Camembert helburu
Camembert helburu
1998, saiakera - nobela
292 orrialde
84-86766-87-7
azala: Xabi Alonso
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1995, nobela
 

 

Lautrec Euskal Herrian

 

Zumaiako negozioa egin bitartean Thierry eta Margot Donostian izan dira, udaberriko eguzkiaren laztanak gozatzen eta pintxoak jaten. Haientzat, esku artean darabilgun aferatik ateratzea eta pare bat eguneko oporrak edukitzea bezalako zerbait izan da. Donostiak piztiak baretzen ditu, euririk ari ez badu, poltsa ongi hornitua edukiz gero, norberaren digestiboaren martxa ona denean, itsasoari begira egotea beste kezkarik ez dagoenean. Thierry eta Margot, Zumaiatik bueltan, berraurkitu ditudanean, umore onean daude; irailean bageunde zinemaldira Catherine Deneuverekin —demagun— etorritako ekipoko bi litezke. Agian haientzat familiartekotasun urrutikoa duen giro horrek hartaraturik, Thierry konforme, oso konforme gelditu da eman diodan materialarekin; horrek areagotu du airean eskegi den harmonia, denboraren etengabeko joanetik erreskataturiko astronautak garelako inpresio beratz, iragankor eta epela. Margotek ez zekien Donostiya bat badela munduan, baina jakin du laburbiltzen, zorrotz, hiriari darion belle époque usaina, edo nahia: zergatik daramate bibotea gizonezko guztiek?, galdetu du.

        Napar batek Donostiari gorde ohi dion txiste partikularren zakua ireki ez ireki egon naiz: irla konkistatu eta bertatik, bozgorailu erraldoietatik, jotak ipintzen hasten den komandoarena, bibotea parte zaharreko denda batean saltzen dutenekoa —eta beste hainbat—, baina isilik irautea erabaki dut, Margotentzat inolako interesik ez dutela iritzirik, txisteak esan eta gero, azalpen luze eta korapilatsuak emanez denbora galdu nahi ez dudalako. Beste batean, lasaiago gauden beste batean. Beste batean, Thierry gurekin ez dagoela. Canotier-a dute falta, esan dut, bakarrik. Margotek behatzaile ona dela erakutsi du bigarrenez. Hara! —esan du, mintzaldi bat eman behar duen politikari ezagun baten argazkiari begira—, May Miltonen itxura du. Irri egin dut oraingoan, gustuz. Egia esan, Margotek ohartu arte ez nintzen konturatu. Gauean bulebarrean poliziek eta manifestariek Donostiaren beste aurpegi horren lagina eskaini digute. Thierryk gogor gaitzetsi du matxinada. Aldendu egin gara.

        Henri Toulouse-Lautrec Euskal Herrian egon zen behin baino gehiagotan; are, Euskadin ere bai. Abuztuaren bukaera aldera edo irailaren hasieran etorri ohi zen, Miarritzera edo Donostiara. Ez dirudi Euskal Herrian egon zela sekula susmatu zuenik. Udatiar aristokratikoak ez zuen zertan kasu egin behar izanik Arana Goiri izeneko ezezagun bat prestatzen ari zen istiluaz. «Donostiatik heldu naiz, eta istiluak ikusi ditut» [1]. Jarrai-koak ote? Ez, ez horixe. «Abuztuaren 27ko gauean herria Práxedes Mateo Sagasta Espainiako lehen ministroaren aurka matxinatu zen. Toulouse-Lautrec Hotel de Londres y de Inglaterran zegoen, bertan istilu bortxazkoak izan zirelarik. «Hurrengo goizean lekutu zen», dio bere gutunak bildu dituenak, orri-azpiko ohar batean. Gamazo zen Sagastaren ministroa 1893ko maiatzetik, pentsatzekoa da istiluak Gamazoren dekretu famatuak sorraraziko zituela. Lautrec indiferentea da oraino kimua den abertzaletasunaren aurrean, indiferentea karlista zaharren erreibindikazioen aurrean. Horren berririk ba ote zuten galdetu diet, gonbidatu gisa tratatzen ditudan sozio frantziarrei. Ezetz. Lekutu egin zela? Ez da harritzekoa, esan du Thierryk.

