Camembert helburu
Camembert helburu
1998, saiakera - nobela
292 orrialde
84-86766-87-7
azala: Xabi Alonso
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1995, nobela
 

 

Home, sweet home

 

Etxera iritsi nintzenean aurkitu nuen lehen gauza Cristinaren oharra izan zen. Hala zioen: «Mutil bat ezagutu dut. Ez naiz zurekin itzuliko». Gaztak gorde nituen, arropa zikina ikuzgailuan sartu nuen, dutxatu egin nintzen. Ez zen Cristinak utziko ninduelakoa egiten zuen lehen aldia. Baina zerbaitek erakusten zidan oraingoan ez zela aurrekoetan bezala. Mezua laburregia zen, uztearen eszenaratzea oso urria zen: lehenagoko errietarik gabe, «lau egia» kantatu ahal izateari zirrikiturik utzi gabe. Gero mutil bat ezagutzearena zegoen. Hori guztiz berria zen, eta nahikoa ezagutzen nuen Cristina, nahikoa ezagutzen genuen elkar, jakiteko gure artean, nerabeen jeloskorkerietan aritzeko tentazioak oro sobran zeudela. «Mutil bat», gainera, ez «gizon bat». Arratsalde hartako planak zapuztu bazizkidan ere, kiroltasunaren alde egin nuen. Oso ongi, Cristina, oso ongi egin duzu, zorte ona opa dizut. Oraintxe demostratu duzu oraindik bizirik zaudela. «Mutil bat»? Nor izango zen inozoa? Ez nion telofonoz hots egin nahi izan. Mintzatuko ginateke hurrengo egunetan, ikusi egingo genuke. Une hartan, hala ere, oharrak pixka bat ernegatuta utzi ninduen, etxeko sarrailan giltza sartu orduko banuelako pentsatuta afaltzeko menua, banuelako pentsatuta Cristinarekin konpartitzea afaria, banuelako pentsatuta gero, akats handirik ezean, berarekin oheratzea. Denbora luzexka etxetik kanpo egon denean horrelako arrats bat pasatzea nahi izaten den gogoarekin desiratzen nuela hori guztia.

        Ez nuen bakarrik afaldu nahi eta Zederruni hots egin nion, baina inork ez zuen erantzun. Kalera irten nintzen dendak itxi baino lehen.

        Edozeinen esku ez dagoen plazer gorena da udaberrian, gure herrian —gure herritik kanpo, nekez— jan daitekeen menu hau dastatzea. Herriminak bultzatuta, prezioaz zein dekorazioaz harribitxi-denda dirudien arrandegi batera joan nintzen eta kilo bat antxoa erosi. Zaharrek-eta errekako amuarraina jarriko zuten nik orain antxoa jartzen nuen tokian, eta, alderdi gastronomikotik, erabat ados nago. Baina errekako amuarraina lortzea zaila da, errekako amuarrainak piszifaktorietatik errekan libre utzita izaten direla kontuan hartu gabe. Hortaz, neure antxoak hartu eta parte zaharreko denda txiki baino ongi horniturik den batera abiatu nintzen, gure basoetako diamantearen aleren bat edo bazuten ikusteko asmoz. Pozaren pozez ikusi nituen perretxikoak erakusleihoan; perretxiko ez nolanahikoak, ez, hainbatek udaberriko ziza edota maiatzeko ziza ere deitzen duen hori baizik, ahogozorik sarkorren eta jatorrizkoenen duen ziza hori, haurtzarora itzultzen nauena. Dasta ezazu, esan zidaten kasik haurra baino ez nintzela, baso-zati bat jaten ari zarela dirudi. Kilo erdi bat erosi nuen. Ikusten zen udaberria on zetorrela zizatarako, 16.000 pezetatan kiloko saldu baitzidaten, bakarrik. Lehenak dira, jakinarazi zidaten. Hala behar zuen, egutegiari begira bederen. Hiru kilo zainzuri fresko ere sartu nituen poltsan. Bestea basoko diamantea bada, zainzuria gure alorretako urre zuria. Erronkariko gazta-puska bat ere hartu nuen, badaezpada, eta, halako menu argi, xume eta xamurrak ardo alai, fresko garden eta gaztea merezi duelakoan, Ruedako sei bonbilla ardo zuri erosi nituen, etxean oina jarri orduko hozkailuan sartu nituenak. Horrela horniturik, ez nion inori —inori ere ez, gero—, afariaren inbidiarik. Baina, bakardadea ongi eramanagatik, ez nuen bakarrik afaldu nahi. Zederruni hots egin nion berriz. Oraingoan harrapatu nuen. Zederrun, esan nion, etorri merendatzera. Ekarri hire arreba, nahi baduk. Bat zor dizuet. Hasieran ez zuen nahi, baina ez nion ezetza onartu. Orduan aitzakia ergelak ateratzen hasi zen. Zederrunek ez zekien gezur esaten. Moztu egin nion. Orduan, egia al zen maitemindua hintzela? Esaiok hire kuttunari etortzeko, baita ere, horrela ezagutuko diat. Menuaren apologia sutsua egin behar izan nion, bestela ezezkoan iraungo zuen tinko. Ongi portatuko nintzela zin eginarazi zidan erabateko baiezkoa eman baino lehen.

