Camembert helburu
Camembert helburu
1998, saiakera - nobela
292 orrialde
84-86766-87-7
azala: Xabi Alonso
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1995, nobela
 

 

Paris, Troiakoa

 

Henri de Toulouse-Lautrec izen horrekin gelditu zen, eta bere izen hori monograma sintetiko, dotore eta famatuan bildu zuen. Ez da gutxi jaiotzez Henri-Marie-Raymond de Toulouse-Lautrec Monfa Tapié de Celeyran batentzat Séré de Rivières eta D'Imbert du Bosc familien ukituarekin, edo lau familia noble horien —lehenengo biena, batez ere— odola nahasirik —odolkidetasunezko proportzio ez oso gomendagarrietan bazen ere— zeraman batentzat. Monograma bat egin zuen bere zuhaitz genealogikoarekin. Ezin da era artistikoagoan eta dotoreagoan adierazi bazekiela geroagoko munduan ia tokirik izango ez zuen aristokrazia dekadente baten azken kate-maila zela. Toulouseko Kondearen azken ondorengoa. Lerro zuzenean.

        Toulouse-Lautrec margolariari buruz idatzi duten guzti-guztiek gogorarazten dute, euren liburuetan, lehenago edo beranduago, Frantziako aristokraziaren familia garrantzitsuenetako eta zaharrenetako baten ondorengo zela, lerro zuzenean. Askok hitz egiten du, baita ere, bere aitaz eta honen nortasun bitxiaz. Aita-semearen arteko harremanen zailaz. Amazulo izateaz, amarekiko miresmen eta maitasunaz. Baina ia inork ez digu ezer kontatzen bizkar gainean zeraman mendeetako leinuaren kargari buruz zuen jarreraz.

        Joyantek (Joyant, I. liburukia, 19-24) ematen digu bere leinuaren berri zehatza: alde batetik, Toulouse-Lautrec Monfa lerroa dago, aspaldiko —kasu honetan aspaldiko esaten delarik X. edo XI. mendeaz ari gara— Toulouseko kondeak, garai batean Frantziako Erregea bezain handiak izanikoak, Gurutzada guztietan parte hartutakoak, Jerusalem liberatzera lehenak sarturikoak. Amaren aldetik Tapié de Celeyrandarra da. Hauek ere lurjabe handiak izan dira historikoki, Erregearen zerbitzari leial eta goi-mailakoak —diplomatikoak, ministroak...—. Baina hutsaren hurrena, kondeen familiarekin konparaturik. Bi leinuek ahaidetasunezko harremanak badituzte. Henriren gurasoak lehengusu propioak dira.

        Ez dut seguru esango non, badakit baina ikusi ditudan liburu anitzen artean autore batek (Leclerqek? Duretek? Coquiotek?) aipatzen duela Lautrecek ez zuela gehiegi maite bere arbasoez mintzatzea; ia inoiz ez zela horretaz mintzatzen, hain zuzen ere. Ez dirudi arraroa. Ezagutu zuten beste askok esaten dute ez zitzaiola politikaz mintzatzea atsegin, are gutxiago margolaritzaz. Izan ere, hitz gutxikoa omen zen. Ahozkoan oso trinkoa omen zen, esaldi laburretan eta are hitz soiletan ideiak eta sentimenduak laburbildu eta adierazi zale. Lerroalde honetako hasieran aipatu dudan autore horrek berak dio, baita ere, egoerak behartuta baizik ez zuela bere jatorri aristokratikoa harira ekartzen. Alegia, berearekin konparatuta askoz ere garrantzi txikiagoko noble bat bere jatorriaz harrotzen zela baizik ez ziola bere arbasoen historia —demagun, Raymond VI.a Toulouseko kondearen historia— ateratzen, muturretik pasatzen, nahiago bada; horrelakorik ez omen zen maiz gertatzen, nonbait.

