Camembert helburu
Camembert helburu
1998, saiakera - nobela
292 orrialde
84-86766-87-7
azala: Xabi Alonso
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1995, nobela
 

 

Kabaretetako erregea

 

Albin lanean hasi nintzen unean bertan bitxia eta ez ohikoa iruditu zitzaidan M. Briatexteren, hau da, museoko kontu-hartzailearen piura eta jokamoldea. Nik lan egiten nuen mahaitxoaren aurrez aurre zegoen, eta bere mahaia beti zegoen paperez beteta. Cahuzac andrearen mahaia bere ezkerrean, hots, nire eskuinean gelditzen zen, nolabaiteko epaimahaiaren lehendakariarena bailitzan. Monsieur Briatexte etengabe mintzatzen zen telefonoz, ozen, gu biok entzun genezan nahiko bailuen. Entzun eta ulertzen nuenaren arabera, kontu txikiak berdintzen zituen: zuzendari-andreak berriki eginiko bidaiaren dietak noren kontura joango ziren, museoko dendatxoa hornitzen zutenekiko harreman ondoriozkoak kudeatzen zituen, eta abar. Bestalde, telefonoa eskegitzen zuenean, bere paperen artean lanean jarduten zuenean berdin segitzen zuen ozenki mintzatzen, eta biraoak, oihuak —oh, merde!— zein esaldi osoak ahoskatzen zituen gutxien espero zenean. Dokumentalistak ez zion jaramonik egiten, eta nik ez nekien nire arreta bereganatzeko deiadarrak ote ziren edo bere lan egiteko era ohikoa. Jakin nuen Toulousen bizi zela, eta egunero egiten zuela hiri hartatik Albirako bidea, joan-etorrian. Margot Toulousen baitzegoen, niri otu zitzaidan Briatexte jaunari jarrai ziezaion eskatzea. Horrekin zer onura aterako nuen, ez nuen ideiarik ere. Batzuetan gauzak intuizio hutsez egiten dira.

        Albiko egonaldia gehiegi luzatzeko arrazoirik ez zegoen jada. Franko noraezean ikusten nuen nire burua. Nire baitan banuen ziria sakatzen ari zitzaidalako inpresio lauso eta desatsegina. Jada ez nekien Yvesen eta besteen benetako asmo ezkutua lapurreta egitea ote zen, ezta Lautrec bat lapurtzea gazta bat faltsifikatzea baino hobeki ote zen ere. Ez nekien, faltsifikatzen hasiz gero, zergatik faltsifikatu behar zen gazta hura, eta ez Lautrecen beste obra bat; ez nekien zer esan nahi zuten Nestor sonbrerudunaren gaztigu ilunek. Pazientzia, esaten nion neure buruari, pazientzia... Iritsi haizen tokira iritsita, hobe duk lasai esertzea; argituko dik eguna, hodei beltzak desagertu egingo dituk; orain, susmo txarrak eta nerbioak direla-eta, dena zapuzteak ez likek zentzurik.

        Halako batean deitu dit Margotek Toulousetik, joan eta afal dezakegula elkarrekin. Afaria? Zergatia jakin nahi izan nuen. Briatexte jaunaren berriak baditut, eta Pariskoak ere bai. Afaria nire kontu, atera zitzaidan. Ez dakit zergatik atera zitzaidan, baina atzera egin nahi izan nuenerako berandu zen. Ez dakit, agian itsututa nengoen nire ustez nahikoa idealizatuta daukagun Belle Époque hari buruzko material gehiegi irakurri eta esku artean ibili izanagatik, eta argi, kolore, luxu eta parranda etengabekoarekin amesten nuen. Autoa hartu eta Toulousera abiatu nintzen, ordu erdiko bidaian zehar nire jokabidearen nondik norakoa aztertzeko prest..

