «Neskak itxoiten ari dira etorriko den edo ez den bezeroa. Ezin esan euren soakoa tristea denik, are eta gutxiago beldurrez tindatua edo eta desbideratua, bere buruaz beste egin nahi duenaren antzera; zail da esplikatzen, Lautrecen koadroetan gizonaren zain dauden prostituten soakoei begira jartzen den batentzat, beren soakoetan zer gailentzen den. Asperra, inola ezin harrapa daitekeen asper infinitua, metafisikoa; etsipena, etsipen mutu eta hondogabea, sarkorra, tematia, kalapitarik gabea baina sakona, geldigabea. Isila eta, hala ere, ozena; esperantza hila, ilusio ezina, inozentzia galarazia. Putetxeetan itxoiten ari diren nesken begiradetan, Lautrecen arabera, edozer dago lizuna izan ezik, kilika izan ezik, haragikeria izan ezik, konkupiszentzia izan ezik. Euren begietan ez da hezerik, eguzkiak kiskortutako garitza amaigabe idorrean baino gehiago. Eta hauxe da Lautrecen koadro horiek ikusten dituenari arreta eta jakinmina ernarazten dion lehendabizikoa. Hauxe da haragikoi likitsua eta dejeneratua zela zabaldu duen klixearen aurkako lehen antidotoa. Maitasun —hala esaterik bada— klase horretan linburtzen eta are gozatzen denak ez lituzke begirada horiek pintatuko. Egin zezakeen interpretazio friboloa, osa zezakeen ipuin polit eta gezurrezkoa, amaiera zoriontsuko istoria posibilitate txikikoa margo zezakeen, hainbat nobelagilek orduan bertan idatzi bezala. Edo larderiatsua izan zitekeen haiekin, edo zinikoa. Humanitaterik gabeko haragizaleak, ostera, ezin ziezagukeen ahulezia eta miseria hain sotil eta era berean hain gordin muturreratu. Ez, Lautrecen prostituten begiradetan beste zerbait badago, eta horri erreparatzen dio ikusleak lehenengoz eta behin, aurreiritzi handirik gabe hurbiltzen bada, behintzat.

        »Agian, beharbada, Lautrecen begiradarekin egiten duelako topo, hau da, Lautrecen begiratzeko moduarekin. Bezeroaren begirada al da? Bezeroa ere omen zelakoak duda gutxi eskaintzen baitu. Lautrec gixajoa. Joyantek kontatzen du hil eta gero, bere klase sozialeko neska gazte xarmant bat hurbildu zitzaiola, eta hau esan ziola: "Ni arduratu nintzatekeen Lautrecez, berarekin ezkondu izan banintz salba nezakeen". Zergatik ez duzu egin, bada! Ez al zen oraino nahiko famatua? Lautrec bakarrik zen. Alabaina, bere atsegina baizik bilatzen ez duenaren begirada al da, berea? Nik ezetz uste dut, eta nik bezala, beste askok: "Ahalke-marka bat da, esatera nindoan erotismo falta ikaragarria" [28]. Eta hau bereziki azpimarragarria da zeren garai haietan gaia ukitu zuten gehienen —higienisten, polizien, medikuen, are idazleen ere— begiradei gainezka baitarie epai morala. Laure Adlerrek lehen aipatu artikulu horretan esaten duen bezala, beharbada hesiaren bi aldeetatik ulertu duelako ("lui a compris des deux côtés de la barrière"). Eta hesiaren bi aldeak, ondoren azaltzen duenez, bezeroarena eta margolariarena dira; bezeroa zen aldetik eta margolaria zen aldetik ulertu duelako. Gauza jakina da Lautrecek erregalitxoak eta litxarreriak —botila bat ardo on, lore sorta bat— eramaten zituela putetxeetara prostitutekin gozatzeko, prostitutei oparia egiteko. Gurasoek ez oso gogoz subentzionaturiko pintoreak bere kolegak —gehienak diruz urri eta penaz luze— ere gonbidatzen zituen antzerkia ikustera joatera, kabaretetan edatera. Bai, hesiaren bi aldeak ezagutu zituen: bezeroarena eta pintorearena, eta azken honek ere puta esan nahi bide du. Lautrecen margoetan "ez da errukirik ikusten, ezta epai moralizatzailea ere" [29]. Ez behintzat Oscar Wilderen erretratuaren aurrean edota bere laguna zen Vuillard pintorearen karikaturaren aurrean senti daitekeena baino handiagoa».

        Apenas ezagutzen nuen neska horren hitzak baloratu nituen. Pintorea —artista, hobe—, berdin puta? Susmatzekoa ere bazen. Ongi begiraturik, Margot Lasalle ez da bakarra pentsamendu horretan: «Prostituta sustrairik gabea da, proskritoa, maitasunaren itxura burgesa instituzionalaren aurka ez ezik, maitasunaren berezko itxura izpiritukoaren aurka ere matxinatzen dena (...). Prostituta bada, hitz batez, artistaren doble femeninoa (...) haiek (artistek) badakite ederki besteak nola prostituitzen diren, nola gainditzen dituzten sentimendurik sakratuenak eta zein merke saltzen dituzten euren sekretuak» [30]. Zer nahi duzue, ni marxista izan nintzen, edo marxista izan nintzela uste izan nuen. Gauza batzuk betiko gelditzen dira.

