Camembert helburu
Camembert helburu
1998, saiakera - nobela
292 orrialde
84-86766-87-7
azala: Xabi Alonso
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1995, nobela
 

 

Margoak

 

— Zein izan da mende luze batean camembert gaztak egiteko prozedurak ezagutu dituen aldaketak? Zer diferentzia fisiko eragin lezake prozeduren aldaketa horrek? Hori ere ikertu dut, hori ere hartu dut aintzat, eta esan dezaket aldaketak uste baino txikiagoak izan direla, eta batez ere ez diotela itxura fisikoari horrenbeste eragiten. Esan zitekeen, prozeduren erosotasuna eta gaztagileen lana errazte aldera egin diren aldaketa, esan dezagun, teknikoak, alde batera utzirik, ia-ia aldaketa funtsezko bakarra kontserbazioan eman dela. Gaur egungo hozkailu, kamara hotz eta abarrekin, gaztaren zahartzea hagitz aiseago kontrola daiteke. Hau da, mikroorganismoek eragiten duten usteltze-prozesua tenperatura, argia, hezetasuna eta horrelako aldaeren arabera kontrola daiteke zehazkiago; egungo gaztagileak, baita kontsumitzaileak ere, erabaki dezake zer nolako camemberta jan nahi duen. Pentsatzekoa da orain ehun eta gehiago urtekoak, gaztak gordetzeko toki hotz, lehor eta ilun samarrak bilaturik ere, baldintza klimatologikoen eta denbora joanaren mendeago egongo liratekeela. Pentsatzekoa da, gure camembert zehatz eta jakinaren itxurari dagokionez, gaur egun fait à coeur deitzen denaren alderago izango zela jeune deitzen den aldera baino. Egun, jeune agortze-data baino hogeita hamabost egun lehenagokoari deitzen zaio. Hogeita hamabost-hogei egun lehenagokoari mi-affiné, eta agortze-data iristeko hogei egun baino gutxiago falta duenari, fait à coeur. Zenbat eta zaharrago, kanpoaldea horixkago edukiko du, eta zimurtuago. Barrualdea lehorrago eta ilunago. Edo, alderantziz esanda, zenbat eta gazta gazteago, orduan eta kanpoalde zuriago eta barrualde beteago, krematsuago edukiko du. Hortaz, atezainak Lautreci ekarri zion camembert hura fait à coeur izango zen, usteltzetik, esan dezagun, gertu. Eta gainera, ez bakarrik gordetzeko baldintzak duda-mudazkoak zirelako; uste izatekoa da atezainak frankotan eramango zizkiola camembert gaztak, eta ezagutuko zituela Lautrecen gustuak. Dudarik gabe, gazta ongi lehortua eramango zion, gauza jakina baita Lautrec gourmand handia zela, eta gauza jakina baita, halaber, mokofinek nahiago izaten dutela gazta ongi egina, haurrek freskoa nahiago izaten duten bitartean. Lautrecek gai fuerteez gozatuko zuen ahoa, bestela esanda. Azken ondorioa: gaur egungo camembert arrunta hartuko dugu eredu, baino nahikoa zahartuta. Xehetasun handiagoekin azaltzen ahalko nizuke kontua, baina zuri, egia esan, ez zaizu askorik inporta. Kontatu dizut hau guztia ikus dezazun, besterik gabe, zer seriotasunez eraman dugun afera, zer puntutaraino mimatu ditugun detaileak, baita txikienak ere.

        Yves arduratzen zen bileraz, bera zen, hala esaterik bada, bilera haren haria eramaten zuena. Ordura arte sekula ikusi ez nuen Thierry horri begia gainean jarri nion unetik hartu nion halako herra esplikazina, halako erabateko arbuioa; sentimendua norabide bikoitzekoa zela konturatu nintzen. Elkarren atzealdeak usaindu eta gero elkarri hortzak erakusten dabiltzan bi zakur bezala aritu ginen, hasieratik. Nekez da esplikatzen, baina batzuetan gertatzen da. Tipo zaildua zirudien, metalikoa, eta nik sekula entzuniko Parisko azenturik konprenigaitzena, jergarik kriptikoena ibiltzen zuen, ni inkomodatzeko beste helbururik gabe. Konturatu nintzen Margot ileapaindegitik pasatu zela berriz, Albira iritsitakoan zeukan tindadura beltza garbitu zuen, eta ilea lehen bezala zeukan berriro. Toulouseko moda eta Pariskoak diferenteak ziren, nonbait.

