Camembert helburu
Camembert helburu
1998, saiakera - nobela
292 orrialde
84-86766-87-7
azala: Xabi Alonso
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1995, nobela
 

 

Homo homini lupus

 

Preso izan dena ez da sekula erabat bergizarteratzen. Ez da sekula lehenera itzultzen, gizartearekin, pertsonekin eta gauzekin dituen harremanak ez dira sekula lehengoak izatera bihurtzen. Galdu egin dut esan dezake, agian, preso izan den batek, baina ezin onar dezake galdu egin naiz bat. Izan denaren, sinetsi duen fedearen eta amestu dituen kimeren puskak bildu, hala edo nola itsatsi, eta aurrera egiten du puskekin osatu den irudiaren nolakoari gehiegi erreparatu gabe. Bizirik irauteko kontua ere bada. Dashiell Hammettek hainbatero atea ireki-itxi behar zuena idazten zizun preso izaniko bati karakterra, nortasuna eman nahi izaten zionean. Atea ireki behar izaten zuen libre zegoela baieztatzeko, alegia. Baliabidea, baliabide literarioa, eraginkorra eta konbentzionala da, baina errazegia. Gauzak nahasiagoak dira, inondik ere, atea ireki eta ixtea ez ohi da nahikoa. Ezin onar daitekeen galdu egin naiz horrek aldaketa sakonagoak sorrarazten ditu. Norbera mundu bat da, baina, orokorrean, gutxi dira etxean gelditzearekin konforme ageri direnak. Besteak beste, batek baino gehiagok ez duelako ezta gelditzeko etxea ere. Eta bazuenetako asko, horregatik egin zuelako egin zuen guztia, etxean ez gelditzeko. Ché izatearen ideiarekin biziki gozatu ginen, baina ezinezkoa gertatu zitzaigun. Rimbaud izateko tentazioa ere handia zen, baina hau ere, arrazoi asko direla tarteko, ez da hain erraza. Agian Hammetti bere presoak ez zirelako politikoak zitzaion egoki atearen ireki-ixte hura preso izan denari nortasuna emateko, politikoak ez zirelako, gizabanakoak baizik, gizartea —zer esanik ez politika— bigarren mailako zera delako bere liburuetako presoen mundu hartan. Baina iskanbilak belaunaldi oso bat harrapatzen duenean, eta belaunaldi horrek frustrazioa baizik ezagutzen ez duenean, paisajea belztu egiten da. Frustrazioa baizik ezagutu ez duen belaunaldia, azkenik, arriskutsu eta deseroso bihurtzen da mundu guztiarentzat; bere kide izan direnentzat, bere proiektu politikoaren kontrarioentzat, kartzelara eraman zuen proiektu politikoaren alde segitzen dutenentzat, baita proiektu politiko horrek sortu dituen dinamiken inguruan, preso ez erori arren, saiatu direnentzat ere. Bere buruarentzat berarentzat ere bihurtzen da deseroso eta arriskutsu, ez gutxitan, Vietnamgo beteranoek harrapatu duten mailara ez iritsi arren —hau da, supermerkatu batean sartu eta hogei lagun kalitu kolpe batez—, guzti-guztientzat bihurtzen dira arriskutsu. Erosi ezean. Hagitz ale gutxik egiten dio ihes eskemari.