        Eta, hala ere, zer kontatua bazuen, bai horixe. Toulouse-Lautrecen arbasoek papera funtsezkoa jokatu baitzuten Albitarren Gurutzadan.

        Albitar horiek kataroak ziren, heretikoak. Euren doktrinaren oinarria dualismoa zen, hau da, munduaren jatorrian bi indar kontrajarri zeudela sinestea, indar ona eta indar gaiztoa. Honek manikeoen jarraitzaile ere egiten zituen. Ez zituzten sakramentuak onartzen eta katolikoen ez bezalako bizimodu eta hierarkiak bazituzten. Eliza katolikoak, eskumikatzeari gutxi iritzirik, nonbait, Gurutzada bat antolatu zuen, Albitarren Gurutzada izenarekin ezagutzen dena, noski. Europa guztian omen zegoen katarorik —tokirik toki izen ezberdinak hartzen bazituzten ere—, baina bereziki boteretsuak omen ziren Frantziako hegoaldean. Nobleak, jauntxoak, Frantziako Erregea, denak nahasten dira gurutzadan; izan ere, ohi bezala, erlijio-gerra da. Ohi bezala, interes ezkutu —bereziki ekonomiko eta politiko; linguistikorik?— bortitzak estaltzen ditu erlijioaren kapak. Raymond VI.ak, Toulouseko kondeak, albitarren alde hartuko zituen armak, eta urte luzetan zehar borrokatuko Frantziako Errege eta Erromako Aita Santuaren aurka.

        Bere anaietako batek, baina, Erroma eta Erregearen alde egin zuen. Raymond VI.ak hartu zuen preso. «Nire arbasoetako batek ez zuen zalantza txikiena eduki bere anaia preso urkatzeko, horra» kontatzen omen zien Henri Toulouse-Lautrecek bere leinuaz harro azaltzen ziren munta gutxiko aristokratei. Egia izan edo ez, Historiak kontatzen duena behintzat bada.

        Anaia urkatu zuen Toulouseko kondeak, luze eta gogor borrokatuagatik, gerra galdu zuen. Aurrerakoan, Toulouseko kondeak Frantziako Erregearen mendeko leial, otzan eta esaneko bihurtuko ziren, gizaldi batzuetarako.

        Anaia urkatzea. Horra balentria. Historiaren sail epikoenetan baduke bere tokia. Guzmán el Buenok bezala —nik dakita zer dela-eta deitu dioten honela—, sastakaia edo labana bota zuenak bere semea hil zezaten defendatzen zuen plaza etsaiei ez ematearren. Ez da harritzekoa. Historia horrelako pasarte epikoez josita dago. Historia eta gure iruditeria kolektiboa osatzen duten mila historia ere. Soka luzea, gero. Hor dago Abraham, Jainkoak hala aginduta semea erretzeko prest azaldu zena. Jakina, Abrahamen kasuan froga bat zen, gogorra, baino froga, azken finean. Gauza uste baino mamitsuagoa da, honelako zerbait esango baligute bezala da: froga gogorrak izango dituzu, baina, Jainkoak aginduta badira, ez da ezer gertatuko, berak askatuko du-eta egin duen korapiloa. Etsaiak behartuta bada... Jainkoaren amodioagatik dena emateko prest bazinen, ez zara etsaiaren aurrean kikilduko, ezta? Begira bestela Guzmán el Bueno. Italiako demokrazia kristauak primeran ulertu zuen kontua. Guzmán el Buenorena egin zuen Aldo Moro bahitu zutenean, Leonardo Sciasciak liburu eder batean kontatu digun bezala. Fanatikoak deitzen ditugu, kamikazeak edo, gerria bete leherkari oldartzen diren palestinarrak direnean, eta heroiak Guzmán el Bueno eta bere jarraitzaile —pilo bat, aizue— modernoak direnean, edo Arnoldo Abadea bezalakoak direnean. Azken honek, 1209 urtean Beziers erauzi zuen kataroen eskuetatik. Plaza irabazirik, soldadu batzuek galdetu omen zioten nola bereiziko zituzten heretikoak katolikoengandik, eta Abadeak honako hau erantzun: «Hil itzazue, hil itzazue denak, gero Jainkoak bereiziko ditu zeruan». Italiako demokrazia kristauak ezin hobeki bereganatu zuen Guzmán el Buenoren irakaspena. Ikasiko al dizkigute horren ongi auzoko batzuek Arnoldoren mainak? Ez pentsa txiste moduan esaten dudanik. Heroi edo fanatiko, ikuspuntuaren gorabehera da, antza. Norberaren buruko bartza eta bestearen begiko lastoaren kontu zaharra.