        — Markoen aferak ez du arazorik sortzen; badauzkagu, aukeran eduki ere, garaikoak. Izan ere, 1890-1900 urteetako hainbat pintura baliorik gabekori kentzea erraza da, hori ez da problema. Oihalekin zorte handia eduki dugu; beti zegoen koadro kaxkar horien berorien oihalak kendu eta garbitzea, edo marouflage bat egitea [55], baina ez da oso prozedura garbia —arrastoak uzten ditu eta—, eta ez da erosoa. Gabiltzan kontuarekin gabiltzala, halako zakarkeriarik ez zaigu komeni. Alabaina, handik eta hemendik mugituz, han eta hemen galdetuz mauka bat aurkitu nuen: Villeneuve-sur-Loire izeneko herrixkako sakristia. Historia zaharra da; dirudienez, orain mende bat ibili zen erretorea pinturazalea zen, ama birjinak bere aingeruen konpartsarekin egin zale, eta, gainera, pinturazaletasuna herriko zenbaiti ez ezik ondorengoei ere iraganarazi zien. Xehetasunak munta handirik gabeak dira, haatik. Kontua da herri hartan, sakristia hartan, tamaina eta kalitate guztietako oihal erabili gabeak badirela. Erosi egin ditut, margolaritzan erabilitako materialen kalitateaz ikuspegi historikoa emango duen erakusketa bat prestatzekotan nagoela aitzakiarekin.

        Ulertzen nionaren arabera, horixe zen Thierryk esaten zuena.

        — Denborak ematen duen zikina lortzeko ohiko prozedura erabiliko dugu: erregaliz-zukua, bertan disolbatutako errautsa eta betun beltza. Oihalaren gainera bota eta esku-ahurraz igurtziko dugu. Modu honetan zuku hori enpastean sartzen da, sakonki. Eulien kakak sepiaz eta tinta txinarraz tindatutako gomaz lortuko ditugu, goma tindatu hori uretan disolbatu ondoren: brotxa bat kargatzen da isuri honekin eta brotxaren gainetik eskua pasatuz eulien kakak bezalako tantoak erortzen dira. Oihalaren zati batzuk lizundu egingo ditugu, zatiok oihal busti batekin igurtziz eta gero giro epel eta hezean utziz. Barniza barra-barra erabiliko dugu, batez ere ahulenen edo okerren gelditu diren detaileak mozorrotzeko. Margoa, zahartzen denean, zikindu, horitu, arrakalatu eta arraildu egiten denez, koadroa labetik pasako dugu; badaukat, honezkero, okindegi bat begiz jota. Okina nire ezaguna da eta labea utziko digu galderarik egin gabe. Labetik pasatzeak abantaila bikoitza du, margoa arraildu egiten da, eta gainera, lehortu [56].

        Noiz Thierry, noiz Yves, bata zein bestea arduratzen da ordura arte eginiko lanen azalpena emateaz. Teknikoagoak diren gaietan Thierry da nagusi. Yvesek bestearen azalpenak, askotan lehorrak eta konprenigaitzak, biribiltzeko hartzen du hitza.

