Camembert helburu
Camembert helburu
1998, saiakera - nobela
292 orrialde
84-86766-87-7
azala: Xabi Alonso
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1995, nobela
 

 

Parisko paisajeak

 

Gutunaren zati oso batek Lautrec bizi zen garaiko prostituzioari errepasoa egiten zion, gaia bere testuinguruan paratuz, nolabait esan. Datu soziologikoak, historikoak, are literarioak ematen zituen.

        «"Langlade karrikak, eta ondokoek, Palais-Royal eta Rivoli kalearen distira iluntzen dute (...). Zatirik zati, farol hits batek bere argi duda-mudazko eta ketsua jaulkitzen du, karrika ilunok argitzera iritsi gabe (...). Kotxe gutxi ibiltzen da eta zoko gaiztoak badira; horien artean Langlade kalea, Saint-Guillaume kaleartearen irteera eta beste zenbait karrikaren bihurguneak gailentzen dira. Udalbatzak ezin izan du oraindik ezer egin legenardundegi hori garbitzeko, prostituzioak aspaldi dela hantxe ezarri baitu kaxerna nagusia (...) administrazioa eta politika modernoa ez da ausartzen hiriburuetako izurrite horri aurrez aurre begiratzera" [32]. Begira, XIX. mendeko Frantzian prostituzioari buruzko debatea puri-purian zegoen. Kontua da saihestezina dela, saiatuta ere ezin dela desagertarazi. Marxek klase-zapalketaren aldaera berezitzat jotzen zuen; poliziek, medikuek, idazleek, nork bere definizioa egingo du. Berdin da; gauza da egon, badagoela: "Prostitutak, gizon asko elkartzen den tokian, estolderia, garbiketa-zerbitzuak eta zabortegiak bezain saihestezinak dira. Aginteak berdin hartu behar ditu aintzat batzuk eta besteak" [33]. Argigarria da, 1836an eta mediku batek idatzia den ber. Norberaren ideologiari pragmatismoa nagusitzen zaio: egon badago, ebitaezina da, kontrolatzen badugu, gaitzerdi.

        »Prostituzioa, betikoa izanagatikan be, aldatzen ere delako, zenbatekoaz eta zer nolakoaz. Hiriaren XIX. mendeko garapen azkarrak aldaketa handiak eragingo zizkion. Mende bukaerakoak ez dira Balzacen gortesauak bezalakoak. Adibidetzat har ditzagun, esaterako, Balzacen liburuetako gortesauak, La torpille (torpedoa), esate batera; literatura erromantikoak araztutako arketipoa dela ahaztu gabe ere, Torpedoa izugarria da: ederraren ederrez edozein gizon belaunikarazteko bezain apaina, Santa Teresa baino mistikoagoa hartara jarririk denean, tranposorik handienak ere ezer eramango ez diona pikardietan hasirik. Amodiorik benazkoenak bizitzeko prestu, Parisko bankerorik aberatsena kiebra jotzeko menean uzteko gauza. Baina prostituzioa aldatzen doa mendeak aurrera egin arauz; produkzio moduak, hiriak eta gustu literarioa bera bezala. Zolaren Nanak zerikusi gutxi du Balzacen Torpedoarekin. Goncourt anaiek, Huysmansek, Jean Lorrainek, Catulle Mèndesek, askok uzten digu idatzirik puten berri. Zaleak, putanerak zirelako ere bai, bat baino gehiago. Guy de Maupassant bera ere putetxezalea izaki. Putazalea, ez dakit nik. Ez baitzen, nonbait, bataren eta bestearen esangura berdin-berdina. Alegia, putetxea ez baitzen bakarrik beheko suak amatatzeko tokia, baina solaserako eta kartetarako tokia ere bai [34]. Guy de Maupassantek La Maison Tellier idatzi zizun, 1881ean. Gaia: herrixka bateko putetxea ixten dute asteburu batez, bertako arduraduna eta neskak badoazelako beste herri batera, kargua egiten duen arduradun edo madame horren iloba baten jaunartzera. Izkribuak bazterrak inarrosi omen zituen [35]. La Maison Tellier irakurtzeko beta hartzen baduzu, gaurko irakurlearen begietara haur-ipuina dirudiela ikusiko duzu. Putek hunkidurazko negarra egiten dute iloba ttikia jaunartzerakoan laguntzen dutelarik, neskato errugabearen begietan euren garai bateko inozotasuna islaturik ikusten bide dute-eta. Kasu honetan, betikoak eskandalizatu baziren ere, muturreko bi adibide kontrajarri zituen idazleak, nire uste apalez, sentimendu orokor —unibertsal— eta deseroso baten berri emateko. Izan ere, ez da puta izan behar urtetik urtera higatzen doan xalotasun galduaz negar egiteko».

