Camembert helburu
Camembert helburu
1998, saiakera - nobela
292 orrialde
84-86766-87-7
azala: Xabi Alonso
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1995, nobela
 

 

Au Salon

 

Hala du izena Toulousek putetxeetako gaiari eskaini zion margorik zelebratuenak. Horretaz ziharduen Zederrunek. Begira, begira zer dioen Beliakovek. Baina nor da Beliakov? Eta nik zer dakit, bada? Posta elektronikoan utzi du mezua Beliakov horrek, entzun, entzun; hark utzitako informazioarekin moldatuko dizut hurrengo istoriotxoa. Ez da esan behar Zederrunek ez zidala bakerik emango zeukan informazio guzti-guztia hustu arte. Neronek nuen kulpa, eskatzeagatik, bere jolas elektronikoen eraginkortasuna zalantzan jartzeagatik.

        — Kritikak aho batez dio bere maisulanetako bat dela, agian bere maisulana, besterik gabe. 1894an margotu zuen [22], eta Albiko Museoan dago eskegirik; eskegirik egon bakarrik ez. Museoko ikurra da.

        Begiak irekirik ibili behar nuela erabakirik, zuhurtziak datua bistatik ez galtzeko eskatzen zidan. Carreauxek gizon bat nahi zuen museo barruan, eta Au Salon da Museoko Izarra. Tira. Eta Carreauxek gazta ziztrin bat agertzen omen zuen koadro desagertu bati buruz hitz egiten zidan. Bai, halaxe esan zidan Habana Hoteleko bilera hartan: Ramirez jauna, uste dut Lautrecek margotu Camemberta non dagokeen badakidala. Gorabehera delikatua da, diskrezioa ezinbestekoa da. Mesfidakorra bainaiz jaiotzez, Carreauxen gaztak Au Salonekin eduki zezakeen lotura hausnartzeari ekin nion. Alferrik, baina. Ez zegoen lotunerik, edo nik ez nuen lotunea kausitzen. Zeri egin behar nion kasu, gaztari edo koadro-izarrari? Begiak irekirik edukitzea, horixe zen komeni zitzaidana.

        — Margo honi buruzko zenbait datu nahiko nahasiak dira, segitzen zuen Zederrunek, Rue d'Amboiseko saloia da, edo Rue des Moulinsekoa? Edo inongoa ez den halako saloi ideal bat? Egia al da bertan bizi zelarik, bertan margotu zuela? Hauxe baita kondairak, legendak esaten duena. Kritikari gehienak Rue des Moulinseko saloia delakoan daude. Deitu ere, batzuek horrelaxe deitzen diote margoari: Au Salon de la Rue des Moulins. Balirudike ez zela zalantzarik izango. Nik zalantzak baldin baditut, François Gauzik inolako dudarik gabe Rue d'Amboisez hitz egiten duelako da. Gauzik dio, Lautrec koadroa pintatzen ari zela, ikusi zuela atelierrean. Zer da hau? Azaldu egin zion. Eta ez zara beldur? Eta Toulousek erantzun: «Garrantzirik gabekoa da. Ez dut pentsatzen sekula erakusterik; libertigarria zaidalako egiten ari naiz» [23]. Gauziren lekukotasunaren arabera, horra hor margolariak berak lan horretaz zeukan iritzia. Zer iruditzen zaizu, Enekoitz —galdetzen zidan Zederrunek—, sinesgarria al da batere erakusteko asmorik ez zuelakoa, bere bizitzan margotu duen pinturarik handienetakoa izanik?

        Auskalo, pentsatu nuen, artista-jendea hagitz berezia da. Ez nuen ezer esan, baina.

        — Putetxea zer karrikatan zegoelakoa alde batera utzirik, bertan bizi izan zen edota bertara bakarrik bazkaltzera joaten zen alde batera utzirik, aditu gehienek diotena da —eta senak hala behar duela erakusten du— bertan ez zuela margotuko. Inork irudikatzen ahal du neskak lanean ibiliko zirela, eta bezeroak neskaren hautaketan, hantxe bertan eszena hilezkor bihurtzen ari zen margolari baten aurrean? Nahikoa zentzuzkoa dirudi ezetz esatea, ezta?