        Toulouse ez da Paris, noski, baina Frantziako hirugarren edo laugarren hiria bada. Kontuan hartu nuen datua poltsikoan zenbat libera sartzen nituen erabakitzeko orduan. Inon irakurririko zerbait etorri zitzaidan kasko barrukora. «Mila bider aldarrikatu izan da tonu guztietan: espektakuloak garestiegiak dira Parisen, eta plazerrak aberatsentzat baizik ez dira» [40]. Kronistaren hitzak, ehun urte beranduago, argigarriak dira. «Maila ertaineko fortuna bat har dezagun: andreak ez du antzokira joan nahi izango ileapaindegitik pasatu gabe, azken modako kapelurik gabe, n botoi dituen eskularru parerik gabe; jaunak, sakrifiziorako biktima aukeratuak, jantzi beltza eta gorbata zuria jantzirik, txartelen prezioa, berez nahiko garestia, bi autoren dirua —bata joateko, bestea itzultzeko— gehitu beharko dio; ondoren zerbitzuaren eskupekoa, eserlekua eta egitaraua. Berriz etxean, jaunak harriturik ikusten du bere kartera: berrogei edo berrogeita hamar libera joan dira paseatzera, bera paseatzera joan den aldi berean; horiek ez dira sekula etxera itzuliko, baina; ez esateagatik antzerkia, kazetarien komentario laburrek besterik esaten bazuten ere, ezin hutsalagoa zela, asperdurak gainez egiten zuela bere hiru edo lau ekitaldietako eszena guztietan». Orain ehun urte Parisen; berdin liteke herenegun Donostian edo Iruñean. Edo egun hartan Toulousen. Jendeak bestelako gauzak nahi zituen, eta batez ere, merkeagoak, baita zabarkeria gehiago edo gutxiagoren trukean bazen ere. Konparazioa egiteagatik, La Revue Illustrée, artikulu hau argitaratu zuen aldizkariak, libera bat eta erdi balio zuen 1896 urtean. Egun aldizkari batek balio duena neurri harturik, atera daitekeen ondorioa da 15.000-20.000 pezeta gastatu beharra zegoela gau bateko ateraldian. Badaezpada, mila libera gehitu nizkion poltsikoan neraman diru apurrari.

        «Gustu honi plazer egiteko sortu da Montmartreko kabaret artistikoa: bertara zakar jantzirik joan ohi da, nahi den gisan, erre ohi da, edan ohi da, izpirituaz gozatzen da, ikusgarria berandu hasi eta goiz bukatzen da, eta merkea baino gehiago bada. Montmartrera joateak, munduko jendearentzat, behialako auzo latinorako edo Bulliereko bisita ordezkatu du. Montmartre Parisko zilborra bilakatu da, edo, Rodolphe Salisek dioen bezala, hiriburuko titi intelektuala. Abeslari-poeta artista da, eta ez sasi-komikoa». Aita Poltsikoak eta Ama Aurrezkiak sasi-komiko egin zuten artista, dekretuz. Ez naiz zikoitza, baina esan beharko diot Margoti toki egokia aukera dezan.

        «Ikusgarri gorena: abeslaria ikusleekin nahasten da, bostekoa zuri emateko konforme dago, bere lanen berri emateko erreparorik ez du, bere azken abestia dedikatzen dizu autografoa eta guzti; eta, atsegin izaten jakin baduzu, afaltzera gonbida dezazula onartuko du». Kabaretak zizak bezala ageri ziren: Le Chat Noir, Les Quat'Z'Arts, Le Cabaret des Assassins, Le Mirliton, Le Carillon...

