Camembert helburu
Camembert helburu
1998, saiakera - nobela
292 orrialde
84-86766-87-7
azala: Xabi Alonso
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1995, nobela
 

 

Camembert-en lehen berria

 

Bazkariak iraun bitartean, Fuentes izan zen gehien mintzatu zena. Imanolek ez zuen ia ezer esan. Berehala ulertu nuen haren eginbeharra ni mahai hartara eramatea baizik ez zela izan. Esan zidatenez, Carreaux, Yves Carreaux, arte-bildumagilea zen, eta arte-saltzailea ere bai, bazeukan galeria bat Parisen. Margot Lasalle bere idazkaria zen. Carreauxek ez zuen ia gazteleraz egiten, eta zerbait esan behar zuenean Lasalleri edo Fuentesi, Lasalleri batez ere, mintzatzen zitzaion, eta gero bi hauetako batek niri jakinarazi. Frantsesez gutxi jakinagatik neronek ere nahikotxo ulertzen nuen haien itzulpenik gabe.

        Kontua zen Carreauxek Toulouse-Lautrecen koadro bati buruzko informazioa nahi zuela. Natura hila Camembert-platera, edalontzia eta labanarekin izenekoari buruzkoa. Koadroaren historia oso bitxia omen zen: desagertuta omen zegoen. Hau da, desagertuta zegoen, baldin eta margolariak inoiz margotu bazuen. Gauza nahiko nahaspilatua iruditu zitzaidan. Eta batez ere, nire ahalbideetatik kanpo. Oker ez banago, esan nien, eskatzen ari zaretena Lautrecen obra ezagutzen duen batek erantzuten ahal dizue hobekien. Dudarik gabe aditu asko izango da munduan barna. Elkarri begiratu zioten ezer esateke. Dudarik gabe, bai... baina asunto delikatua zen. Delikatua? Noraino delikatua? Carreauxek uste zuen bazekiela koadroa non zegoen. Esaiezu agintariei, emaiozu horren berri Albiko Museoko zuzendariari, nik. Bai, berak, baina koadroa egiazkoa al da? Hau da, ez al da faltsifikazioa? Izango dira Lautrecen obraren egiazkotasuna ziurtatzen duten adituak, ezta?, ostera berriz nik.

        Fuentes mintzatu zen orduan. Oso hitz egokiekin eta nik sekula lortuko ez nuen dotorezia eta fintasunarekin jakinarazi zidan Carreaux jaunak eduki zezakeela, zilegitasun osoarekin, bestalde, interes ekonomikorik aurkikuntza hartan, eta interes horrek eskatzen zituela, aldi berean, zenbait informazio eskuratzea eta erabateko diskrezioa. Informazioa bermatuta zegoen adituei edo eta margolariaren oroimenaren zaindariei eskatuz gero, ez ordea diskrezioa; eta berria zabaltzeak, hain zuzen ere, kaltetu litzake Carreaux jaunaren interes ekonomiko guztiz errespetagarri eta zilegi horiek.

        Nik orduan jar nezakeen azkeneko zalantza jarri nuen mahai gainean. Oso zentzuzkoa, oso begi-bistakoa: ez al zegoen Frantzian, den handiarekin, nik egin behar nuena egingo lukeenik? Imanol, bere esku propioez zintzurra estutuko zidala adierazten ari zitzaidan begiradaz.

        Orduan mintzatu zen Margot Lasalle. Suabe, poliki, frantses azentu handiarekin, artikuluak eta jeneroak delizioski nahastuz. Agian Enekoitz Ramirez jauna lanpetuta zebilen. Agian horregatik ez zuen eskaintzen ari zitzaion lana hartu nahi. Agian Ramirez jaunak ez zuen sobera ongi ulertzen zer zen beragandik espero zena. Bera, Margot bera arduratuko zen Yves Carreaux eta bion arteko harremanez eta kontaktuez, ez baitzen komeni inork gu biok, Carreaux eta ni, alegia, lotzerik. Bera izango zen kontaktua. Tinko begiratu zidan eta begiei dir-dir burlatia ihes egin zien. Luze gabe ezabatu zuena, nahiz ni konturatzeko adina denbora iraun. Neurtuko al zituen beti hain ongi bere adierazpenak?

