Camembert helburu
Camembert helburu
1998, saiakera - nobela
292 orrialde
84-86766-87-7
azala: Xabi Alonso
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1995, nobela
 

 

Hura gaua, egun hartakoa

 

Ordu erdi luzea itxoin behar izan nion, mintzaldi ondokoak burutu zitzan. Itzuli zelarik, eman zuen hitzaldiarengatik zoriondu nuen, lehendabizi. Indioilarren antzera puztu zen. Garai batean ez ninduten areto honetara ekarriko, doako mintzaldien sailean, noski —esaten zuen—; alabaina, publikoaren artean baziren arte-munduan nor badiren pertsonak, bai horixe, Gica Beliakoven hitza entzun nahi dutenak, oraino, Gica Beliakovek zer esana badaukana badakitenak.

        Bazegoen zerbait barregarri gizonttoak hartzen zuen piura harroxko hartan, eta zerbait hori piura harroxkoak egiten dituen edonorengan nabari daitekeen tasun —edo keria— berbera zen; ez nuen barre egiteko gogorik, baina, gizon adinduari itxura antzaldatzen zion tasun —edo keria— horren betikotasunak beldur apur bat ere ematen baitzuen, banitateak berak, zauriturik, gizon hura, haragi hura aukeratu izan bailuen bere bat-bateko agerpenaren bitarteko.

        — Higuin dut artea erlijioa bezala bizi duen jendea, esan zuen. Gehiengoa, alegia. Ezin dezaket jasan. Horiei, koadro bat eraman eta «nire hamabi urteko haurrak margotu du» esaten badiezu, aurpegira botako dizute; orain, koadro bera Durerorena dela esaten badiezu, irainka egingo dizute zorabiaturik gelditu ez zarelako, sentibera ez zarela eta, aldiz, ezjakina zarela iritziko diote [13]. Edozer merezi dute.

        Dudaren itzal batek isilarazi zuela profitatuz bideoak itzuli nizkion.

        — Ikusi dituzu filmak?

        Ikusiak nituen bai, baina ile urdinduriko Fuentesen berririk ote zuen jakin nahi nuenez, erakusketan egon nintzela kontatzetik hasi nintzen, Kandinsky hura ikusi nuen unetik kontatzen hasi ere. Fuentes deskribatu nion. Meharra, ongi jantzia, planta onekoa, zilarrezko kaskoa, ile urdindua, alegia. Ezagutzen? Ez zidan bukatzen utzi; agian bai, agian ez. Fuentes bezalako asko dabil egunotan Parisen. Zertan ari dira? Irri egin zuen, maltzur. Hori ezin jakin, bakoitzak bere aferak edukiko ditu. Monipodioren beraren aurrean nengoela egin zitzaidan susmoa. Baina hosto bat haizearen eraginez bezala dar-dar egiten zuen eskuaz heldu zidan mahukatik, eta suak harturiko begiez eraso: hitz egidazu Kandinsky hartaz. Gustatu zaizu? Baietz, nik, hala zen eta. Kandinsky hori nirea da. Zorakeria zela sinetsiko nuen ez banio distira sukarti hori ikusten ahal izan. Ona, ezta? Baietz erantzun nuen, beste ezer gehiago esateko kemenik gabe. Ni bezala hungariarra zen beste bat eduki nuen maisu, Marcel Vertès, horra. Vertès izan da nire maisua, Vertès izan da maisuen maisua. Thierry nire ikaslea izan zen, inoiz eduki dudan ikaslerik onena. Baina hondatu egin zen, galdu zuen eskuan zuen dohaina, abusatu zuen alkoholaz, emakumeez eta drogaz, eta, sekula barkatuko ez diodana, nire aurka jarri zen, nik Vertèsen sekretu guztiak irakatsi eta gero. Ulertzen duzu orain zergatik utzi nizun Wellesen pelikula?