        Lekukotasun idatzi ugari bada garai hartako Montmartreri buruz. Jendeak La Butte —muinoa— izen familiarrarekin izendatzen zuen; Montmartre Sena gainean dagoen muinoa da, XIX. mende bukaeran oraindik erabat urbanizatu gabea; baratzeak-eta badira, oraindik, eta hiru errota zahar gelditzen dira, iragan zaharreko hondarrak. Auzo merkea denez, langileak bizi dira, batez ere. Langileei artistak gehitzen zaizkio poliki-poliki. Azken hauek auzoa merkea izateak erakartzen ditu, baina laster batean aldatuko dute bertako giroaren ezaugarriek. L'Elysée-Montmartrek dantzaldiak antolatzen ditu. Le Moulin de la Galette errota zahar horietako bat da, dantzaldiak eta jaiak egiteko moldatua. Han, langileak libertitzen ziren; edan egiten zen, dantzan ere bai: le chahut izaten zen numerorik azpimarragarriena. Horixe zen dantzaren izena; hiru edo lau neska elkartzen zirenean quadrille bat antolatzen zen, guk gehienbat Can-can izenarekin ezagutu duguna dantzatzeko. Gero Moulin Rougen-eta jardun profesionala izango zena, hasieran era inprobisatuan antolatzen zen, eta gero txapela pasatzen zen, sos batzuk biltzeko. Hainbat neskatila prostituitzen omen zen, Poliziak zaintzen zituen moral publikoa eta aztura onak. Le Père la Pudeur izengoitiaz ezagutzen zen polizia batek zaintzen zuen, batez ere, moralitatea; le chahut dantzatzen zuen nesketako batek hanka altxaturik, gona azpian deus jartzerik «ahaztu» zitzaiola deskubritzen zenean bera sartzen zen demasakeriei alto paratzeko. Giroa ez omen zen beti baketsua. Bistan da lokal bakoitzak bere nortasuna bazuela, eta, normala den bezala, etapa ezberdinak pasatu zituela urteak aurrera ahala. Gauzik, bederen, aitortzen du haiek «ez zirela sekula Moulin de la Galettera joaten gaua abailtzen zenean». Zer gerta ere.

        Aristide Bruant izan zen Lautreci Montmartre erakutsi ziona. Bruant ezaguna da gure artean Lautrecek egin zizkion afixengatik, noski. Abeslari herrikoia zen aldetik lortu zuen ospea. Le Mirliton kabaret ospetsua ireki zuen. Kantatu ez ezik, bertan lan egiten zuen. Abegikorra eta lotsagabea omen zen, eta azken hori zen, nonbait, burges aspertua gehien erakartzen zuena. Jendea probokatu zalea, irainaren mugan zeuden zentzu bikoitzeko hitz-jokoak maite zituen. Bi bezero sartzen ziren kabaretean, hala diote bederen, eta Bruantek zerbitzariari «hi, ateraiek pare bat zerbeza izkinako zerri mutur zikin horiei», eta gisakoak oihukatzen omen zituen, bezeroak entzuteko moduan esanda, noski. Hortan zetzan asuntoaren gatza. Oscar Méténierrek [41] kontatzen duenaren arabera, Bruant trenbidean lan egin izandako langilea zen, herria, pobreen eta gizajoen kondizioaren oso kontzientea, eta idazle trebea. Kantuak konposatzen eta kantari hasi izandakoa idazteak ez ziolako irabazirik uzten. Méténierek bestearen idazle-talentuan sinesten zuen: «Boulevard Rochechouarteko kabaretariak gelditu egingo den liburua idatzi du: itxura friboloaren eta forma basatiaren azpian poz mingotsa eta filosofia beltza ezkutatzen duen liburua: Dans la rue. Méténierrek dio justiziagabekeriaren aurkako amorruzko oihua dela. Azkenik eskerrak ematen dizkio aldizkariaren zuzendariari «aukeratu nauzulako irakurleei aurkezteko bere egunsentia ezagutzen ari den artista handi bat, etorkizun hurbilak betiko ospetsu bihurtuko duena».

        Kabaretak irekitzeko horretan Rodolphe Salis izeneko bat izan omen zen aitzindaria, Le Chat Noir deitutakoa ireki zuena. Salis hau margolari frustratua zen, tabernari sartua beharrak eraginda. 1885ean lokala utzi zuen beste batean instalatzeko, eta Salisek utzitakoa Bruantek hartu zuen Le Mirliton irekitzeko. Salis gizajoari Louis XIII aulki bat ahaztu bide zitzaion aldaketa egitean, ziztuan kabaret berriaren ikur bihurtu zena, batez ere Salisek berreskuratzeko gogo bizia agertu zuenean. Bruantek sabaitik eskegi zuen, eta kanta hau asmatu: Ah! Mesdames, qu'on est à l'aise / Quand on est assis sur la chaise Louis Treize / Elle est à Rodolphe et cependant / Pour s'asseoir dessus faut aller chez Bruant / Au Cabaret du Mirli / Du Mirli-ton-taine-ton-ton / Du Mirliton! (A!, andreak, eroso egoten da / Louis Treize aulkiaren gainean eseririk / Rodolpherena da, eta hala ere / esertzeko Bruanten etxera joan behar da / Mirlitonera...). Pasadizoak eta honi dagokion kantak bi koadro egiteko gaia eman zioten Lautreci: Le Refrain de la chaise Louis XIII eta Le quadrille de la chaise Louis XIII à l'Elysée-Montmartre. Bruantek eskegi egiten zuen maiz Lautrecen obra bere kabaretean, uko egiten zion bere emankizuna hasteari Lautrecen afixa eszenatokiaren alboetan ez bazegoen. Lautrec bera baino hamar urte zaharragoa, bere aita pontekoa zen. A nous la gloire et fortune / Massacrons les bidards / Et faisons la Commune / Des letres et des arts! eta gisakoak kantatzen zituen [42].

