Camembert helburu
Camembert helburu
1998, saiakera - nobela
292 orrialde
84-86766-87-7
azala: Xabi Alonso
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1995, nobela
 

 

Inpresioa: lohi berdezko bi bolada

 

Parisen eduki nuen sarrera bitxia izan zen, bitxia izan zenez. Haize-zirimola baten zurrunbiloaren erdian bezala ikusten dut nire burua, Margotek, Yvesek eta koadrilako horiek gora, noraezean, iparra galdurik darabilten uso, orbel. Uste nuen ez nintzela oso inpresionagarria, inpresionistek argia eta mugimendua atzemateko zeukaten pelikula sentiberaren jabe ez nintzela, uste nuen nire baitan dena zela, ordurako, bakailao lehorra. Elkar ulertzeko erabiltzen genuen apo-hizkera, erdi frantsesa, erdi gaztelera mordoilo horrek bere eragina eduki zuen. Nik nahikoa ongi entenditzen nien. Haiek niri ere bai. Zenbait gauza esatea kosta egiten zen. Baina, egia esan, aski ongi entenditu genuen elkar. Aski ongi, diot. Zozoak beleari entenditzen ahal dion moduan. Denbora aurrera ahala, zertaz ari ginen jakin ahala, hobeki moldatu ginen. Behin komentatu nion Margoti elkar ulertzearen afera hori, eta modu bitxian erantzun zidan. Horrek Gombrich dakarkit burura, E.H. Gombrich izeneko ikertzaile austriarra. Bigarren Munduko Gerra garaian Ingalaterrara atzerriratu zen. Alemanez ederkien zekienetakoa zenez, zerbitzu sekretuek eratu sare baten partaide egin zuten. Bere lana alemaniarren irrati-mezuak harrapatu eta entzutea zen, gero itzulpenak egiteko edo txostenak prestatzeko. Kalitate oneko entzuketak zailak zirenez, hau da, beti nahiko gaizki entzuten zenez, zioen Gombrichek, orduantxe konturatu nintzen zein garrantzizkoa zen zertaz ari ziren, orokorrean, zein zen solasaren gaia, testuingurua, aldez aurretik ezagutzea. Belarriz entenditzea ezagutzaren araberakoa da, horixe utzi zuen idatzirik [3]. Hortik aurrera bere buruari galdetu zion noraino aplika zekiokeen esaldi hori bera irudiari, begiz ikusteari. Eta xumekeria horretatik jaio zen munduan egin den ikusizko pertzepzioari buruzko lanik izugarrienetako bat. Alajaina, pentsatu nuen. Interpretari daukadan lagunen bat edo besteri entzuna nion belarriz entenditzeko testuinguruaren garrantziaren berri. Baina lagun horietako inork ez zuen hortik aurrerapausorik eman, Gombrichek ez bezala, nonbait.

        Agian ez naiz oso inpresionista, ez dut pelikula inpresionagarririk argirako, edo mugimendurako. Nik, egia esan, hartara jarririk, haizea harrapatzeko pelikula sentibera nahiko nuke, agian zenbait urte kartzelan pasata naizelako. Parisko bedats hartako haize boladak harrapatu nahiko nituzke nire barrenetan, gero, era batean edo bestean, eman, adierazi ahal izateko. Eta ez haizearen indarra islatzen duten zuhaitzetako adar kulunkarien bidez, edo horrelako efektuak bilatuz, ez. Haizea, haize bolada eman nahiko nuke aditzera. Litekeena al da? Nik behintzat ez dut horretarako beste talenturik. Prosaikoa naiz, hitzezkoa, hiztuna, eta ez oso aparta. Inondik inora ez, zera. Berritsua, distirarik gabea. Hitz merkeetako ontzia, topikoetako kakatua. Gure gainean ziztuan hegan egiten zuten hodeien berri eman ahal izateko Cortazarren ipuin hartako argazkilariarena berritu beharko nuke. Hodeiak azkar dabiltza, haizea bada, indartsu. Argazkilaria badoa Sena ondora, eszena bitxia harrapatzen du bere argazki-makinan, non emakume heldu eta eder bat ari baita amaraun engainuzkoa hamalau-hamabost urteko mutiko herabe baten inguruan josten... Emakumearen begiak lohi berdezko bi bolada dira, haizea bezalakoak, ikusi eta ukitu ezinak, baina, haizea bera bezala, indartsuak, egiazkoak. Elektrikoak, boteretsuak. Esan nahi dut hitzezko erreferentzian oinarritzen dela, batez ere, nire inpresionismoa.

