Camembert helburu
Camembert helburu
1998, saiakera - nobela
292 orrialde
84-86766-87-7
azala: Xabi Alonso
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1995, nobela
 

 

Dreyfus

 

Kasualidade hutsa izan bazen ere, hau da, hartu nuen papera uneko zirkunstantziek hartaratua hartu banuen ere, irakasle euskaldun txoratu eta sutsuaren planta egoki etorri zitzaidan Mme Cartailhacekin. Elkarrekin izan genituen bizpahiru solasaldietan konbentzitu zen idealista astaputz eta mozoloa nintzela, oso erradikala hitzez baina inori —eta batez ere bere industriari— kalterik egiteko gauza ez. Nik neuk ere saio handiak egin nituen inpresio hori areagotzeko, itxurarengatik hasita; bizarra nahikoa hazita neukan, ilea ere bai. Bata zein bestea orraztu gabe eramaten nituen museora, nahasirik, lorategi zaindugabeak bailiran. Paperari gustua hartzen hasi nintzaion, baita bestela sekula egingo ez nituen gauzak egiten hasi ere: esatera, mukiak kentzen nituen mukizapi ximurtu batez, ozen eta zuzendari-andrearen aurpegitik zentimetro gutxitara, eta handik minutu pare batera mukizapi horrekin berberarekin garbitzen nituen graduatu gabeko betaurreko biribilen kristalak. Kristalak beti ahalik eta zikinen eramaten saiatzen nintzen, horrek aukera anitzak ematen baitzituen. Adibidez, alkandoraren —hau ere ximurtua eta hiru egunetan aldatu gabea— azpiak ateratzen nituen praketatik, inolako lotsarik gabe, eta puntarekin —bakailaoarekin— garbitzen nituen. Dutxatu egiten nintzen bi egunetan behin-edo, baina xaboirik gabe, ur hotzez bakarrik, eta ez nuen inolako kolonia edo usaingarririk erabiltzen. Cartailhac andreak, hasieran, halako nazka-itxura batzuk egin zituen, baina azkenik sinetsi zuen horrelakoa nintzela. Astapotroa, despistatua, grinatsua, zakarra, zikina. Ni gero eta gehiago gozatzen nintzen, hiru metroko sabaia zeukan bere bulego moketatura sartzen nintzenean, belarri zuloan sartutako hatzari eragin eta eragin, gero azkazalean gelditzen zitzaizkidan zikinak praka gainean konturatu gabe bezala garbituz. Orduan metro bateko bizkarra zeukan jesarleku dotorea eskaintzen zidan, higuinaz, eta nik zamarra bertan uzten nuen, hautsa ateratzeraino inarrosiz eta nire izerdi-usaina bulego zabalean barreiatuz. Kikildu izan banintz Sabako erregina zela uste zuen marisarjentu haren moldeen aurrean, nireak egingo zukeen. Baina nire papera areagotzen nuen heinean, dela basati zintzoak gizabanako kultuarengan zuzpertzen duen sinpatiaren kausaz, dela bizitzak ohi duen plegu esplikagaitz horietako baten kausaz, Cartailhac andrearen baitan hobetu egiten zen nitaz zuen iritzia. Hirugarren saiorako, ez zitzaiokeen inolaz ere burutik pasako antzerkia egiten ari nintzenik; aitzitik, bere errespetua irabazirik nuen, hainbeste non egiten ari zen ikerketa batean berarekin kolaboratuko ote nuen intsinuatu baitzidan. Nire aldetik, ordura arte jakin gabe nire barruan neraman arte-irakasle zatar, jakintsu eta despistatuari jartzen nion muga bakarra higienearen aldetik zetorren; hau da, nik neronek nire usaina jasan ezin nuenean gelditu egiten nituen nire pertsonaiaren ezaugarri bitxi horiek, nire onera itzultzeko. Oztopo bakarra Margot izaten zen; Margotek Toulousetik segitzen zituen nire ibilerak, astean behin edo bitan nirekin elkartuz informazioa jaso eta Yvesi zein Thierryri pasatzeko, eta horietako batean sudurra zimurtu zuen, bizarra hazten ari zaizu herabea baizik esatera ausartu ez bazen ere.