        Ramoncinen eredu honi, Bruanti alegia, horrelako jendeari gertatzen ahal zaion gauzarik okerrena gertatu zitzaion, ordea: burgesak irainduz arrakasta erdietsi zuen eta aberastu egin zen. Le Mirliton ireki eta hamaika urte geroago, kontuak zeharo aldatu dira, Schneiderrek azaltzen duenez: «Alde batera utzi dut, nahita, Bruanten kabareta, non Bruant ez baitago, non patroiaren izpiritua desagertu eta zakarkeria baizik ez baita gelditzen». Triunfadoreekin beti gauza bera gertatzen da.

        Bai, enura gabe, Bruant «oilasko frijituaren erregearen» aitzindaria da. «Langabetuen aldeko manifestazio batean agertuagatik, Bruant patronoen klasekoa da», idatzi zuen Marcel Schwobek 1892an [43].

        Ausardia pittin batez, nire gisako soziologia eginez, esango nuke, finean, Montmartrek bere garaian jokatu zuen papera, gizartean, gure hirietan orain hogei-hogeita bost urte parte zaharrek jokatu zuten berbera dela. Hasieran langile, ikasle eta artisten atseden, jolas, eta askatasun-guneak ziren, parrandazale gutxi batzuek gozatzen zuten espazioa; halako giro berezia eta deigarria sorturik, burgesia ere zaletu zen. Egia da burgesei irainka egiten zitzaiela askotan, baina burgesek, trukean, beste inon aurkitzen ez zutena bazuten: langile, ustezko iraultzaile eta abarrekin topo egiteko gunea, «gauzak zertan diren», «tiroak nondik nora doazen» jakin ahal izateko toki aproposa. Hizkera berezi batez jabetzeko lekua. Hori bakarrik ez, noski; merke libertitzeko tokia ere bai. Gero eta gehiagoko masifikazioaren erdian bizitza ordenatua daramala itxura egiten duen hipokritak errealitatetik ihes egiteko modua bertan aurkitzen zuen. Bere funtzio, esan dezagun, katartiko hori bete ondoren, negozio bihurtu ziren, edo bestela, auzo bazterreko eta bizigaitz.

        Albitik Toulousera hirurogeita hamar bat kilometro dago; autopistaz joanez gero, ordu erdi bat. Pentsamendu hauek buruan, ordu bete baino lehenago Toulousen nintzen, Place du Capitoleko zitatokian; hiri bakoitzak kanpotarrentzat duen zitatoki horietako bat. Toulouse gorri da, eta gorri zegoen egun hartan ere, inoiz baino gorriago, agian, oraino erabat ezkutatu ez zen eguzkiaren azken printzen azpian. Margot eseririk da eta zerbeza bat edaten ari, nagi. Agurrak trukatu ditugu. Eseri egin naiz eta Ricard bat eskatu. Nora joan nahi duzu?, galdetu dit. Modan dagoen azkeneko fartsantearena ez den toki apal eta era berean txukun batera, asko eskatzea ez bada. Zuzenean nire begietan iltzatu ditu bereak. Oso tipo arraroa zara. Ongi da, nik, hasperen txikia eginez. Zuk zer pentsatu duzu? Zu nora, ni hara. Zer moduz zuzendari-andrearekin? Ezin hobe. Dena kontrolpean. Margotek ez du sinetsi, adar joka ari naizela uste du. Ez da izango!, esan du azkenik. Eta zer egin duzu basapiztia hura aplakatzeko? Puzkerka ari, horra zer egin dudan. Margotek irri. Berriz ere ez du sinesten. Albiko egonaldia bukatu da. Dei egin didate. Parisen egon behar dugu halako egunean, halako ordutan, halako tokian.

