Camembert helburu
Camembert helburu
1998, saiakera - nobela
292 orrialde
84-86766-87-7
azala: Xabi Alonso
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1995, nobela
 

 

Troiako zaldia

 

Berbieko Jauregia adreilu gorrizko eraikuntza alimalea da, bere dorreak Albiko katedral erraldoiaren ondoan zerurantz altxatzen dituena. Katredralekoa da defentsarako prestatua behar zuen eraikin-multzoko dorrerik handiena, baina Jauregikoak ere ederrak dira. Larderia handiko gotorlekua da, XIII. mendean Albiko artzapezpikuek eginarazia. Zubia pasatuta, hau da, Tarn ibaiko ipar-ertzetik begiratzen denean, are eta larderiatsuago da, ibaiko hego-ertzetik gora, eraikuntzak altueraren araberako lau defentsa-maila bazituela susmatzen delako. Hegoaldetik, katedraleko dorreak eta Jauregikoek erdizka inguratzen duten plaza eguzkitsutik begiraturik, amultsuago da, humanoagoa. Plaza horretatik sartzen da, hain zuzen, Toulouse-Lautrecen obraren bildumarik handiena duen Albiko Museora. Hamar bat metroko harresia dago Jauregiaren sarrera iritsi aitzin; etxetxo batek osatzen du harresi horretako hego-ekialdeko muturra. Kanpoaldetik ikusirik ez daiteke apenas bereiz etxea denik. Lorategia irabazirik Jauregiko ateari buruz jartzen zarenean ikusten duzu barrualdera etxe normalaren modura itxuratu dela, lehendik ere egongo zen eraikuntza aprobetxaturik, nonbait. Zaindariaren etxea?, galdetu nion Margoti. Baietz erantzun zidan keinuaz, hitzik esan gabe. Larunbat goiz eguzkitsu batez elkartu ginen niretzat lehen bisita zena turisten antzera egiteko, elkarrekin. Ilea beltzez tindatua eta orrazkera aldatuta ageri zen, betaurreko ilunez eta gona koloreaniztunaz hornitua. Nik ezagutzen nuen Margot ez eta beste pertsona bat zirudien. Txartela ateratzeko lerrokadan jarri ginen, gainerako turisten antzera. Zigarroa erretzeko aitzakiarekin zaindariaren etxe aldera ibili nintzen, egunkarietan lapurretari buruz irakurri nituen datuak gogoratuz. Etxe parean, hurbil samar, hogei bat metroko beste harresi bat bazegoen, eta gainean terraza bat izan zitekeena. Terraza hartatik aise iristeko moduko leiho batzuk ikusten ziren, Jauregikoak. Hori zitekeen, nonbait, lapurrek aukeratu zuten bidea. Poteoan ibiltzeko bezain erraza ez zen, baina eskailera on baten laguntzaz terrazaraino igotzea ez zirudien oso zaila. Iparraldetik, Tarn ibaira ematen duen aldetik jaistea —lapurrek egin omen zuten balentria, periodikuek esaten zutena egia bazen—, eta eskailerarik gabe, hagitzez konplikatuago izango zen. Orokorrean hitz eginda, 82ko lapur horiek aukeratu zuten moduari konplikatu samarra iritzi nion.

        Museoa barrutik ezagutzen joan ahala, aldiz, margo bat bertatik ateratzea munduko gauzarik errazena izango zela iruditu zitzaidan. Eman dezagun, abuztuan. Eman dezagun, goizeko bederatzietan, museoa irekitzen den unean. Ia inor ez dago. Turista saldoak ez dira inoiz hamarrak baino lehen agertzen hasten. Albiko Museoan zaindariek ez dute armarik. Sarrera pagatuta, aurrera, ez da inolako kontrolik. Hiru turista sartzen dira euren motxilatxoekin, ordenadore portaila eramateko poltsarekin. Sarreran kamera bat badago: ongi da, pelukak, biboteak, bizarrak erabil daitezke. Bonjour, bonjour. Laugarren turista bat furgoia martxan duela itxoiten ari da ekialdeko sarreran. Turistek gustuko duten margoa aukeratzen dute. Margoak sabaitik behera datozen metalezko bi ziriren bidez daude eskegirik, erraz, oso erraz askatzen den ixteko metalezko sistemarekin: «Klak!, klak!». Segundo bat eta margoa turisten eskuetan dago. Margoa harturik, korrika, aterantz: bigarren pisuko margorik urrunena harturik ere, handik ateraino bi, hiru minutu baino ez dago. Zaindariren batek zerbait egin nahi badu, turistek ateratzen dituzte pipa eder batzuk ordenadoreak edo karterak eta metal-ura eduki behar zituzten poltsetatik, eta mehatxu egiten dute. Pistola erakustea nahikoa. Seguritate-buruak egin lezake, saia liteke zerbait egiten, beharbada. Hau da, berarekin topo eginez gero. Berrogeita hamar bat urte inguruko kankailu bat da, sud-ouesteko azentuarekin mintzatzen dena frantsesez, denen begikoa, bromazalea, tipo irekia eta tontakeria gutxikoa. Hala ere, txarrenera, airera tiro egin eta hau ere kikildu egingo da. Atetik autora, minutu erdi bat. Margoa hartu dutenetik bost, sei minutu baizik pasatu ez direlarik, turistak Tarn gaineko zubi zaharra pasatzen ari dira, abiada bizian. Eskailera, eskalada arriskutsu eta akrobaziarik gabe.

