Camembert helburu
Camembert helburu
1998, saiakera - nobela
292 orrialde
84-86766-87-7
azala: Xabi Alonso
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1995, nobela
 

 

Lehen ikerketak

 

Funtsean hauxe zen Yves Carreauxek eta Margot Lasallek eskatu zidatena: sar zaitez Albiko Museoan, norbait behar dugu museo barruan; baina kontuz, barruan diogularik esan nahi dugu museoan zer agitzen den dakien pertsona, une jakin batean hainbat konturen gaineko informazio zehatza ematen ahal digun pertsona. Zeuk ikusiko duzu nola sartzen ahal zaren. Har ezazu zure denbora, hilabeteak behar badituzu ere. Poliki jokatu nahi dugu, ez dugu presarik.

        Gehiegitxo zen. Prezio bat adostu genuen nire zerbitzuen truke. Lehen diru-emanaldia Madrilgo Habana Hotelean bertan egin zidaten. Zer nahiago duzu, liberak ala pezetak ematea? Erdi bana hartu nien, hau da, erdia liberatan, erdia pezetatan. Carreaux jaunak nahiko eskuzabal jokatu zuen hasiera hartan. Gehiegitxo zen. Hau da, inori ez diote niri eginiko bezalako enkargurik egiten, gero, halako batean, zerbitzu berezia eskatu nahi ez bazaio. Hor konpon, Imanolekin fidatzea erabaki nuen —non fida, han gal, egia da, baina, Imanolekin ezean, norekin?—, eta begiak ongi irekita ibiltzea. Afera interesgarria izan zitekeen. Hortaz, Callao plazatik buelta eman, urrezko bost Rolex erosi bost mila pezetatan eta Madrildik alde egin nuen.

        Handik aurrera, hemen kontatuko dena bukatu zen artean, alegia, eman nituen bueltak, egin nituen joan-etorriak, eta korritu nituen bideak azaltzen nola moldatuko naizen ez dakit, askotxo izan baitziren ibilaldiak, eta hilabete batzuk hartu baitzituzten. Bakarrik esan dezaket funtsezkoena kontatzen saiatuko naizela, gorabehera kronologikoei eta, kontatzeko plazer hutsak bultzaturik ez bada, bigarren mailakotzat jotzen ditudan gertaerei gehiegizko arreta jarri gabe. Istorio bitxia da, ezagutzea merezi duena, azken bururaino iristeko pazientzia edukiz gero.

        Hasi, hasieratik hasiko naiz, hori bai. Hasiera zen, hain zuzen ere —barkatu hitz-jolas inozoa—, ez nekiela nondik hasi. Zer dakizu Toulouse-Lautrecen gainean, galdetu nion neure buruari. Kontuak atera eta ikusi nuen ez nekiela gauza handirik, lau topiko merkez haratago. Putazalea zela, litografiak egiten zituela eta askoz gehiagorik ez. Hortaz, liburu mordo bat erosi nuen eta aste betez itxi nintzen monasterio batean, liburuak aztertzeko asmoz. Fraileetako batek zerbait galdetzen zidanean, Toulouse-Lautrecez saiakera bat egiten ari zen arte-irakaslea nintzela esaten nien. Dena ongi joan zen; bakean uzten ninduten. Nire hasierako plan hori nahiko sinplea zen. Irakurri, gaiaz blaitu, nolabait esan, eta bitartean Albiko Museoan sartzeko zerbait bururatuko zitzaidala fede eduki.

        Oinarrizko eginbehar hau beste bi kudeaketek osatu zuten. Zederrun izengoitiz ezagutzen dudan lagunari hots egin nion eta zita egin nuen berarekin. Zederrun. Zer egingo nuke nik Zederrunik gabe? Toulouse-Lautrec interesatzen zait, margolari honek margotu zuen Camembert bat, zehatz esanda. Hutsarte bat bilatuko zidala bere agendan, agenda elektronikoan, noski. Zederrun berezi samarra da, ulertu egin behar zaio.

