Camembert helburu
Camembert helburu
1998, saiakera - nobela
292 orrialde
84-86766-87-7
azala: Xabi Alonso
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1995, nobela
 

 

Zein larretan

 

Egun hartan bertan abiatu nintzen etxe aldera, gaztak nire, aspaldiko partez umore onean, lasai, patxadatsu. Ziztuan eta ustekabekorik gabe zeharkatu nuen Frantziako hegoaldea.

        Mugan ez nuen aparteko arazorik eduki. Nire Golfak badu, gidariaren aldeko alfonbratxoaren azpian, behealdeko txapan, tranpa moduko bat, ezagutu gabe edonola atzematen ez dena. Tranpa irekirik, gordetegi handi samar bat ageri da. Hantxe neramatzan nire gaztak, zer gerta ere. Kartzelan bigarren aldiz egon nintzenean ezagutu nuen Ultzamako kontrabandista batek eman zidan txapistaren helbidea. Ultzamakoak ez zuen kartzelan luze iraun; kamioia klenbuterolez gainezka zuela harrapatu zuten, eta barruan egon zen hilabeteetan nirekin banatzen zituen ogitartekoak eta tabakoa. Adiskidetu egin ginen, eta horietako batean esan zidan, halako lanik behar izanez gero zoaz nire koinatuaren tailerrera, esaiozu nik bidalita zoazela, koinatuak lan fina egingo dizu ezer galdetu gabe, ohituta dago. Merke-merke, horrela esateko, ez da, baina gauza txukuna egingo dizu. Ordudanik koinatuarenera eramaten ditut autoak, eta ez naiz damu. Benetan lan onak egiten ditu. Horregatik, muga pasatzean zer jaramon gutxi egin zidaten ikusirik, kasik minduta sentitu nintzen, ia autoa erregistratu ziezadaten eskatzeko gogotan gelditu nintzen.

        Euskal Herriratzean, autotik udaberri heze, berde eta aldakor horren usaina sentitzean, Iparragirreren eresiak kantatzeko grina ergel bat etorri zitzaidan; ez ohi dut halako izpirituaren hegaldatze zororik askotan izaten, eta uste dut, orduan ere, egoeraren jabe nintzela sentitzeak, gaztak nire ontziaren sentinan zeudela jakiteak ematen zidala poz neurrigabe hori. Larrungo kaskoa lainoan galdurik zen, Aiako harri zorrotzak kotoi beltzezko hodeiak urratzen zituen; haize firrindariak ia minutuoro aldarazten zuen zerua eta nire misioa arrakasta handiz bukaturik nuen. Iparragirre atzerritik itzultzean bezala sentitzen nintzen, edo Santa Kruz apaiza Aiako enboskadatik irtetean bezala, estu baino bizi, larri baino libre, zauritua baino peliarako gogoz oraino. Aiako harriaren ertzak ebakitzen zuen hodei-piltzar horietako baten gainean nengoela otu zitzaidan, Sarako plazan ixten ari den tratuari adi, Berako Altzaten erabakitzen ari den eztabaidari so, Hondarribiko arrain-enkantearen hotsei erreparaka. Horrelako ideia bukolikoek kulunkaturik nire orduko bi munduak —Lautrec eta berriz zanpatzen ari nintzen lurra— elkar zitzakeenik ba ote zegoen pentsatzeari ekin nion.

        Horrela, burura etorri zitzaidan lehena Bonnat izan zen. Bai, Baionan museo ezin ederragoa eskaini dioten bera. Bonnat ez zen Lautrecekin txunditu, ez horixe. Bera irakaslea izaki, eta gero Akademiako goi kargua, hainbat eta hainbat koadro baliotsu eskuratu ahal izan zituen. Ez Lautrecenik, baina. Ez zuen maite. Gero otu zitzaidan artikulu bakarra aurkitu dudala euskaraz idatzia Toulouse-Lautreci buruz. Egan aldizkarian argitaratu zen [14], eta Txomin Peillenek idatzi zuen. Nik ez bainuen oso ongi ulertzen, gazteleraz paratu zidatelarik eman nion begia. Gai faltan ibiliko zen gure Txomin, edo euskaldun beti tripazaleari beste tripazalekeria exotikoagoak gustatuko zitzaizkiola pentsatu. Auskalo. Kontua da artikuluak margolariaren mokoxuri fama ongi frogatuz eta egiaztatuz diharduela. Sarrera labur eta topiko samar baten ondoren, Peillenek «aho xuri fama zuela» gogorarazten digu. «Parisko jatetxe onak oro ezagun zituen».