        Sukaldean lanean jarri baino lehen disko bat paratu nuen. Laboaren bat aukeratzekotan egon nintzen, baina baztertu nuen ideia; izaten ari nintzen herrizalekeria-atake eta guzti, Laboa gehiegizko zatekeen; Unamunok, gazte eta abertzalea zenean ere, ez zukeen horrenbeste jasango. The Kinksen bat aukeratu nuen, rock & rollerako galdu den belaunaldi batekoa izaki, berandu bazen ere ale gutxi batzuk erreskatatu ahal izan zituen taldearen omenez. Ruedako bonbilla bat ireki, ur eta izotza zituen kubotxoan sartu, eta antxoak jada garbituei hezurra kentzeari ekin nion, eltze bat ur gatzarekin berotzen jarri eta gero. Antxoa garbiak eta hezurrik gabeak zilarrezko liburutxo irekiak bailiran ezarri nituen paperezko zapia zuen plater handi batean; ura irakiten hasi zenean zainzuriak bota nituen bertan, saltzaileak zurituta eman baitzizkidan. Sortatan artilezko hari batez lotuta sartu nituen, puntak gora begira. Perretxikoak azken momentuan egingo nituen; zartaginean oliba-olioa berotu —ez epeldu, ez kiskaldu ere—, perretxikoak hantxe bota, minutu batzuez eginarazi, ondoren arrautza pare bat, hiru agian, bota, bertan gorringoa egurrezko koilaraz apurtu, eta arrautza sobera mamitu baino lehen sutatik atera. Gatz pixka bat eta perrexila eman, eta jan. Mahaia ere prestatu nuen, mantel eta guzti, eta ardorako neuzkan koparik onenak atera. Ordurako Ruedako bonbilla erdi husturik —edo erdi beterik, horra betiko zalantza— zegoen, The Kinksek Lola abesten zuten; nire inguruari begiratu nion eta kopa altxatu nuen; denbora joanaren alde, galduriko lagunen alde, nire odolkide joandakoen alde, ilusio puskatuen alde eta behialako inozentzia urratuaren alde edan nuen. Afaria prestatzen utziriko arrastoak begiratu nituen, Ruedako bonbilla, antxoen hezurtxoak meta bat eginik mahaiaren zoko batean. The Kinksen gitarra prehistorikoez eta doinu mengelez blaitu nintzen, nire eskuetako zain gero eta nabarmenagoez ohartu. Ardoaren berotan arazorik gabe onartu nuen zer nintzen, urteak joan, urteak etorri, zer bihurtu nintzen azkenik: bizitzaren erdi aldeko kale kantoiari buelta emaniko gizon berekoia, pertsona heldua, heldua eta arraroa. Bakarrik nago, esan nuen, ozen, nire osasunean. Biba ni! Eta edan egin nuen berriz ere.