        Erdizka baizik ez nuen ulertzen. Ez, ez nuen ezer ulertzen. Wellesek kontatzen zuen hungariarren txisteaz gogoratu nintzen. Tortilla egiteko errezeta, hungariar baten arabera: tortilla bat egiteko, aurrena arrautza lapurtu egin behar da. Garastas hungariarra zen, Vertès hungariarra zen, Beliakov ere bai. Galdera berez atera zitzaidan. Aizu, Thierry ere ez al da, menturaz, hungariarra izango? Kanporatu zuen emozioak alaitasunik gabeko irriaren itxura hartu zuen.

        Wellesek erauzi egiten dizkio artearen ohiko diskurtsuari janzten dituen arropa guztiak, erantzun zidan, edo horrelako zerbait, eta luzitzen dituen galak usurpatuak direla, eta ez bereak, demostratzen du. Gala, luxuzko arropa horiek faltsua deitu ohi denaren gorputzean janzten ditu eta horrekin ikuslea itsutzen du, engainatzen du; hortaz, zer zen distira sortzen zuena, gorputza hala gorputz horien gainean janzten diren arropak? Welles jolasean ari da, ez du gezurrik esaten, are, filmean gezurrik ez esateaz bereziki arduratzen da, baina gu denok ataka horretan jarri gaituenean, konturatzen gara autentikoa-faltsua dikotomian oinarritzen den diskurtsua, bata bestetik bereizten duen marra disolbatu egiten dela, ke bihurtzen dela gure begi harrituen aurrean. Welles zen hungariarra izan behar zuena.

        Berriz ere mahukatik heldu zidan bere esku dardartiaz. Engainatu egingo zaituzte, euskalduna. Zin dagizut. Ez dakit zertan ari zareten, baina engainatu egingo zaituzte; haurra bazina bezala, Fake horren hasieran Wellesek bere trukuen ikusle egiten duen haur hori bazina bezala.

        Zinez deserosoa da erabateko nagusitasunetik mintzatzen zaizun batekin ulertu ahal izatea. Esperientziak erakutsi dit horrelakoetan oso arriskutsua dela listoarena egiten ibiltzea, zuhurragoa dela garbi aitortzea zure maila apalagoa, besteak tontotzat hartuko zaituelakoak beti ere min ematen duen arren. Hortaz, egia al da aseguruaren dirua zerorrek poltsikoratu zenuela?, galdetzeko tentazioari muzin egin eta honela esan nion: egon berri naiz Albin —isildu eta zuzen-zuzen begiratu nion, kontura zedin horrek esan nahi zuela banekiela—, baina ez dakit zer gertatu zen 1982ko urtarrileko gau hartan.