        Lohi berdezko bi bolada horiek bilatu nituen Margoten begietan, eta seko moztu zidan: zer uste duk, bada, ni ez nauk puta estilo handiduna. Halaxe bota zidan, hitanoan, paristarrek hainbeste maite duten gizabidezko zuka hura alde batera lagata. Zin dagit horrelakorik esateko arrazoirik ez niola eman. Baina, beharbada, nire begiei zerien lohi berdea izan zen bere hitzen arrazoia. Nire begiei, eta ez bereei, zeriena. Hori Parisen elkarren berri izaten hasi ginenetik gutxira gertatu zen. Beste egun bateko egunsentian, nire begietako lohi guztiak nabarrak ziren batean, orduan esan zidan, orduantxe, batek zekik, agian puta estilo handiduna nauk. Bere etxeko ate ondoan geunden, eta ez nion ezer erantzun. Hainbesterainoko zuhurtzia eduki nuen. Hori bezalako unetan, urteetan zehar, makina bat gizonek esango zioketena errepikatzeko tentazioari eutsi nion. Eta horrenbeste zor diot nire besteak ez bezalakoa izateko gogo zoro honi. Baina ulertzen dut pasadizoak bere azalpena behar duela.

        Parisera iritsi, hotel batean gela hartu eta hiru egunetara Margoti deitu nion. Hiru eguneko tartea hartu nahi izan nuen lasai egoteko, nire burua apur bat girotzeko. Bastilletik gertu zegoen hotela. Txikia zen, eta aparteko luxurik gabea, baina diskretua eta ez sobera garestia, beti ere Parisko prezioen arabera. Margotek zita eman zidan, Vaugirard kaleko arte-galeria batean. Yves Carreauxen arte-galeria omen zen. Dotorea, txikia. Carreauxek berak hartu ninduen. Tontakeria dorpe batzuk esan genizkion elkarri, nork bere mordoiloan. Margot minutu batzuk geroago azaldu zen, justu Carreauxi hautsontzia eskatu nion unean. Carreauxek ez zekien hautsontziak non zeuden, baina ez nion detaileari erreparatu. Margoti begira egongo nintzen, nonbait. Carreauxek bere galeriako kuttunak erakutsi zizkidan. Koadro argitsu eta alai batzuk. Haien aurrean geldiarazi ninduen. Partarrieu, jakinarazi zidan. Hainbat kritikarirentzat, egungo Lautrec. Ezagutzen? Ez. Koadro atseginak ziren, ikusleari inolako tripako minik ez emateko pentsatuak. Neska eder zalantzazkoak mutil ederrekin hizketan, kafetegietan, kalean. Koadroen detaileak ikustera jarri eta ikurrina txiki bat ikusi nuen batean, motozikleta baten matrikularen ondoan. Beste batean, musukatzera zihoala zirudien bikote lerden baten atzeko lorontzian, Seaskako ikurra. Txikia, hau ere. Nongoa da Partarrieu hau?, galdetu nuen. Margotek eta Yvesek elkarri begiratu zioten, baina ez nion erreparatu. Euskalduna, Baiona ingurukoa. Euskalduna? Ni ere bai. Berriro begiratu zioten elkarri, berriro ez nion garrantzirik eman elkarri begiratzeko modu hari. Normala zen horrelako txikikeriei ez erreparatzea une hartan. Mesedez, non dago hautsontzi hori? Carreauxek ez eta Margotek aurkitu zuen bat hor nonbait. Erretzea kaltegarria da. Are eta kaltegarriago baldin eta burmuinak erne edukitzeko balio ez badu. Begira, begira, zer irribarre egin duen hautsontzia hurbildu didanean, horrelako zer edo zer edukiko nuen buruan, babo arraioak. Bestalde, hautsontziak gorabehera, batek Parisko arte-galeria batean aurkitzea esperoko zuen guztia bazegoen bertan. Zer dugu?, galdetu nuen. Zer dakizu inpresionismoaz?, erantzun zidaten. Inpresioa, egunsentia, esan nuen, zerbait esateagatik. Irri egin zidaten ateraldia, gizabidez. Margotek lagunduko zaitu Orsayko Museoa ikusteko bisitan. Komeni zaizu, ezer baino lehen, hitz egiten hasi baino lehen, apur bat girotzea.