        Eta ez Pariskoak, bakarrik. Joyantek kontatzen du berak, Lautrecek eta Whistler margolari ingelesak afaldu zutela Londresen, azken honek gonbidatuta. Afaria txarra izan omen zen, edo hala iritzi zioten. Erronka zen Whistlerri, sukaldaritza-kontuan, bere etxean irabaztea, Joyantek dioenez. Eta orduan, afariaren ordean, ingelesa bazkaltzera gonbidatu zuten Criterion izeneko jatetxean, non Lautrecek esku luzea omen zuen, etxean bezala ibiltzen omen baitzen. Bazkaria, Joyanten arabera, perfektua izan omen zen.

        Bere jaidurak «Henri le cuisinier izena irabazi-erazi zion Albin, jaioterrian bizi zelarik (...). Lautrec sukalde kontuetan ezjakin zirenei ziria sartzen oso laket zen». Gogoratzen hasi eta bada Vuillardek Lautreci egindako erretratua, eltze artean ari den batean egina. Peillenen arabera, Edwards izeneko ingeles bati ziria sakatu nahi dio: «Kangurukirik jan al duzu?». Ingelesak horrelakorik jaten zenik ere ez zekiela aitortzen du. «Baina, gaixoa, Parisen gaurko egunean ez da besterik jaten».

        Gero bazkariaren deskribapena dator. Jaki arraro eta ohiz kanpokoak jateaz aparte, edariaz ere ez omen ziren labur ibili, zerbeza-basoa erdia gin erdia vermouth duenetik hasita, aperitibo gisa. Alkohola lagun ondorio eztabaidaezinetara iristen dira: «Kangurukia haragi ideala da, jeniozko gizonen janaria».

        Edariak edari eta bromak broma, azken aldera Peillen gauza serioez aritzen zaigu: «Baina Lautrecek bazekien tranpa horiez kanpo ondo jaten eta janarazten, gainera sukaldaria zen». Zer egiten jakin, eta, hala dio Peillenek bederik, «Bizkaiko moduan bakallaua egiteko prestaera berezi hau utzi digu: kaxola batean, olio onean, pika tipula, porru eta su eztian frijiarazi, kobrezko kaxolan derrigorrez. Gero bakallau gezatu zati txiki batzuk bota; usan-belarrezko xorta bat, tomate pikatu, azafrai, piper beltz eta gorri nasaiki eman; ardo xuri onetik baso bat ixuri eta su eman kaxolari. Zartagin batean bakallau zatiak, zati handiak frijiarazten dira eta frijitu ondoren, lurrezko kaxola batean zatiak ipintzen; zati handi horien gainean, iratziz, husten da kobrezko kaxolan adelatu saltsa. Gero guzia bost edo hamar minutuz su eztitan uzten da. Zerbitza jakia, baratzuriak igurtzi ogi koskorrez nasaiki inguratua».

        Lautrecen mokoxuri fama ongi irabazia bazen. Ez bakarrik jakietan, edakietan ere bai. Edarirako ez zen makala —izan ere, azken urteetan erabat alkoholizatua zegoen—; horretan anekdota oso ezaguna da barmanarena egin zuenekoa [15]. Natansondar anaiek [16] gonbidatu zuten antolatzen zuten dantzaldi horietako batera, eta Lautrec zerbitzari jarri zen, koktelak prestatzera. Bizarra egin zuen okasiorako: «Natansonek gonbidatu nau bere festara; nik zerbitzariarena egingo dut, eta, badakizu, zerbitzaria bizarduna, sekula ikusi gabea da horrelakorik. Bizarra egin dut, haziko da berriro!».