        Vázquez Montalbánek askoz egokiago adierazten du Hammettek baino, edo egokiago zaigu guri: bizia aldatzeko proposamenak, Rimbauden araberakoak, eta historia aldatzekoak, Marxen eta besteren araberakoak, itsutu ninduten, eta nire bidaia intelektual eta kultuaren hondarrean, bai biziari eta bai historiari zilegitasuna ematen dien etengabeko ankerkeriaren motorra deskubritu nuen. Onena errealitatearen itxurarekin konformatzea da, eta itxura horren alderdirik ederren eta plazentenak aukeratzea. Halaxe mintzo dira Montalbánen pertsonaiak. Haatik, ez zaigu nahikoa; jakina, Montalbánen pertsonaiek, burgeskume handi eta iraultzaile damutu horiek, diseinuzko altzariak dauzkate euren etxe familibakarrekoetan, eta guk izenez ere ezagutzen ez ditugun markak kontsumitzen dituzte bizitzak kontsumitzeko aukera ematen duen orotan. Ez dira sekula preso egon, gehienez ere ostia pare bat jasan behar izan dute, eta euren iraultza liburuetan zegoen, Charles Eames besaulkietan irakurtzen zituzten liburuetan. Prometeok jainkoei sua kendu gizonei emateko bezala, haiek hizkera kendu diete langileei aitaren etxera itzuli aitzin. Orain hitzarmen kolektiboa erabateko abantailazko jarreratik kudeatzen dute: ez dira bakarrik produkzio bitartekoen eta kapitalaren jabe (edo kudeatzaile), beren langileen hizkeraren jabe ere badira. Zer egin lezake sindikalista zailduenak halako hidra, halako marmoka baten aurrean?

        Gu mila bider apalagoak gara, eta Montalbánek txaketazoaren kultura adierazteko baliatzen duen moduak hein batean baino ez digu balio; gurean gutxik, oso gutxik zeukan administrazio-kontseiluko jesarlekua zain aitaren etxera itzuli zenean. Guk, gutariko askok, gutariko distirant, kultu eta prestatuenek, zeukaten guztiarekin pasatu behar izan dute etsaiaren lerroetara. Guztiarekin diot, zeren, hain baitzen gutxi saltzeko zeukatena ezen etsaiak ez baitzituen bere lerroetan onartuko guztiaren truke ez bazen. Eta horregatik, Ché ñimiñoak, Rimbaud miniaturazkoak izatetik, miserable itzelak izatera pasatu ziren, eta putakume ez nolanahikoak: handi ala txiki, denak tamainak ematen zien luze-zabala osoan putakume, energia-gramo bakar bat ere alde batera utzi gabe; potentzia gutxiko autoak, bai, baina motorrak ematen dien abiada guztian lantzatuta, semaforoak eta zirkulazio-kodeak ezertarako ere errespetatzeko asmorik gabeak, are eta gutxiago badakitelarik edozertarako bula badutela, norabide egokia asmatzeko baldintza bakarra betez gero. Montalbánen txaketista batek erdeinuz begiratu diezaioke Estatuaren edozein zerbitzari apali, bai baitaki bera eta bere klasea horrelako troparen gainetik badagoela. Gureetako batek behetik begiratzen du beti, eta ama ere salduko luke El Paísen orri erdi bat eskuratzearen truke. Gure belaunaldiak nagusiaren zaldia uhaletik helduta behorra estaltzera daraman morroiak produzitu ditu.

