Camembert helburu
Camembert helburu
1998, saiakera - nobela
292 orrialde
84-86766-87-7
azala: Xabi Alonso
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1995, nobela
 

 

Arte irakasle (faltsu) baten

arrangura egiazkoak

 

Albiko Museoa ez da bakarrik munduan Lautrecen obra-bildumarik handiena duen tokia, margolariaren bizitza eta obrari buruzko dokumentazio-zentroa ere bada. Hori profitaturik, zuzendari-andrearen aurrean aurkeztu nintzen astelehen batez, arte-irakasle nintzelakoan. Asuntoa aldez aurretik eztabaidatu nuen Yvesekin eta Margotekin, eta horixe zela erabaki zuhurrena deliberatu genuen. Imanolek gutun dotorea prestatu zidan, izan, ez den Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Fakultateko buruak izenpetua. Esan beharrik ez da gutuna faltsua zela. Gutunak ederki asko adierazten zuen ni hango irakaslea nintzela, tesia egiten ari nintzela (Karikaturaren eragina XX. mendeko margolaritzaren bilakaeran), guztiz beharrezkoa zitzaidala Albiko margolariari buruzko hainbat informazio jasotzea, eta, hitz batez, Euskal Herriko Unibertsitateak bere esker ona erakutsiko ziola Albiko Museoari bizpahiru astez artxiboak eta materialak arakatzen jarduteko baimena emango balidate. Arte Fakultateko buruak fax eta telefono zenbakia ematen zituen, zuzendari-andreak, hala nahi izanez gero, dei edo idatz zezan edozeren gaineko zalantzarik baldin bazuen. Esan beharrik ez da, fax eta telefono zenbakiak Zederrunen jauregi teknologikoarenak ziren, Zederrun bera, nik hala eskaturik, arduratu baitzen jostailu elektroniko zenbait paratzeaz. Azaldu zidanez, paratu zituen dispositibo horiek atzematen zuten deia Frantziatik ote zetorren, eta hala izatera berariaz prestaturiko erantzungailu jakin bat jartzen zen martxan, Arte Fakultateko buruak une hartan ezin zuela deirik atenditu esaten zuena. Mezua inmobiliaria batean lan egiten zuen Zederrunen arreba batek grabatua zen. Frantziako deia hiru aldiz errepikatzen bazen, deiak salto egingo zuen —niri ez galdetu nola, horiek Zederrunen trukuak baitira— arrebaren inmobiliariako telefonora. Han arrebak —frantsesez pixka bat bazekienak— hartuko zuen, eta zin egingo zuen Euskal Herriko Arte Fakultateko buruaren idazkari pertsonala zela, Fakultateko burua bilduta zegoela eta mezua uzteko, bilera bukatutakoan deituko zuelako. Zuzendari-andreak horrenbeste lan hartzen bazuen nire nortasunaren gorabehera aztertzeko, azkenik Zederrunek deituko zion, esanez, baietz, Albira azaldutako gizaseme hori —hau da, ni—, Fakultateko irakaslea zela, eta lasai egoteko, eta aprobetxatu nahi zuela bere lankidetza eskertzeko; ez zitzaiola iruditu Unibertsitateko errektore jauna gutunaren asuntoarekin molestatzea, baina hala nahi izanez gero errektore jaunarekin mintzatuko zela, edo komunitateko lehendakariarekin berarekin. Gure hipotesia zen Albiko zuzendaria horrenbestez konforme geldituko zela; ezezkoan, zerbait asmatuko genuen. Auskalo zertan ibiliko haizen, esan zidan Zederrunek. Afari bana zor dizuet, hiri eta hire arrebari. Zederrun gozatu egiten zen bere tramankuluekin zer egin zezakeen frogatze hutsarekin, eta gainerakoa ez zitzaion gauza handirik axola.