        — Konforme —esan zuen, ulertzen zuelako keinua eginez—. Ez zara kexatuko, e, euskalduna? Partida zuk nahi duzun erara jokatuko dugu. Dakizunez, ni 1982 urtearen hasiera hartan Albiko museoko kontu-hartzailea nintzen. 1982ko urtarrilak 12ko gauean Aux Courses eta beste bost margo lapurtu zituzten bertatik. Agian zehatzago litzateke esatea Aux Courses lapurtu zutela, horixe baitzen eraman nahi zuten margoa, eta ez beste ezein. Adi, orain kontatuko dizudana oso jende gutxik baizik ez dakielako, une hura bizi zuten protagonistek baizik ez dakitelako bere xehetasun guztiekin orduan gertatu zena; gutxi batzuk gehiagok badakite funtsezkoa, xehetasunetan sartu gabe. Hagitz historia bitxia da. Pertsonaia nagusietako batzuk aita jeloskor, alargundu berri eta suminduraz beterikoa, hamazazpi urteko neskatila zoragarria eta oraindik sasoian zegoen gizon heldua dira. Aita eta alabaren arteko harremanak txarrak dira. Maitasun-gorrotozko harremana badute. Neska, ederra ez ezik, bizkorra da; emakume egin da ezari-ezarian, horrelakorik onartu nahi ez duen aitaren sudur azpian. Aita nekazari izandakoa da, instrukzio gutxikoa, odol berokoa, haserrekorra eta fededuna, estua sinesmen moralari dagokionez. Neskak batxilergoa bukatu du, ikasle aplikatua da, badu jakinmina gauzen gainean, badu imajinazioa, kanpora ateratzen bada estudiatzera urrun irits litekeela susmatzen da. Aitak ez du horrelakorik aditu ere nahi. Ez du aukerarik galtzen alabaren hegan egiteko grinari oztopoak jartzeko. Izugarri estu hartzen du alaba, ez dio bakar bat ere barkatzen, ez dio ezta guraso normalek beren adin bereko alabei egiten uzten dizkietenak egiten uzten. Gizona alarguntzen delarik, egoera oraindik okerrago bihurtzen da. Sarri zigortzen du, tarteka eskua gainean jarri ere bai; uler bedi, egurtu. Gure aitak, bere txepelkeriak munduaren aurrean armarik gabe uzten diola ezin eramanez, edan egiten baitu, baita ere, tarteka. Hirugarren gizonak, heldua baino oraindik sasoian dagoen horrek, ikusi egiten du, argi asko, zer gertatzen den. Ulertzen ere du, agian, alabak ez duela benetan aita gorrotatzen, baina ezin jasan dezakeela, horrek guztiak ezin dezakeela fin ona eduki, egoerak hemendik edo handik lehertu egin behar duela. Hirugarren gizon horren buruak eta bihotzak irakin egiten dute. Neskari lagundu nahi dio; zertarako uka, neskak liluratu egiten du, eta bere formak ikuste hutsak sutan jartzen du, amatatzen utziz gero sekula gehiago horrenbeste indarrez piztuko ez den suaz, agian. Gizona ez da Nabokoven Humbert bezalako gaixotasuneraino paidofiloa, eta neska ere ez da Lolita, ordurako oso gazte izanik ere emakumea, emakume osoa baita. Iniziatua izan ez den emakume gaztea. Bien arteko jolas arriskutsu eta isila hasten da. Neskak, jakinminak bultzaturik, probokatu egiten du gizona. Bere probokazioa esperientzia gabearena da, baina ez haurrarena. Ulertzen duzu diferentzia? Gizonak ez du haur aratz, inozo eta errugabetzat hartzen, eta jakin badaki bere pasioa modu bakar batez iraungi daitekeela. Haatik, badaki, baita ere, inork ez diola, zirkunstantzia haietan, ontzat hartuko otso bakarti zaharraren eta neskatilaren arteko harremana. Harremana paidofiliaren mugan legoke. Ondorioa, gizonarentzat, garbi dago: harremanak ezkutukoa behar du. Zita bat eskatzen dio neskari. Neskak hasieran ezetz esaten dio, aitak jakinez gero hil egingo duelakoan. Gizona tematu egiten da. Neskak gizon horrengan ikusten du askatasunera eraman dezakeen aukera bakarra eta amore ematen du. Azkenik plan bat zertzen dute. Aita Albiko Museoko zaindaria da. Neskak laguna duen beste neska bat gonbidatzen du etxera, ikasteko aitzakian, eta gauez, ikastaldia bukatua, paseoan ateratzen dira biak harresi barruko lorategietan barna haizea hartzera. Aitak ezin dezake horrelakorik galarazi. Aita lo dagoela kalkulatzen duenean adiskidea despeditzen du eta gizon helduarekin lorategian elkartu.

        Lupus azkar mintzatzen da, eta baxutik, eskuin ukabila ezker ukabilean bildurik, eta kokotsa bertan bermatua, eta esan liteke inora ez duela begiratzen, eta, halaber, toki guztietara begiratzen duela.