        Anekdota pintoreak xehetasunei ematen zien garrantzia ikusteko aukera ona da. Eta garaiko ohituren berri ikasteko; zerbitzari bizarduna ez zen, nonbait, ongi ikusia. Denborak aldatzen dira, gero; haurraren gibela izango nukeen zerbitzari bizardunak ateratako kopa bakoitzari muzin egin izan banio. Koktelak ederki prestatu eta bertara joandako guztiak mozkor-mozkor eginda atera omen ziren Natansonen festa hartatik. Lautrecek, denetan hordiena izanik ere, ez omen zuen tantarik probatu, okasioko ofizioa behar bezala betetzeak hainbeste merezi zuen-eta. Bezeria mozkortua esker oneko gelditu bide zen. Festaren biharamunean, Roman Coolusek —poeta sinbolista, nobelagilea eta antzerkigilea— txarteltxoa bidali zion:

                                Ah! je comprends que l'on jalouse

                                En barman ton profil grec

                                Extraordinaire Toulouse

                                Lautrec [17]

        Baina, edariak nahasten ibiltzeak bere arriskuak baditu. Zeharo alkoholizatua dagoenean, bere bizitzaren azken hiru-lau urteetan, desintoxikatzera eraman dute klinika pribatu batera —ama eta lehengusuaren erabakia izan omen zen, hainbat lagun, Joyant kasurako, oso konforme ez zegoen arren—. Itxuraz sendatzen delarik atera egin da, eta amak halako aingeru goardakoa jarri dio —Viaud izeneko bat—, edan ez dezan. Lautrecek, orduan, eginarazi du makila berezia, kirtena erroskaz kenduz gero barruan botilatxo estua eta kopa txiki-ederra badituena. Lautrec total eginda ageri da edozein unetan eta Viaud gaixoak ezin dezake nola hartzen duen ulertu [18].

        «Ez zuen edaten bere zoritxarra ahazteko, baina egia da edaten zuelarik ahaztu egiten zuela» [19]. Natansonek esaten du behin eta berriz alkoholizatua zelarik ere, ez zuela inoiz edari onaren gustua galdu. Oraino guztiz alkoholizatua ez nagoelarik, xehetasun horrek harritu egiten nau apur bat, edanzaharra eta kalitatea ez baitira beti ongi uztartzen. «Berak zekien edonork baino hobeki zein zen oporto baten prezioa, edo halako koktelak zenbat balio zuen. Armagnacez, cognacez, champagnez jakituna zen. Bete eginda egoteko likido gutxiago behar zuen neurrian, bere zientzia oraindik baliagarriago zitzaion». Gourmandaren sentimenduak eraman zuen Lautrec alkoholismora, Natansonen arabera. Bitxia da. Eta erreibindikazio bat: «Oihu egin dezagun gure indarrik handienarekin Lautrecek ez zuela sekula lanik egiten mozkorturik zegoenean».

        «Bakallu horrekin opa dizut, jauna, Lautrecek hitzemaiten zuen liluraldia, hots janariaren gozoa, pabo-oilarraren isatsa legez zure mingainean zabal dadin», dio Peillenek bere artikuluaren bukaeran.

        Nik, nire aldetik, goian idatzi ditudanak eta beste asko aurkitu ditut Toulouseren jan-edanarekiko gustuari buruz, ibili ditudan dozenaka liburuetan. Inon ez, ordea —Peillenenaz aparte, jakina—, bakailaoa bizkaitar erara prestatzeko gertuera bazuenik. Edonola ere, on egin dizuela.