        Ale gutxi libratu da, gutxik eutsi dio gutxieneko duintasunari; edo, beharbada, ez hain gutxi. Asko izatea ere litekeena da, baina berdin da: asko edo gutxi, bizien mundutik desagertu dira, ez dira inor, ez daude inon. Ni neu, tropa horretan, zintzoenetakoa naiz, edo halakotzat daukat neure burua, eta ez da harrigarria, inork ez duela bere buruaren kontra zertan deklaratu dioen printzipioa jeneralki onartzen den ber. Bizimodutzat hartu dudan lapurreta-klasea denetan ohoregarrienetakoa zait, eta badakit zertaz mintzatzen ari naizen. Imanolez denaz bezainbatean, eta egin didan alukeria egin ondoren, neure zalantzak badauzkat. Orain ez naiz hasiko inozoarena egiten; badakit Imanolek alukeria asko egin ditzakeela, egin egiten dituela, alukeriaren arabera eta inguruan montatu duela bere industria, baina ez nuen sinetsi nahi neroni ere txanda iritsiko zitzaidanik. Imanol zeharo espabilatu zen Sadar futbol zelaian egin genuen ekintza baten ondoren. Erakundeak eskatu zigun mezu bat zabaltzea futbol zelaiko megafoniaren bidez. Gu Osasunak partida eduki baino aste bete lehenago joan ginen, Promesasek jokatzen zuenean, hain zuzen, tokia ikuskatzeko, megafonia bera non zegoen ikusteko, zaindaririk ba ote zegoen jakiteko. Ederki, esan genuen bueltan, hau haur bati karameloa kentzea baino errazagoa duk. Aste bete geroago lehenak iritsi ginen, autoa toki ederrean utzi genuen. Partida hastear zegoela, megafoniatik hamaikakoak, eresia, iragarkiak eta horrelakoak botatzen dituztenean abiatu ginen. Jakina, aste bete lehenago mila pertsona edo egongo ziren Sadarren, baina lehen taldea ikusteko hogei mila lagun inguru elkartu ziren. Ez genuen detailetxoa aintzat hartu. Autobusean eta ordu gorietan bezala ibili behar izan genuen, megafonia eta prentsarako kabinetara iritsi ginenean. Imanolek pipa atera zuen eta aginduak ematen hasi. A zer nolako iskanbila. Mojak ere baziren, baita mojak ere, konturatu haiz?, esaten zidan Imanolek minutu batzuk geroago, artean ekintzak sortu adrenalina-jarioa eten ez zela. Konturatuko ez nintzen, ba. Horixe konturatu nintzela, udaltzainen moduan ibili behar izan nuen-eta: zuek, mesedez, kendu hortik, bestela nire lagunak ezin dezake kaseta bere tokian sartu. Ea, moja horiek, etorri pixka bat ezkerretara, bestela haur horiek zanpaturik geldituko dira kristalaren kontra. Eta horrela. Baina txarrena izan zen ihesari eman genionean; seiszientosa aste bete lehenago utzitako toki berean utzi genuela, oso toki eroso eta egokia zelakoan. Baina, bigarren hartan, hogei mila pertsona gehiago zegoen modu berean, hamar mila auto gehiago ere bazegoen, eta gure seiszientosa, hain toki ederrean aparkaturik utzi genuen hori, milaka autok inguraturik zen, toki guztietatik, ur-tanta bat itsasoaren erdian bezala. Erretirada moztu zigutek!, egin zuen oihu Imanolek, pipa partida ikustera berandu joandako baten autoko leihatilatik sartuz. Hain modu dotorean osturiko auto hartan egin genuen hanka. Zin egiten diat ez nautela berriz tonto moduan harrapatuko, zioen Imanolek, zin egiten diat. Harrapatu zuten tonto moduan beste askotan, baina, denborarekin, hobetzen joan zen, eta esperientzia-klase horrek ematen duen norberaren larruarekiko atxikimendu izugarri indartsu horren jabe egin zen, norberaren larrua garrantzizkoena dela, norberaren larrua salbatzearen truke edozer sal daitekeela aise erakusten duen atxikimendu horren jabe bazen. Alegia, larritasunean Imanolek ez zuela ni saltzeko hainbeste eskrupulorik ibiliko.