        — Izenpeaz mintza gaitezen. Oraindik ez dugu erabaki izenpetuko dugun edo ez, eta izenpetzekotan, nola; une egokia iristen denean hartuko dugu egokien iruditzen zaigun erabakia. Esan gabe doa Lautrecek 1885etik 1887ra egin zuen produkzio guztia arreta mikroskopikoz aztertu dudala; baita Lautrec bera bezain anitza eta teknikoa den margolari batek badu, garai jakin batean, nekez ezkuta ditzakeen ezaugarri batzuk, trazaduraren luzerari, pintzela ibiltzeko moduari, obra bukatzeko erari eta horrelako beste hainbati dagozkionak; pintore batentzat nekeza da eskuan duen giharra, arnasa eta trebezia ezkutatzea, baita bere nortasuna ezkutatzeko saioa egiten ari denean ere. 1885eko Lautrec-margolaria ez zen 1896koa: aro horretako ezaugarri tekniko intimoenak aztertzen saiatu naiz. Azterketa hau biribiltzeko, bi-hiru urte horietan erabiliriko motiboak errepasatu eta sailkatu ditut, arinkeriatan dabilenari oharkabean pasatzen ahal zaion ezaugarri komun edo bateratzaile baten xerka. Ez hori bakarrik. Beste hainbat margolari ezagunen urte horietako natura hilak ere errepasatu ditut arreta handiz, batez ere Degas eta Van Goghenak. Lautrecek Degas miresten zuela ez da inolako sekretua, Van Gogh errespetatzen zuela inolako sekretua ez den bezala. Oso litekeena da bere maisuen natura hil horiek aintzat hartuak izana, inkontzienteki bazen ere, gaztaren konposizioari ekin aurretik. Hitz batez esan dezadan: bide onetik goaz, eta ia dena prest dago.

        Zuk zerorrek margotuko al duzu gazta, atera zitzaidan, Thierryri begira. Nork egingo du, bestela? Partarrieuk? Eta zer dago merkaturatzeaz? Faltsifikazio egoki bat pintatzea ez da nahikoa, ongi saltzeko modua aurkitu behar izaten da.

        Thierry gorritu egin zen, eta jarrera oldakorra hartu zuen, ukabilak itxiz; hura ikusirik ni ere oilartu nintzen. Yvesek jarri zuen bakea, arin demonio, gu bion artean sartuz.

        — Ez da komeni, eta ez da beharrezkoa margoa nork egingo duen zuk jakitea. Merkaturatzearen kontuaz neu arduratuko naiz, —zioen Yvesek—. Koadroa Bordele inguruko herrixka bateko ferme zahar eta galdu batean aurkituko du baserri hori herentziaz jaso duen Parisko gizaseme batek. Herria, baserria eta gizasemea badaude, egiazkoak dira eta guztiz errespetagarriak. Gizaseme horrek ez du orain arte ondasun berri hori gehiegi bisitatu; ez du herri-giroa maite, baserria erortzear dago; han ez dago bere bizimodu hiritartu-lasaia aldatzera erakar lezakeen ezer; alabaina, halako batean pentsatu du ideia ona izan zitekeela etxea poliki-poliki berritzen joatea. Lehenengo berritze-lana, noski, bertan, sabaian pilatuta dauden gauza guztiak botatzea izan da. Hara non, espero ez zituen bitxikeria batzuk aurkitu ditu, eta gorde nahi izan ditu. Tartean gazta-puskaren koadroa. Bitxia iruditu zaio, baina ez du uste izan balore handikoa izan zitekeenik. Badaezpada ere, Parisko kritikari aditu bati, hau da, niri, ekarri dit. Nik hasieran ez diot inportantziarik eman, baina, halako batean, nire senak agindu dit koadro horrek zerbait bazuela. Hasi naiz koadroa serio hartzen, eta azkenik iruditu zait oso litekeena zela Lautrecek egindako gazta izatea, atelierraz aldatu zenean, Joyantek berak gogorarazten duenez, atelier zaharrean, ahazturik, bestela bezala utzi zuen horietako bat. Hortik aurrera hasiko naiz prentsa eta aditu-jendea mugitzen. Txarrenean ere, inor ez da bat-batean faltsifikazioa dela esaten hasiko, bi arrazoirengatik: nire prestijioaren aurka ez direlako horren erraz ausartuko, baga, eta aurrean edukiko duten koadroak gutxien-gutxienez dudak, zalantza larriak eragiteko bezain faltsifikazio ona izango delako, biga. Badaezpada ere, Bordele inguruko fermier berriari iraganean Montmartren errekaituak eta txatarrak biltzen ibili zen halako arbaso konprobaezina asmatu diogu. Prentsan hots handiak ateratzea eta sinpatia piztea lortzen badugu, egina dago. Mèric ere bigundu egingo dugu, ez al da hala, Margot? Ea faltsifikazioa dela salatzera ausartzen den. Bere aldeko epaia, edo behintzat bere isiltasuna lortzen badugu, ongi salduko dugulakoa seguru-segurua da. Zer iruditzen zaizu simulakroa?

