Camembert helburu
Camembert helburu
1998, saiakera - nobela
292 orrialde
84-86766-87-7
azala: Xabi Alonso
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1995, nobela
 

 

Bihotzean min dut

eguraldia aldatzen denean

 

Briatexte jauna drag queen bat zen, eta horixe zen Margotek erakutsi nahi zidana. Neoi-argizko kobazulo batean ikusi genuen, bera bezalako beste erregina batzuekin batera. Margotek seinalatu zidan. Ez al zenuen informaziorik nahi? Tori, bada. Probetxua aterako al diozu? Saiatu egingo naiz. Errukia sentitu nuen, une batez, Briatexte jaunarengatik; ez hainbeste bere betile luzeengatik, bere begi ondoko makillaje ugariarengatik edota bere peluka ilehoriarengatik; are gutxiago praka kanpaidun edo takoi luzeko zapatengatik. Ez horregatik guztiagatik, baizik eta bizimodu bikoitz horrek sorrarazi behar zizkion min eta ezinegon ezkutuengatik. Berak ere ikusi gintuen, eta ez ikusiarena egin zuen. Baina geure begiradak gurutzatu ziren tarte laburrean gauza asko esan genion elkarri.

        Ustezko zuhurtzia, zentzutasun eta normaltasunaren zakuak izugarrikeria asko ezkutatu behar izaten ditu gure beste aurpegia estaltzeko, zenbat ahalegin ez ote dugu egin behar geure baitako amildegietatik ez jausteko, geure barneko putzu beltzetan ez itotzeko, eromenaren besoetan ez erortzeko. Nola jakin duzu. Jarraitu egin diot. Besterik ez, jarraitu egin diot eta laster atzeman dut bere sekretua, denok daukagu sekretu bat. Bat gutxienez. Eta zein da zurea, Margot? Eta zurea? Et, et, et, horrek ez du balio, neronek galdetu dut aurrena. Nire sekretua?, etsi zuen. Ez dakit kontatu nahi dizudan, eta are okerrago, ez dakit kontatu nahi izanez gero ere gauza izango ote nintzen behar bezala adierazteko. Yves eta zu...? Hura aspaldi bukatu zen —irribarre neutroa—. Orain negozio bat aurrera ateratzen saiatzen garen kideak baizik ez gara. Eta zu, zer? Zein da zurea, zure sekretua, esan nahi dut. Nik ez dut sekreturik, zuek kontrataturiko langile bat baizik ez naiz, zeuen zakur leiala, eta zakurrek ez dute sekreturik. Hori ergelkeria! Ongi da, bada: nire sekretua da barruan daramadan gizonik gaiztoenak ez diola barruan daramadan onenari ezer ulertzen uzten, guztiz nahasirik duela. Zure barruko horiek denak euskaldunak izango dira, ezta? —ironia nabarmena—. Denak ez badira, horixe da gehienen borondatea. Kondenatu behar nauzu nire borondatea dela kausa? Kondenatu dezakezu nire borondatearen agerpena ni neu kondenatu gabe? Eta zer da euskaldun izatea? Horixe galdera ederra, orain egin didazuna. Begira, euskaldun izatea bada inongo mapatan ageri ez den eta existitzen ez den herri batekoa izatea; eta gainera nik halaxe nahi dut: banderarik gabea, mugarik gabea, Polizia, aduana eta agintaririk gabea, aberririk gabea. Baina herri. Eta zuek, paranoiaraino abertzaleak zaretenok leporatzen diguzue guri, aberririk gabeoi, fanatismoaren gaitza, zeuen bekatuen erantzule egiten gaituzue. Ulertzen duzu orain euskaldun izatea zer den? Margotek ezetz egin zuen buruz. Jakina, nahiko gauza korapilatsua da. Bizia korapilatsua da. Bai, Margot, bai, arrazoia ematea baizik ez zait gelditzen.

