Camembert helburu
Camembert helburu
1998, saiakera - nobela
292 orrialde
84-86766-87-7
azala: Xabi Alonso
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1995, nobela
 

 

Ez da Rolex, ezta urrezkoa ere

 

Madrilgo futbol ikuslea toki guztietakoa bezalakoa da. Partida erraza zeukatela uste zuten, Santanderrek gol bat sartu zien arte. Eta, jakina, 0-1 jarri ondoren akabo ordura arteko gizatasuna eta molde onak. Buelta eman zioten artean, eta kostatu zitzaien, han denak ibili ziren putakumeka eta mekaguendioska. Madrilgo futbol ikuslea toki guztietakoa bezalakoa da, ordea —eta Espainiako Ligan Barcelona alde batera utzita— beste inongoa baino bost aldiz gehiago da kopuruz. Zerikusirik edukiko al du horrek emaitza txarrei buelta emateko duten erraztasunarekin? Futbola rollo txar bat duk, jakinarazi zidan Imanolek atera ginenean. Ez nauk gehiago itzuliko. Hobe etorri izan ez bahintz, pentsatu nuen.

        Hobe etorri izan ez bahintz, partidaren ondoren, noski, afaltzera joan behar zelako. Eta ondoren koparen bat hartzera, eta... Zaila da horrelako egoeratan, eta zenbait jenderekin, lotara lasai-lasai joan ahal izatea. Badakit. Jakingo ez dut ba.

        Afaria Tolosako Julianen egin genuen, Cava Baja edo horietako Madril zaharreko karrika estu batean. Kasua zen Imanolek ezagutzen zuela jatetxearen kargu egiten zuen neska, donostiar txiki eta polit bat; txuleta benetan ederra jan eta gero —Tolosakoan bezain ona, Imanolek behin eta berriz errepikatzen zuenez—, pitxer bat patxaran atera eta hantxe egon ginen hirurok berriketan. Patxarana ez ezik afariko ardoa ere bere lana egiten hasia zen.

        Neskari agur esan genionean Imanolek kopa bat hartzea proposatu zuen. Ez-bai bai-ez ibili ginen. Imanolek irabazi zuen. Berak nahi zuen tokira joango ginen. Nire baldintzak hauek ziren: kopa bakarra, toki lasaia eta tontakeriarik ez. Imanolek zioen handik gertu bazegoela nire baldintzak asetuko zituen toki apaina. Oinez abiatu ginen. Ez zuen euririk ari, gabardinarik gabe ibiltzea bazegoen.

        Inork ez sinesteko moduko mozoloa bainaiz, pixka bat edan eta gero berriketari jartzen naiz. Inork ez sinesteko moduko mozoloa naizenez, astoak eskolatzeko tentazioari men egiten diot horrelako egoeratan. Argensolaz hasi nintzaion. Imanolek ez zuen ezer esaten; okerrago, nire jakinduria loriatzeko konpromezuzko hitz orokorrak bota eta gidariarena egiteari ekin zion, orain ezker, orain eskuin, orain berriz ezker. Tarteka buruaz goitik behera eginagatik, ez zidan kasurik egiten; nik nireari; ez nion egiten ari ginen bideari edo zeharkatzen ari ginen kaleen nolakoari erreparatzen. Hi bai intelektuala, hi, esan zuen, azkenik, Imanolek, buruaz ate bat seinalatuz. Iritsi gaituk. Iritsi gaituk!? Imanol!!! Mekaben...

        Zer, ez hadi orain tontakeriekin hasi. Nik lagundu diat Bernabeura, ezta? Eta badakik futbola ez zaidala gustatzen! Bada, lagunidak hik hor barrura. Gainera ongi etorriko zaik. Mila bider entzun diat zelaiko lana dela garrantzizkoena ikertzaile batentzat. Ezta? Eta Toulouse-Lautrecez egin behar duk lana, ezta? Bada, nik ez zekiat askorik Toulouse-Lautrecez, baina dakidan bakarra duk putanera zela, putaner porrokatua. Zer dakik hik putez? Gutxi! Seguru nagok nirekin etortzen hintzenetik ez haizela ibili! Nola nahi duk Lautrecez zerbait egitea putez ezer jakin gabe? Profesionala haiz, ezta? Gogoan hartu profesionala haizela, eta hartzak asuntoa profesionalen moduan.