        — Hiru hilabetez ikusten dute elkar, gutxi gorabehera, astean behin edo bitan, baina gizon helduak badaki egoera horrek ezin dezakeela luzaro iraun, eta gainera beste plan batzuk baditu. Plan horien arabera, laster egin beharko du hanka Albitik, baina neskari agindu egiten dio nahikoa diru bidaliko diola aita nazkagarriaren etxea uzteko, Parisera joan eta bertan unibertsitatean ikasi ahal izateko. Babestu egingo duela agintzen dio, hitz batez. Gizonak diotso, halako batean, asteazkenez egin beharko duela alde, presaz eta inori ezer esan gabe, eta asteartez azken bilera egiteko lorategian, besteetan bezala. Gertatzen dena da, ordea, gizon horrek plan bat baduela beste gizon batzuekin, asteazken gauez aurrera eramango den plana. Gertatzen dena da plan hori lotzeko trabatu behar izan diren harietako batzuk, azken momentuan, askatu egiten direla, eta, horren ondorioz, asteazken gauez aurrera eraman beharreko plana astearte gauera aurreratzen dela. Baina, gizon helduak ez dionez inori ere —inori ere ez, baina—, bere lorategiko ibilaldien berririk eman, bere kideek ezin diote abisua pasa, ezin diote plan-aldaketa presazkoa, bat-batekoa, gaztigatu. Telefonoz deitzen diote lehen, gero bere etxera doaz haren bila, gero dituen adiskide gutxiren etxeetara. Gero Albi osoa miatzen dute. Alferrik. Azkenean, nerbiosturik, erabakitzen dute plana, kolpea, asteartez ematea, gizon helduarekin edo gabe. Azken finean, pentsatzen dute, lehenago edo beranduago etxera etorriko da, eta orduan kontatuko diote zer gertatu den, eta hanka egiteko esango diote. Eta, plan-aldaketa premiazko eta larri hori gertatzen ari den bitartean, gizon heldua Albiko Museoko lorategian dago, zaindariaren alabarekin.

        Orain Lupusen aurpegia maskara bat da, inoiz esku ahurretan ezkutatzen dena, hatz puntez begiondoak igurtzitzen dituelarik, kontatzen ari dena gogoratzea oso mingarria gertatuko bailitzaion.

        — Fama da zaindaria zurrungaka aritzen dela aise, zer esanik ez zurrutean ibili denean. Baina gau hartan, 1982ko urtarrilaren 12ko gauean, hain zuzen, susmoren bat badabilkio, edo deabruak iratzartzen du. Behin iratzarririk, zalantzarik ez da, eguraldia aro horretarako epel badakar ere, gaueko ordu biak oso berandu dela bere alaba lorategian ibil dadin iruditzen zaiola; zarata susmagarri batzuk aditzen ditu eta irten egiten da lorategira.

        Nestor orain kasik irri egiten hastekotan dagoela dirudi, eta begietara so egiten dit.

        — Behin lorategian, miazka hasi zelarik, zaindariak berak baizik ez du jakingo zer ikusi zuen aurrenen: bere alabaren ilargi biluziak gau iluna argitzen, sasitik ateratzen denean, presaka gordetzen den amorante frustratua, edota, lasai asko, Museoko ate nagusitik —museoko ate nagusitik— Aux Courses ateratzen ari den hirukotea. Nire ustez zaindariak ez zuen hainbeste kolpe, braustean, bereganatzeko modurik izan, ez zen benetan konturatu gertatzen ari zenaz. Izan ere, alaba harrapatzera egin zuen lehen-lehenik, aitaren eginkizunak zaindariarenak baino garrantzitsuagotzat zituela demostratu nahi izan bailuen, edo museoko ate nagusitik ateratzen ikusten zituenengan inolako susmorik ez zuelako, agian. Hirukoteko bat arduratu zen zaindaria lasaitzeaz. Jo egin behar izan zuen, hiltokira eramandako zerria balitz bezala hasi baitzen kurrinka. Zeren, eta hori da onena, margoa ateratzen ari zen hirukote horretako batek zaindaria ezagutzen zuen; ezagutu bakarrik ez, museoko hierarkiaren arabera, zaindariari agindu ezin erantzutekoak emateko boterea bazuen. Pertsona hori bera egin zen egoeraren kargu; aurrena bere burua baretu, ondoren bere kide harrituak lanean jarri, zaindaria lasaitu —pilula lasaigarri potentea eman omen zioten, shockaren atarian zegoen aitzakiarekin—, lapurreta-itxurak prestatu, zaindariaren alabari ospa egiteko agindu eta laugarren lapurrari, artean zintzilikarioak galtzontziloan biltzen ari zenari, koskabiloak bere eskuez erauziko zizkiola hitz eman zuen. Dena kontrolpean zegoela iritzi zionean, Poliziari deitu zion. Hortik aurrera, zerorrek egunkarietan segurutik irakurri duzuna. Gezurra, den-dena.