        Beste bat hamaika simulakroren artean, pentsatu dut. Baina egia da egiarik biribilen eta sakratuenak simulakrorik lortuenak direla. Izan ere, ikuspegi berezi bat harturik, zer ez da simulakroa? Ongi atera daitekeela uste dut, esan diot Yvesi erantzun moduan, eta Margotek nola bigunduko duen Mèric galdetu nahi izan gabe. Baina bada arazo txiki bat, esan du orduan Yvesek, niri begira. Thierry mintzatu da berriz ere.

        — Margoak. Olioak. Pigmentuak, linazi-olioak, lehortzaileak. Ezin erabiliko ditugu bihar denda batean erositakoak, zakarregi litzateke. Edonork atzemango luke iruzurra, berehala atzeman ere. Eta guk lortu behar duguna zera da, Louvreko zatiki-azeleradorearen froga ere gaindituko duen faltsifikazioa, kinka horretan jartzen badute. Buelta batzuk eman dizkiot gaiari, eta ez dut konponbide itxurazkorik aurkitu. Egokiena margoak geuk egitea litzateke. Geuk egitea baina material antzinakoak erabiliz, hau da, 1900 urte inguruko pigmentuak, linazia eta lehortzaileak erabiliz. Alabaina, nola lortu hau guztia?

        Konponbidea bilatu nahian eman dituen bueltak zein izan diren azaldu digu. Funtsean, hau da, eman dituen xehetasun teknikoak aipatu gabe ni ez bainaiz espezialista, eta esan dudanaren erdia baizik ez baitut ulertu gauza da pigmentuak ateratzeko metodoak aldatu direla, erabiltzen diren lehortzaileak ere aldatu direla berunezko lehortzaileak, egun, debekatuta omen daude, linazi-olioen antzinatasuna, azterketa batean, nabari litekeena omen dela, eta, batez ere, aldaketa tekniko hauek aintzat hartu gabe, gaur egungo moduan egitera koloreak nahiko diferente aterako lirateke, aditu baten susmoa pizteko moduan bederen.

        Zer dago Père Tanguyz? —jakin nahi izan du Yvesek—. Dakidanaren arabera, Père Tanguy margo-saltzailea zen; bere dendan erosten zituzten koloreak, Lautrecek ez ezik, beste margolari askok ere. Akademiak abandonaturiko margolari horiei ere uzten omen zien denda beren lanak eskegi zitzaten. Tanguy ez zen fabrikantea, saltzailea baizik, esan du Thierryk. Beraz, alde horretatik, segurua da Tanguyk garaiko fabrikanteekin lan egingo zuela: Ranson, George Benda & Frère, Delestre & Petit, Richter, Bruno Lampel... Arkeologia hutsa. Bakar bat ere ez da gelditzen. Ezaguna da, era berean, eta neurri handian eskuragarria, bibliografia: Encyclopedie-Roret, Fabricant de Couleurs, Paris, 1884, Les Origines de la peinture a l'huile, Paris, 1904, Coffignieren Nouveau Manuel du Fabricant de Couleurs, Paris, 1900, Halphenen Couleurs et vernis, Paris, 1894... Horietan formulak, prozedurak, bitxikeria guztiak ongi deskribaturik daude. Alferrik da, baina: lehengaia da problema, ez bibliografia.

        Non aurki genezake lehengaia, Enekoitz, galdetu du Margotek.

        Alajaina. Iritsi gara tunelaren bukaerara. Beraz, hori al zen?

 

        [55] Teknika hau honetan datza: antzinako koadro baten kopia berria hartu eta oihal zahar baten gainean itsatsi, antzinatasun-itxura emateko. Horretarako erabiltzen den kolatik (maroufle) datorkio izena. Ikus Ch. Moreau-Vauthier: Historia y Técnica de la pintura. Hachette, Buenos Aires, 1955.

        [56] Ikus faltsifikatzaileen prozedura hauek, eta beste batzuk, Ch. Moreau-Vauthierren aipatu liburuan.