        Zederrun, bere arreba eta bere neska iritsi zireneko litro bat ardo zurik ematen duen optimismo guztia nirekin nuen, eta Zederruni agindu bezala, ongi portatu nintzen, edo hala saiatu nintzen bederen. Egia esan, ez zen oso zaila: sekretua zen afaria ongi gertutzea, ergelen moduan irribarre egitea eta Zederruni Internetez mintzatzen uztea. Ahoa behar dena baino gehiago ireki gabe. Eta, oroz gain, intelijentzia apurrik eduki zezakeen komentarioa egitetik begiratzea, deabrua elizan edo soka urkatuaren etxean aipatzetik bezala begiratu ere. Zederrunen neska-lagun berria, arreba bera bezala, gure herriko neska tipiko guztiak bezalakoa zen: ez politegi, ez itsusiegi, ez sobera altu, ez sobera txiki, ez erabat ilehori, ez guztiz beltzaran, ez begi argi, ez begi ilun, ez izugarri ongi egina, ez desitxuratua ere; ez intelijenteegi, ez tontoegi, batez ere etxeko ekonomiak baldin baziren tartean. Maitagarri, amultsu eta irribarretsu, ezezagun baten etxean batez ere; erdeinari, lehor eta jenio biziko maizago norberaren etxeko epelean. Diskretuak, ohiko gezurlekuetan besteren famak eta ospeak ehundu ezean. Ez dotoregi jantzietan eta apaingarrietan, baina detailetxoa zaindu zale. Afaria ezin atseginagoa izan zela esan beharrik ez dago. Beharrik produktua ona zen. Ongi portatu beharrez bi litro ardo edanik ere asperra itoko nintzela konturatu nintzenean despeditu nituen, aitzakiaren bat ateraz, eta Zederruni eginiko promesa hautsi aitzin. Berriro bakarrik gelditu nintzelarik, whisky bat prestatu nuen eta besaulkian eseri, erdi lerdotua, dosi txikietan baizik ez bada, eta zein gorrotagarri den berriro ere baieztatzeko baizik ez bada, lagun hurkoa guztiz beharrezkoa dela hausnartuz. Ez dut sekula ikasiko. Egunerokotasunezko hamar minutu nahiko dira etxera itzultzen naizenetan izaten dudan poz inozoa hiltzeko. Kontua zen, sabel hanpatua eta horditurik ez ezik, umore aldatuta ere banengoela. Ohera joan nintzen.

        Denbora luze joan zen loak hartu ninduen arte, eta ondoren ere ez nuen lo lasaia eduki. Amets egin nuen. Baziren basoan bizi ziren bi ahizpa pobre. Egun batez, gazteenak aurkitu du egur-pilo baten zamak oker-oker eginda dabilen atsoa, eta lagundu nahi dio. Atsoak —sorgin edo aztia, dudarik gabe—, bere jarrera eta on nahia saritzeko, ez dio karga eramaten uzten, eta aztikeria hau agintzen dio: ahoa irekiko duzun bakoitzean diamanteak aterako zaizkizu. Ahizpa zaharrena, enteratzen delarik, basora ateratzen da. Atsoa berriz azaltzen da, bere egur-kargarekin. Ahizpa zaharrenak egurra eramateko eskaintzen du bere burua. Zergatik ez, dio atsoak oraingoan, ongi da; hartu eta eraman ezazu. Ahizpak, atsoaz tronpatu dela iritzirik, egurra zoruan lagatzen du. Eta sorginak madarikazio hau egiten dio: ahoa irekiko duzun bakoitzean apoak aterako zaizkizu [30]. Ahizpa zahar gaiztoak Margoten aurpegia hartzen du halako batean, eta ahotik apo itzel, alimalea ateratzen zaio; Toulouse-Lautrecen beraren aurpegia du eta pankarta txiki bezalako zerbait darama: «Veretrum Nemesis» dago idatzita [31]. Apoari falo izugarri bat ateratzen zaio bat-batean, mirakuluz bezala, eta Margot zeharkatzen du hankartetik bururaino, eta honi ez bide zaio gaizki iruditzen. Ahizpa onak Cristinaren itxura hartu du, eta falo izugarrira hurbildu da, bekaizkeriak jota; ahoa ireki eta perretxikoak erortzen hasten zaizkio. Jan itzak, zerri horrek, esaten dit, eta bat hartzera noanean konturatzen naiz perretxikoa Cristinaren baitako zer lika nazkagarri batez bilduta dagoela. Zer lika nazkagarri eta, orain berde, hori, Lautreci darion berbera da. Lautrec nire ondoan dago eserita, hanka ñimiñoak airean, ez baitu zorua iristen eserita dagoen petriletik. Apo bat du eskuan, Villiers de L'isle Adamek oparitu dit [32], esaten dit. Zuk ere larrutan egin al duzu berarekin?, galdetzen dit, eta ez dakit apoaz, Margotez edo Cristinaz ari ote den. Lautreci izerdi-usain okaztagarria dario, gonbitoka hasteko gogoa badaukat. Begira, begira, hor dator Renard, dio Lautrecek. Hala da, Maurice Chevalierrek usatzen zuen canotier horietako bat jantzirik duen tipo bat azaldu da, Lautrecek eskuan duen apoari begira jarri da eta zera esan dio: adiskidea, ez dizut deusen arrangurarik eman nahi, baina, jainkoarren, itsusia zara, gero! Apoak ahoa ireki du, haur batena bezalakoa eta hortzik gabea, hats berokoa, eta halaxe erantzun du, halako doinu ingelesdun arin batez: eta zu? [33] Lautrec niri begira jarri da, eta beste hainbeste esan du: eta zu? Canotierdunak Nestorren aurpegia hartu du, halako batean, larrua jotzera noa, dio, eta bera baino gehiago den zupo alimale bat ateratzen du. Bertatik zintzilikatzen dira Margot eta Cristina, eta gero milikatzen dute, zaldi gainean bezala esertzen dira, bertatik edaten dute hazi berdea, baina gainez egiten die, eta erortzen diren tanto berdeak apo bihurtzen dira zorua ukitu orduko. Aspertzen ari naiz eta zinemara noa, dio Lautrecek. Ukitu nahi izan dut dagoen besaulkitik jaisten laguntzeko, baina irristatu egin zait hatz artean. Zu zinemara?, galdetzen diot, eta irri izugarri sakon, ozen eta itsusia egiten du. Neuk asmatu dut zinema!, egiten du oihu, harro. Ez al dituzu Loië Fullerren litografiak ikusi? [34]