        Honelako kontuekin distraiturik nenbilelarik Donostiaraino iritsi nintzen, eta etxera joateko bideaz kezka egin zitzaidan. Ez, ez zen bakarrik Zarautzen bukatuko ote nuen kezka (gogoratu nintzen kamioizale batek esan zidanaz, Europa guztia zeharkatu diat, Frankfurt eta Parisko saihesbideak ere barne, behin ere bidea galdu gabe. Donostiara iritsi behar nian okertzeko!), beste zerbait baizik. Une hartako aldarte bereziak paisajea gozatzea eskatzen zidan. Pago berdeen arteko bihurgunean galdu. Pentze-musker hezeei begia eman ahal izatea. Azkenik, Amaran sartu nintzen eta etorri nintzen bidetik atzera egin nuen, Belate aldetik hartzeko, mendi-zoko misteriotsuak berriz ikusteko. Nekatuta nengoen porlanaz eta galipotaz. Nekatuta presaka ibiltzeaz eta jende-saldo handiek inguraturik ibiltzeaz. Hiria eta mendiaren arteko kontrastea behar nuen, autotik baizik ez bazen ere. Ia konturatu gabe gogoak eskatzen zidan kontraste hori pinturaren arlora eraman nuen.

        Anekdota ezagunaren arabera, bere anaia txikiaren bataioan [20], ikusirik ahaide denek izenpetzen zutela, Lautrecek liburua eskatu eta, eskribitzen ez zekielarik, idia marraztu zuen. 1868 urtea zen, Lautrecek lau urte betegabe zituen. Lautrecek idia marraztu eta hilabete beranduago jaio zen Luzaiden beste margolari bat, euskal idazlea ere izan zena: Enrique Zubiri Manezaundi. Biak, Manezaundi eta Lautrec, garaikide petoak ziren.

        «Gauza jakina da Nafarroak edo Iruñeak ez dutela XVI. mendeaz geroztik inolako tradizio piktorikoa izan» [21]. Zubirik erretratuak eta paisajeak egiten ditu. Formazio klasikoaren jabe da. «Segurutik Gaya Nuñoren epai zorrotzak ez du arrazoi falta, baina ez da harritzekoa, kontuan hartzen badugu Iruñeak, mendea hasterakoan, 28.886 biztanle zituela (...). Hau honela, esan daiteke XIX. mende osoan zehar eta XX.aren parte handi batean, Nafarroakoa bezalako gizarte baten kultur bizitza, gaur egungo ikuspegitik ikusirik, hutsaren hurrengoa dela, eta artistek bizitza profesional independentea eduki ahal izan zezaten imajinatzeak lanak ditu» [22]. Zubiri erretratuak egiten famatu zen, gehienbat. Horrek eta irakaskuntzak emango zion bizimodua aurrera ateratzeko adina. Arazoekin, beti ere: «Arrakasta ekonomiko handirik ez zuen ezagutu. Estu bizi izan zen beti. Bere produkzio artistikoaren zati handia ahaideen eskuetara pasatu zen. Diferentzia ekonomikoak eduki zituen, baita enkarguzko lanetan ere» [23].