        Gogoan dut azkeneko aldia, Madrilen eta Imanolekin. Hainbat urte badira. Mozkor-mozkor eginda sartu ginen. Imanol, bere Madrilgo beste lagun bat eta hirurok. Harrezkero sekula ikusi ez dudan —ezta nahi ere!— lagun horrek egiten zuen esploradore-buruarena, safari hartan. Tokiak El Loro Verde zeukan izena. Gintonikak eskatu genituen. Ginebraz ez eta koloniaz egindako gintonikak ekarri orduko neska bat hurreratu zitzaigun, ilehori bat, halako fru-fru horietako bat lepotik bazuena. Imanoli hurreratu zitzaion, hobeki esateko. Bera ez zen konturatu, eta ni ere doi-doi, hain zen handia legatza, gurea, baina «usoñoaren» zango-besoak nireak halako bi ziren. Ez nuen jakin zer gehiago miretsi: erdi agerian zeuzkan bular itzelak, kokospeko itzal susmagarria edo bere trumoi-ahotsa, dakidan euskara —bai, euskaraz ari baitzen, benetan— apurraren arabera honela zioena, ointxe topadu dot falta neban perlia! Edo horrelako zerbait. Oso litekeena da horiexek berak ez izatea bere hitzak; izan ere, kataluniarrak bere dialektoa hizkuntza dela aldarrikatzen tematzen dira, euskaldunak bere hizkuntzak hizkuntza bakar direla aldarrikatzen tematzen diren bezalaxe; baina nik, katalana sekula estudiatu gabe aise errazago ulertzen diot kataluniar bati hainbat euskalduni baino, euskara ikasi nahian zientoka ordu pasatu ditudan arren, kartzela garaian batez ere, Imanol irakasle. Esploradore-burua algaraka ari zen, La Vasca deitzen ziotek, esaten zuen. Bizkaitarra da, Mungia, Markina, hor nonbaitekoa. Atera, atera zerbait edateko, Imanolek, ozenki, oihuka ia.

        Markinakoa izan, Bermeokoa izan, hantxe aritu ziren puska batez Imanol eta emakumez maskaraturiko kankailu hura, marmarrean. Niri titiak agerian zeuzkan beste bat etorri zitzaidan. Hura txikia zen, neska behar zuen. Jaka kendu eta eman egin nion. Tori, esan nion, bestela hoztu egingo zara. Sudur-punta hoztuta nuen, mozkortzen naizenean —benetan mozkortzen— halaxe gertatzen zait beti. Gainerakoan bero ibili ohi naiz. Nik ez dut behar, nik sudur puntarako artilezko kapusaia behar dut. Ba al duzue horrelakorik? Atera, atera zeozer edateko, nik, eta hamar metro inguruan zeuden guztiak apuntatu ziren. Begira, begira, moztu zidan Imanolen lagun petral horrek, esploradore-buruak, esan nahi dut, hirurotatik «atera, atera zeozer edateko» esaten ez zuen bakarrak. Begira, begira. Imanolek eskutik heldu dio La Vascari, eta biak abiatu dira tabernak hondo-hondoan duen eszenatokira eskutik helduta. Igo dira eta La Vascak, eskuin eskua gerrian eta ezkerreko belauna pittin bat tolesturik, airoski, zutik dirauen bitartean, Imanol makurtu da belaun bat lurrean bermatuz eta fru-frua trabestiaren lepotik pasatuz, fru-fruaren bi muturrei eskuz heltzen diela, Don Juan errenditu baten antzera. Imanol hau laostia duk, zioen bere lagunak. Begira, begira. Laostia duk, bai horixe: jarrera horretan dagoela, Imanol kantari hasi da: Lejos de aquel instante / Lejos de aquel lugar / El corazón amante / vuelve a resucitar... Zin dagit ikusi izan ez banu ez nuela sinetsiko. Imanolen ahotsa gero eta indartsuagoa bilakatzen ari da, crescendoan, goren puntura iristeko: Ma-i-té-yo-nó-teol-vi-dó-ninún-cá-nún-cá-tedeól-vidár... Baina Imanolen balentria handia izanagatik, El Loro Verden sekula ezabatuko ez den aztarna utzi zuena ordaindu genuen faktura izan zen. Han zegoen batek lepo gainean atera nahi gintuen, Las Ventasen arrakasta erdietsiriko toreatzaileak baikinen. Itxuraren arabera, horixe zukeen lanbide, toreatzaileak lepo gainean ateratzea. Kalean geundela zera esaten zidan kabroiak, jauna, zu zaldun bat zara, jaka eman diozu andereñoari, zuk badakizu emakumeak tratatzen, bai horixe, zu zaldun bat zara. Gu bezalakoekin ez zuen labanarik atera beharrik, noski. Hotelera iritsi ginenean ez genuen ezta taxia ordaintzeko ere.