        Konforme, esan nuen, pixka batean marrantaka egin eta gero. Baina garbi gera bedi ni profesional serioa naizela; hitzartu duguna beteko dut, haatik beste hainbeste espero dut zeuengandik. Bestela gure harremana ziplo hautsiko da.

        Bilera desegin zen. Imanol eta biok hoteleko tabernan eseri ginen, malta bana eskuan. Uste nian ezetz esango huela, babo horrek, esaten zidan Imanolek, ezetz esan bahu seko utziko hindukedan bertan, mozolo halakoa. Zer saltsatan sartu nauk, nik. Lasai, motel, Fuentes puntu izugarri interesgarria duk, fidatzekoa duk, emango dik zer irabazia. Baina zer kristorekin zebiltzak, nik berriro. Puta ideiarik ez.

        Halakoxeak dira kontuak gure negozioan, batzuetan. Imanol kabroiak ez omen zekien ezer. Frantsesek Fuentes bilatuko zuten eta zerbait eskatuko. Fuentesek Imanol, eta Imanolek, dudarik gabe Fuentesekin zorretan egongo zena —mesede-zorretan bederen—, ni. Eta kabroiak onartzen zuen ez zekiela zertaz ari ziren, puta ideiarik ere ez zuela. Biaje ederra dik Margot horrek, e?, esaten zidan Imanolek, animatu nahian edo. Idazkaria, hi, idazkaria. Gutxienez ez dik esan bere iloba denik. Ez haiz kexatuko, orain lankidea badaukak.

        Ikusten nituen Imanolen asmoak, eta ikusten nuen berarekin egon nahi izateko arrazoi bakarra edukitzen ahal nuela, hots, informazio gehiago ateratzea. Eta arrazoi hori ere ez zegoela, ezer ere ez zekienez. Hortaz, gauza gehiago nahasi baino lehen esan nion nik Bernabeura joateko asmoa nuela, eta gero lotara. Imanoli ez zaio futbola batere gustatzen; gauza segurua da Madrilen mila bider egonagatik ez duela Bernabeu ezagutzen. Horrekin gainetik kenduko nuela uste nuen. Bai, to. Zera, esan zuen, hemen al daukak gela? Nik ere bai. Konforme. Lagunduko haut Bernabeura. Ez duk sinetsiko, mila bider egona nauk Madrilen eta ez diat Bernabeu behin ere zapaldu.

        Batzuetan horrelakoak gertatzen dira. Imanol zenbait ordutan ez nuela gainetik kenduko gauza segurua zenez, gutxienez informazioa ateratzen saiatuko nintzen. Nor da Fuentes, zein da bere egiazko izena, nortzuk dira frantsesak, zer da benetan nahi dutena. Hik uste duk normala dela inork ni orain Frantziara bekario bat banintz bezala bidaltzea? Zer, pistola sartuko diat maletan, edo ez?

        Imanolek barrez hartu zuen nire purrustada. Joño, pistola? Zer, muniparena? Oraindik gordetzen al duk? Ez, ez, ez, ez duk pistola eraman beharrik, Fuentesek zin egin zidak gauza ez dela pistola eramateko modukoa, frantsesek poliki-poliki jarriko haute jakinaren gainean, ikusiko duk, nik ez zekiat ezer baina fio nauk, kontua delikatua omen duk eta oraingoz egin ezak agindu diatena. Zer, ez duk ezer ere sinetsi, ezta?

        Hortik aurrera ez nion gauza handirik atera. Ezta Fuentes hura benetan nor zen ere. Ez, ez diat fitsik ere sinetsi, ez nauk atzo jaio. Nik ere ez, aitortu zidan azkenik Imanolek, baina zer nahi duk esatea, halakoxea duk bizitza: beirazak, hik eskumuturrean daramaan eta hain harro erakusten duan erlojua. Callao plazako edozein moruk saltzen dik bat mila pezetatan; erloju hori ez duk urrezkoa, ezta Rolex ere. Ezta erlojua ere, larritzen banauk.

        Arraioa, atera zitzaidan, Imanol, hik ere Argensola leitzen al duk? Ez zuen ulertu. Zer?, galdetu zuen. Hi ere faltsua dela konturatu ote haizen. Jakina, ba, jakina. Orduan goazemak Bernabeu aldera.