        Margot Lasallek Arte eta Literatura Lizentziatura egin zuen, gutunaren beste pasarte batean azaltzen zidanez; ondoren Doktoretza ere egin zuen, eta horixe izan zen tesirako aukeratu zuen gaia: «Prostituzioa XIX. mende hondarreko Frantziako idazleetan». Horixe esaten zuen gutunean, bederen. Edonola ere, gaia menderatzen zuela dudarik ez zen.

        Gutuna bitxia zen, bitxia zenez. Edozeinek ez dizu honelako gairik ateratzen. Edozeinek ez dio ezezagun bati hain libreki hitz egiten. Higatzen doan xalotasun galduaz negar egitea. Hori niri ere gertatzen zait; tira, litekeena da ni neu ere nahiko puta izatea. Beharbada horregatik oparitu nion jaka erdi biluzik zegoen puta hari, edo erlojua errealitatearen aniztasunaren berri ez zuen beste hari. Edota, beste era batez esatera, tenore jakinetan eskandalizatu ohi ez garenok ederki dakigun bezala, denok —zein guttixeago, zein gehixeago—, gara putak. Mailak badira. Putarena baino askoz lanbide lohiagoak ere bai, eta ez gutxi. Kontua nork bere paperari eustean omen datza, Margot Lasallek adierazten zuenez:

        «Dekadente deitzen ziren —"Dekadenteak kontzientzia alatzen zitzaien hedonistak ziren", dio Hauserrek— beste idazleetako bat, Villiers de L'Isle Adamek Bienfilâtreren andereñoak izeneko ipuina idatzi zuen, eta nork bere paperari eusteko garrantziaz ohartuta zegoela adierazi; ipuinaren hasieran gogorarazten digu, ironikoki, maltzurki, Ongia eta Gaizkia "latitude kontua" baizik ez direla. Mundu zabalean diren hainbat aztura eta usadio, eta haiei dagokien juzku moralaren arbitrarietateaz sotiltasunez errepararazi eta gero, bere ondorioa ematen digu: "Ekintza fisikoak indiferenteak dira: norberaren kontzientziak egiten ditu onak edo txarrak". Eta bere tesia defendatzeko Bienfilâtreren andereñoen kasua kontatzen digu: direlako ahizpa hauek putak dira, puta otzanak, behar bezalakoak. Mundu guztiaren begirunea irabazirik dute, euren mainak diskretu eta txukun ibiltzen dituzten ber. Hortaz, inor ez da haiekin sartzen, guztiz errespetagarriak dira. Baina, ai!, bi ahizpetako batek, gazteenak, —Olympe izenekoa, Maneten koadro famatua bezala; kasualidadea?— inork sekula barkatuko ez dion bekatua egingo du. Zein da gizartearen erdeinua, maiseatzaileen irain gaiztoak eta, azkenik, gaixotasuna eta heriotza —"lotsaz hiltzen ari zen, literalki", idazten du Villiersek— ekarriko dizkion bekatu larri hori? Bekatua da... mutil gazte eta zintzo batez maitemintzea [36].