        Arrakastaren gakoa larru lodia izatean zetzala sinetsirik, alde batera utzi ditut Margoten ideiak —ideia-txikle horiek—, Cartailhac andreak bere liburuan esaten dituen guztiak, eta bide propiotik jotzea erabaki dut; eta hala, Mme Cartailhacen andrearen aurrean eseri nintzen horietako batean, Lautrecen engaiamendu politikoari buruzko teoria ofiziala amiltzera prestatu nintzen, Lautrec, orain arte inor konturatu ez bada ere, iraultzailea izan zela, anarkista izan zela esaten hasi nintzen, pasioaz, boz handitan, mukiak ozenki kenduz eta gero mukizapia izerdiz malkotutako kopetatik pasatuz. Banekien nire asmoa guztiz zoroa zela, flotazio-marraren aurkako torpedoa zela; izan ere, Albiko margolariaren oroimenaren albazeek arta handia eduki dute kontrakoa demostratzen eta batere zalantzarik gabe ezartzen. Hau da, Lautrec beti ibili zela ezein engaiamendu politiko-soziali itzuri. Orduan Mme Cartailhacek, nire argudioak entzun, irri egin eta gutun hau erakutsi zidan, zein okertuta nengoen demostratzeko edo:

                        Paris, 17 novembre 1897

                        à L'Aurore

                        142, rue Montmartre

                        Paris

        Monsieur,

        Je ne puis faire de dessin aussi vite et d'ailleurs jamais je n'ai fait d'actualité. Ça n'est pas mon genre. Si vous avez besoin de moi pour autre chose (en ce qui concerne mon métier) écrivez-m'en.

                        A votre disposition.

                        Bien vôtre

                        H. de Toulouse Lautrec [32].

        Horrelakoxea ohi da Lautrec kartaz. Zuzena, praktikoa eta inguru-minguru gutxikoa. Goiko hau A. Berthier, L'Aurore egunkariaren erredakzio-idazkariari eginiko arrapostua da. Berthierrek Dreyfus aferari buruzko marrazkirik eskatu zion. L'Aurore agertu berriak berehala hartu zuen parte Dreyfusen alde.

        1896an Alemaniako enbaxadan lan egiten zuen espioi frantziar batek eskuz idatziriko gutuna aurkitu zen, Frantziako kanoien teknologiari buruzko datuak ematen zituena. Kontua ez zen hil edo bizikoa, seguritate militarraren aldetik, baina bai larria, Frantziako Armadako Goi Zuzendaritzan alemaniarren aldeko salataria bazegoela adierazten zuen ber. Agintari militarrek zeken eta elkarri bizkarra babestu aldera jokatu zuten. Frantsesez esaten den bezala, «le bouc emissaire» bilatu zuten, suge erruduna, hobena nori erantsi. Dreyfus kapitaina izan zen inork jokatu nahi ohi ez duen papera egin behar izan zuena. Dreyfus judutarra zen. Antisemitismoa bazebilen airean. Frantziako biztanleen parte baten jokabide arrazistak ez izaki atzo goizekoak.