        Maitasun istoriorik onenak zubi baten gainean gertatzen dira. Imajinatzen dut Margot eta biok Pont neuf gainean gaudela, Toulouse hiria zabaldu eta mundu bihurtzen den tokian, besoak petrilean bermatuta, Garonari begira. Imajinatzen dut aurpegiari ez, eta ipurdiari ere begiratu ezin diodan unea iritsi dela, puta eta señora gauza bera direla konbentzitu naizen unea heldu dela, imajinatzen dut Margotek ezpainak babesteko kakao-barra horietako bat atera duela eta bere ezpain haragitsuetatik pasatzen duela, egunsentia den arren. Imajinatzen dut nire gizonik txarrena ere gaiztakeriarik gabe gelditu dela eta onena on-nahirik gabe. Imajinatzen dut Margot belarri-girgila ferekatzen didan neskatxa herabe bat dela, munduan nagoela ere ahanztarazten didan gazte kementsua, heriotza-amodioaren-truke eragiketa eginarazten didan emakume guztien ama, gaztetasunaren azken orro more-zukutsuak desesperatuki bizi nahi dituen emakume heldua, sexua bera ere beste helburu batzuen mende jartzen duen alargun beltza, kariño pixka bat baizik nahi ez duen neska beldurtia, ahate itsusia dela uste duen lotsatia, gimnasia egiten konplexuak gainditu nahi dituen ahizparen ahizparen ahizpa, beheko ahoan haginak hazten zaizkion zakilfagikoa, haurrak puzkerrak baino aiseago botatzen dituen hauspoa, biziarekin batera herioa ere ematen duen hiltzailea, sartuz gero sekula ateratzen utziko ez dizun etxea, errepikarik ez egitera kondenaturiko kanpaia, errauts bihurtuko nauen sua, muskulurik indartsuen, bihurrien eta hezeenen atleta, gizonak gorrotatzeko maitatzeko baino arrazoi gehiago dituen objektu sexuala, xamurtasuna pasatzen den lehenaren besoetan aurkituko duela amesten duen eme etsia, egitekoaren erdian aketz barregarri sentiarazi nahi nauen zalantzaduna, maitasuna benetan aurki daitekeela azken aldiz sinetsi nahi duen emakume kolpatua, inbertsio zaharren korrituak ustekabean kobratzera azaltzen den bankaria, gizona negu hurbilaren antidoto daitekeela uste duen inozoa, bere nagusitasuna sanoki bizi nahi duen eme betea, animalien espezie guztietako adar-kontuak xehetasunez ezagutzen dituen mendekatzailea, arratsaldero aspertzen den ergela, gizona etxean praktikoa dela uste duen emakume langilea, gizonik ez edukitzea elbarritasun-klase bat dela erakutsi dioten neska ongi hezia, gizonak bekaizkeriaz maite dituen heldugabea, katxondeoa maite duen arduragabea, oraindik kuriositatea pasatu ez zaion sinplea, beste emakume baten besoetan abailtzera deliberatzen ez den dudatia, zuku lika orotan igerian dakien anbiguoa, ankerkeriaren ostia guztiak jaso dituen danborra, plazerraren erreibindikazioaren bidez bere buruari dion beldurrez beldurturik dagoen koldarra, beti berdin eta beti berberarekin egiteaz asperturiko asegabea, zakila ondasun urria dela uste duen despistatua, biktima eta hobe beharrez ari dena eta adar-kontu aspaldiko bat dela kausa mendekua hartzen ari den aihertsua, eta imajinatu dut, finean, Margoten baitan biltzen direla izan diren, diren eta izango diren emakumezko guztiak.

        Ez naizenak, izan ez naizenak eta jada izango ez naizenak ematen dit min, mainguari eguraldia aldatzen denean zango anputatuak min ematen dion bezala, Rimbaudi ebaki zioten zangoak min ematen zion bezala. Bihotzeko zer zati erauzi didate? Edo bihotza bera da, bere osoan, bere saihets hezurreko kaiolatxoan falta duena? Eguraldia aldatu da derrepentean eta bihotzean min dut, min izaten baitut bihotzean eguraldia aldatzen denean. Izaten jakin ez dudanak ematen dit min, nire mundualdiaren mahats-sortari aletu dizkiodan ahalak, honezkero lurrarekin bat egin direnak, inoren ahoa gozatzera sekula iritsi gabe. Margot, hau da nire muturra eta hauek nire orbainak, eta bata zein besteak ongi merezirik ditut, esku ikusezin batek estutu du behiala zabal-zabal, zubi honetatik ikusten dugun espazioa bezain zabal zegoen abanikoa. Jada ezer ez da leheneratuko, abanikoaren ertzak loditu dira eta txikia da haize emateko agerian gelditu den azalera. Larrua ere loditu zait, elefante batena bezainbestekoa da dagoeneko, ni ere banaiz Lautrecek margotu zuen haginik gabeko krokodilo bentzutu horietako bat, edo okerrago, bakailao lehor puska bat baino ez. Hotz egiten du, egunsentia delako, eta euri tanto finek ihes egiten diote zeru inkontinenteari. Eguraldia aldatu da eta min ematen dit jada bere tokian ez dagoen, bere tokitik erauzi didaten bihotzak.

        Afektoena enpresa hagitz serioa da, Margot, eta urteko balantzea egiterakoan ezin daiteke galerarik onets, despido librea beharrezkoa da, eta kontratu behin-behinekoa. Gure esfinter matxuratuen gorabeherak ez du funtzionariotza merezi, ez badugu gehiago matxuratu nahi. Gurago dut desiratzen bizitzea desirarik gabe hiltzea baino. Gurea kontratu-zaborra da, eta izango. Afektoen enpresa besteak bezalakoa da, eta inongo enpresak ez du galerarik gura. Esfinterrak laxatzen hasten zaizkizunean baizik ezin esan ahalko dizut maite zaitudan ala ez, eta orduan ere gezurra izango da.