        »Laidoaren lurralde miresgarria izenarekin bataia genezakeen hau, non sentimendu berezkoenak goitik behera iraulirik dauden, non moralaren pertzepzio arrunta arraso bestelakotua dagoen, hau da dekadenteek gehien maite duten lurraldea. Villiersek sarkastikoki deskribatzen duen bestelakotze hartan datzalako dekadentziaren ezaugarri nagusia, nonbait. Eta, "prostitutarekiko elkartasun-aldarrikapen honek biribiltzen du artisten gizarte burgesarekiko kanporaketa" [37]. Honen guztiaren berri edukitzea beharrezkoa da Lautrecen prostituten margoei buruzko iritzi osatua eduki nahi bada».

        Ederki eskolatzen ari zitzaizkidan, lehen Zederrun eta orain Margot Lasalle. Dekadenteak ere nire mundukoak dira, hasieran esaten nuen marraz bestaldeko hartakoak. Uste dut egokiagoa dela hori esatea, ni dekadentea naizela baino egokiagoa bai bederen.

        «Ibili-ibilian, bart gaueko literaturan —eta adibide hau ezagutuko duzulakoan nago, Espainiakoa delako eta zu espainiarra: gogoan hartu, esate batera, Carvalho eta Charo— puta, detektibe, zapatari edo laborari —lapurra, lapurra zentzu klasikoan, ni bezalakoa, izatea ere, berdintsu?— izatea gauza beretsua delako, norberaren ogibidearen koska espezifikoak gorabehera. Bart gauekoan, esan dut, eta ez gaurkoa, are eta gutxiago biharkoa. Gaurko eta, zer esanik ez, biharko prostituta literarioa, errealitatea islatzeko nahia badu behinik-behin, ezin izango da Charo bezalakoa. Munduko ofiziorik zaharren eta izen txarrekoena ankertzen ari da, areago, zaila zirudien arren. Krisia, badakizu. Edotariko langileei ere antzeratsu gertatzen zaie».

        Bere hitzen arrazoiaz egin nuen hausnarketa; ez gehiago ofizioa profesional independente gisa ari den Charo bezalakorik ez, nik Madrilgo egonaldian ikusi nuen hamabost urteko ekialdeko neskatila hura bezalakoa baizik. Langabeziak, goseak, jende gehiegi izateak ondorio latzak ekarri ohi ditu. Egia da denoi gertatzen zaigulakoa, gainera. Baita niri ere, azken finean. Zer ibiliko nintzateke Lautrec margolari frantziarrari buruzko saltsa batean sarturik —aitortu behar izan nion neure buruari, ordura arte hori onartzeko kemenik eduki ez banuen ere—, nora eramango ninduen ez nekiena, itsu-itsuan ezezagun batzuen aginduetara makurturik, bizimodua, niretzat ere, gero eta zailagoa ez balitz?

        Okerragoa da ume horiena, ordea, miseriatik ihesean prostituitzen diren ume gaixo horiena, nirea baino. Ninfula-gosea ez da atzo goizekoa, esan lezake inork, zertara dator eskandalu hau. Bai, egia da ninfula-gosea —ninfula terminoa Nabokov-ek erabiltzen zuen arabera erabiltzen dut, grina klase hori zertan den hobekien adierazi duen idazlearen omenez— ez dela bartekoa; baina mundua izugarri aldatu da. Gogoan dut inon irakurri dudala [38] Marcel Vertès —Lautreci jarraiki putetxeak margotu zituena— kontatua dela zer gertatu zitzaion Parisko prostibulo bat bisitatzera, apunteak hartzeko asmotan, joan zen batean. Vertèsek dio ez zela asko dibertitzen ari ikusten zuenarekin, bi neskatila ikusi zituen arte. Bere bozetoak egin zituen, hala edo nola, eta hurrengo egunean, berauek behar bezala osatzeko, itzuli zen putetxera, neskak atsedenean egongo zirela kalkulatu zuenean. Aurreko eguneko gaztetxoak ikusi nahi izan zituen... eta ikusi egin zituen: hogeita hamar urteko bi emakume ziren. Alegia, haurren eskaera bazen, baina eskaintza ez hainbeste, nonbait. Eta, eskaintza ezean, giroa eta eszenatokia prestatzen bide zituzten emakume beteak haurrak bailiran saltzeko. Orain, ordea, eskaera betikoa izanik, nahi duzun eskaintza daukazu nahi duzun tokian, edo ia, edozein egunkaritako berriek baieztatzen duten legez edo nik neuk El Loro Verde hartan ikusi nuen legez. Gauzak aldatu dira, edo ez?