        Dreyfus kapitainak hasieratik aldarrikatu zuen bere errugabetasuna, harro eta duin aldarrikatu ere. Alferrik. Gradua kendu, publikoki umiliatu —armadako sarjentu batek sablea zorrotik kendu eta tropa aurrean bitan zatiturik—, Armadatik bota eta L'île du Diable-ra konfinatu zuten. Dreyfus errugabea zen, alabaina. Salataria beste bat zen. Errugabetasunaren aldeko frogak biltzen ahalegindu zen hainbat lagun. Frantziako iritzi publikoa bitan zatiturik gelditu zen, zauri sakona ireki zelarik, egungo Frantziak gogoan baduena, oraino. 1898ko urtarrilean Emile Zolak argitaratu zuen L'Aurore horretan bere J'accuse famatua. Ordurako Dreyfusek bazeramatzan ia bi urte irla hartan usteltzen. Datei erreparatzea merezi du: Zolaren erreakzioa bi urteko atzerapenarekin etorri zen, eta Cartailhac andreak erakutsi karta baino hiru hilabete geroago. Akusazioaren ondoren Zola atzerriratu egin zen. Jean Jaurések, Frantziako sozialisten aitak —eta Toulousekoa jaiotzez, horra kointzidentzia— lortu zuen alderdi sozialistaren hasierako jarrera —hasmentan Armadaren kontuak zirelakoan eta langileekin zerikusirik ez zutelakoan ezer egin nahi izan ez zuena— aldatzea, eta ez ahaleginik gabe. Aitzitik, Jaurések sozialistengan eragin zuen jarrera-aldaketa zedarria da Frantziako sozialismo historikoaren baitan.

        Azkenik Dreyfusen errugabetasuna, gorabehera handien ondoren eta hainbat epetan, frogatu egin zen. Baina une latzak izan ziren. Hain latzak non, hainbatek oraindik aurkitu nahi izaten du harremanen bat Zolaren heriotza bitxiaren eta Dreyfusen aferaren artean.

        Toulouse-Lautrec, bere aldetik, 1897an, alkoholismoaren amildegietatik behera abiatzen zen bizi-bizi. Urte hartako uztailean krisi gogor bat eduki zuen Natanson lagunaren etxean bolada bat pasatzen ari zela. Hiru urteko bizia baino ez zitzaion gelditzen. Lanean segitzen zuen —hil zen arte lan egin zuen; izan ere, lanerako gaitasun hori da Lautrecen biografian behar beste baloratzen ez den ezaugarrietako bat—, baina boladak bazituen. Aristide Bruantek Montmartreko giroa ezagutarazi zionetik Natansonekin La Revue Blancheko giro intelektual ezkertiarraren altzora etorri zen arte, jaiotzen ari zen aurrerazaletasun-abangoardiarekin nahasturiko arisktokrazia dekadente baten azken ondorengoa izan zen. Oscar Wilderen aldeko agertu bazen, nola ez zen Dreyfusen aldekoa izan?

        Nago puntu honetan kritikariek ez diotela justiziarik egiten, oihu egin nuen Albiko Museoko zuzendariaren aurrean, oina zapatatik nabarmen ateraz, eta azalduko dut zergatik: azken urte horietako —1897-1900 epearen artekoak, esan nahi dut— margoen balorazioan denak guztiz bat ez datozen arren, inpresio orokorra da margo horiek gutxiestearen aldeko joera badagoela. Hartu errukiorrenen juzkatzen duenetako bat, Richard Thomson, adibidez eta «azken margoak bere pinturari bultzada bat emateko ahalegin kontzientea» [33] izan zirela aitortzen duela ikusiko dugu, ahalegina beti ere garaiko testuinguru piktorikoan kokatzen saiatzen delarik. Hartu beste aldetik, eta ikusiko dugu Fermigierrek dioela azken etapa honek «ez diola bere gloriari ezer gaineratzen». Anne Roquebertek, bere aldetik [34], alkoholak sortzen dizkion arazoak azpimarratzen ditu, obrak ezin bukaturik zebilela jakinarazten du eta, are, azalpen fisiologikoak ere iradokitzen ditu («alkoholismoak, bere azken fasean, pupilaren uzkurtzea eragiten du, nerbio optikoaren funtzioak murrizten ditu eta munduaren gaineko pertzepzioa eta ikuspegia aldarazten ditu»). Orokorrean esanda, dekadentziaren ideia oso nabarmena da. Eskatzen ahal zaio alkoholiko dekadente bati, esne-katiluak hartzeko gonbitak banatzen ari den alkoholiko bati [35], Jaurèsen sozialistei postura aldaketa historikoa eragin zien edota Zolak atzerriratzearekin pagatu zuen jarrera konprometitu eta engaiamendu handikorik izaterik? Beste modu batez esanda; Zola ez ziren gainerako guztiak Dreyfusen aurkakoak ziren, edo indiferenteak ziren? Are, Lautrec Dreyfusen aldekoa izan zitekeelako ideiaren alde badira baita familia-arrazoiak ere; jakina da Lautrec bere aitarekin gaizki moldatzen zela, eta jakina da, beste aldetik, aita Dreyfusen aurkako amorratua zela [36]. Horra hor beste arrazoi, nahi baduzu, freudiano bat; aitaren agintekeriari aurre egin beharra.