        Dena dago idatzirik koadernotxoan, eta koadernotxoa nekez heltzen den gelako azken muturrean dago, hautsak jan du ia, aspaldi ez dudalako ireki, irekitzeko beldur naizelako, eta, zenbat eta denbora gehiago pasatzen den, orduan eta beldurrago naiz irekitzeko, eta nork daki, akaso etxez aldatuko naiz, eta koadernoa ahaztu egingo zait, eta induskailu batek berdinduko du lurrarekin nire etxea izan zena, eta koadernoa betiko desagertuko da, eta bertan idatzirik zeudenak, beldur ematen duten horiek, ez dira berriz ere sekula zuzpertuko.

        Txarrena da norberaren ezina, ez besterena. Besterena beti da. Besteren soldadutza, besteren etxea, besteren zorabioa, besteren grina, besteren haurra... Norberarena da larria, norberarena, eta hor inork ezin dezake norberak egiten ez duenik egin. Orduan errukia baino ez da gelditzen. Errukia, induljentzia. Edonork ez daki errukia ematen, edonork ez daki errukia jasotzen. Ikasbide latza eta luzea da, eta gu pazientzia laburrekoak gara. Esfinterrak ezin kontrolatuz aurrez aurre gaudenean gorrotatuko dugu elkar, orduantxe, elkar gehien maite dugunean, maite beharko dugunean. Ustelaren arragoan forjatuko da gure gezurra. Kiratsa darionean sinetsi nahiko dugu bazela, bazegoela, eta orduan ere ez da egia izango.

        Esan zenidan: zutaz gehien behar dudana zure konfiantza da, naizen bezala maite ote nazakezun jakitea, nire sentimendua ez dezazula zauritu, ni ez bainaiz sentimendua besterik, sentimendua. Delikatua izan zaitez. Saiatuko al zara? Gorputz asko ibili ditut, gauero gorputz horietan mozkortuz konortea galtzeko, ahazteko, jakin ahal izateko sakonki maite daitekeela ordu gutxi batzuk baizik ez bada ere. Gizon horietako batzuk benetan maitemindu ziren nirekin, eta sofritu egin zuten, eta nik ere haiekin. Gutxienik beren barrenetan lurperaturik uste zuten zerbait mugitu ahal izan nuen. Beren sentimenduak birmoldatzeko lanari ekin nion. Bakoitza modu ezberdin batez konpondu nuen. Lortu egin nuen; aurrerantzean gure harremana librea eta ederra izango zen, eta betiko adiskidetasuna edukiko zuen sari. Eta halaxe da. Azkenik, lagun hauek konkistatu naute, nire maitasuna eta xamurtasuna lortu dute. Baita nire gorputza ere. Baina inoiz ez dute nire arima ukitu. Inoiz ez. Kontraesanez beteta nago. Jakingo al duzu ni errespetatzen?

        Ordurako kartak markatuta zeuden, eta zuk bazenekien ez nintzela ez begiei eta ez ipurdiari begiratzeko gauza, ezin nuela ironia mingotsaren kapa bat ehundu eta begi aurrean para zure lohi berdezko bi boladak geldiarazteko. Hain garbi ikusiko zenuen nire hiztegi afektiboak ez duela puta eta señora bereizten, hain erraz iritziko zenion, hain ederki ikusi magma ezkutuen jarioa nora zihoan ezen teleserie bateko hizkera merkea nahikoa izan baitzitzaizun. Izan ere, puntu batetik aurrera hitzak alferrekoak direla ongi dakizu, eta afektoen itsasoan singladura asko eginak erakutsi dizu puntu horretara iristen den une zehatz-zehatza zalantzarik gabe bereizten, atzematen, Suitzako erlojugileei suposatzen zaien prezisioarekin.

        Ez naiz defendatuko, nire buruaren biktima naiz, berrogei urtetik aurrera norberak merezi duen aurpegia duela esan ohi da, eta hala da. Cortazarren ipuineko nerabea baino zerbait gehiago banaiz, eta hala ere ez zenituen zure lohi berdezko bi boladak, ez lohienak eta ez berdeenak, bederen, erabili behar izan. Nire buruari egozten diodan gauza bakarra da horren erraz sarean erori izana, literatura merkeenak engainatu izana, nor eta ni, Cortazarren ipuinak eta Argensolaren poemak ezagutzen ditudala harro aldarrikatzen dudan hau, eta gaur egiten dut zin, Margot, inork ez nauela berriro engainatuko bere ahalbide literarioak agortarazi eta gero ez bada; zeren zuk, Margot, bazenuen literatura gehiago eta hobea zure barnealdean, eta ez nizun aterarazten jakin, dela desioaren hutsarengatik, dela une hartan uste izan nuelako, ergel halakoak, benetan teleserie bateko pertsonaia bezain hutsala zinela.

        Erantzun nizun: ez dakit, ez dakit deus, honezkero ez dakit deus, ez dut deus jakin eta etsi dut ez naizela sekula ere deus jakitera iritsiko. Maitasuna apustua da eta ni ludopata hutsa naiz. Eguraldi aldaketa zetorren eta halakoetan min dut behiala bihotza eduki nuen tokian.