        Epikak epika, pentsatzen hasi eta konturatzen gara Raymond VI.a Toulouseko kondearen pasadizoan agertzen direnetarik bat bera ere ez dagoela, egun: kataroak aspaldi desagertu ziren, Toulouseko kondeak, konderria eta leinua bera ere bai, are Frantziako Erregea ere. Anaiak, urkatua eta urkatzailea, zer esanik ez. Okzitanoa —hizkuntza— ere bai, edo ia. Zer gelditu da? Lurraldea, erlijioa —bat— eta hizkuntza —bat, ez bi—. Elementu horiek nola nahasten diren, zer itxura hartzen duten, ikuspegi jakin batetik, kasik gutxienekoa da; hori baino garrantzizkoagoa da elementu horiek, horiek eta ez besteak, gelditzen direla baieztatzea. Gelditu diren gauza gehiago: iraganetik ikasi nahi ez duten gizakiak —beti perfekziorik gabeak, beti ahulak, beti justiziarik gabeak—. Eta Toulouse-Lautrec Monfa leinu harroaren epigonoaren artea.

        Albiko Museoko gelatxoan papertzarrotan murgildurik aste bete pasatu eta gero, azkenik, Mme Cartailhacek, Museoko zuzendariak, bere aurrera deitu zidan. Banekien borrokalaria zaldiaren sabeletik atera eta Paris, Troiakoarekin elkartuko zen unea iritsiko zela, eta, hala izango zela jakinik, unea noiz iritsiko nenbilen. Prestatuta nengoela iruditzen zitzaidan arren, urduritasun pixka bat ere banuen. Ez diot harritzekoa irizten; azken finean, arte-irakasle nintzelako itxura egin behar nuen espezialista baten aurrean, eta fartsa hark agintzen zuen paperari behar zen maila eman behar nion. Jakingo al nuen pertsonaiari sakontasuna, sinesgarritasuna ematen?

        Cartailhac nahiko abizen bitxia da. Okzitanoa, jakin ahal izan nuenez. Horrek eraman ninduen okzitanoaz, kataroez eta Lautrecen familiaz pixka bat estudiatzera, Paris Troiarekiko solasaren hasierak arlo horretara eramango ninduelako ustean. Are eta gehiago nik euskaldun aurkeztu nuelarik nire burua.

        Gezurrik biribilenak dira egiarik miresgarrienak, miretsienak. Sukaldari zoro batek, beharrak edo nik zer dakita nork zuzendua, osagarriak eltzera doaz. Gustu, asmo, kezka pixka bat behar da, besterik ez, eta urak diraki. Horrela gertatu dira munduko, mundu zabaleko, paella, paellak bezalako, guztiak. Plater eta errezeta nazional guztiak aspaldi daude eginda. Zaila da honezkero gastronomoek euren errezeta-liburu ongi bukatuetan tokitxo bat egitea mota horretako errezeta berri bati. Kapitulu hura bukatu zen gehienentzat. Orain osagarriak nahastea da moda; orain beste kontu bat da, baina, nahasketarik deigarrienak ere ez baitie mundu zabaleko paella guztiei bere bezeria kenduko. Munduko alderdi honetan —lehen munduan edo— bederen. Hala nahi dute behintzat.