        Orain badakit zer esango didan erasoka hasiko natzaionean. Lasai, Enekoitz, lasai, esango dit, ez huen nahi izango Ismael Ispizuarengana nerau joatea, ezta? Badakik porkulo hartzera bidaliko ninduela, are, badakik Ismael Ispizuak munduan gustukoen eduki dezakeen gauzetariko bat ni porkulo hartzera bidaltzea izango dela, ezta? Ez nioan gustu hori eman nahi. Harrigarria egiten al zaik? Nik ekingo diot ostera, baina, nola liteke, ez duk posible, margo horiek Ispizuari eskatzeko horrenbeste buelta, horrenbeste itzulipurdi, ez duk posible. Berak, niri ez eta hiri bai, hiri eman egingo dizkik, niri ez zizkidaan emango, horra. Ispizuak uste dik saldukeriaren itsasoan egiten dudala igeri, niri ez zidak sekula mesede bat egingo. Hiri bai, hi bere adiskidea hintzen barruan, eta ondoren ere adiskide izaten jarraitu duk, Sanferminetan mozkortu zarete askotan, Sanferminetako mozkorrek asko elkartzen diate, hi bere kuttuna haiz, bere napar kuttuna, napar kuttun bat edukitzeak laguntzen baitio erreketeekin aberria egin daitekeela sinesten, eta Ismak sinetsi behar dik, Ispizuari sinesmena kentzen badiok, akabo Ispizua. Ispizuak itsasoa badik, nik. Itsasoa? Itsasoak bertan galtzeko, itotzeko baizik ez dik balio. Txibitara joateko, gehienez ere. Ikusten? Ikusten? Hi bere adiskidea haiz, eman egingo dik. Hik bere margoak hartu, afaltzera gonbidatu eta gero arte, margoak Parisera eraman eta kitto, ez zegok arazorik. Hire partea hartu eta alde. Kexatuko haiz, gainera. Imanol, mekaguendios, ziria sakatzen ari zaizkidak, ez zekiat nola, ez zekiat nondik, baina ziria sakatzen ari zaizkidak. Imanol, hik zer eraman duk, hi noren alde hago? Ni? Nik zer jaso? Ezer ez, motel, huskeria bat, nik komisio bat jaso diat Madrilgo bilera antolatzeagatik eta hirekin kontaktua egiteagatik. Eta Madrildik Zumaiara joateko Paristik eta Albitik pasatu behar al nian? Tira, Enekoitz, ez hadi paranoiko jarri: zuzenean esan izan banu, hoa Zumaiara eta eskatu Ispizuari Zuloagaren pintura-fabrikatik hartu zituen koloreak okerrago izango huen, orduan ez hintzen geldirik egongo asunto guztia zertan zen jakin arte, orduan ez huen hatzik mugituko zer egosten ari huen enteratu arte, aitortu ezak. Honela hobe huen denentzat. Hiri laguntzeagatik egin diat, pagotxa ederra bilatu diat, orain ez haiz hileta jotzen hasiko, ezta? Bai, pagotxa ederra, espero dezagun ederregi ez izatea.

        Ongi gogoan dut Ismael Ispizuak noiz eta nola kontatu zidan zer modu bitxiz egin zen Ignacio Zuloagaren Zumaiako pintura-fabrikan zeuden azken hondakinen jabe.

        Zuloagak, zaharrak, 1925ean erosi zuen Larramendiko finka. Hantxe jarri zuen Antoniok, semeak, pintura-fabrika. Berak jarri, edo aitak berarentzat jarri, nahiago bada. Antonio paristarra zen, Sorbonan Kimika ikasia, apareju ederra. Esaten dute aitak semea lanean jartzeko-edo paratu zuela pintura-fabrika, eta hemengo lur-saila eta etxeak gertuagotik zaintzeko. Egia esan, mutilak Paristik zuzentzen omen zuen fabrika, eta hona gutxi batzuetan baizik ez omen zen etortzen. Pintura-fabrika, antza denez, ongi ibili zen hainbat urtez; dudarik ez da koloreak egiteko tresnak, materialak eta abar, baita lehengaiak ere batzuetan, Frantziatik ekarriak zirela. Teknikak ere Europan garai hartan erabiltzen zirenak ziren; ikusiko duzu, nahi izanez gero, eskuliburu eta manual-saila. Frantsesez dira gehienak, baina badira ingelesez idatziak, eta baita alemanez idatziak ere. Egia esan, hortik zehar entzun edo irakurri dut pintura-fabrika jarri baino lehen makina bat saio egin zutela aitak eta semeak. Aitak probatu egiten omen zituen bere obretan. Normala, ezta? Nik dauzkadanak —batzuk, ez denak— pintura-fabrika ireki baino dexente lehenagokoak dira, 1920 edota lehenagokoak ere. Fabrika 1930ean jarri zuten martxan.