        Nik idatzi nion «putak interesatzen zaizkit» ergel horren erantzun moduan bidali gutuna irakurtzeari ekin nion, berriz.

        «Henri de Toulouse-Lautrecek 1896an —hau da, hogeita hamabi urte zituela— egin zuen bere lehendabiziko erakusketa pertsonala, Manzi-Joyant galeriak prestaturikoa. Bost urteko bizia gelditzen zitzaion pintoreak, bere onenetakoak emanda zegoelarik, bere lehenbiziko bakarkako erakusketa egiteak adieraz lezake bere orduko arrakastaren neurria, edo neurrietako bat; baina datu esanguratsu hau alde batera utzirik, hemen interesatzen zaidana da azpimarratzea, erakusketa horretan, maison closes direlakoetan eginiko margoak aparteko gela batean erakusten zirela, adiskideak baizik gonbidatzen ez ziren aparteko gela batean. Datua ez zitzaion Laure Adlerri oharkabean pasa. Nahiko nuke jakin —diosku, gutxi gorabehera—, gauzak modu horretantxe egiterakoan zerk gidatzen zuen margolaria. Ba ote zegoen margo horiek begirada jakin eta zehatz batez begirarazteko asmoa. Horrek esan nahiko bailuke bazeukala, gainera, koadro horiek nola ikusi behar ziren erakusteko gogoa; irakaslearen afana gaineratzen zitzaiela gainontzeko dohainei. Ezin esan nezake nik gauza hala ote zen —bukatzen zuen Adlerrek—; hortaz, espezialistei egiten diet galdera.

        »Zenbait espezialistak eman du honi buruzko galderaren erantzuna; ez Laure Adlerrek egin galdera zuzenean erantzun nahiz, bestela baizik. "Margo hauek ondoko areto batean bildu zituen, pintorearen lagunak bakarrik sartzeko modukoa, eta honek jendea ez ernegatzeko zeukan kezka adierazten du" [31]. Ez, polita litzatekeen arren, ondorio horretara iristeko tentazioa handia den arren, espezialistek ez dute inola ere uste Lautrecek bere lagunen begiradak bideratu nahiko zituzkeenik, ezer irakatsi nahiko zienik. Are, zenbait —Devynck, kasurako—, oso kritikoa da beste hainbatek zirkulazioan jarri nahi duen prostitutekiko afektoaren ideiarekin: "Emakume zanpatu hauek defendatzeko asmorik ez du: Lautrecek ez du inondik inora gizarte-ordena kolokan jartzen".

        »Maurice Joyant, margolariaren lehen biografoa izan zena, eta, biografoa ez ezik, biak bizirik zeudela bere arte-merkataria ere izan zena, nahikoa garbi mintzatzen da puntu honi buruz bere liburuan. "Zenbait arte-merkatari eta glosalari bere obraren parte honen jabe egin dira, mintzagai eta are trafikatzeko gai erraza delako. Lautrecek, ordea, zuzenaren bilaketak hartara eraman duelako baizik ez du egin: ez dago erotismoa adierazteko inolako asmorik. Grina lohiei buruz aritzea, eta berauek erabiltzea bere obra goratu edo beheratzeko, traizioa baino ez da". Aldarrikapen sutsu hauek Lautrec margolari errespetagarri bihurtzeak zenbat lan kostatu zuen adierazten dute».

        Gutunaren paperak, nik neronek atzeman nuen urrin gozo arina bazuen. Hasieran ez nintzen konturatu. Ordura artekoa leitutakoan, ostera, esaten zitzaidanaz ez ezik, urrin gozoaren gozoaz ohartu nintzen. Zer zen? Ezagutu, inoiz usaindu izatea, bai. Baina zer zen? Nik, egia esan, belarra, gaztain errea eta jasminetik aurrera, ez diot beste urrin gozoari izenik jartzen ahal. Ezagutu, inoiz usaindu izana izatea, bai. Baina zer zen. Musketa? Margot horrek sekulako hizjario ederra bazuen. Eta urrin gozoa. Uste dut orduan saiatu nintzela lehen aldiz bere aurpegia berregiten, berrosatzen. Tontoa dirudi, baina ezagutu nuen uneko poker aurpegia baina ez zitzaidan burura etortzen. Nitaz trufatu zen unekoa, keinu arin eta trufaria egin zuenekoa gogoratu nahi izan nuen eta kale egin nuen. Banekien arren, jakin, nitaz trufatu zenean askoz potxoloago zegoela poker aurpegia jartzen zuenean baino. Usain izendagaitz, epel eta gozo horrekin konformatu nintzen, tontakeriak alde batera utzita. Gutunaren edukiari lotu nintzaion. Oso litekeena zen neskak arrazoia izatea. Zera pentsatu nuen, bestelako pentsamenduak gainetik kentzeko; inoiz inork Imanol edo ni neu hobenetik garbitzeko ahaleginetan ibili behar badu, lan nekezagoa edukiko du. Ez dut uste, baina, inork halako lanik bere gain hartu nahiko duenik. Irakurketan segitu nuen.