        Baina 1897 eta hortik aurrerako margoak juzkatzerakoan oztopo nagusi bezala agertzen den arazo pertsonala —alkoholismoa— ez da aipatu ere egiten Dreyfusen kasuan partidu hartu ez izanaz mintzatzen denean. L'Aurorekoen enkarguaz hauxe dio Thomsonek: «Badirudi bere independentzia babestu nahi izan zuela (...). Lautrecek ez zuen inoiz garaiko gizartearekiko aurkakotasunik adierazi». Ez al dugu esan garai hartan ia beti mozkortuta zebilela? Lautrec nolabaiteko iraultzaile erreprimitua ez al da? Bere obrak badu alde batera utzi behar ez den osagarri politiko eta, batez ere, soziala. Iraun asmoz produzitzen den edozein obrak bezala. Eta, alde horretatik, ez genuke atzendu behar sentimendu aristokratikoari eman zion karpetazoa, karpetazo dotorea. Artistikoa eta duina. Ez batere arterik ez duten eta beti kuleroa-galtzontziloa belauna parean duten gaurko sasi-aristokrata hauek bezala. Edo produktu mediatiko izatetik nahiz gerra zikinetatik bizi-mailari eusten dioten azken errege-leinuak bezala, batere arterik gabeak, hauek ere.

        Nire predikuak Madame Cartailhac inpresionatzen ari zirela konturatu nintzen, hainbeste non keinu erabateko bat egin izan banu, bere hirurogei urteko duintasun dotore jakobinista guztia zotinka desegingo baitzitzaiokeen, erran nahi baita, urtu jario debekatuetan. Ez nuen horren ankerra izan nahi, ordea, eta eskuin eskuaz potroak nabarmen igurtzitzearekin konformatu nintzen, mirakuloski hitz bihurturiko nire pasio animaliarekin segitzeko, boz handitan: hala ere, ez dut ukatuko, ni konforme uzten ez nauena da kritikariek, batera zein bestera, hala edo nola, engaiamendu politikoa saihestean datzan zuhurtzia eta alkoholaren eragin txarra baizik kantatzen ez dituztela. Azken urteetako margoak, niri hainbeste gustatzen zaizkidanak, gutxiesteaz aparte. Cartailhac andreak, une hartan, menopausiaren ondoriozko osteroporosiak oro atzentzeko gertu zirudien. Badakit gaur den egunean marxistek egin zituzten arte-azterketek nahikoa fama txarra dutela. Ez daudela modan, esango nuke; egokiagoa iruditzen zait honela formulatuta, zeren, txorakeriak esaten hasiz gero, ez baitziren haiek handienak bota zituztenak. Ni baino are goapoago den kolega batek esaten duenaren arabera [37], Hegelen artearen heriotza esperientzia artistikoa artearen historiatik ezin bereizi izatetik omen dator: esperientzia estetikoa zeharo autonomo eta berez baliagarria den aldetik, hau da, beste inolako justifikaziorik gabe, ezin kontsideratu ahal izatetik. Hori hala bada, zertarako uka, kritikari marxistak izan ziren artearen asasinorik odoltsuenetakoak, guztiari bilatu baitzioten bere koartada sozial eta ekonomikoa. Baina gai hauetan espekulatzen ibiltzeak ezer onik baldin badu, kontrajarriak dauden ideiak onartu, erkatu eta ibili ahal izatea da, inolako lotsarik gabe, eta inori —inori ez baina— erabateko federik eta sinesmenik eman gabe. Gauzak honela, prest nago artearen heriotza ontzat emateko. Eta prest nago, baita ere, kritika marxistak dituen alerik onenak neure egiteko ere. Ale onenen horien artean badaude, nire ustez, Hauserrek inpresionismoari dedikatutako orrialdeetako zenbait [38].