        Aitorpena bukatuta, Nestor-Lupusek ordua galdetu eta erantzunaren zain bailegoen begiratzen zidan berriz ere.

        Beraz, ez zen eskalada arriskutsurik izan, ez saguzarrik, ez alarmarik, eta atetik atera ziren!, egin nuen oihu. Eta nork ireki zien atea? Ateko giltza zuen inork, bistan denez, erantzun zuen Lupusek. Nor zen pertsona hori? Nor zen zaindaria lasaitu eta egoera menera ekarri zuena? Eta gizon heldua? Zu al zinen gizon heldua, Nestor? Eta neska? Nor zen neska, arren!? Horiek denak galdetu nizkion, bata bestearen ondoren, Nestor hari.

        Baina Nestorrek ezetz egiten zuen buruaz. Alferrik ari zara, euskalduna, esaten zidan. Alfer-alferrik. Nahi dituzun suposizio guztiak egin ditzakezu, baina nik galdera bakar bat baizik ez dizut erantzungo. Neska Margot Lasalle zen, edo Margot Noire, orduan, oraindik ez baitzuen erabakirik aitaren abizena beharrean amarena paratzea.

        Horregatik tindatu zuen ilea Albira joan zenean?

        — Adi ibili, euskalduna. Ez dizut horren jende gutxik dakien hau guztia kontatu deusen truke. Nik zuretzat funtsezkoa den informazioa eman dizut. Bat, sartu zaren banda horretako egiazko buru nor den esan dizut, eta buru hori Margot baizik ez da; bi, Margoten egiazko motibazioa zein den adierazi dizut: mendeku-gosea; eta hiru, prebenitu egin zaitut: engainatu egingo zaituzte, haur txikia baitzinen. Honenbestez salbazio-bidean jarri zaitut. Bai, orain salbatzen ahal zara. Salbatzen ahal zara prestatu dizuten engainutik, salbatzen ahal zara zure patutik. Baina azkarra izan behar duzu, intelijentea. Zure salbazioak oso prezio xumea dauka. Beste informazio bat baizik ez. Ez Margotek, ez Yvesek eta ez Thierryk ere niri inola ere emango ez didaten informazioa; baina niretzat funtsezkoa dena, eta niretzat bakarrik ez; nik ordezkatzen dudan pertsona-multzo txiki baina oso aukerakoarentzat ere bai. Eta zuk ematen ahal didazuna. Ez dizut gehiegi eskatzen. Informazioa hauxe da: zer prestatzen ari da Margot? Zer ari zarete prestatzen?

        Eta informazio hori ematen ez badizut?, jakin nahi izan nuen.

        Beliakovek hasperen egin zuen, eta eskua pausatu zidan sorbalda gainean, aitakeriaz.

        — Izan zaitez azkarra, euskalduna, fio zaitez zuk baino hogei urte gehiago duen agure honetaz. Azkarra bazara jakingo duzu zer komeni zaizun. Zer espero duzu, zer espero dezakezu, honezkero, bizitzaz? —Eta ez nuela ezer erantzuten ikusirik—: Berdin zait, zuk ere, denok bezala, suizidatu ez garen guztiok bezala, esperoko duzu zerbait bizitzaz. Bada, informazioa eman ezean, zure ilusioak, direnak direla, zure esperantzak, zapuztu egingo dira, zapuztu egingo ditugu. Zure patutik libratzeko azken aukera eskaintzen ari natzaizu. —Eta dudatan bezala nenbilela iritzirik—: Diruaz kezkatzen zara? Utikan! Eduki dituzun gastuak poltsikoratuko dituzu. Are, konpentsazio arrazoizkorik ere eduki dezakezu. Izan zaitez azkarra, behingoz. Ez zara damutuko.

        Minutu batez ez nuen ezer esan; eta gero: emaidazu denbora apur bat. Pentsatu behar dut.

 

        [13] Argudio hau bera erabiltzen du Gombrichek, baina aurkako ondorioak ateratzeko, hau da, artea, nolabait, erlijioa delako ideia ontzat emateko, in Lo que nos cuentan las imágenes. Editorial Debate, 1992.