        Aperitiboak ordaindu egin ditut. Nork ordainduko ditu, bada? Neronek, jode!!

        Ni baino gehiago da, ezin dut erremediatu. Ez naiz Margotez ari, kontu orokorra da. Alde egin beharra dagoela eta hasten dira: niri jus de raisin bat. Hamar libera. Niri pression bat. Hamabi. Niri menthe à l'eau. Hamalau. Bere edari koloreaniztunak edan eta ez dira erronda bat ordaintzeko gauza. Ni Gauloises paketeko legeari, minbizia sorrarazten duenari begira gelditzen naiz, eta miseriari buruzko hausnarketan murgiltzen. Askotan nahiago izaten dut pagatzea. Oraindik ez didate tirano deitu. Ez dakit, prezio hauek zentzatuko ninduten, agian, eta haiek bezalakoa bilakatuko nintzen.

        Baina hau ez da txarrena. Txarrena da duinarena egiten dutela.

        Burura etorri zait Nestor-Beliakovek utzi zidan pelikula. Hustonek Le Mure izeneko batek Toulouse-Lautrecen bizitzari buruz eginiko nobela oinarritzat harturik egin zuen filma. Filma ikusi baino lehen ere banuen hala moduzko teoria bat, eta filmak tinkoagotu egin nau teoria horretan; Lautrecen biografoetan, bada halako joera bat Lautrec adiskideen adiskidea bazela esatekoa, eta adiskide asko eta handiak bazituela. Gizonezkoak, batez ere. Baina han eta hemen, nabarmen gelditzeko besteko maiztasunarekin, gutxienez, bere adiskidetasuna «tiranikoa» zelakoa azaltzen da. Hala Jean Sagnek: «Sukaldari tiraniko bihurturik, esklaboek, lagunek, kideek inguraturik...» [44]. Zer esanik ez Natansonek: «petit tyran» [45] deitzen dio. Are, behin baino gehiagotan azaltzen du liburuan zehar bere adiskide izateko modua «tiranikoa» zela. Vuillardek, bera bezala pintorea, laguna ere bai, antzera: «Gau osoan, kabaretetik kafeko dantzaldira, beti ibiltzen zen harat-honatean bere koadrila atzetik zuela, ez baitzen sekula bakarrik egoten (...). Bere adiskidetasuna tiranikoa zen» [46]. Askotan irakurtzen da, lagunek kontatua, ikusgarri batez txoratzen zelarik, hogei, hogeita hamar aldiz joaten zela ikustera, segidan, eta lagunak ere joanarazten zituela. Tiranikoki. Hala ere, Vuillardek berak aitortzen du: «Gizon gutxik ernarazi du hainbeste lotura egiazko». Nola jaten da hau guztia? Bada, banuen hau guztia jateko teoria, filma ikusi baino lehen. Zeren, Lautrec agian apur bat tiraniko izango zen, baina, zer ziren hainbeste eta hainbeste aldiz tiranoa zela gogorarazten digutenak? Hogei aldiz segidan ikusgarri bera ikustera joatea? Eta zergatik laguntzen zenion? Asko mintzatzeak gauza hauek ditu: azkenerako esaten dituzunak ez ezik, esaten ez dituzunak ere esaten dituzula. Horregatik diote, aho itxian, eulirik ez. Margoti jakinarazi nahi nion: kopak ordaintzen zituen, horra. Kopak, afariak, espektakuloetako sarrerak. Berak ordaintzen zituen, Lautrecek.

        Aurrez uste nuen bezala, Margoti txorakeria galanta iruditu zitzaion. Oso modu dotorean, oso hitz doietan —eta laburki, gainera— adierazi zidan zenbait gauza materialismoaren gainetik daudela. Jende honek ikaragarri ongi daki egoera guztiak, baita konprometituenak ere, hitz egokiez janzten.