        Zubiri marrazkilari ona zela ikusi zutelarik, Nafarroako Diputazioak beka bat eman zion Madrilgo Academia de Bellas Artes de San Fernando delakoan ikas zezan. Rosa Miren Pagolak, Euskal Klasikoak bilduman ateratako liburuan, Manezaundiren kazetaritza-lanak biltzen dituen horretan, Parisko egonaldi zehaztu gabe batez hitz egiten digu («Garaiko modari amore emanez Parisera ere abiatu zen ikasketak jarraitu eta pintatzeko asmoz, baina hango aireek, gure ustez, ez zuten eragin handirik izan Enrike Zubiriren pinturan eta gutiago oraindik haren barneko pentsakeran» [24]). Manezaundiren biografiaren datuak ez dira sobera ezagunak; nire aldetik, Pagolarena da Parisko ustezko egonaldiari buruz aurkitu dudan datu bakarra. Alde batetik, ez litzateke oso harrigarria izango. Orduko moda zen, izan ere, eta hala, Asarta, Arteta, Jose eta Alberto Arrue, Aranoa, Ciga, Ucelay... Parisera, lehenago edo geroago, gehiagorako edo gutxiagorako, joan zirenen zerrenda izugarri luzea da. Lautrecek ere prestakuntza klasiko irmoa eduki zuen Bonnat eta Cormonekin. Manezaundi Parisen egon bazen ez bazen, hango aireek Zubirirengan eraginik eduki ez zutela begi-bistakoa da, ordea. Lautrecek putak margotzen zituen bitartean, Zubirik paisaje, erretratu txukun eta eszena historikoentzat (La Gamazada, El Doctor Navarro, Santxo Azkarra Miramamolinen kateak apurtzen) baizik ez du pintzelik. Lautrecek bi emakume elkarri musuka jartzeko pena handirik ez zuen bitartean, Manezaundi harritu egiten zen, bere artikuluetako batean (Mando putarkaria) [25], emakumeak hondartzan eta arropa gutxirekin ikusteaz: «Gero hurbildu ziren itsas hegirat, eta han ikusi zituzten yendeak erdi buluziak uhinen artean; emazte ausartak, batere axolarik gabe beren buluztasunaz». Mando putarkaria —mando ostikokaria— artikuluko protagonistak Pettan eta Betti dira, «errumatisma» sendatzeko urak hartzera joandakoak, bueltan Miarritze-Baiona aldea ezagutu nahian dabiltzan baxenabartar edo luzaidarrak. Lautrecek bere garaiko aurrerapenak —fotografia-eta—, ikusgarriak eta giroak ezagutu nahi ditu. Manezaundiren artikuluetako protagonistak, hirira joaten direlarik, bestela txunditzen dira. «Ai urde zerri haundia!!! Hortako yuana hintzana Iruñerat?» [26] galdetzen diote Iruñea ezagutzera joan den Mañexi, «egundaino ikhusi ez diren pixitegi ederrenak eta garbienak» hirian kausitu duenari. Pello eta Beñat Parisera abiatzen dira, eta han zinema batean sartzen dira. Astoa dago pantailan —uste izatekoa da—, «Pelloz ohartu balitz bezala, hari so». Baudelaireren emakume ibiltari ezezaguna hilik zatekeen, zaharraren zaharrez, ordurako. Rimbaudi beltzak saltzeko gogoa akituko zitzaiokeen, gaixotasun benereo guztiak harrapatua izango zatekeen. «Bainan, nundik demuntre ezagutzen ahal nu asto debru horrek?» [27].

        «Honezkero ez litzateke beharrezkoa izango esatea Nafarroan ez dugula kausitzen ahal, aintzat hartzen ari garen epean, abangoardien arrasto ñimiñoenik ere» [28]. Nafarroa esan edo Euskal Herri osoa esan, kasu honetan, gauza beretsua esatea da. Zeren, Manterolak berak aipatzen duenez, ez baita «XIX. mendeko bigarren erdialdeko Bilboren garapen industriala baina lehenagoko euskal pinturaren tradiziorik».

        Zubiri eta Lautrecen arteko gauza komunak bilatzen hasiz gero, biek pairatu zituztela amodiozko penak litzateke lehena, nahiz eta bataren eta bestearen kasuak oso diferenteak izan. Eta bada, Lautrecek margolari gisa bete-betean eta Manezaundik idazle zen aldetik oso saihetsetik izanik ere, biek ukitu zuten gaia, biak errealitate historiko bereko, planeta bereko egiten dituen ikusgarria: zirkua.

        Lautrec zirkuzale handia izan zen, eta obra asko egin zituen gai horri buruz —horien artean, desintoxikazio-tratamendua segitzen ari zelarik, sendaturik zegoela frogatzeko guztiz buruz egin zuen sail guztia—. Lautrecen pailazo eta amazonen kontrapuntua litzateke Mando putarkarian azaltzen den eszena. «Euskaldunari arras laket zaio Circoko yostakeriak» gaztigatzen digu Manezaundik. Horregatik Pettan eta Betti Cirque Françaisera abiatzen dira, Baionan daudela. «Yaun anderiak: orai ateratuko dugu mando putarkari eta izikor bat; eta norbait ardiesten balin badu haren gainean egoitea, ehun liberaz saristatua izanen da». Inork ezin dezake, noski mandoa menderatu. Baina Pettan hamar urtez egona da Kalifornian zaldi basa hezten, eta saria irabaziko du. Istoriotxoa Manezaundik idatzi ederrenetakoa da. Baina, noski, Zubirik ez zuen horrelakorik pintatu nahi izan. Are, uste izatekoa da inork horrelakorik proposatu izan balio erotzat, heretikotzat hartuko zukeela.