        Horretan arrazoia eman behar nion nire solaskideari. Konparazione, Imanol ibiliko al litzateke zortziko kantari, El Loro Verde hartan ibili zen bezala, bideo batean azalduko litzatekeela jakingo balu? Zaragozakoa naizela esango al nuke nik? Ezetz ba, bistan da puta kontuak-eta bere diskrezioa behar duela, arrazoi asko dela medio. Hainbat jenderi egin zaizkion txantaje kasuak gogorarazi behar al ditut?

        — Beraz, ez da oso sinesgarria bertan margotu zuelakoa. Konforme gaude? —galdetu zidan Zederrunek, eta nik baietz esan behar izan nion—. Margoaren tamainak eta horrek eskatuko lukeen azpiegitura kontuan hartu gabe. Litekeena da, ostera, bertatik bertara hartutako bozetoez baliatzea (eta zer esanik ez, bere irudi-oroimen harrigarriaz) gero koadroa osatzeko. Bestalde, etxeko pentsionista batzuk bere estudiora posatzera eraman zituela dokumentatuta dago (Gauzik eta bestek). Haien artean, Mireille. Henrik bioleta sorta bat erakusten dio Gauzi adiskideari. «Mireillek ekarri dit. Hunkitu egin nau. Ez nago ohituta halako opariekin, eta ez nuen susmatzen halako neska batek hain sentimendu delikatuak edukiko zituenik». Ikusten? Hemen azaltzen da berriz Lautrec eta prostituten arteko afektozko nolabaiteko loturaren aztarna.

        Baietz, nik. Lautrecek suerte handiagoa izaki, nik baino. Niri kontrakoa bai, baina puta batek ezer oparitzea sekula ez zait gertatu.

        — Olioz eginiko azken bertsioaz aparte, koadroa pastelez ere pintatu zuen. Eta aurrez azterketa eta bozeto mordoa egin zuen. Inork ez luke hainbeste lan hartuko bakarrik pour s'amuser, libertitzeagatik, alegia. Ez, Toulouse-Lautrecek jakin behar zuen bere bizitzako obrarik garrantzizkoenetakoa egiten ari zela.

        Berriro konforme behar nuen berritsu harekin, eta nardatzen hasia nintzen; izan ere, ez nago inorekin hain konforme egoten ohituta. Utzi nion, haatik, azalpenarekin segi zezan.

        — Honetaz denaz bezainbatean bada datu bat agian argibideren bat eman dezakeena koadroaz, gai honetaz eta, orokorrean, Toulouse-Lautrecen jarreraz; William-Adolphe Bouguereau izeneko pintoreak (pintore akademiazalea, inolaz ere) 1879 urtean Venus eta maitasuna egin zuen, uste dut horretaz ere zerbait komentatu dizudala. Margo hartako Venus, oraindik ere, eredu mitikoa da, ez da egiazko emakumea, molde akademikoari jarraitzen zaio itsuan. Venus hori biluzik da eta azkona darama sorbalda gainean. Alta, bada, baita ere, 1894ko argazki bat, non ikusten baita Toulouse Au Salon koadroaren aurrean, eskuak poltsikoan, beste aldean margo horretarako posatu zuen nesketako bat dagoela, biluzik hau ere, eta azkona makila bailitzan erabiltzen duena. Argazkia Sescauk edo Guibertek (biak pintorearen lagunak) aterata omen da. Thomsonek dio oso litekeena dela argazkia montajea izatea, uler bedi aurrez artoski prestatua, Lautrecek hasieratik pentsatu bezala eginarazia. Argazkiaren asmoa guztiz ironikoa litzateke. Arte klasikotik eguneroko bizitza egiazkora doan tartea behintzat ederki asko ilustratuko luke. Lautrecek Venus Bouguereauren koadrotik jaitsiarazi du, eta errealitate gordinaren aurrean para; zer Venus, zer iruditzen zain benetan nola gabiltzan, edo horrelako zerbait galdetuko bailion. Zer iruditzen zain nola dabilen mendea, pintura, akademizismoa, amodioa, Kupido —il est des jours où Cupidon s'en fout [24]—, ni neu, zu zeu? Uste dut zerbait adierazi nahi zaigula modu bitxi honetaz. Eta begira, hurrengoan Henri triste ageri da Gauzi adiskidearen aurrean; Mireille Ameriketara doa, neska-tratanteek engainatuta: «Konbentzitu dute han fortuna eta boiardo bat aurkituko dituela». Henri saiatu da neskari ikusarazten gauzak ez direla horrelakoak, hondamendira doala. Alferrik. «Txarrena da izorraturik dagoela. Gisa honetan doanetatik bakar bat ere ez da itzultzen (...). Lurpean sartzen dituzte, ondoren gurutze bat jartzen dute lurperatu duten tokian».