        Bigarren gestioa Margot Lasalleri idaztea izan zen. Kostatu zitzaidan, ez bakarrik gutuna —laburra, bestalde— frantsesez paratzea, baizik eta, batez ere, neure burua konbentzitzea benetan beharrezkoa nuelako idazten niola, eta ez aurpegia berriz ikusi nahi niolako. Pintoreari buruzko bibliografia gehiena frantsesez dagoenez, idatzi nion, liburu-zerrenda bat nahi dut, baita liburuok non aurki ditzakedan jakin ere. Azken finean lankideak ginen, pentsatu nuen, zuzen jokatzen ari nintzela konbentzitzeko. Putak interesatzen zaizkit, gaineratu nuen. Laster damutu nintzen halako probokazioa idatzi izanaz. Probokazioarengatik berarengatik baino gehiago, probokazio ergela zelako, probokazio bezala haurkeria zelako. Prostitutak interesatzen zaizkit; oraindik ez dakit puta edo señora bazina bezala tratatuko zaitudan, edo, idatzi izan banio, sikira. Hori, probokazio bezala, ongi zegoen, baina neronek baino ezin nezakeen ulertu. Imanolek eta Cristinak, horretaz mintzatuko balira, ulertuko lukete, baita ere. Damutu nintzen baina, kontuak kontu, ez zuen erremediorik, gutuna postan utzi eta gero etorri baitziren damuak.

        Monasterioko aste hartan jakin nituen margolariaren bizitzari buruzko daturik behinenak. Henri de Toulouse-Lautrec Monfa 1864ko azaroan jaio zen Albin. Bere gurasoak lehengusu propioak ziren. Biak aristokratak, oso familia handikoak, batez ere aita, lehenengo Toulouseko kondearen ondorengo zuzena zena. Lehenengo Toulouseko konde hori Gurutzaden garaietatik izan zen Frantziako noblerik boteretsuenetakoa. Bere gurasoek ondasunak, lur-sailak eta etxeak zituzten Frantzia osoan zehar, baita Parisen ere. Mahastiak lantzen omen zituzten. Henri gaztea, zortzi urte zituela, Parisen ikasten hasi zen.

        Laster ezagutu zuen zoritxarra. Hamalau urte zituela, hau da, 1878 urtean, hanka hautsi zitzaion. Izterrezurra, ezkerrekoa, inork ez dezala besterik pentsa. Txikikeria dirudi baino egiazko zoritxarra da, handik urtebetera eskuineko izterrezurra ere hautsi zitzaiolako. Hausturak ez ziren behar bezala sendatu; Henri ez zen, handik aurrera, beste edozein gazte hazten den bezala hazi. Soina normal haziko zitzaion, baina hankak hagitz laburrak geldituko, halako moldez non betiko geldituko baitzen ipotx itxuragabearen moduan. Are, betarteko hazpegiak ere ez zituen oso normalak; ezpainak izugarri lodi, kokotsa barne aldera sartuta... Gertatzen zena zen —askoz geroago jakin ahal izan denez—, hezurretako gaixotasun genetikoa bazuela, segurutik bere gurasoen —eta are leinuaren— odolkidetasunak sorrarazirik.

        Handik aurrera ez zen besteak bezalako gaztea izango. Ikasten ari zen Lizeotik atera zuten, eta etxean segitu zituen ikasketak. Bere aita ehiztari amorratua zen, aire librean ibili zalea eta zaldun trebea. Aita-semeek laster ikasi zuten ezin izango zutela elkarrekin ibilaldi askorik egin. Horrek aita zapuztu omen zuen —horrek eta bigarren anaia bat jaio eta berehala hiltzeak—, amarengandik bereizteraino. Ordutik aurrera aita-semeen harremanak nahikoa bereziak izango ziren, arazoz josiak. Henri amazulo samarra izango zen bere bizitza guztian.

        Kontuak horrela, hamabost urte zituela, margolaria izango zela erabaki zuen, eta 1882an Parisen ekin zion margogintza ikasteari. Lehenik Princeteaurekin ibili zen. Hau familiaren laguna zen, bigarren mailako margolaria. Princeteaurekin ikasi beharreko guztia laster ikasi omen zuen, eta Bonnat baionarrak Parisen zuen atelierrera pasatu zen. Bonnat honek handik gutxira atelierra itxi eta Cormonen atelierrera joan zen. Han Anquetin, Gauzi, Rachou, Emile Bernard eta are Vincent Van Gogh ezagutu zituen. Ikaskideak ziren. Bonnat eta Cormon margolari klasikoak ziren; hortaz, eskuratu zuen prestakuntza akademikoa izan zen.