        Nik lapurretaren aferari ematen nizkion bueltak. Egia esan, ezin nuen ulertu zergatik tematzen ziren nire sozioak faltsifikazioa egiteko asmo zoro horrekin. Nire plana baino zoroagoa iruditzen zitzaidan, zailagoa, lan askoz handiagokoa eta errenta txikiagokoa. Albin izan nintzen bitartean, Margot Toulousen zegoen —hau da, 60-70 kilometrora—, ni laguntzeko eta Parisko taldearekin —Yves, Thierry— koordinatzeko. Horietako batean sekula ez ote zitzaien museotik koadro bat lapurtzea burutik pasatu galdetu nion, garbi asko. Ea zer irizten zion. Eta alarma?, erantzun zidan.

        Alarma liteke kezka bakarra, egia zen. Margo bakoitzari eusten dioten bastidoreetako batean bada plastikozko pieza elektroniko txiki bat, alarma hotsak zabaldu behar dituena margoa ukitu bezain pronto. Museoko seguritate-buruak bertako kontu-hartzailearekin izandako solasaldi batean pasadan entzun nuenez, komisaldegiarekin konektatuta zegoen zuzenean. Saguzarrekin arazorik ez bazuten, bederen. Sistema, osoa edo partez, informatikoa omen da; ni izan nintzen garaian problemaren bat-eta baitzuten birusen batekin, hainbat aldiz deskonektatzera beharturik izan ziren. Saguzar informatikoak. Alarma? Museoa ireki eta hamar minutura litekeena da oraindik konektatua ez egotea. Konektatua baledi, funtzionatuko baleza, eta jendarmeak azkar mugituko balitez, ordu laurdeneko abantaila eduki genezake, behintzat. Edonola ere, zeuen sistemen eta zeuen jendarmeen prestakuntza probatuko genituzke.

        Plana, errazaren errazaz, egin ezina iruditzen zitzaidan baita neroni ere, 1985ean Parisko Marmottan museoan Moneten Inpresioa, egunsentia nola lapurtu zuten egunkari batean leitu nuen arte [1]: hiru minutu baino gutxiagotan, museoa ireki eta bost minutu geroago (goizeko hamarrak eta bostean, zehatz esanda). Lapurrek armak atera eta Monetena ez ezik beste sei koadro ere eraman zituzten. Eta, onena: «Zaindariek lapurretaren berri eman zioten Poliziari lapurrek alde egin eta gero. Alarma-sistema ez zegoen konektaturik gertaerak jazo zirenean». Ongi da. Demagun. Zer eramateko?, Margotek. Niregatik balitz, hau da, etxerako balitz, eta gustukoen dudan Mesalina saileko koadroa Albin ez dagoela kontuan harturik, La loge au Mascaron Doré, Carmen la Rousse edo Un examen à la faculté de Médecine. Hau dirua irabazteko egingo genukeela aintzat harturik, baina, Au Salon de la rue des Moulins, noski. Lehen pisuan dago, atetik gertuenen. Postura egingo nizuke: baietz hiru minututan kontu guztia burura eraman, margoari eskua eransten diogunetik kontatzen hasita.