        Ispizuak konfiantza bazuen, bazidan. Ispizua bezalakoek konfiantza handia dizutenean baizik ez dizute horrela hitz egiten. Ispizua bezalakoekin, bestela, konfiantzarik ezean, jai daukazu. Jai daukazu esaten dudanean begirada isil, trufa ezkutu, aho-korapilo eta asmakizun ugari esan nahi dut. Iniziatu eta arituentzat asmakizun bihurturiko kontu zahar asko. Irristakorra, harrapagaitza, kriptiko eta iluna da Isma, nahi duenean: «Urik balego, ardoa edango, urik ez denez, ura edan behar». Holakoak botatzen dizkizu eta hor uzten zaitu, harrapa ezak hori.

        Ismak bazekien arte-gaiak saltzeko denda paratu berri nuela, eta elkartu ginen batean kontatu zidan Zuloagaren negozioa. Niri traba baizik ez dit egiten. Agian zuk... Orduan ez nizkion hartu, baina galdetu egin nion. Zer daukazu, justu?, moztu nion. Hogei zapata-kutxa beirazko poto txikiez bete, poto bakoitza bere pigmentuarekin; linazi-olioak, lehortzaileak, liburutegiaren zati handi bat, kartelak, gutunak, Antoniorenak eta Ignacioren ale bat edo beste ere bai... Nola lortu zenuen?

        — Zuk ere ezagutzen duzun zulo hartatik atera nintzenean, urte mordo bat dela, banituen proiektu zoro samar batzuk —erakusketak antolatzea, bertako produktuak eskaintzeko toki bat edukitzea, eta horrelakoak—. Proiektuok aurrera eramateko ezinbesteko zitzaidan lokala. Zuloagatarren finkako pintura-fabrika han zen, ez zerurako ez lurrerako, erabilpenik gabe, alegia. Ondorengoei eskatu egin nien; ilobari, zehatz esanda. Utzi egin zidan. Urte batez edo pentsatutako proiektu batzuk aurrera eraman nituen. Baina halako batean bota ninduten, pintura-fabrika luxuzko jatetxe bihurtzeko asmoa bazegoelako. Jatetxe bihurtzeko aitzakian hango guztia zakarrontzira botatzen hasi ziren, edo erretzen: liburutegia, pintura fabrikatzean erabiltzen zituzten makinak eta tresnak... Ikaragarria zen. Kamioia hartu, etxabe bat alkilatu eta dena eramateko tentazioa eduki nuen. Baina ez nuen egin. Gustagarri iritzi zein eramangarri ziren gauzak etxeratzeko beste erreflexu eduki nuen; izan ere, izugarria iruditzen zitzaidan hango ondare hura zakarrontzira botatzea edo erretzea, ez zitzaidan buruan sartzen.

        Paol mutur berritik urari begira gaude; Domingo Agirrek deskribatzen zuen Arranondoko eszena horietako baten partaide garela iruditu zait. Rolak, baina, ez daude hain garbi. Ispizuarena bai, agian; zein da nirea, ordea?

        — Zabarrak gara, zabarrak garenez, —zioen Ispizuak—. Hau egiteko 2.000 milioi gastatu dute, eta barrako sarrera beti bezain gaizki dago. Gogoan al duzu «urik balego, ardoa edango...» leloaren kontu hura? Zumaiakoa «mareanteen kofradia» edo zen, hau da, mareen arabera arrantza egitera ateratzen zirenena. Portuan sartzea, sartu ahal izatea, marearen araberakoa izaten zen, baita ere. Barrako sarrera beti izaten baitzen txarra, eta marea beheretan ezin izaten zen portura sartu. Marea behean iristen ziren koitaduek zain egon behar izaten zuten hainbat ordu, marea gora iritsi eta nahikoa ur bazegoen arte; hortik esamoldea: urik balego —portuan sartzeko— ardoa edango —portuan—; urik ez denez, ura —ontzian— edan behar. Porturako gogoa ekarriko zuten, noski. Abisatu egin genuen, baina kia. Obra guztia egin eta sarrera beti bezala dago.

        Pazientzia pixka bat edukiz ulertzen ahal zaie. Baina, pazientziaz, edo, hobe esan, pazientzia faltaz ari zitzaidan Ispizua, hain justu ere.