        Orsayko Museoan paseoan ibili ginen, Margot eta biok, han eta hemen geldituz. Gutxi mintzatzen ginen, elkarren azterketa egiten ariko bagina bezala zen. Fantin-Latouren koadroen aurrean ezin izan nuen nire miresmena isilpean gorde. Zerbait esaten ote zuen ikusi nahi nuen. Gizabidezko irribarrea egin zuen. Goazen inpresionistak ikustera, esan zuen. Inpresioa, egunsentia, Manet, esan nuen, mozolo halakoak. Ziplo gelditu zen, eta era definigaitzez begiratu. Besotik heldu zidan eta oso lasai, oso bare, baina betarteko giharrik mugitu gabe eta ahots garbi-apalez esan zidan, aizak hi, ni ez nauk puta estilo handiduna. Zin dagit azken ilearen erroraino gorritu nintzela. Aspaldiko partez. Horrek eragin zidan zirrara eta ikara, ume bat bezala lotsagorritzeak. Hain begi-bistakoak al ziren nire begietako lohi berdezko boladak? Begi gardenez apoderatu zen nitaz, Cortazarren ipuineko eszena iraulkatu izan bailitzan. Nire gorritzeak une laburra iraun zuen, nire buruaren jabe berriz izateko behar izan nuen segundo parea baino ez. Barkatu. Inpresioa, egunsentia, Monet, esan nahi nuen. Izenekin desastre hutsa naiz. Txarrena zen, lohi berdezko boladak eta guzti, izenen nahasketa egiazkoa izan zela. Egia da desastre bat naizela izenekin, datuekin eta fetxekin. Desastre bat naiz, besterik gabe.

        Monetenak ez ezik, Renoirren Moulin de la Galette, Cézanneren Jokalariak eta Van Goghen Auverseko eliza, Pissarro, Gauguin eta Degas batzuk ere ikusi genituen, gauza handirik esan gabe. Goiko pisuko terrazara atera ginen, eta freskagarri bat eskuan Senara begira jarri ginen. Zure Rolex faltsua lau haizetara nola erakusten zenuen ikusi nuenean, zera esan nion Yvesi, agian Enekoitz hau ez da guk behar genuen pertsona. Irri egiteko gogoa piztu zidan «Enekoitz» esateko zeuzkan trabak. Hara nondik erasotzen zuen. Batek zekien. Margotek eta biok elkar ulertzea litekeena zen. Faltsua izateko, ez dago gaizki, arrapostu eman nion. Eta Yvesek, zer esan zuen. Margotek ez zuen erantzun eta keinu batez freskagarria uztera gonbidatu ninduen.

        Inpresionisten aretoaren sarreran dauden Lautrecen bi oihal erraldoien aurrera eraman ninduen. La Gouluek, garai batean Moulin Rougeko dantzari ezagunena izandakoak enkargatu zizkion, erreka jo eta feria batean barraka bat jartzea beste erremediorik eduki ez zuenean. Barrakaren apaingarri jarri zituen, sarreraren alde banatan. Dantza turkiarra egiten ari den hori La Goulue bera da. Ikusle daudenak ezagunak dira, guztiak: Féneon margolaritza-kritikari anarkista, Oscar Wilde, Guibert argazkilaria eta laguna, Sescau, argazkilaria hau ere, Tapié de Celeyran lehengusua, Jane Avril, Lautrec bera, bizkarra ematen duela, Tinchant, Chat Noirko piano-jolea, jardunean. La Gouluek, miseria gorrian zegoela, saldu zizkion Viaudi. Honen eskuetatik Hodebert izeneko arte-saltzaile eskrupulo txikiko baten eskuetara iritsi zen. Honek oihal erraldoiak zatitu egin zituen, Lautrec hil ondoren, bi oihal ez eta zenbat zati, hainbeste koadro bailiran. Joyantek lortu zuen puzzlea berregitea, eta 1929an Louvren leheneratu, zaharberritu zuten. Egun museo honetako bitxietako bat da. Ikusten? Zaharberritze-lana bikaina izan arren oraindik ikusten dira Hodebertek ebakuntzak egin zituen tokietako markak. Ikusten dituzu? Ikusten nituen, bai.