        «Baina lot nakion aspaldi hortik zehar galdurik utzi dudan hariari —jarraitzen zuen gutunak—; prostituzioaren kontrola ezinbestekoa da. Eta ez bakarrik sifilisa edota gainerako gaixotasun benereoak neurrira ekarri ahal izateko; bere kabuz aritzen den neska —les insoumises, Laure Adlerrek deitzen dituen moduan deitzeko— arriskutsua da, subertsiboa: "Gizarte-gorputza lehergailu-minez ereiten dute, subertsioa sarrarazten dute senar-emazteen ereduaren bihotzean bertan, emazteak jeloskor jartzen dira. Desordena ereiten dute, gezurra darie, maitasunaren ideia bera perbertitzen dute". Erasoa ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, ez da txokarritakoa; gizartea antolatu, arrazionalizatu eta menderatzeko metodorik sofistikatuenetako baten aurka, familiaren aurka, hain zuzen ere, ari dira. Adlerrek adierazten duenez, XIX. mendean zehar moralisten armadak epaileak, poliziak, politikariak, iritzi publikoa xaxatuko ditu etengabe. Xaxatzailerik nagusienak, medikuak, psikologoak, zenbait idazle.

        »Putetxeak ixtea, beste erremediorik ez da gelditzen. Horrela, horregatik, sortzen dira les maisons closes, les maisons de tolérance, les maisons de rendez-vous. Horregatik, horrela, Poliziak fitxatzen ditu etxe horietatik kanpo aritzen diren neskak —les filles en carte—; esan nahi baita Poliziak berak ematen diela halako txartel bat, non agertzen baitira nortasuna, betebeharrak eta osasun-kontrolak pasatu ote diren adierazten duen zer bat. Lautrecek horrelako osasun-kontrol batzuk margotu zizkizun. Neskak gona altxaturik, animaliak bailiran, gizonen autoritatearen —medikuaren baitan gauzaturik oraingo honetan— aurrean. Emakumea naizenez, bereziki hunkigarriak zaizkit margo horiek, eta horietan ikusten dut inon baino argiago Lautrecen begirunea eta finezia.

        »Gauza jakingarria da, araudiaren aferari lotzen natzaio berriz, udal bakoitzak bere araudia ematen duen arren, hainbat debeku jasan behar izaten dutela: museoak ikustera ezin joan, esaterako, eliza batetik hogei metrora ezin gelditu... [39]. Parisen bada morala eta ohitura onak zaintzeko polizia-saila, eta buru egiten duenak, Delavauk, ederki azaltzen du kontua: "Gaitza etxe ezagunetan bildu nahi izan da; hartzen dituzten nesken jokabideaz arduratzen diren emakumeek zuzentzen dituzte etxe hauek. Poliziak uste du asko egingo zuela morala eta ordena publikoaren alde baldin eta prostituzioa tolerantziako etxeetan ixtera iritsiko balitz, han bere jarduna etengabea eta taxu batekoa izango baita eta zaintze-lana ezin saihesteko modukoa" [40]. Poliziak eskua sartzen duen tokia... Alegia, toleratuek salatzen dituzte bere kabuz aritzen direnak —konkurrentzia desleiala—, mota guztietako ustelkeria kasuak biderkatzen dira. Eta, jakina, kontrolatu ezin daitekeen multzoaren aurka, ez putetxe ez txartel onartzen ez dutenen aurka, errepresioaren bidea zabaltzen da. Intsumituaren bidea aspaldi da malkartsua. Adlerrek dio Saint-Lazare espetxe-eritetxean langile-falta nabarmena denean prostituta intsumituen atxiloketa modu ikusgarrian handitzen zela. Eta ez dabiltza tontakeriatan, noski: "Emakumea oldartzen bada, ostikoka bultzatzen zaio, ukabilez ematen zaio egurra, ileetatik tira eginez mugiarazten zaio, konortea galdu badu ere, gaixorik edo haurdun bada ere".