        «Lautrecek behatzea maite zuen, eta behatu nahi izate horren ondorio logikoa dira margook. "Eta hemendik ezin daiteke atera, ondorio bezala, ezer irakasteko moralitaterik dagoenik, berak ez du halakorik bilatu, eta ez du ezer inposatu". Edonork esango luke Joyantek espero zuela, 66 urte lehenago, Adlerrek egin duen galdera. Edo, Joyant hau halako profeta zela pentsatu gabe, oso litekeena da ordurako bat edo batek Adlerren galdera egina izana. Joyantek azaltzen du, baita ere, Lautrecek halako ahalkea zuela margo hauek erakusteko, eta garrantzia erlatiboa baizik ez ziela ematen. "Oraindik ere 1896ko urtarrileko erakusketan, Forest kalean egin zuen erakusketan, Lautrecek eskatu zuen aparte, bi gela txikitan para zitezen, publizitatea galarazteko eta inork bere gaiak zalantzan jar ez zitzan. Hala egin zen, eta belus marrubi-kolore eta berdezko bi gela altzari horidunetan paratu ziren. Giltza poltsikoan, gonbidatu oso bakanduei baizik ez zien atea irekitzen, eta horretarako nahiko duin irizten ez zienei ez zien pasatzen uzten; martxanteak ez ziren sartu. 'Saltzekorik ez', esaten zuen". Nork daki horrela jokatzeak berak ez ote zuen gehiegizko fama azkar demonio irabaztea ekarriko.

        »Henri de Toulouse-Lautrec Monfa ez zen hipokrita, aristokraziaren ohiko bizimoduari uko egin zion, eta bi gauza hauek positiboak irudi dakizkiguke. Baina ez zien aristokraziaren pribilejioei erabat uko egin, ez zion mugimendu feministari bereziki lagundu nahi —eta honetaz gogorarazi behar da feminismoa bere hastapenetan baino ez zegoela— eta ez zen iraultzailea. Estetika jakin bat eta ahalbide batzuk utzi dizkigu; neronek ez deritzot gutxi, gutxiago estetika hori maite dudalarik».

        Esan beharrik ez dut ordurako Au Salon margoaren erreprodukzio nahikoa txukuna banuela nire esku. Begiratu nuen berriz ere. Orduantxe uste dut ulertu nuela lehen aldiz krokodilo bentzutuen begiradarena, eta horrekin batera arteak marraz bestaldeko egia adierazteko gaitasunarena. Bai, emakume horiek hortzik gabeko krokodilo bentzutuak ziren. Eta hortzik gabeko krokodilo bentzutuek ezin dezakete ausiki egin. Baina hortzak geuk kendu dizkiegula kontuan hartzen bada, euren begirada lauek dirudiena baino oroimen gehiago gorde dezaketela susmatzen bada... Batek halako beldurrezko sentsazio definigaitza du. Bi aldiz definigaitz, konturatzen zarelako ez dutela hortzik, bentzututa daudela, ezin dizutela minik egin; eta bi aldiz beldurrezko, horrexegatik, ausiki egin ezin dezaketela badakizulako.

        Ausiki egin ezin dezakeen krokodilo hortzik gabeko bentzutu baten begiradak beldurra ematen dizunean, kasu. Ez da horrelakorik baino beldurgarriagorik. Gela ilun dagoenean izutzen den haurra zarela esan nahi du. Izuari buruz, Izua horrela, maiuskulaz, ireki den leiho batetik begira zaudela esan nahi du. Denok gara, aldez edo moldez, ilunean negarrez aritzen diren haurrak; sentimendu deseroso hori estaltzen, sentimendu kezkagarri horri bizkar ematea da gure ardurarik garrantzizkoenetakoa. Ausiki egin ezin dezakeen krokodilo hortzik gabeko bentzutu baten begiradak beldurra ematen dizunean, kasu. Lautrecen puta batek beldurra sartzen dizunean, kasu. Errealitateak gorde duen beste egia hori adierazteko arteak duen gaitasun horretaz jabetu zarela esan nahi bide du-eta.

        Eta hortzik gabeko krokodilo bentzutuak ausiki egiten ahal dizunak baino beldur handiago ematen badizu, zerbait gertatzen ari dela seinale.

 

        [28] Laure Adler: Actes du colloque Toulouse-Lautrec. Albi, 1992ko maiatza.

        [29] Idem.

        [30] Arnold Hauser, aipatu liburua.

        [31] Danièle Devynck, Toulouse-Lautrec. Profils de l'art.