        Adibidez, dioelarik, errealitatea itxura aniztuna dela, inoiz ez dela egonkorra, eta hortaz, errealitatetik jasotzen dugun inpresioa ezagutza eta ilusioa dela, aldi berean. «Inpresionismoa aroko estiloa da, hala pentsamenduan nola artean», horixe dio Hauserrek. Esaldia Marx eta, batez ere, Freud aintzat hartzen dituen pasarte baten bukaeran dago. Horixe da interesgarriena, inpresionismoa garai hartako pentsamenduaren oinarrian dagoelako kontu hori. Unean jasotzen den inpresioa, kolorea, argia, islatu nahi izate horrek ez duela bakarrik artean eragiten, baita pentsamenduan ere. Zeren eta, hala balitz, ez al litzateke posible izango inpresionismoaren eta bere ondorengoen adierazpen politikorik aurkitzea?

        Zuzendari-andreak fenomeno zoologiko bati begiratzen zaion moduan begiratzen zidan. Jada ez zitzaion inporta ezta galtzarbeetatik ateratzen zitzaidan usain nazkagarria ere. Aprobetxatu egin nuen, modu honetan: Frantziako III. Errepublikako historia ez da gorabehera eta asaldura askorik gabea, ez horixe. Anarkismoa indarrez zebilen. Hainbat datuk mugimendua arlo guztietan nahiko zabaldurik egon behar zuela ematen du aditzera. 1890 urtetik aurrera anarkismoa erreprimitzeko lege gogorrak aldarrikatu ziren, eta Montmartre Poliziaren jopuntuan dago. Felix Fénéon —Lautrec eta, orokorrean, haustura-jarrerari eusten ari zitzaizkion margolarien alde azaldu zen kritikari bakarretakoa— detenitu zuen Poliziak, Ministerioko bere bulegoan hainbat detonatzaile aurkitu zirelako. Beste 23 lagunekin batera prozesatu zuten 1894an, anarkistak zirelakoan. Thadée Natanson izan zen bere abokatua, eta errugabetasun epaia lortu zuen. Fénéon Lautrecen laguna zen; adibidez, La Gouloueren barrakarako egin zituen oihal handietan agertzen den pertsonaietako bat da, Oscar Wilde, Maurice Guibert eta beste askorekin batera. Tiroak, beraz, ez zeuden oso urruti. Sagnek ere gogorarazten du Lautrecen inguruko lagun asko —Tristan Bernard, Romain Coolus, Steinlen, Ibels— biziki kezkatuta zeudela anarkista horiek jasan zezaketen patuarekin [39].