        Ekin nion, ostera. Lekukotasunak badaude: «Cézanne Aixen zegoen, etengabe margotzen baina ezer erakutsi gabe Tanguyren, bere margo-saltzailearen denda ilunean ez bazen, Clauzel karrikan. Manet hilik zegoen ordurako, baina bere oroimenak bizirik zirauen bere obrek saloietan sortu zituzten eskandaluei esker. Monetek, bere eraginaz Maneten azkena uhertu zuenak, izen oso diskutitua baizik ez zuen. Pissarro, Renoir, Sisley, nekez bizi ziren beren obrengatik, zale gutxik maite baitzituen...» [47]. Lautrec gurasoen diruaren kontura bizi zen, gehiena. Ez zaie errurik bota behar. Gose hamikatuaz bizi ziren. Petiri Santzen lagun minak ziren. Baina ez ziren gaiztoak. Ezta zeharka baizik ez bada, bestea tiranoa zela eta haiek aldiz oso lagun leialak oso modu finean erorarazten uzten badute ere. Nahi al duzu datu gehiago? Izan zen afera ezen Arthur Huc izeneko morroi bat izendatu zutela La Dépêche de Toulouse egunkariko zuzendari, eta delakoak arrangura estetiko eta are hezitzaileak bazituela. Alegia, nahi zien hemen bertako, Toulouseko —probintzietako— burgesei azaldu abangoardiako artearen nondik norakoa. Horretarako erakusketa bat antolatu zuen 1894 urtean, La Dépêcheko bulegoetan, hamazazpi artistak parte hartzen zutela, Toulouse-Lautrec ere barne. Richard Thomsonen aburuz [48], Huc delakoak bestelako interes politikoak ere gordetzen zituen kultur-interes hauen atzean. Ez naiz berak aipatzen dituen interes horien nolakoa ezbaian jartzen hasiko; ez naiz gauza, ezin ninteke. Bere baieztapena guztiz logikoa iruditzen zaidala ez dut ukatuko, baina. Noiz ez da horrela izan, bestelako helburu zuzena duen nolabaiteko erakunde publiko batek —egunkari batek, gure kasu honetan— kultur gauzetan interesik hartzen duelarik? Dena dela, bistan da Hucek astindu bat eman nahi diola bere probintziako gizarteari, bere horretan asmo guztiz loriagarria: «Les audacieses recherches et les oeuvres si curieuses des peintres de la jeune école sont encore mal connues en province». Margolari gazteen obra ausartak ez direla probintzietan oso ezagunak. Orain ere igoaltsu. Lautrecek bi margo eta afixa batzuk bidali ditu. Bonnardek ere parte hartu du, orobat Vuillardek, litografia batzuk igorririk. Huc ez da inozoa, haatik, eta badaki gauzak ez direla berez etorriko. Artikulu sail bat prestatu du erakusketa eskegi orduko, Homodei izengoitiz izenpeturik, erakusketa egin baino lehenagoko giroa berotzeko. Artikuluetatik zehar saiatzen da Toulouseko burgesei azaltzen margolari gaztetxo horien xelebrekerien norabidea. Xelebrekeriak ez nolanahikoak; ehun urte geroagoko burgesek makina bat klixe eta hamar tona topiko behar izan dute Toulouse-Lautrec bezalakoen margoak bere egiteko, ez ahaztu. Gerora kritika munduan batere arrakastarik izan ez duen izen bat asmatzen du Toulouse-Lautrec bezalakoentzat, propio: néo-realiste. Etiketak etiketa, Hucen jukutria, azpijoko, trikimailuari, guztiz ulergarria eta sinpatia piztaile deritzot. Alferrekoa gertatu zen, baina. Ez dago datu jakinik Toulouse-Lautrecek erakusketa horretatik zer atera zuen, ezer atera bazuen. Vuillarden testigantza badugu, haatik, eta pentsatzekoa da Toulouse-Lautrecentzat gauzak ez zirela oso bestelakoak izango. Vuillardek: «Matinée passée a dormir. J'attends l'argent de Toulouse. Huc!» (Toulouseko dirurik iritsi ez. Ni lotan). Hamar egun beranduago: «Bonne journée avec Bonnard... Nous n'avons pas le sou, ni l'un ni l'autre. Huc!» (Bonnardekin gustura. Sosik bat ez, ez batak, ez besteak). Lau egun aurrerago: «Enfin reçu 250 de Huc. En attendant le reste» (250 libera jaso ditut. Gainerakoa itxoiten ari naiz). Hamabi egun geroago, erabatekoa: «Les projects vagues que je faisais d'aller un peu au dehors sont irréalisables, Huc en m'ayant envoyé que la moitié de la somme sur laquelle je comptais» (Egin gogo nituenei adio. Hucen dirua uste nuenaren erdia baino ez izaki).