        Litografien irudiarekin esnatu nintzen, sabeleko minez, bihotzerreaz eta batere atsedenik hartu gabe nengoelako inpresioarekin. Gehiegi afaldu eta edan izana faktura pasatzen ari zitzaidan. Altxatu nintzen txiza egin eta bikarbonatoa edatera. Bikarbonatoa edan ondoren baso bat ur edaten ari nintzela gertatu zen.

        Goizeko bostak edo izango ziren. Iratzarri nindutenik ere ezin dezaket esan. Ezin dezaket hori ere esan haien aurka. Iratzarririk bainintzen.

        Atean danbadak entzun ziren. Nola ireki zuten beheko atea, kalekoa, ez dakidana da. Trumoi batek egin zuen eztanda. Ireki, Polizia!!!

 

        [30] Ipuin hau Romain Coolusek idatzi eta argitaratu zuen Le Figaro Illustrée aldizkarian, 1895eko iraileko alean, Les deux soeurs légendaires izenburuarekin, eta Toulouse-Lautrecen marrazkiekin.

        [31] Batzuen interpretazioek diotenez, «nire sexua da nire mendekua» ulertu beharko litzateke.

        [32] Ametsaren datu hau ere historikoa da, Gauzik kontatzen duenez. Villiersek oparitu zion apoa, eta Caulaincourt kaleko atelierraren ondoko orube batean galdu omen zen, Lautrec penaturik gelditu zelarik.

        [33] Lautrecek Jules Renard idazlearen bestiarioa ilustratu zuen (egun Le livre de poche-n aise aurki daiteke), eta halaxe bukatzen du apoari eskaintzen dion zatia, Lautrecekiko konplizidadean. Izan ere, eta adibide hauetan ikusten denez, Lautrecentzat apoa zen bere itsustasuna eta bere sexua bateratzen zuen sinboloa. Hainbat lagunek, hori jakinik, gisa honetako jolas konplizeak egiten dituzte.

        [34] Loië Fuller, argi, oihal eta bitarteko mekaniko zein optikoen laguntzaz dantza oso ikusgarria egiten zuen dantzari amerikarra zen, Parisen arrakasta itzela lortu zuena. Lautrecek hiru litografia egin zizkion. Hiruretan dantzaria estaltzen dituzten oihalek hartzen duten eitea berbera da, baina koloreak aldatzen dira: hiru litografiak elkarren segidan ikusten badira, halako mugimendu-ilusioa erdiesten da. Zalantzarik gabe, horretaz ari da Enekoitzen ametseko Lautrec imajinario hori.