        Ez da harritzekoa. Lautrec gustu oneko udatiarra zen, atseden hartzera joandako turista. 1890eko txangoa neketsua gertatu omen zitzaion, haatik: «Larunbat goizean, Taussatetik abiatu goizeko 5etan, trenez, Boucaura iritsi, Baiona baino lehen. Eguerdian bazkaldu toreatzaileen koadroa egiten ari den nire lagun batekin. Miarritzera abiatu, zezenketarako txartelak erreserbatzeko. Afaria, kasinoa eta lotara. Hurrengo eguneko goizean, Donostiara joan naiz indigena batzuekin, oso amultsuak. Bazkaria espainiarra eta, 4etan, zezenketa 5 urteko sei zezenekin. Kalapita, tripa ateratzeak, usainak, ezer ez dugu falta izan, eta arratsaldez Miarritzera buelta, trenez berriro». Sekulako beroa omen zen, Lautrec kexu ageri da beroa zela-eta. «Hurrengo egunean Hondarribian egon naiz (Miarritzen lo egin eta gero), Parisko kazetari batekin».

        Eguraldiarekin zortea zuen gure margolariak, zeren 1894an amari egiten dion eskutitzean eguraldia zoragarria dela eta Kontxan bainatzera joan dela esaten baitu. Urte hartan ere zezenketa ikustera joateko aprobetxatu zuen. Zezenketa Donostiyan Lautrec ikusle dela. Ederra, koadroa. Lautrec zezenketetara etortzen zen Donostiara, jakinarazi diet. Eta non dago zezenplaza? Orain ez dago. Maite duzue zezen-jokoa? Ez, Margotek. Edozer esan nahi zezakeen keinua egin du Thierryk. Nahiko nuke inoiz bat ikusi, jakinmin hutsez baino ez bada. Laster duzu Apirileko Feria, Thierry. Edo San Isidro, Madrilen.

        Euskal Herria Lautrecentzat Espainian sartzeko atea ere —ezer harritzekorik ez, hala izan da historikoki jende gehien-gehienentzat— bazen. 1894ko egonaldia aprobetxatuz Burgos aldera abiatu zen lehen, eta Madrilera gero. Madrilen ere egonaldi bat behintzat egin zuen.

        Madrilgo egonaldi honetaz gelditzen diren lekukotasunen arabera, Lautrec aprobetxategiren baten eskuetan erori omen zen, putetxez putetxe eta tablaoz tablao eraman omen zuena, sosak kentzen zizkiolarik. Gustave Coquioten arabera [2], Espainian bitan egon omen zen, horietako bat Maurice Guibertekin. Putetxeak bakarrik ez; museoak ere bisitatu omen zituen. «Ongi gogoan dut zer estima gutxi zion Espainiako populu honi...» [3]. Mc Orlanek egiten du aipu hau, Joyant dela komentarioaren egilea gaineratuz. Adibide gisa kontatzen digu antzerki-obra bateko espainiar itxurako figuranteek zer nazka sorrarazten zioten.

        Lautrecek Euskal Herriarekin eta Espainiarekin eduki zituen harremanak errepasatzen ari naizela, ari garela, nabarmen gelditzen da, berriz ere, XIX. mendean zehar, gure iparreko auzokoentzat Euskal Herria ez dela izan, Espainia bakarrik izan dela, eta, zehatzago esateko, Espainiaren irudi folkloriko, erromantiko eta topikoa. Eguzkipeko ijito, bailaor, toreatzaile eta gitarra-jolearen irudi higatu hori. Nazkagarria gertatzen zaigun irudia, ukatzen gaituen ber. Zeharo ukatu, esan nahi dut, euskaldun zein espainiar. 1997ko udan Castresko Musée Goya izenekoan paratua zeukaten «Margolari frantsesak eta Espainia» izeneko erakusketa bat ikusteko aukera eduki nuen. Margolari frantsesek Pirinioetatik behera zer ikusi duten salatzen zuen erakusketak. Berrogei koadroetatik bi baizik ez ziren betiko estereotipo horretatik aldentzen: Pirinioetako leku ezezagun batean kokaturiko eszena eta Bidasoa ibaiaren itsasoratzea errepresentatzen zuen koadro ttikia. Ez gaitezen umeak bezala engaina; gu han ez baginen ez zen euskaldun eta ez espainiar jotzen gaituztelako, ezer jotzen ez gaituztelako baizik. Euskaldun agertu nahi dugu mundura eta munduak —munduko zati handi batek, bederen— ez dauka gure berri, ez daki garenik ere. Kriskitinekin eta larru beltz nahi zaituzte eta harritu egiten dira zurean elurra egin ohi duela jakiten dutelarik. Eta orduan, ezinbestez, eta batere abangoardistak ez izanik ere, bat gogoratzen da Zubiriren Gamazadaz, paisajeez, Cigaren Viaticoaz, Artetaren idi-pareez eta tipoez, Arrueren erromeriez...