        Vuillard hau, diru kontuan bederik, hileta-jole samarra ez oten zen egin zait susmoa. Bere arrazoiak bazituen, baina. «En supposant que tous les artistes, comme Vuillard, n'aient reçu que la moitié du versement promis contre leur concours à l'exposition et la contribution d'une lithographie au catalogue, il est probable que les résultats de l'exposition, en ce qui concerne les ventes d'oeuvres et de catalogues, aient été bien au-dessous des espérences de Huc», idazten digu Thomsonek. Hau da, Hucek ez zuela espero baino erdia ere saldu toulousetarren artean, eta artista abangoardista horiek, ia beti bezala, tripa bete arkakuso gelditu zirela.

        Lekukotasun gehiago, lehen esan dizudan Hustonen pelikulan bertan. Filma ez da txarra, film bat dela eta 1952an egina dela kontuan harturik. Lehen partean Lautrecen egiazko biografiaren jarraipen nahiko zintzoa dago. Bigarren partean, ordea, ipuinak nagusitzen dira. Hala ere, zinemak hain bere duen sintesirako gaitasuna eta giroak birsortzeko ahalmena miretsi behar ditu batek, ezinbestean. Girotzea oso zaindua da. Margolariaz ematen den irudia errukibera eta topiko samarra. Orobat bizi zuen garaiaz.

        Pelikulan bada bigarren mailako eszena oso esanguratsua. Lautrec kafetegi bateko kanpoko mahaietara doa, eta Anquetin eta Seurat —pintoreak biak, lagunak biak— aurkitu ditu eseririk. Solasgai hau darabilte:

        Seurat: Gosez hilik ere, ez diot inoiz gehiago koadro bat eramango. Esplotadore hutsa da.

        Anquetin: Zazpi libera eman ohi didate Ascension baten truke. Gaur bost eskaini dit. Elizkoitasuna jaisten ari dela dio. Edozeinek daki ez dela egia. Zoaz edozein igandetan eliza batera, protestantea bada ere, eta jendez mukuru dagoela ikusiko duzu.

        Orduantxe Lautrec eseri da eta koñaka eskatu du.

        Lautrec: Kaixo, Serac, zer moduz, Anquetin. Aizu, koñak bat!

        Seurat: Koñaka hirurontzat! Zuk gonbidatzen baduzu...

        Lautrec: Horregatik deitu nauzue? Ekarri botila bat.

        Ondoren margolaritzari buruzko eztabaida nahiko burugabea daukate. Filmaren egituraren aldetik, adierazi nahi dena da Lautrec pintura-gaietan inkonformista dela eta mingostasunez beteta dagoela. Liskar estetiko antzeko zerbait bada hiruren artean. Azkenean Lautrecek ordaintzen du (eskua ez da ikusten planoan, baino jestua eta sosaren txin-txina aditzen dira) eta alde egiten du beste biak bertan utzirik, nahikoa haserre. Azkeneko esaldiak, Lautrec jada ez dagoela, hauexek dira:

        Anquetin: Koñak hau behar izan ez banu, goitik behera botako nion.

        Seurat: Zer dela-eta dabil beti hain sumindurik?