        Aurkezpen-gutun faltsuarekin ez ezik, nortasun agiri faltsuarekin bertaratu nintzen, badaezpada ere. Ez nuen espero inork eskatzea, egia esan, baina ardura hori ere hartzea ez zitzaidan gehiegizkoa iruditu. Beraz, hara azaldu nintzen nire panazko prakekin, pare bat asteko bizarrarekin, graduatu gabeko kristala zeukaten betaurrekoekin eta ordenadore portaila lepotik zintzilik, arte-irakaslearen papera ahalik eta hobekien egiteko prest. Museoko zuzendariarekiko zitak argi erakutsi zidan, ostera, egoerak eskatzen zuenaren oso gainetik ari nintzela. Izan ere, zuzendariak apenas begiratu zidan; eskua eman, gutuna jaso zuela esan eta oso lanpetuta zebilelako aitzakiarekin kanporatu egin ninduen bere bulegotik. Hasierako topaketa hura nahiko dezepzionagarria izan zen. Erdibideko bizarrak azkura ematen zidan, eta ez nago ohituta betaurrekoak eramaten, graduatu gabe izanik ere. Ni Arte Fakultateko irakaslearen iruzurra susmatuko ote zuen beldurrez eta zuzendariak ez omen zekien Euskal Herrian unibertsitatea zegoenik ere. Are, komentario tokiz kanpokorik ere egin egin zuen, edo hala iruditu zitzaidan, ez niolako erabat ongi ulertu; hor konpon, ez nion kasurik egin. Orduan dokumentazioaz arduratzen zen emakume gazteari deitu eta nire ikerketetan laguntzeko agindua emanez, despeditu egin ginen. Edukiko dugu elkarrekin solastatzeko aukera, halako batean, bota nion. Baietz, jakina, erantzun zuen, horretarako batere gogorik ez zuela adierazten zuen irribarre izotzezkoaz. Izorratu egingo haut, izeberg puska halakoa!

        Albiko Museoa, dokumentazio-zentroa izanagatik, ez dago hagitz prestatua nirea bezalako bisitak jasotzeko. Dokumentalista eta kontu-hartzailearekin banatzen nuen gela txiki batean jarri ninduten; bertara iristeko lehen solairuan, publikorako eskaileren ondoan zegoen atea zeharkatu behar zen. Hantxe zeuden museoko tripak; gure gela, fotokopiagailua, eta koadroen diapositibak egiteko prestaturik zegoen gela txikia. Zuzendariaren bulegoak eta bere idazkariaren gelak hartzen duten partea handixkoa da; bigarren pisuan dago, Lautrecen afixak erakusten dituen aretoan hartzen den txuriz margoturiko ate batetik barneratuz gero. Museoak hirurogeita hamar urte baino gehiago badu, eta zerbitzuetako alde hura ezagutzean nabari da; tokia, zuzendariari erreserbatua dagoena ez bezala, txikia izanik, gauzak pilatzen direlako sentsazioa nagusi da. Ni neu kosmos txiki hartako beste oztopo bat izango banintz bezalakoa zen. Hala dokumentalistak nola kontu-hartzaileak gizabidez hartu ninduten, traba baizik egiten ez duten katxarroen artean lan egiten ohituta baileuden. Gehiegizko hurbiltasunak ematen duen nahitaezko intimitatea duintasun osoz eramaten zuten. Dokumentalista, madame Cahuzac, hogeita hamar urte inguruko neska fuertea zen, duela gutxiko amatasunak zabaldua. Nirekin poliki mintzatzeko kortesia bazuen, eta irribarre herabeak egiten zizkidan ez niola ulertuko uste zuenean. Kontu-hartzailea, monsieur Briatexte, berrogeita gehiago edukiko zituen gizaseme bat zen, eta irribarretan urtzen zen, bere gehiegizko atentzioen bidez gela hartako mundu txikian nork agintzen zuen garbi egongo ez zelako beldurrez-edo. Sinpatikoegi nire gusturako.