        Esan daiteke, batez beste, egunero lapurtzen dela balio handiko margo bat munduan. Kontu arraro samarrak ohi dira, askotan, edozer susmatzera eraman dezaketenak. Egunkariek albiste txikiak egiten dituzte, oharkabean pasatzen direnak: Montecarlo erdian, urlia milioidunaren etxean, maiordomoa eskulotu eta ahoa estali ondoren. Poliziak ez du azaltzen ahal nola sartu ziren alarma sofistikatua eta kanpoko zaindaritza zorrotza zeukan etxean. Baina, susmoak susmo, margo bat eguneko. Ez dut ukatuko ideiari halako kariñoa hartua niola. Le Palais de la Berbie konkistatzea bezala iruditzen zitzaidan. Uste dut Troiako zaldi barrukoek nik jauregi hartan sartu nintzenean sentitzen nuen antzeko zerbait sentitu behar izan zutela hiriko atea zeharkatu zutenean. Agian arrazoi duzu, esan zidan Margotek. Hau da, margoa ateratzea ez dela oso zaila izango. Baina arazo mordo bat ikusten dut, bai museora sartu aurretik, eta bai, batez ere, museotik atera eta gero. Adibidez, nori salduko diozu lapurretaren ondoren jende guzti-guztiak lapurtua dela jakingo duen koadro bat? Erreskatea eska daiteke, nik. Au Salon de la rue des Moulins margoa baino gehiago da. Ikurra da. Edo bildumagile apetatsu eta eskrupulo txikiko bati saldu, Ameriketan. Yves oso seguru ageri da merkatuen gorabeherei dagokienean, horretaz mintzatu garenean. Margotek ezetz esaten zuen buruaz: azpiegituraren aldetik eginahal izugarriak egin beharko genituzke: armak eskuratu, bi furgoneta (bai, bi: bata Albitik alde egiteko eta beste bat inguruetan aldaketa egiteko); gero lokal egokiren bat topatu beharko litzateke museotik ez oso urruti margoa gordetzeko, eta beste bat koadroa gure eskuetan egongo zen bitartean behin-betiko egoitza izango zena. Hau guztia Polizia orpoetan dugula. Ondorengo garraioak nola egin pentsatu beharko litzateke. Saldu edo erreskatea eskatu, negoziazioak oso delikatuak izango lirateke. Honek guztiak, beste alde batetik, dokumentazio faltsuak geureganatzea eskatuko luke, agian beste bat edo beste bi pertsona gehiago sartu beharko genituzke aferan... Ez da oso dotorea. Eta inportanteena: faltsifikatzaile bat harrapatu eta kartzelaratzea zaila da. Lapurreta arma, mehatxu eta agian bortxarekin, urte mordo baterako genuke itzala. Nik ez nizkieke jendarmeei hain lotsagabe koskabiloak ukituko. Beharbada ez dira zuk uste bezain alferrak. Industrialegia ikusten dut zure plana. Zatarregia.

        Ez al zen zoragarria? Industrialegia! Margotek industrialegi irizten zion nire planari, ekintza zuzenak sorrarazten duen adrenalina-jarioari muzin eginik. Artisautza hain maitea omen zuen hori ni baino bi urrats aurreratuago zebilen plangintzan, antza. Zergatik tindatu duzu ilea, Margot?

        Bestalde, ekintzaile ausartaren plantak gorabehera, neronek ere aitortu behar nuen Margotek arrazoi pixka bat bazuela. Baina hain zen tentagarria, hain zen erraza, ezen zaila baitzen burutik kentzea. Eta koadro-garraioren batean saiatuko bagina? Ez nuela etsitzen ikusirik, Margoten ezpainak zimurtu ziren, baina ez zuen ja ere esan. Duela gutxi gertaturiko historia sinestezina —baina egiazkoa!— kontatu nion [2]. Maria Blanchard margolari espainiarraren hainbat obra autopistako atseden-gune batean ostu zituztenekoa, koadro horiekin batera alkandorak garraiatzen zituen kamioi baten atzealdea irekirik. Noiz atera zen koadrorik hemendik azken aldiz? 96an, Madrilgo Juan Marchera eramateko. Noiz aterako da hurrengoa? Gerok proboka genezake. Nola? Egin litekeena da, nik. Nekez, museo garrantzizko bateko zuzendaria, edo zuzendari-ordea, saltsan sartzen ez baduzu. Egin litekeena da, nik, berriro. Egia da zenbait museotako goi-kargu batzuk ezagutzen ditudala, baina ez dakit orduan Margot inpresionatzeko nahiak ez ote ninduen urrutiegi eraman. Alferrik ari zara. Beste museo bateko goi mailako inor saltsan sartu behar izateaz gain, hemen ere, Albin, konplizeren bat bilatu beharko genuke, eta garraio-enpresan ere beste bat, gutxienez. Jende gehiegi ezer onerako. Au Salon horri eskua erantsiz gero, baduke denentzat. Au Salon de la rue des Moulins da, hain zuzen ere, Albiko Museotik inolaz ere ateratzen ez den koadro bakarra [3]. Inolaz ere ez. Eta zuk nola dakizu hori, zergatik zaude hain seguru, Margot? Badakit, eta kitto. Ilea zergatik tindatu dudan? Hori galdera! Nahi duzuna, baina zure ilea, zurea propioa, hobeki gelditzen zaizu.

 

        [1] El País, 1985-X-28.

        [2] Hau prentsako berria izan da 1998ko urtarrilean.

        [3] Mme Tachennek, orduko Museoko egiazko dokumentalistak, egileari 1997ko udan izaniko elkarrizketa pribatuan esandakoaren arabera.