        Zubiriren akademizismoa eta klasizismoa hain da neurriz gainekoa ezen 1919an, San Ferminetako jaiak iragarriko duen kartela egiteko lehiaketa irabazi duelarik, zutabe jonikoen aurrean paratzen baitu emakumezko irudi klasiko horietako bat —musa bat?—, tronpeta, lira eta guzti. Kritikak, «estetizista» zela iritzirik, kartela gaitzetsi zuen. Urte hartan Picassoren Avignongo andereñoak koadroak hamabi urte zituen. Zubiriren kartela gehiegizkoa gertatu zen baita Iruñekoa bezalako gizarte milinga, elizkoi eta txepelarentzat ere.

        Guztiarekin ere, Zubiri, teknikoki, margolari txukuna baino gehiago da. «Orokorrean, esan daiteke pinturaren kontzepzio errealista eta akademikoa oinarri zutelarik, erromantizismoak blaitu egin zuela gure artisten lanen zatirik handiena». Zubiri, ikuspuntu estetiko klasiko eta akademiko horretatik, margolari oso ona da.

        Gelditzen zaidan koherentzia apurra dela-eta, ezin dut Zubiri —margolaria—, ezta Manezaundi —idazlea— ere arbuiatu. Nire birraitona madarikatuko ez dudan arrazoi bertsuengatik. Irauteko mesedea egin duenari ezin zaio konturik zorrotzegi eskatu. Gure paradoxa izugarri eta itzelenetakoa duzue honako hau.

        Hain itzela eta izugarria non munduak —munduaren erdiak, behintzat, beste erdiak akaso ongiegi ulertzen gaitu— ez baikaitu ulertzen, noizean behin zenbait poeta munduari hau guztia azaltzen saiatu bada ere.

        Non zineten, zein larretan.

        Baina onartu beharra daukat eztabaida zaharra dela hau, eta ez dagoela inondik ere erabateko adostasunik. Eta normala da. Gauzak zeharo bat eta zeharo kolorebakarreko ez izateko beste pintore baitago Euskal Herrian XIX. bukaeran eta XX. mende hasierako buelta hartan, eta interpretazio bakarra saihesteko beste obra, obra anitza, utzi baitzuten. Garai batean sutsu eztabaidatzen genuen; nora hoa Arrue anaiekin? Eta Arteta? Kontuz, gero, Artetarekin, Artetak tranbiak margotu zituen, eta gerra, eta Athleticeko jokalariak! (esan beharrik ez da azken hau athleticzale batek esaten zuela). Baina Artetaren estiloak gaina hartzen dio gaiari: futbol jokalaria, marinela, nekazaria, denak bat eta bera dira, ez dago tonu-aldaketarik, Arteta Arteta eta bere estiloa da, gai eta uneoro. Museo-zaindariek dute errua, folklorekeriak baizik ez baitituzte aintzat hartu. Kontuak potroak baditik, gero, García Asarta nafar bilbotartua izan zen industria-eszena behar bezalako bat margotu zuen lehenetarikoa: atuna potetan sartzen ari diren industria bateko langileak, emakumezkoak, gainera [29]. Uztak, motel, Asartak denetarik margotzen zizun, langileak, eta idi-parea uztarpean, eta eszena historikoak, eta erretratuak, eta... Eta zer esaten didazue Lorenzo Agirrez, Iruñean 1884an jaioa. Hura pintore modernoa duzue, nahikoa ezezaguna izanik ere. Ikusi duzue Ahuntza izenekoa? Ahuntzatxoa loturik labore alorrean, lehen planoan, eta fabrika itzela atzealdean, bi munduen arteko kontrastea areagotzeko. Baina Agirre Madrilen hil huen, erdi madrildarra huen!, protestatzen zuen beste batek, eta puntu hartara iritsirik inork ez zekien zehazki Lorenzo Agirreren bizitzaren nondik norakoa.