        Mahaitxo batean paratu nuen nire ordenadorea eta dokumentalistari liburuak eskatzen hasi nintzaion. Banituen Yvesen eta Thierryren instrukzio zehatzak bilatu behar nuenari buruz, baina nahikoa denbora ere banuen, eta jakinmin berezia ere bai. Egia esan, betiko ideia zebilkidan dantzan behin eta berriz burmuinean, temati; ziria sakatzen ari zitzaidalako ideia, faltsifikazioa burugabekeria zela eta lapurreta, aldiz, askoz ere egingarriagoa. Nola faltsifikazio bat sartu hain ongi katalogatuta dagoen obra batean? Bai eta inoiz desagerturiko gazta puska bat izanik ere... Eta, museoan hainbat egun eman ondoren lortzen ahal nituen informazioez baliatuz lapurreta prestatzen bazuten, ni bazterrean utzita? Ez nuen kontua batere garbi ikusten. Hortaz, lehenengoz eta behin faltsifikazioaren gaiaz interesatu nintzen, irribarre asko eginez eta nire frantsesaren kaskarra areagotuz, nire gelakideen begietara arte-irakasle inozo, ergel eta despistatuaren moduan agertzeko. Luze gabe ikasi nuen hamarrak aldera dokumentalista atera egiten zela geunden txokotik aldameneko taberna ugarietako batean kafetxoa hartzera joateko. Hura ikasi eta hurrengo egunean halabeharrez topo egin duenarena egin nuen berarekin, eta kafetxoa ordaindu. Handik aurrera dokumentalistak bere kafelagun izan nendin onartu zuen. Cahuzac andrea gaztea zen, irekia, eta museoko bulegoko paretetatik kanpo, zuzendari-andrea eta are kontu-hartzailearengandik urrun, bere barrena husteko gogoari men egiten zion, gustuz. Pertsuasiboa izaten ere badakit, beharrezkoa denean. Liburuetan lortzen nituen datuak dokumentalistak esaten zizkidanekin konparatuz eta osatuz informazio baliagarriak lortu nituen.

        Lehenbizi Joyantek idatziriko biografia eta Dorturen katalogoen liburukiak eskatu nizkion. Dorturen katalogoko eskaintza-hitzak interes biziaz irakurri nituen, pista batzuk ematen baitzituen. Dedikatoria Joyantentzat da: «Lehenengoz eta behin, ekin zenion ordurako azaltzen hasiak ziren faltsuen aurkako borroka egiteari. Zuk erabili zenuen juzku onez Toulouse-Lautrecen zigilu-monograma, jarri zenuelarik eskaini zizkizuten obretan, egiazkoak zirenean. Zuk baizik ez duzu zigilua erabili, zeren, nire eskuetara iritsi zenean, Albiko Museora bidali bainuen, arraiatua, beste inor gehiagok erabiltzeko tentazioa izan ez zezan, eta zure erabakiak inork zalantzan jartzen ahal ez zitzan» [4]. Bere hartan, ez zen asko. Cahuzacen laguntzarekin honela osatu nuen informazioa: Maurice Joyant —artista bizirik zegoela bere martxantea izandakoa— izan zen Toulouse-Lautrecen gaineko dokumentaziorik fidagarriena eta osatuena bildu eta jaso zuena. Bera da Albiko pintoreari buruzko informazio-iturri nagusia, garrantzizkoena, eta munduan ez da hori ezbaian jartzen duenik. Joyant hil zelarik, dokumentazio guztia M.G. Dortu andrearen eskuetara iritsi zen. Joyantek lehendabiziko katalogoa egin zuelarik, Dortuk eguneratu eta osatu egin zuen; Dorturena da egun ia biblia moduan —batez ere margoei dagokienez, ez hainbeste litografiei dagokienez— erabiltzen den katalogo nagusia. Dortu andrea, Albiko Museoko Fundazioaren lehendakaria izan zena, orain hamahiru bat urte zendu zen, eta bere materialak Méric izeneko jaunaren eskuetara iritsi dira. Méric hau Dorturen suhia zen. Egun Parisen bizi da eta mundu guztian Lautrecen obren egiazkotasuna zertifikatzen duen bi pertsonetako bat da, hau da, arte munduan expertiseur izenarekin ezagutzen dena.

        Esan behar da ez dela egia zehatza Joyant hasi zela faltsuen aurkako borroka egiten. Ez, Henri Toulouse-Lautrecek berak eman zion hasiera borroka horri: «1895 urte aldera Lautrecek Polizia higiarazi zuen hainbat faltsifikazio atzemateko». Faltsifikatzaileak harrapatu zituzten, baita ere.

        Izan ere, faltsifikatzailea eta arte-obraren arteko harremana pipia eta egurraren artekoa bezalakoa da.