        Filma baino ez da, noski. Haatik, halabeharrak hala agindurik, nire teoriaren azalpena eta filma elkarren ondoren etortzearekin, efektua erabatekoa izan da. Henrik ordaintzen zituen kopak. Bera gainera oso kontzientea zen pintorearen egoeraz: «Robert maitea, laguna naizen aldetik aholku bat ematen ahal badizut, hau da: egin ezazu kontu aldizkari horrek ez dizula ordainduko (...). Ez zintuzket desanimatu nahi, baina, buka itzazu zure ikasketak margolariaren ofizio zikinean sartu aitzin, ofizio hau ematen duena baino gehiago kostatzen delako» [49]. Robert Montcabrier urrutiko lehengusu gaztea omen zen.

        Leku itxuroso samarrean eseri gara, eta afaldu dugu. Margotek, afariak iraun duen denbora guztian, edozer esan nahi zezakeen begiradaz so egin dit, nik kontu hauekin aspertu dudan bitartean. Defendatu ere egin da. Ditxosozko bohemiaren irudi topikoa baino ez da, esan dit, garrantzi handirik gabea. Konforme, nik, baina ez dut justiziarik inondik ere ikusten. Zuk ikusi duzu sekula, Anquetinen bizitzaz eta obraz, demagun, ari den liburu batean, «Anquetin pintore ona zen, baina bizkarroi eta aprobetxategi samarra, hori bai, lagunen kontura koñakak edan zalea» tipoko esaldirik? Errematerako hitz hauek irakurri ditut: «Bere diruak ematen dion askatasuna (...) dirurik ez zuten bere lagunak pintore bezala daukaten talentua aitortua izan dadin saiatzen diren bitartean, horrek emango baitielakoan erosotasun ekonomikoa» [50]. Enfin, kopak ordaindu eta hala ere tirano deitzen zioten.

        Atera baino lehen, komunera joan naiz. Gero zeharkako argiez argituriko jatetxeko barra txikira hurbildu naiz, ordaintzera. Ordainduta dago, mademoisellek ordaindu du, jakinarazi dit zerbitzariak.

        Zerbitzariarekin bukatu orduko Margotek bilduak zituen bere gauzak eta atean itxoiten zidan. Begi burlatiez begiratu dit. Besotik heldu diot poliki, ateratzeko gonbita eginez. Tiranoa, xuxurlatu diot belarrira. Neska arraioa!, hau esan ez, hau pentsatu egin dut, oraintxe utzi nauzu barregarri, oraintxe utzi nauzu zapata-zolaren pare. Goazen —esan dit—. Zerbait erakutsi nahi dizut.

 

        [40] Louis Schneider: A Montmartre - Les cabarets artistiques, in La Revue illustrée, 256 zenbakia, 1896-VIII-1.

        [41] Ikus Oscar Méténier: Aristide Bruant, in La Plume, 43 zenbakia, 1891-II-1.

        [42] «Loria eta fortuna guretzat / txikitu ditzagun pribilejiatuak / Letren eta artearen Komuna / Egin dezagun». Roinard, 1887, Julio Ollero Editorrenean aipatua, Claire Frèches-Thoryren artikuluan.

        [43] Julio Ollero Editorrenean aipatua, Claire Frèches-Thoryren artikuluan.

        [44] Jean Sagne, aipatu liburua. «En cuisinier tyrannique, il s'entoure d'esclaves, amis, compagnons...». Sagnek askotan erabiltzen du «tirano» hitza.

        [45] Thadée Natanson: Un Henri de Toulouse-Lautrec. École Nationale Supérieure des Beaux-Arts, Paris, 1992.

        [46] Lautrec raconté par Vuillard, in L'Amour de l'Art, 4 zenbakia, 1931ko apirila.

        [47] Emile Bernard: Gazette des Beaux-Arts, 1934ko otsaila, Vol XI.

        [48] Toulouse-Lautrec, Arthur Huc, et le 'néo-réalisme, Richard Thomson, professeur à l'Université de Manchester, in Actes du colloque Toulouse-Lautrec. Albi, 1992ko maiatza.

        [49] Herbert Schimmel, aipatu liburua. 496 zenbakiko gutuna.

        [50] Danièle Devynck: Toulouse-Lautrec. Profils de l'art. «La liberté que lui procure sa fortune personnelle (...) alors que ses amis désargentés recherchent davantage une reconnaissance de leurs talents de peintre, qui doit leur garantir l'aisance financière».