        Gero Femme au boa noire ikustera eraman ninduen. Puska batez eduki ninduen koadroari begira. Dena 1863an hasi zen, esan zuen, urte hartako Saloian, epaimahaiak 2.000 bat koadro ez eskegitzeko erabakia hartu zuenean; artistek protesta egin zuten eta Napoleon III.ak agindu zuen obra horiek guztiak erakustea publikoak berak epai zitzan. Hala, 1863ko maiatzaren 15ean, «Baztertuen Saloia» ireki zen. Zolak idatzi zuen gaztetasun, ausardia eta grina usaintzen zirela han. Renoir, Cézanne, Pissarro, Monet eta are Maneten Le déjeuner sur l'herbe bazeuden bertan. Publikoak barre egin zuen haien guztien kontura. Ondorengo urteetan, Cézannek karta bat egin zuen, urtero, ia, «Baztertuen Saloia» berriz antola zezan Saloiko epaimahaiak onartzen ez zituen bere obrak eskegi ahal izateko. Baina 1874 urtera arte ez zen ezer mugitu. Urte hartan Nadar argazkilari famatuak bere aretoa utzi zien margolari baztertu hauei beren obrak jar zitzaten. Monet, Renoir, Sisley, Degas, Morisot, Pissarro zeuden. Manetek ez zuen hartan parte hartu nahi izan. Katalogoa egin zuena kexu zegoen Monetek titulu kaskarrak jartzen zizkielako bere koadroei. Bazegoen irteten ari den eguzkia irudikatzen zuen koadroa. Zergatik ez diozu «Inpresioa», besterik gabe, deitzen, esan zuen Monetek, izenburuen gorabeherarekin asperturik. Horrela sortu zen Inpresionisten bataio-agiria, koadro horren izenburuak eman zion izena mugimenduari. Gutxi gorabehera hamar urte geroago, eta izen horren pean hainbeste erakusketa egin ondoren, 1883 edo 1884 urtean, Saloi ofizialaren alternatiba izan nahi zuten margolari hauek beste izen batez plazaratu ziren, «Independenteen Saloia» izenarekin euren obrak erakutsiz. Saloi hartan eduki zuen Lautrecek bere lehenbiziko plaza, bost-sei urte geroago, 24-25 urteko margolari gaztea zenean. Dena dago liburuetan. Hortaz, esan daiteke Lautrec inpresionista zela? Bai eta ez. Bai, mugimendu hartan, berandu izan bazen ere, parte hartu zuelako, eta inpresionisten ikasbideetako batzuk bere egin zituelako. Ez, oso bide pertsonala jorratu zuelako, batzuetan inpresionisten ohiko kezketatik urrun ibilki. Haatik, ez da ahaztu behar inpresionista etiketaren pean biltzen diren margolariek oso kezka bariatuak eta anitzak izan zituztela. Inork galdetuz gero, onena da esatea sailkapen horiek oso egokiak direla pedagogo eta artearen historialarientzat, baina hortik landa ez dutela ezer gutxi esan nahi, garai zehatz bateko zurrunbiloa eta eltze-irakitea laburbiltzeko xedez ez bada, azken finean, artista bakoitzaren obraren azpian nortasun bakan eta kezka-mundu oso eta bakar bat laburbiltzen delako. Eta baieztapen honek balio unibertsala hartzen du, ene irudikoz; Joyantek esan zuen bezala esatea ere badago, nahiago baduzu: «Ez dago eskolarik, ez ofizialik, ez independenterik, ez inpresionistarik, ez sinbolistarik, ez deus. Besteen gainetik hegaldatzen ari den edo hegaldatzen den nortasuna baizik ez dago: hitzak eta sailkapen arbitrarioak ezjakin-saldoentzat asmatu dira».

        Hori guztia esan eta gero, Margotek begietara begiratu zidan. Hori, eta hori bezalako gauzak, epe laburrean ikasteko gauza al zara?

        Zer erantzun nezakeen? Bai. Bai eta ez. Epe labur horren laburraren arabera. Zertarako. Izen eta fetxa asko ez diren bitartean. Liburu guztietan dauden datu ezagun eta xehe-xehe horiek ikasarazten ez eta mihiari astinaldia emanarazteko ideia-txikle, ideia malgua ematen bazait, hobe.

        Konforme, baina gorde ezazu behingoz zure Rolex faltsu hori, Margotek.

        Oker zaude. Hau egiazkoa da, ordea, nik. Parisera etortzeko baizik ez dut erabiltzen.

        Ordulariari so gelditu zen, kontatzen zituen minutuak berrogeita hemeretzi segundokoak zirela uste izango bailuen.

 

        [3] Ernst Gombrich - Didier Eribon: Lo que nos cuentan las imágenes. Editorial Debate, Madrid, 1992.