        Faltsifikatzaileen motibazioaz mintzatzea alferrik da, agerikoa delako. Galdetzekotan, galdetu beharko genioke geure buruari, beharbada, zein izan zen 1895eko protofaltsifikatzaile horien motibazioa: Joyantek jakinarazten digunez (Joyant II, 144-145-146 orriak), 1891 urtean Lautrecen marrazki batek 3 edo 4 libera egiten zuen, bakar bakarrik. Hortik aurrera maula egiten saiatu direnen motibazioa datu hauen argira erraz ulertzen da: 1901ean, Lautrec hiltzear, bere margo batzuk 3.000 eta 4.000 liberetara iritsi ziren («cette vente avait fort réconforté Lautrec déjà près sa fin», dio Joyantek, goian esandako toki berean). Ez pentsa asko denik: konparazione, 1891 urtean Milleten L'Angélus izeneko margoak 800.000 libera egin zituen. 1905ean Lautrecen Intérieur de cabaret izenekoak 7.000 libera jo zituen. 1924an, Léclanché bilduma saldu zenean 70.000 liberetara iritsi zen. 1926an, Decourcelle bilduma saldu zelarik, 230.000 liberetara. Eta gisa honetan, urtez urte, prezioak gora egingo du. Maurice Joyantek bazekien zertaz ari zen hau idatzi zuenean: «Dudarik gabe Toulouse-Lautrecen obren prezioek gora egingo dute hemendik aurrera, honetan Artearen historian izan diren maisu egiazko guztien obren bidea segituko dutelarik, hau da, artearen historian kate-maila beharrezkoa eta ezaguna direnen obren bidea; bere meritua ez delako oinarritua egun edo garai bateko miresmenean, ofizio ikaragarri batek zerbitzatzen zuen sormen jenialaren oinarri sendoan baizik». Izan ere, Lautrecen inguruko gorabehera asko uler daiteke salmenta-prezioei begira. 1994an, New Yorken eginiko enkante batean, Premier maillot izenekoa 600 milioi pezetatan saldu zen. 1996an Danseuse assisse izenekoak 84.000.000 libera harrapatu zuen, hau da, 2.000 milioi pezeta inguru. Egun, arte-merkatuan, Van Goghek baizik ez omen du prezio altuagorik harrapatzen. Zeren, ez pentsa, Danseuse assisse Lautrecen obra ona da, baina ez da maisulana. 1890ean egina dago, margolariak oraindik bere heldutasun betea harrapatu baino lehen, beraz, eta ez da aparte handia, 57 x 46 zentimetroko neurriak ditu. Agian gutxi erakutsi dela publikoki (1890-1971 urteen artean sei aldiz bakarrik, eta beti Parisen, Dorturen katalogoaren arabera), eta beti bilduma pribatuetan izan dela, horra prezioa igotzeko litezkeen arrazoi batzuk.

        Arte-lana gari-zelaia bada, faltsifikatzailea txingorra da. «C'est la rançon de sa gloire», dio Joyantek. Gloriaren prezioa, alegia.

        Martxa honetan, koadro-salmenta finantzei buruzko orrietara pasatu beharko da, kulturari eskaini ohi zaion tartea utzirik. Izan ere, artea, gero eta gehiago, bere gisako burtsa paralelo moduko zerbait da, eta kasik ohiko burtsak bezainbeste bete ditzake inbertsioa, diru-garbiketa edo dirua erruz irabazteko helburuak; batez ere edotariko mafiek bere dirutza itzelak non inbertitu jakin ez eta arte-merkatuan begiak para dituztenetik, bildumagile pribatu klasikoek eta are museoek ere gero eta zeresan gutxiago daukate arte-gaien salerosketan. Egungo aditua ez da, jada, artean aditua, arte-merkatuan aditua baizik. Ez da gauza bera. Urteetan garatzen ari den prozesua da.

        «Nik dakidanez, Lautrecek hainbat dozena medikuri eta ia beste hainbeste notariori egingo zizkien opariak, eta erregaliz estaliko zituen ezin zenbatuko ditudan amonen, osaba-izeben, familiaren lagunak, gehi bereak, noski. Honek arriskutsua lirudike, zalantza eraman bailezake bildumagileen baitara» [5]. Dorturen hitz ironikoak dira, faltsifikazioen, faltsutu nahiaren norainokoa azaltzeko. Baina ez da beldurrik eduki behar: «Maurice Joyantek erakutsi digu, bere obran zehar, faltsuek ezin jasan dezaketela denboraren epaia», zeren eta «artistaren jenioa beharko litzateke (...) esku, hatz, begi, aurpegi bateko ahoa osatzen duen jaulkitako puntu bat ezin daitezke kopiatu, batetik bestera aldatu. Marrazkiari gagozkiola, ikasi ezin daitekeen sena eduki beharko litzateke, 'hau Lautrec bat da' esanarazten digun sen berezkoa».