        Mestizajea gauza handia da, aditu gehienek hala diote. Siouxak edo cheyenneak ere gonbidatuta daude arrago itzel bihurtzen ari den munduan. Gonbidatuta bere alea gehitzeko. Alerik gelditzen bada; bazegoenean, erruz egon ere ez zieten utzi, agian oso zeharka, agian dena aurka eduki eta hala ere. Estatu Batuetako indioak sarraskitu zituztenean ere kulturak nahasi egiten ziren igoal-igoal, mundua mundu denetik bezala, baina haiei ez zieten utzi. Ezta beste hainbati ere. Baina orduan mundu zabaleko paella guztien ordua zen, eta ez mestizajearena. Zorte txarra. Are txarragoa urteak joan, urteak etorri, paella prestatzaileak, nor eta paella prestatzaileak, hain justu, etorri zaizkigunean guri, Ramireztar euskaldunoi, hain zuzen ere, mestizajea zer zen erakustera. Guri, mestizooi. Infamia guztiak halaxe bururatzen dira.

        Baina Frantzia inperialeko esne eta mami zen Paris —bere urterik zelebratuenetan, batetik, bere langileria gero eta garrantzizkoagoarekin, bestetik— hiri handiko giroaren erretratu bikainena egin zuena okzitanoa, errurala jatorriz, eta aristokrata izatea ez da ezein euskaldun sano espantutan jarriko duena. Ohiturik daude. Makina bat ikusita herritik atera gabe. Paellaren ordua zela, bakarrik, eta ez mestizajearena. Zer egingo diogu, bada. Aspaldi ikasiak behar genuen: bada ordu bat paellarentzat, bada beste ordu bat mestizajearentzat.

        Toulouse —hiria— eta Albi inguruan ibili nintzenean okzitanoaren berri gutxi jaso nuen. Arras hizkuntza gutxitua —edo gutxiendua, barka nazazue termino egokia zein den ez badakit— dela garbi zegoen. Talderen bat edo badabil —bazebilen, gutxienez—, baina ikusi ahal izan nuenez, haien aldean Tuterako ikastolako koadrila lobby bat da. Margoti galdetu nion. Okzitanieraz mintzo? Okzitanieraz, zer? Margotek halako soako bitxia egin zidan, galderari tokiz kanpokoa iritzirik-edo. Bere aiton-amonek baietz, gurasoek pittin bat, berak ezer ez. Baina, oroz gain, galdera zertara zetorren, ez baitzuen batere ulertzen. Euskaldunek jada zerbait irabazi dute, pentsatu nuen nire kolkorako. Gainera bitez nahi diren arrazoi historiko guztiak. Margotek ez zuen ulertzen. Eta ez zuen ulertzen, ezta ere, mundu aurrean nire euskaldun agertu nahia. Berak nola uztartzen ahal zituen hainbeste graziarekin laborariaren manera lañoak metropoliaren alaba erabatekoaren mentalitatearekin nik ulertu ezin nuen bezala. Gure bi herriak urruntzen dituen 4-5 orduko bidaia itsasoa zen.