        Imanol, mesedez, gogoan har ezak azken aldia, hasi nintzen. Bai, bai, erantzun zidan, mahukatik heldu eta eskaileretatik behera egin nezan tira egiten zuen, ulertu diat, azkenik ulertu diat Argensolaren matraka horrekin esan nahi huena, harrapatu diat mezua, gauzak ez direla ematen duten bezalakoak, engainagarriak direla. Lasai, hala ere, gaur aukeratzen dudana emakumea izango duk, ez trabestia, erreparatuko zieat bigarren mailako sexu-ezaugarriei, hankartea begiratuko zieat titiak baino lehen. Orduko hark Galaxia Lujuria zuen izena, edo antzeko zerbait. Toplessa zen.

        Toki txiki eta iluna zen. Usaina eta giroa, itogarria. Bospasei bezero baino ez zegoen, eta neska gehienak libre zeuden. Euliak ezti-potora bezala egin zuten guregana.

        Imanol aukeraketan ibili zen hainbat denbora; ni, egokitu zitzaidan ilehoriarekin gelditu nintzen hasiera-hasieratik. Deseroso nengoen, atezuan. Ez dut maite inora gogoz kontra joatea. Neskak txanpaina laranjarekin eskatu zuen bientzat. Hiru mila pezeta kopa bakoitzak. Ona izan balitz behintzat... baina benetan txarra zegoen. Elkarrizketaren hasierako hitz ergelak arreta handirik gabe esan nituen; gehiago interesatzen zitzaidan, begiak iluntasun hartara ohitu ahala, zer panorama zegoen ikustea. Nongoa zara, neskak, Zaragozakoa, nik, nola duzu izena, Jose Luis, zer egiten duzu, saltzailea naiz. Poztu naiz gabardina hotelean utzi izanaz. Edariak zerbitzen zituena berrogei bat urteko emakumea zen, itxura ikusgarria duen horietakoa; bularra agerian ez zuen bakarra zen. Nire neskak jefa deitzen zion. Eskalafoian gora egindako puta zen. Sua, mesedez, eskatu nion jefari. Urrezko Cartierra han atera? Baita zera ere. Alkandoraren mahukak behe-beheraino jaitsi nituen, senak hala aginduta. Zoko batetik txuloak dena kontrolatzen zuen, aldamenean hamasei urte ere izango ez zituen neskato bat zuela. Ofizioa irakasten ari zitzaion, nonbait. Hazpegien arabera, Filipinetakoa edo izan zitekeen. Haurtxo bat baino ez. Berak ere titiak agerian zituen, eta gogoa ematen zuen joateko eta esateko, estali, estal hadi, gaixotu egingo haiz bestela, eta bihar ezingo dun eskolara joan. Txuloarengandik ez oso urrutira bi bezero zeuden. Poliziak izango zirela egin nuen kontu. Beste bi bezero ere baziren, zaharrak, mozkortuta zeuden. Paretak feltroz estalirik zeuden eta koadro batzuk ikusten ziren. Ehiza-eszenak, bodegoiak, paisajeak. Nazkagarria zen. Nongoa zara, nik neskari. Mallorcakoa zela esan zidan, Bartzelonan ibilitakoa. Gaztea zen, ez zituen hogeita bost baino gehiago izango. Jarri egiten zara lanean ari zarela? Bai zera, jefak hil egingo ninduke. Atezuan segitzen nuen, izerditan, banekien edariak bihotzerrea sortuko zidala. Barraren aurreko paretan ate txiki bat zegoen, gortina batez. Sar al gaitezke, esan nion, bai, baina beste kopa bat ordaindu beharko didazu. Zeren truke. Zirri batzuk baino ez, bestela frantsesa bost mila pezetatan egingo dizut. Besoa gerritik pasatu zidan. Nabari da kirolaria zarela. Kirolariak atseginak dira, maite ditut. Frantsesa gortinaz