        — Haiek itxoin egin behar izaten zuten, eta itxoin egiten zuten, eta igarkizunak, asmakizunak, esaerak asmatu. Gaur egun alferrik da; gaur egun behar guztiak sortzen diren une berean asetu behar dira; dena da premiazkoa; dena da oraintxe bertan egin beharrekoa, eta ez du inporta zer prezio ordaindu behar den horretarako. Gero eta absurduagoa iruditzen zait oraingo munduaren martxa. Zahartzen ari ote naiz?

        Txundituta gelditu nintzen Ispizuak Zuloagarenetik hartu zituen liburuak ikustean; izan ere, Parisen bertan ezin aurkitu ziren margoa egiteko eskuliburu batzuk baziren. Eskuliburuez aparte, liburuetan, nik Francisco Pachecoren 1641eko Antigüedad y grandezas de la pinturari eman nion begia, hasiera batean. Baina bazen gehiago. Antoine-Joseph Pernetyren 1757ko Dictionnaire portatif de peinture izeneko ale bat. Eta halako makinatxo bat. Pigmentuak zapata-kutxetan zeudelakoa egia zen. Horietako bakoitzean berrogeita hamar-hirurogei bat beirazko poto txiki zegoen, bakoitzak kolore jakin bat egiteko hautsak zituela. Kutxa bakoitzean zenbat poto, hainbat kolore bakar eta jakin baten aldaera zegoen. Horrela, berrogeita hamar hori, gorri, berde ezberdin zeuden kutxetako bakoitzean. Kolore bakoitzaren tonu eta ñabardura guztiak. Thierryri materiala erakutsi nionean, bota zuen lehen begiradan atzeman nion pigmentuez baliatu ahalko zela, hauts horiekin margoak egin ahalko zituela, nekez eutsi baitzion harridura eta emozio biziari. Hori kolorearen kutxan kadmioa bilatu zuen berehala. Baita aurkitu ere. Hori kadmioa, dio beirazko potoaren gaineko etiketa txikiak. 1906 urtea. Berundun lehortzaileak aurkitzeak ere oso zoriontsu egin zuen.

        Ismari ordaindu nahi izan nion, baina ez zuen dirurik hartu nahi izan. Aitzitik, bere etxera gonbidatu ninduen. Bere emazte Arantxa eta seme-alabekin bazkaldu nuen.

        Normalean ez nuen bazkari hartako berri emango, ezer berezirik gertatu ez zelako. Bazen aspaldi elkar ezagutzen duten eta aspaldi elkarrekin egoten ez diren hiru lagunen solasaldi arrunta, etxekoa, horretan daudenentzat baizik batere interesik ez duena. Ezer esaten badut bada ni lasai eta bare nengoelako, baso bat ardo zuri eskuan, Ismaren txikienaren buruari fereka eginez, distraiturik, ardoak eta giroak pixkatxo bat lokarturik bezala, aspaldiko kontuak berritzeak eta aspaldiko ezagunen bizitza interesik gabeen berri entzuteak ematen duen poz ergel hartan murgildurik. Solasaren haria bihurria zen ordurako. Arantxa medikua da eta ari zen bere eri baten xelebrekeriak errepasatzen. Hasieran ez nion kasu handirik egin, baina arreta pixka bat jartzen hasi nintzaion Arantxaren eri horrek ez zuela inoiz txapela burutik kentzen bigarren edo hirugarren aldiz entzun nuenean. Eta belarria tente, erabat tente jarri zitzaidan bere berbaroaren erdian niretzat hitz-gakoa zena aditu nionean: Lupus. Zeeer?, asaldatu nintzen. Arantxak ezin zuen ulertu zergatik eman nuen jauzi hura. Lupus, esan zuen berriz, berezkotasun guztiarekin, halaxe deitzen genion txapela sekula kentzen ez zuen gaixo hari. Lupus larruaren gaitz baten izena da. Zergatik uste duzu, bada, ez zuela txapela burutik sekula kentzen? Gaixotasunak buruko larruan egin zizkion txandrioengatik, horrexegatik.