        «Hau Lautrec bat da esanarazi». Nori esanarazi, baina? Kritikariei? Adituei? Museoko zuzendari eta kontserbatzaileei? Expertiseur direlakoei? Galdera honek beste bi galdera kezkagarri sorrarazten ditu, gutxienik: aditu, kritikari eta expertiseur guzti-guztiek zintzo jokatzen dute beti, beti baina? Galdera maltzurra da, ez dut eskubiderik besteren zintzotasunaz zalantza egiteko. Zer ari naiz? Madame Dortuk entzun izan balit! Berak kontatzen baitu [6] behin faltsifikatzaile batek milioi bat libera zahar jarri zizkiola mahai gainean margo faltsua egiazkoa zela zertifikatzeko. Dortuk egin ez zuena, noski. Are, sumindu egin zen proposamena entzunik.

        Bigarren galdera hau gelditzen zait: aditu eta kritikariak ez dira sekula, ezta behin ere, okertzen? Galdera honentzat erantzun bat behintzat badaukat: Livorno, 1984. Gazte batzuek Modiglianiren hiru eskultura faltsifikatu eta agerrarazten dituzte, «libertitzeagatik» eta «artearen ustezko objektibitateaz» barre egiteagatik. Zientifikoek, adituek, kritikariek, historialariek, denek irensten dute amua. Barru-barruraino irentsi ere: «Modiglianirenak dira. Barruan argia badute. Harri soil hauetan atzematen da hatsa, presentzia» dio adituetako batek. [7] Helburua beterik, gazteek berek jartzen dute engainua agerian. «Tinta eta guzti jango zituzten idatzi dituzten esaldiak», dio Erromako egunkari batek, adituen paperaren nolakoa gogoratzen duelarik. Adituak barregarri gelditzen diren pasadizoak biltzea ez da eginkizun zaila; aitzitik, han eta hemen arakatzen bada, nahikoa erraza da.

        Urdaiazpikoari harra, eta arte-lanari faltsifikatzailea.

        Joyanten ideia izan zen, Dortuk berak ere bildu zuena ondoren: Lautrecen obra imitaezina delakoan, edozein faltsifikazio-lanek ez duela jasaten egiazko obrarekiko konparazioa, Maurice Joyantek proposatu zuen areto berezi bat irekitzea Albiko Museoan, Lautreci egindako faltsifikazioak erakusteko, jende guztiak ikusi ahal izan zezan alderaketan ez zegoela kolorerik.

        Joyantek sutsu defendatu zuen ideia; alabaina, ez zioten jaramon egin: urte askotxo geroago Dortuk, lehen esan bezala, ideia jaso eta berriz jaulki zuen.

        Liburuetan begiraturik, aipatu areto berezi hori inoiz ireki zuten edo ez, ez nuen jakiterik izan. Nire informazio-emaileari, hots, Cahuzac andreari, galdetu beharko nioke, hortaz. Baina ez berehalakoan, susmo txarra har ez zezan.

        Baina, guztiarekin ere, niri lehengo galdera gelditzen zitzaidan buruan itsatsirik: nahiko talentu edukiko al zuten nire sozioek kasik XXI. mendean mila bider zapaldu den bidean belar-hosto freskorik dagoela inori sinestarazteko? Eta zergatik Camembert hura? Lautrecek egin naturaleza hil bakarra izateak ematen zion, noski, bitxitasuna koadroari; baina, bitxitasun horrek berak, epaimahaiari iseka egiteko gogotik sortua izateak berak, ez al zion zailtasun aparta ematen lan hari? Eta hori horrela zen bitartean, ezin nuen burutik kendu zer adrenalina-jario askatuko zen nire zainetan Au Salon harturik eskaileretatik behera lasterka abiatuko bagina, gure aurka ezer egiten saiatuko zirenei pistola erakutsiz... Hogei urteetara itzultzea bezalakoa izango zen.

        Zalantzak janda neuzkan barrenak.

 

        [4] M.G. Dortu: Toulouse-Lautrec et son oeuvre. Collectors Editions, New York, 1971.

        [5] Idem.

        [6] Toulouse-Lautrec, Collection Génies et Réalités, Hachette 1962.

        [7] El País, 1984-X-7.