bestaldera? Jakina, gortinaz bestaldera. Gelarik bai, gortinaz bestaldean? Bai, noski. Oso kutrea? Ez, komuna ere badu eta izarak garbi daude. Mallorcakoari errapeak dilin-dalan ibiltzen zitzaizkion. Esku-ahurretan hartu nizkion, oso konbentzituta ez nengoen arren. Zer gutxiago, hiru mila pezetaren truke. Eta zenbat. Hamabost mila. Tira, zuri hamabi mila pezetatan utziko dizut, zu zarelako. Kirolariak izugarri gustatzen zaizkit, ba al zenekien? Imanol etorri zen; ongi, e, Enekoitz? Dena ongi, ezta? Zer esaten du honek, nik, erdaraz eta ozen, eta gero Mallorcakoak ez entzuteko moduan, Imanol, Zaragozakoa nauk eta saltzailea ogibidez, Jose Luis dut izena, ez diat ulertzen hire mintzo zakar hori. Zer duk Zaragozakoa haizelako kontu hori!? Gu euskaldunak gaituk! Euskaldunak, hi, euskaldunak!, Imanolek, oihuka. Nabari zen edaria kalte egiten ari zitzaiola. Bakea, Imanol, bakea, nik, hoa hire gauzetara. Mallorcako ilehoriak bere kopa hustu zuen. Berantesten ari zen. Beno, zer, bai ala ez? Edo atera beste kopa bat, gainerakoan jefa haserretu egingo zait. Eta hori esaten zuelarik eskuaz heldu zidan koskabiloetatik, espero zezakeenaren neurri zehatza edukitzeko. Laster erretiratu zuen eskua, dezepzioa aurpegian. Gauzak oso gaizki daude, izugarri gaizki, pixka bat lagundu nahiko bazenit, horrela segituz gero laster kaleratuko naute, zioen mallorcarrak, eta ia negarrez zebilen, eta negarra egiazkoa zela zirudien, eta ez zen isiltzen, alkoholak bakarrik ez, miseriak ere mihiak askatzen ditu, eta ez zen isiltzen, eta nik ez nuen miseriaren geografia hori gehiago ezagutu nahi, eta neskak dale matrakarekin, astean hainbeste egin ezean aurpegi txarra jartzen digute, eta hiru aste daramatzat gutxienekora iritsi gabe, eta ez gaztea eta polita ez naizelako, ez, bezero batzuek begitan hartu nautelako baizik, eta negozioa, orokorrean, baxu antzean dabilelako, ai ama, zer egingo dut, ai ama zer egingo dut.

        Nik alde egin nahi nuen, eta mahuka igo nuen, eta erlojua kendu nuen, eta eman egin nion. Urrezko Rolex bat! egin zuen oihu, arnasa hartu ezinik ia, zeharo inpresionaturik, begiak biribil-biribil eginik. Zuretzat. Niretzat!? Bai, zuretzat. Urrezko Rolex bat! errepikatu zuen, sinetsiko ez balu bezala.

        Errukitu nintzen neskaz, edo, hobeki esan, neskaren heziketa estetikoaren eskasaz, bera baitzen, nonbait, Argensolaren berri ez zuen bakarra, eta, hortaz, itxuraz ezin daitekeela fio eta errealitatearen aurpegiak anitzak direla ez zekien bakarra. Heziketa eskasarena ez zen harritzekoa, hango paretetan ziren bodegoi eta ehiza-eszena horiek ikusirik; hori bazen margolaritzarekin zeukan harreman bakarra, ez zen harritzekoa ez jakitea zerua ez dela urdina, ezta zerua ere, eta horregatik, horrexegatik margotzen direla jendea «ez dut ulertzen» esaka uzten duten koadroak, eta Lautrec izan zela bilakaera hartako katemaila garrantzizkoa. Alde egin nuen.

        Gero, Imanolek, erlojua Mallorcako neskari utzi niola jakin zuenean, zera esan zidan, ikaragarria haiz, Enekoitz, putak señorak bailiran tratatzen dituk.