        Gure paradoxa itzelaren beste agerkunde bat. Munduak ez gaitu ulertzen.

        Thierryk interesa agertu du eman dizkiodan pigmentuen eta materialen jatorriaz. Gure solasa, berezkotasun osoz, Lautrec eta Zuloagaren arteko harremanak aipatzera bideratu da.

        Lautrecen lagun mina zen Maxime Dethomas. Mahai berean esertzen ziren Moulin Rougen. Bidaiak egiten zituzten elkarrekin. Dethomas hau antzerki-dekoratzailea eta marrazkilaria zen. Altua omen zen oso, halako moldez non, Holanda aldera eginiko bidaia batean, haur saldo batek atzetik jarraitzen baitie bikotea zirkuko atrakziotzat hartzen dituelako [4]. 1896an Lautrecek erretratua egin zion.

        Zuloaga 1890ean Parisen zen. Eibartarra handia zen, alaia, bizi-zalea. Rusiñol kataluniarrarekin dabil hasieran, baina laster egingo du lagunartea Frantziako hiriburuan. Degasekin adiskidetasun handia eduki omen zuen, edo hala diote bere biografoek. Degas dezente zaharrago zen, askoz izen handiagokoa margolaritza-kontuetan; agian Degasek toleratu egiten zuela Zuloaga bere aldamenean esan nahiko dute «adiskidetasun handi» hori aipatzen dutenean. Zuloagak Maxime Dethomas ere ezagutu zuen. Beharko; handik gutxira bere koinatua zen, honen arrebarekin ezkondu zen eta. Zuloagak Degasen lana maite du, Puvis de Chavannesena ere bai. Baita Lautrecena ere, antza, hau Puvisen klasizismoaren antitesia bazen ere.

        Zuloagak eta Lautrecek elkar ezagutu zutelakoa guztiz historikoa da. Dethomas izan zen, jakina, elkar aurkeztu zituena. «Manziren marrazki batean, eseririk dago (Lautrec), Zuloaga eta Maxime Dethomas margolarien artean, zanpaturik ia. Zuloagak bizkarretik heltzen dio babesa eman nahian bezala» [5]. Manzi hau Joyanten sozioa zen arte-galerien aferetan. Marrazki hau Ricard Opisso marrazkilari kataluniarrak egina, egun Zuloagaren museo-etxean dago ikusgai. Zuloagak Montmartren du atelierra, Lautrecek berak bezala, eta, hori halabeharra, Caulaincourt kaleko 54 zenbakian. Lautrecek kale bereko 27an du. Beste datu bat: 1891ko abenduan Le Barc de Bouteville galeriako Margolari Inpresionista eta Sinbolisten Lehen Erakusketan biek hartu zuten parte, beste askorekin batera. Lautrecek zazpi lan eskegi zituen, Zuloagak bi. Galeria margolari gazteek euren lanak erakusteko zegoen nolabaiteko erakusketa iraunkorra omen zen [6], Le Peletier kalean kokatua.

        Honek guztiak frogatzen du Lautrec eta Zuloaga elkarren ezagunak zirela, dudari inolako zirrikiturik utzi gabe frogatu ere. Are, ofizio bereko, bi urtez —gutxi gorabehera— auzoko, erakusketa-kide, eta, nolabait esanda, mundanoak zirelarik biak, nor baino nor, kasik harrigarri gertatzen da hortik zehar biak lotzen dituen anekdotarik ez edukitzea, Sagneren liburuan aipatzen den marrazkiaz aparte. Holako espekulaziorik egitea nahikoa tontoa dela onarturik, zilegi bekit pentsatzea Lautrecek ez zuela Zuloaga gehiegi maiteko; Zuloaga, sei urte gazteago izateaz aparte, Lautrec ez zen guztia baitzen: altua, sendoa, garailea. Ez zitzaion gustatuko bizkarretik nola heltzen zion. Harroxko baboa, ez dut zure babesik behar, pentsatuko zuen.