        Fénéonen prozesatzearekin bukatu ziren gertaerek hasiera krudela eduki zuten. 1893 urtean Ravachol izeneko anarkista exekutatu zuten. Handik gutxira, 1893ko abenduan, zehatz esateko, Auguste Vaillant izeneko anarkista Parlamentuan sartu da eta bertako harmailetan lortu du osoko bilkura segitzeko tokia. Halako batean Vaillant altxatu da eta Ravacholen ajustiziatzeaz duen iritzia jakinarazi die parlamentariei. «Iritzia» airean eztanda egiten duen lehergailu bat da, barruan iltzeak eta metraila dituena. «Anarkista naiz —esan zuen Vaillantek, atxilotu zutenean—, eta indarrean dagoen gizarte-sistema aldatu nahi dut. Gobernuan biktima gehiago ezin eragin izana baizik ez dut damu». Vaillant gillotinatu zuten 1894ko otsailaren 5ean. Handik aste betera Saint Lazare geltokiko kafetegian bonba batek egin zuen eztanda, hildako bat eta dozena bat zauritu eraginez. Bonba ipini zuena Émile Henry izeneko anarkista gaztea zen. Hau maiatzaren 21ean exekutatu zuten.

        Odolak odolari dei; 1894ko ekainaren 24an Nazioarteko Erakusketa handia egin zen Lyonen. Sadi Carnot, Errepublikako lehendakaria, bertan zen, inaugurazioa zuzentzeko. Mila laguneko bankete baten ostean badoa Carnot bere sabairik gabeko kotxera, bere txisterarekin. Antzerki Nagusira zihoan, galazko funtzioan parte hartzeko. Kotxearen ibilera geldoa ikusten ari den jendetzaren artean gazte bat igo da kotxera, eta paperaren antzeko zerbait jarri dio lehendakariari paparrean, Legion d'Honneuren ondoan. Ez da paper bat, ordea, labana baizik. Carnot odolusten zen minutu gutxiren buruan. Hiltzailea Jeronimo Santo Caserio izeneko okin italiarra zen. Italiarra ere gillotinatu zuten.

        Maneten Inpresioa, egunsentia izeneko koadroak markatzen badu inpresionismoaren hasiera —mugimenduari izena jartzeaz aparte—, Vaillantek Parlamentuan probokaturiko eztanda, unean uneko bizipenen aldetik, bederen, ez zen arte gutxiagokoa izango.

        Anarkistak izan ziren, noski, politikoki mendearen maila estetikoan egoten lortu zuten bakarrak. Eta horregatik maite zituen Lautrecek. Maite bakarrik ez, haietako bat izan zen, estetika bat zeukaten elkarren artean, estetikoki kideak zituen. Horregatik margotu zuen Fénéon, horregatik egiten zizkion Fénéonek kritika onak. Lautrec anarkisten proiektu politikoaren alderdi ludikoa, artistikoa, aurrera eramateko deitua zen.

        Madame Cartailhacek barre egiten zuen, libertiturik, erreserbarik gabe. Zuek, euskaldunak, eroturik zaudete, esan zidan.

 

        [32] Herbert Schimmel, aipatu liburua. «Ezin dut marrazkia horren azkar egin, eta gainera ez dut sekula gaurkotasunezko gairik ukitu. Ez da nire jeneroa. Beste ezertan laguntzen ahal badizut (nire ofizioari buruzkoetan), idatz iezadazu».

        [33] Toulouse-Lautrec. Julio Ollero Editor, 1991.

        [34] Idem.

        [35] Anekdota famatua da, 1897ko maiatzean, lehen krisiak eduki eta gero, alkohola uzteko ahaleginetan ari dela, gonbidapen hau idatzi ziola hainbat laguni, bere etxe berria inauguratzeko: «Henri de Toulouse-Lautrec oso ondratua geldituko da baldin eta maiatzaren 15ean, larunbatean, katilulakada bat esne onartzen badiozu». Nork eta, Jean Sagneri sinestera, «esnea edango dut behiek errapeak beharrean mahatsondoak izango dituzten egunean» esaten zuenak.

        [36] Ikus Thadée Natanson: Antidreyfusard enragé.

        [37] Ikus Félix de Azúa: Diccionario de las artes. Planeta, 1995.

        [38] Arnold Hauser: Historia social de la literatura y del arte. Guadarrama, Madrid, 1980.

        [39] Ikus Jean Sagne: Toulouse-Lautrec. Libraire Arthème Fayard, 1988.