        Mundu aurrean nire euskaldun agertu nahia. Imajinatzen ditut —ikusiko banitu bezala imajinatu— batzuen begirada harrituak, bestetzuen soako maleziazkoak, askoren ezin ulertua, bat baino gehiagoren gorroto disimulagaitza. Nork esan du, non dago idatzita, ezin daitezkeela nazio-sentimendua eta iruzurgile profesionalaren interesa uztartu? Aitzitik, ez al dira nazio-egileak —paella-egileak— iruzurgile profesionalik handienak izan? Orduan, zertara datoz aurpegi horiek? Zer da, zer du, bada, iruzurgile izatea barkatzen didala munduak, baina ez didala euskalduna barkatzen? Zer bekatu konfesaezin darama bere baitan euskaldun izan nahi horrek, nire borondatearen nahi guztiak, baita zeken eta gaiztoenak ere, aldez edo moldez onartzen zaizkidala, eta hori, hori hain zuzen, ez? Gure behialako militantzia kakazten profesionalki jarduten dutenek dualismoaren arabera zatikatu gaituzte: ala anormalak ginen, sexualki ezinduak eta apaiz fundamentalistak, ala azkarrak, erabakigarriak eta Historiaren heroiak. Eta dualismo horren arabera eraiki dute Albitarren Gurutzada bere gisakoa: lehen sailekoak kondenagarriak dira, barregarriak, albora utzi beharrekoak. Bigarrenekoak, ostera, gizartearen zuzendari izatea merezi dutenak. Bigarren hauek, noski, eta azkarrak, aurrerazaleak eta justuak zirelako, preseski, aspaldi lurperatu zuten euskaldun nahi zoro hori bide-bazterrean. Inperioaren aldeko xaxatzaile profesionalak ez dira konturatu, ez dute jakin, bi mutur horien arteko tarte zabalean asko gelditu garela, inoreztatu dute tartean dagoen oro. Lur errea iritzi diote. Ez ginela santuak edo apaizak, ezta heroiak ere. Bizi nahi dugula, besterik gabe, matrakarik gabe, ahalik eta ondoen, baita eskrupuloak alde batera utzi behar badira ere. Ez dute kalkulatu halako batean atera genitzakeela geure bandera zaharrak, gure trapu zikin adabakiz josiak, gure gezi, azkon eta ezkutu matxuratuak, honezkero haiek bezalako eskasak beste inor beldurtzen ez dituztenak. Bazterrak nahasteko eta inkomodatzeko, beren xurikeria jasanezina izorratzeko baino ez bada. Nork sinets litzake, egun, gure kontsigna zaharrak? Nik ez, bederen; ordea, sinesten dut oraindik euren hipokrisia interesatuaren eta euren koldarkeriaren aurka borrokatzeak zentzua badukeela; horrek, horrek bakarrik egiten ditu eder gure trapu zaharrak. Ez naiz nire borondatearen jario nazional horren kariaz odola emateko gerturik dagoen gudaria, baina identitate bat behar dut mundutik zehar ibiltzeko, eta toreatzailea naizela uste dutenekin nazka-nazka eginda nago, potroetaraino nago, Frantzian pasatu dudan denbora guztian, etengabe flamenco ez dudala kantatzen azaldu behar izateaz.

        Ez nekien euskaldunek unibertsitatea zeneukatenik. Hitz horiekin ekin dio Cartailhac andreak elkarren arteko solasari, oraino elkarren bostekoak astintzen ari ginenean, eta ahotsaren tonuaren inflexioaz bakarrik ederki aski eman du aditzera benetan zer esan nahi duen, ez nekien euskaldunek, bonba jartzeaz aparte, beste ezertaz jarduten zenutenik. Nire irribarrerik xuriena eskaini diot. Badakizu, euskaldunak burugogorrak gara. Gure hizkuntza interesatzen zaigu. Zuei ez? «Je vous fait un poutou», idazten zion Henri txikiak bere amari, artean zortzi urte baino ez zituela. «Musu bat, amatxo». Musu, pa, pot. Poutou delakoa ez da baiser, baina. Okzitanoa da. Beste batean lehengusinari idazten dio bere txoriei buruz. «J'espère avoir des cagonits», diotso. Umeak izatea espero duela. Baina cagonit hitz okzitanoa da, herrikoia, afektiboa, markatua. Hankagorriren bat edo espero duela, txoriei buruz zilegi bada hala esatea. Kasu, baina: «Il ne faut pas 'canta aband d'avé fa l'iovu». Erran nahi baita, okzitanoz ez eta frantses batuaz paraturik: «Il ne faut pas chanter avant d'avoir pondu l'oeuf» [17]. Hori guztia aspaldi joan zen, esan du Cartailhac andreak, amatasunezko tonu faltsuki amultsu haren azpian gorde den herra eta beldurra ezin erabat menderatuz. «Henri gazteak bere frantsesa marka okzitanoekin nahasteak bere jatorri hegoaldetarra frogatzen du, bere kultura okzitanoa, herriko jendea tratatzen zuela, mirabeak («les domestiques»), Cèleyranen langileak eta enplegatuak» [18]. Are, «idatzian horrelako markak uzten bazituen, pentsatzekoa da mintzatuan marka hauek are eta handiagoak izango zirela». Euskaldunek zerbait badakite honetaz. Ez da hainbeste denbora Albiko alkate batek hitz horiek idatzi zituela. Jakina, jakina —Cartailhac andreak ni lasaitu nahian edo—, geuk ere ez dugu gure iragana ahazten.