        Zuloagaz denaz bezainbatean, esan beharra dago orduan oso gaztea zela; Parisen nahikoa txunditurik ibili omen zen inpresionista eta postinpresionistekin, baina gerora Espainiako margolari klasikoengana itzuli zuen begirada. Onartu beharra daukat, ordea, ezin dezakedala Zuloaga begiratu aurreiritzirik —iritzirik?— gabe. «Ona zen, langilea, Eibarko espainiarra» eskribitzen du Rosa Suarez Zuloagak, bere ilobak, J.M. de Arozamena donostiarrari egin zion gutunean [7], gero bere buruari «kronikari ofizialtzat» irizten diona argitaratzen duena. Gutunaren menbretea ere ikusgarria da: Santiago Echea (sic) Zumaya. Haiek euskarazko «z» eta «k» nazkanteak bezainbeste edo areago gorrotatzen ditugu guk «ch» lotsagarri horiek, esan nahi duten guztiarengatik. Zer esan, alde horretatik, Zuloagaz? «Zuloaga El Pardo jauregian, Kristo bat polikromatzen ari dela». Arozamenaren liburu horretan aurkituko duzue hori eta hori bezalakorik, aise. Bai, gauza segurua da nire belaunaldikoentzat, baita belaunaldi zaharragoenzat ere, horrelako detailetxoak erabakigarriak direla. Ezin izango naiz inpartziala Ignacio Zuloaga Eibarko espainiarrarekin, aitor dut. Margolari handia izanagatik.

        «Zuloagak badu begi zolia negozioa eta erosketak egiteko» [8]. Hala aitortu omen zion Juan Marchek Antonio Zuloagari, Ignacioren semeari. Eskerrak pintore izan den, negozio-gizona izan balitz... denok kiebra jota utziko gintuen. Horrelako zerbait esan omen zion. Kontadorekuakoa [9]abila izaki, eta ez bakarrik zezenak toreatzen. Batzuentzat begi zolia dena beste batzuentzat esku luzea dela, bakarrik. «Bada Lautrecen obrarik Zuloagaren bilduman», gaztigatzen du Arozamenak.

        Non, baina? Museo-etxean? Hala bada, nahiko nuke ikusi, gaztigatu du Thierryk. Ispizuari galdetu nion. Ez dakit, besteak. Baliteke. Baliteke ezetz. Jendaurreko erakusketan ez, behintzat. Orain, beren etxean zer duten, beraiek baino ez dakite. Nahi baduzu zita egiten saia naiteke Rosa ilobarekin. Etxea —ez museo-etxea, bestea baizik— erakutsiko liguke. Eta bertako obraren bat edo beste ere bai, agian, baina gutxi fio. Ez dute maite inork han zer dagoen jakiterik. Ez nion Thierryri honetaz guztiaz ezer ere esan. Ez dakit ba... esan diot Thierryri. Ez dakizu zer? Ba ote dagoen, edozein egunetan bisita daitekeen. Enteratu egingo naiz, saiatu egingo naiz bederen. Denbora bukatzen ari zaigu, Parisera itzuli beharra daukagu, Thierryk. Margotek politikariaren argazkia seinalatu du berriro. May Miltonen peto-petoa da.

        «Nor gogoratuko litzateke egun May Miltonez Lautrecek litografia bat egin izan ez balio?» [10]. Inor ez, bistan denez. May Milton Parisen agertu zen eta agertu bezala desagertu, oso denbora epe laburrean. Parisera joandako neskak dantzari talde batetik ihes egin omen zuen. Batzuek diote Jane Avrilekin eduki zituela harremanak. Mende bukaerako galaxiako izarloka baizik ez da.

        Ba al da May Miltonena Au Moulin Rouge margoko (olioko, ez afixako) eskuin ertzean azaltzen den aurpegi argitsua? Zalantzak badira. Are, misterio moduko bat bada horren inguruan: hasierako margoari «l» eiteko oihal-zatia erantsi ote zitzaion koadroa bukatu eta gero, bertan Miltonen aurpegia pintatzeko, edo dena garai berean egin eta ondoren moztu, eta azkenik berriz pegatu ote zen, Miltonen joera sexualaren gorabeherak zirela-eta... 1902ko aldizkari batean azaltzen den koadroko argazkiak —Milton omen dena eskuin ertzean falta duena— mota guztietako espekulazioei ireki die atea.