        Hogei urte zituenean Montmartreko giroa ezagutzen hasi zen. Bi urte geroago hantxe jarri zen bizitzen. 1886 urtea zen. Ordukoa da bere bizitzaren parterik ezagunena. Lautrecek margotzen du, saiatzen da izena irabazten margolarien artean; margolaritzaren munduan garatzen ari ziren korronte berriak ezagutu eta bere heziketa akademikoarekin hausten du. Parrandan ibiltzen da ez gutxi, lagun eta toki «hala moduzkoak» —Bruant bezalako lagunak, Le Mirliton, Le Chat Noir bezalako tokiak, eta abar— bisitatzen ditu, edan egiten du, neskatan ibiltzen da, espektakulo edotarikoetara joaten da, ordutik, eta 1891 urtera arte, parrandero ospe ez nolanahikoa irabaziz. Mendeak, garaiak eta klaseak gainditu dituen parrandero ospea. Horren adibide, monasterioko ekonomoak, artearekin zaletasun pixka bat bazuenak ere, halaxe esaten zuen, Lautrec, a, bai, Lautrec, bekatari handia, bekatari handia.

        Urte hartan, hau da, 1891n, lehen arrakasta lortu zuen, baina ez margolari gisa, txartel-egile gisa baizik. Urte hartakoa baita Moulin Rougeko dantzaldia iragartzeko txartela. 1896an goia jo eta handik aurrera bere gainbehera hasi zen. Gero eta gehiago edaten zuen; 1897an delirium tremens atakeak jota gelditu zen. Desintoxikatzeko kliniketan hainbat egonaldi egin zituen. 1901ean, 37 urte baizik ez zituela hil egin zen, alkoholismoa, sifilisa eta bere gaixotasun genetikoa biltzen zituen halako koktel bitxi batek jota.

        Gogoan dut bere biografia lehen aldiz irakurri nuenean, hara, diruarekin zer egin ez zekien beste putakume bat edo horrelako zerbait pentsatu nuela, izorratzea dauka, aristokrata halakoa. Baina aitortuko dut biografietan azaltzen ziren hainbat pasarte zehatzek hunkitu nindutela pixka bat. Eta aitortuko dut, oroz gain, biografiekin batera zetozen bere koadroen irudiak interesatzen hasi zitzaizkidala. Nik ordura arte, Albiko margolariarekin bereziki zaletu ez den beste edozein zale bezala, ezagutzen nituen litografiez haratago, bazegoen irudi-mundu jori eta ugaria.

        Bestalde, nolabaiteko hurbiltasun edo kidetasun pertsonala ez ote genuen izango susmatzen hasi nintzen; ez noski ni aristokrata izateagatik, iruzur-egileen aristokraziaren partaidea ez banaiz, bederen. Bere biografiako pasarte horietako askok burura ekartzen zizkidaten Imanolen hitzak, putak señorak bailiran tratatzen dituk, baita Cristinarenak ere, noiztik aurrera ez dituzu emakume guztiak putak bailiran hartuko. Aitortuko dut bi esaldi horiek lotu eta buruan ibili nituela, bi esaldi hain diferente horiek hain denbora gutxian entzun izanak halako kezka moduko bat sortu zuela nire baitan, eta kezka hori lotu egiten zela Lautrecen bizitzaren eta obraren zati batzuekin. Eta ez zen hori bakarrik. Alkoholaren mendekotasunak ere pertsonaiarekiko sinpatia pizten zidan. Hara, pentsatzen nuen, muturreraino joan zen golfoa, ni baino muturrerago joandako bat. Balizko kidetasun horrek bultzaturik, gaiari halako zukua ateratzen ahal niola iruditu zitzaidan, baita nire zaletasun pertsonalen alderditik ere, besteak beste. Nonbaitetik hasi behar hartan nengoela, eta nondik ez nekiela, horixe izan zen aintzat hartu nuen lehendabiziko gaia, eta horien inguruan egin lehen ikerketak. Zederruni jakinarazi nion, Camembert ez ezik, begiratuidak zeozer putei buruz, Zederrun. Zederrunek pozik hartu zuen enkargua, eta Interneten arakatuko zuela agindu zidan.