        Zenbait egunetan Kupido futitzen da. To. Ez dago gaizki ateraldia, esan nuen nire kautan. Gehientsuenetan. Inor ezin daiteke gehiegi Kupidoz fida. Kupido ahula da. Laguntza behar izaten du. Eta burlatia da. Kupidok beti egiten zion kuku Lautreci. «Maitasunik ez dago, Yvette gaixoa. Badagoena bihotza da. Baina bihotzak ez du zerikusirik maitasunarekin» [25]. Kupido mendekuzalea da. Zer egin dizugu, Kupido, Henrik eta biok, eta beste askok, zu gurekin horren anker izateko? Gure sentimenduak garbitasuna falta al du? Hori al da? Ez gara izan behar genukeen bezain aratz? Baudelairerentzat, amodioa inozentzia betirako galtzea da. Baina bekaturik gaitzena egiten ibiltzearen kontzientzia bera da plazerrik gorenena. Barka gaitzazu, Kupido.

        — Hala ere Kupido futitzen da. «Au Salon Cézannek margoturiko sagar berdezko platera bezain aratza da» [26], aldarrikatzen du Mac Orlanek. Kupido, erruki zaitez —bukatu zuen, antzerkigile—.

        Hainbeste denbora berari eta berak esandakoari arrazoia emanez ibili eta gero, aitzakia aurkitu nuen. Aizak, Zederrun, zer duk Kupidoren historia triste hori? Uztak Kupido alde batera, hi hire ordenadoreetara, horretarako pagatzen diagu. Zer dakik hik Kupidoz. Hik ez duk bihotzik. Edo hasi behar al diagu orain maitemin-plantak egiten? Zer, maitemindu haiz, edo zer?

        Zederrunek zirkinik ere egin gabe eutsi zion nire errietatxoari. Baina, ba al dut eskubiderik nik neronek Kupidoz gogoratzeko, eskubiderik bere izena aipatzeko? Are, komeni al zait Kupidoz oroitzea? Ni bezalako batek, Kupidoz eta horrelakoez gogoeta egiten duenean, begiak ixten ditu. Eta horixe da justu behar ez dudana. Hortaz, gogoeta uxatzeko zera galdetu nion neure solaskideari, zenbat balio lezake Au Salonek?

        Horrelako batek ez duela preziorik jakingo ez banu bezala.

        Egiazko maitasuna bezainbeste, erantzun zidan Zederrunek, nonbait nire arestiko purrustadak nik uste baino gehiago mindurik. Bestea ez, bestea saldu-erosi egiten da.

        Eta egiazkoa?

        Kupido, ez zaitez futitu.

 

        [22] Kritikari guztiak ez datoz bat Au Salon datatzeko garaian.

        [23] François Gauzi, aipatu liburua.«Ça n'a aucune importance. Je n'ai pas l'intention de jamais sortir ce tableau; je le fais parce qu'il m'amuse».

        [24] Georges Brassensen kanta batetik.

        [25] L'Art vivant, 1931ko apirila. Pierre Lazareffek Yvette Guilberti eginiko elkarrizketa.

        [26] Hona aipu zehatza: «Au Salon, qui date de 1894, est une oeuvre aussi pure, aussi indiscutable qu'un plat de pommes verts peint par Cézanne». Pierre McOrlan: Lautrec le peintre. Libraire Floury, Paris, 1934.