        »Halarik ere, ez dirudi moralzaleek arrakasta handia eduki zutenik: la maison close, baita Henri Toulouse-Lautrecek margotu zuenean ere, gainbehera hasiriko instituzioa zen. Hala, Guyotek, Hamelek eta Tournierrek ematen dituzten datuen arabera [41], 1855 urtean, adibidez, Parisen 204 etxe baziren, 1.852 neska aritzen zirela. 1894 urtean ostera, hau da, Lautrecen margoen garaian hain zuzen, 53 etxe baizik ez ziren, eta etxe haietan 580 neska baizik ez ziren ari. Eta ez noski prostituzioa gutxiagotu zelako, neskak kontroletatik ihes egiten ari zirelako baizik. Prostituzioak garaiko negoziorik osasuntsuena izaten segituko zuen. Datuek, honainoko datuok, badute beren garrantzia Lautrecen obra bere testuinguruan kokatzeko».

        Datu horiek gaur egunera estrapolatu ote daitezkeen zalantza dut. Esan nahi dut, zergatik luzatu dira hainbeste sexu-eskaintza egiten duten egunkarietako zerrendak? Negozioa handiagotu delako, gizonok gero eta putanerago garelako, edo negozioa —eta horrekin batera berau kontrolatzeko modua— bera aldatu delako? Ez naiz aditua, hori ez da nire negozioa —oso noizbehinkako bezero mozkor bezala ez bada—, eta ez naiz, ezta ere, moralista. Ikuspegi pragmatiko batetik egiten dut galdera.

        Parisko datu horietan, behintzat, datuen jaitsiera ez da izango, ez noski, prostituzioa gutxiagotu zelako; izan ere, hain da estua eta era bakarreko gizarte antolatu kapitalistak sexualitatea bizitzeko onartzen duen moldea ezen, ezinbestean, era guztietako zulatuak eta urratuak beti izango direla. Baita, nola ez, urratu eta zulatu horiek profitatuko dituztenak poltsikoak diruz mukuru betetzeko. Gizona izaki harrigarria da, bai horixe. Kontrola eta estigmatizazioaren aurkako borroka, inoiz arrotza izan gabe ere, gero eta ulergarriagoa zait.

        Esaterik al dauka horrelakorik ni bezalako batek?

 

        [32] H. de Balzac: Esplendores y miserias de las cortesanas.

        [33] Parent-Duchâtelet medikuak esana. Laure Adlerren La vie quotidienne dans les maison closes 1830-1930 liburuan. Hachette, 1990.

        [34] Horrelako komentarioak entzun nizkion behin Pako Aristi euskal idazleari, Euskal Herriko hainbat tokiri buruz ari zela. Barkatuko ahal dit hemen aipatu izana (egilearen oharra).

        [35] Laure Adler, aipatu liburua.

        [36] Villiers de L'Isle Adam: Les demoiselles de Bienfilâtre. Boooking International, Paris, 1995. «Un amant! Pour le plaisir! Sans rien gagner!». Asaldura-oihuak dira, noski.

        [37] Arnold Hauser, aipatu liburua.

        [38] Gure protagonista ez bide da gogoratzen non, zehazki, baina gu bai. Ikus Laure Adler, aipatu liburua.

        [39] Irakurleak jakinmina edukiz gero, Laure Adlerren liburuak badakar debekuen zerrenda bitxia. Aipatu liburua.

        [40] Idem.

        [41] Yves Guyot: La prostitution - Étude de physiologie sociale. Paris, 1882. Hamel-Tournier: La prostitution, enquête. Niza, 1927.