        Henri Toulouse-Lautrecen jatorri okzitanoa gogorarazten zigun Albiko alkate jatorra, Michel Castel hori bera da ondorengo hitzak ere idatzi zituena Toulouse-Lautrecen omenez eginiko jardunaldi batzuen aurkezpen gisakoan: «Batere zalantzarik gabe, Henri de Toulouse-Lautrecek eduki ez balu osasun makala eta hezurrak hautsi izan ez balitzaizkio, ez zatekeen gaur bildu gaituen artista sortzailea izatera iritsiko». Beliakoven hitzak etorri zitzaizkidan gogora —«Horien arabera, artea ahul, itsusi, gaixo, anormalen kontua da. Ezagutzen al duzu hori baino ideia faxistagorik?»—. Albiko alkatearen hitzak irakurri eta berehala etorri zait burura Iruñeko alkate ohi batek urte gutxi direla —alegia, alkate zela— esan zuena bere bakantzei buruz: «Libururik? Ez horrelakorik! Ni ez naiz bakantzetan sekula aspertzen». Alkatea beti alkate. Horra hor Europako Batasunaren egingarritasunari buruzko zinezko adibide bat.

        Cartailhac andrea zer iruditu zaizu Bilboko Guggenheim Museoa galdezka hasi zitzaidalarik konturatu nintzen lehen asalto hori, aurkezpenarena, alegia, irabazi nuela, zoro arriskutsu bat zeukala aurrean sinesten hasia zela, baina arriskutsua zoroa zelako, ez inola ere bere industria kaltetuko zuen jukutriaren bat egiteko inolako asmorik edukiko zuelako; hau da, bere lepoa nire eskuz inguratu eta itotzeko tentazioa eduki nezakeela uste zuela, eta alde horretatik ematen niola beldur apur bat. Hala zela konprenitu nuenean humanoago agertzeko gogoa egin zitzaidan, kasik beharra sentitu nuen humanoago agertzeko. Baina beste barneko indar batek paper hari etekina ateratzen ahal niola esaten zidan, eta eusteko, eta areagotzeko nire aire obsesibo horiek, eta orduan honela erantzun nion: Bilboko Guggenheim? Gizakiaren handinahi arranditsu absurduaren azken adibidea, gure dekadentzian barna edonork uste lezakeen baino azkarrago abiatzen garelako seinale garbia.

 

        [17] Herbert Schimmel: Toulouse-Lautrec - Correspondance. Art et artistes, Gallimard, 1992. Ikus 6, 26, 146 zenbakiko gutunak. Azken hau, hitzez hitz, ez dela kantatu behar arrautza errun baino lehen. Ihizia hil aitzin jaleak gonbidatu, edo hartzaren larrua bera dabileno saldu, alegia, oso oker ez banago.

        [18] Hauxe jakinarazten digu Michel Castelek, Albiko alkateak, 1992ko maiatzean egin ziren jardunaldien hasierako hitzetan (Actes du colloque Toulouse-Lautrec), goiko estilokoen esaldi sail bat eskaini eta gero.