        Baztango mugak zeharkatzen ari nintzelarik Ciga Etxandiz gogoratu nintzen, bere Biderakoaz, zehatz esanda, eta bertan azaltzen diren mendiak nik orduan ikusten nituen berberak zirela ohartu nintzen, eta eder zeudela mendiak, eta eder zeudela ere koadro hartan, eta gero Txakolindegia deitzen den koadroaz ere gogoratu nintzen, non lehen planoko laukoteetako batek, besteak ez bezala, larruzko zapata dotoreak eta janzkera modernoa baitaramatza, eta horrek salatzen duela txakolindegi hura, 1915ean margotua, hiri-girokoa dela, hau da, hiri-girokoa baldin eta orduko Iruñeari hiri izena egoki bazaio, eta aita zenari entzun niola behin baino gehiagotan Ezkabako txakolina egina zenean sotoak edo etxabeak baizik ez ziren txakolindegietan izara zuri bat paratzen zutela, txakolina bazegoela gaztigatzeko, eta jendea bere merenduarekin joaten zela, txakolina edatera, eta koadro hartako laukotekoek kazuela bat badaukatela elkarren artean, eta txakolindegi hura 1915eko Iruñea baizik ezin dela izan, eta Ciga Etxandi Poliziak atxilotu zuela gerra garaian bere semetxoarekin pastelak erostetik bueltan, ohartarazi ziotela etxean Polizia zegoela, baina ez zuela kasurik egin nahi izan, berak ez zuela gaiztakeriarik egin eta ez zuela ihes egingo, eta eraman egin zutela pastelak erosi ondoren itzuli zizkioten sosak bere emazteari ematen ahal gabe, eta kalabozoan astindu eta egurtu zutela, eta Ciga Etxandiren semetxoa, honezkero gizon edadetua, azken txikiteroa, ordu hartan basoerdi bat edaten egongo zela San Nicolasen, Jarautan edo Estafetan, eta... etxean nengoela berriro.

 

        [14] Toulouse-Lautrecez bildu buruxka batzu, in Egan 4-6, 1961.

        [15] Anekdota hau hainbat aldaerarekin kontatzen dutenen artean, merezi du François Gauzi ikustea.

        [16] Natanson anaiek La Revue Blanche eratu zuten 1891 urtean. Intelektualen biltokia zen. Dantzaldiak ere antolatzen zituzten.

        [17] François Gauzi, aipatu liburua. Baina beste toki askotan biltzen da poesiatxoa eta anekdota. Itzulpen narras samarra eginda: «Ulertzen dut zure zerbitzariaren profil grekoaz jeloskorrik dabilenik egotea, Toulouse-Lautrec izugarria».

        [18] Makilatxoa Albiko Museoan dago ikusgai.

        [19] Thadée Natanson: Un Henri de Toulouse-Lautrec. École Nationale Supérieure des Beaux-Arts, Paris, 1992.

        [20] François Gauzik bere liburuan dio, lehengusuaren bataioa dela. Maurice Joyantek, aldiz, haurra zelarik hil zen bere anaia txikiarena.

        [21] Gaya Nuño: Historia de la Pintura Española del siglo XX.

        [22] Pedro Manterola Armisen: Arte navarro 1850-1940, in Panorama aldizkaria, Nafarroako Gobernuaren argitalpena.

        [23] J.M. Satrustegi: Enrique Zubiri 'Manezaundi' - El hombre y el escritor, in Fontes Linguae Vasconum. Jatorrizkoa erdaraz.

        [24] Rosa Miren Pagola: Manezaundi. Klasikoak bilduma, Eusko Jaurlaritza. Jatorrizkoa euskaraz.

        [25] A. Irigaray: La obra literaria de Enrike Zubiri, in Fontes Linguae Vasconum 108-109 zenbakia, 1967.

        [26] Klasikoak liburukoa, Iruñeko itzulia, 48-51.

        [27] Klasikoak, Parisen, 55-58.

        [28] Pedro Manterola Armisen, aipatu liburua.

        [29] Interior de una fábrica de pescado koadroari buruz ari da, egun Bilboko Arte Ederretako Museoan eskegirik.