        Baina hor konpon Au Moulin Rouge horren kontuak. Hori baino deigarriagoa eta garrantzizkoagoa da jakitea Picassok, 1901 urtean egin margo batean —La Chambre Bleue edo La Toilette, bi izen horiekin ezagutzen baita— May Miltonen afixa sartzen duela koadroko konposizioan. Koadroan gela bat ageri da. Ezkerreko ertzean leihoa ikusten da, eskuinean mahaia lorontziarekin —bata zein bestea moztuta, hau da, koadroak jasotzen duenetik kanpo osatzen direla—, eta hondoan ohatzea. Ohatzearen gaineko paretan May Miltonen afixa ikusten da, goi partea moztuta, hau ere, baina guztiz identifikagarria gelditzeko moduan. Koadroaren gaia, dena den, bere burua garbitzen ari den neska bat da. Degas halako gai eskandalagarria —esan nahi baita, berak margolaritzaren alorrean sartu zuen garaian eskandalagarria— margotzen hasi zenetik jenerikoki Femme au tub deitzen dena, Neska bainontzian edo euskaratuko genukeena. Kontuan hartuta, beti ere, orduko bainontziak ez zirela egun ezagutzen ditugunak bezalakoak, metalezko paellera moduko batzuk ziren. Ura txarroetan zegoen, pitxerretan, eta bainontzi bere gisako horrek pitxerretatik botatzen zen ura bildu behar zuen. 1901 urtean Picasso bere hasieratan dago, baina, obra honek berak adierazten duenez, ordurako margolari aparta da. Koadro horretan aukeratzen duen gaia —Degasen ondoren Gauzik, Lautrecek, eta beste makina bat pintorek klasiko bihurtuko zutena—, batetik, eta aukeratzen duen afixa, bestetik, garrantzizkoak dira, bertan azaltzen baita, batere dudarik gabe azaldu ere, zein ziren Picasso gazteak maite zituen margolariak, zein ziren bere iturriak, zer tradiziotara lerratzen zen. Azkenik baietz esan behar izan diot Margoti, baietz, politikari horrek May Miltonen itxura baduela.

        Kontuak badu bere zera; kontsideraturik politikarien industriaren funtsa herritarra seduzitzea dela, eta aurreko mende bukaerako nola gaurko kupletistena ere horixe bera dela, eta kontsideraturik, hortaz, bi lanbide horien alderdi zehatz hori kasik berbera dela; eta kontsideraturik bi lanbideak propaganda eta kartela erabiltzera oso emanak direla, kupletistak bezala politikariak beharrezkoa baitu herritarrak ezagutzea; eta kontsideraturik, azkenik, genetikaren edo halabeharraren kausaz May Miltonen hazpegiak eta egungo politikari famatu horrenak oso antzekoak direla, proposatu beharko bainioke politikari entzute handiko hari kartel hori bera edo kartel horren bertsio eguneratua erabil dezan hurrengo hauteskundeetako kanpainetan herritarren grinaren pizgarri, zuzpertzaile eta seduzio-eragingarri. Orain arte emakumeen artean oso maitea izaki, hemendik aurrera gizonezkoen artean ere oso apreziatua izango delako esperantzan, modu erraz honetan batzen dituen sufragioen kopurua bikoiztuko zaiolakoan. Azaldu diot hau guztia, hala edo nola, Margoti, eta despeditu egin naiz nahiko berriketa egin dugula iritzirik, eta Donostiara itzuli naizenetik badudalako gauza bat egiteko gogo bizia, gogo izugarria. Koldo Mitxelenara joateko, dermatologia tratatu bat eskuratzeko, ea erraiak kiskaltzen dizkidan susmoa egia ote den baieztatzeko.

 

        [1] Herbert Schimmel: Toulouse-Lautrec - Correspondance. Art et artistes, Gallimard, 1992. Ikus 178, 311, 383 eta 384 zenbakiko eskutitzak. Horiexetan dago hemen aipatzen den guztia. Gutunak 1890, 1893 eta 1894 urteetakoak dira.

        [2] Gustave Coquiot: Lautrec - Nombreuses illustrations la plupart inédites avec des souvenirs par Gustave Coquiot. Paris, 1913.

        [3] Pierre Mc Orlan: Lautrec le peintre. Librairie Floury, Paris, 1934.

        [4] François Gauzi: Lautrec mon ami. La bibliothèque des arts, Paris, 1992.

        [5] Jean Sagne: Toulouse-Lautrec. Libraire Arthème Fayard, 1988.

        [6] Herbert Schimmel, aipatu liburua. 212 zenbakiko gutuna.

        [7] J. M. de Arozamena («Cronista oficial de la ciudad de San Sebastian»), I. Zuloaga, el pintor, el hombre. Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, 1970.

        [8] Enrique Lafuente Ferrari: La vida y el arte de I. Zuloaga. Editora Internacional, Donostia, 1950.

        [9] Kontadorekua, Zuloagaren Eibarko jaiotetxearen izena.

        [10] Claire Fréches-Thory, Julio Ollero Editorren liburuan.