Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Argiak ez beste ditut maite

Gailurrak...

Hegalik gabekoetara ekarten

Nau lurrak

 

Oinez besterik ezin

Oinez eta ez airez

Nik bideak

Egin

Oinez eta oinazez

Nahiz hanka biok hautsi

Bidea ez baita bidazti

Ezin ninteke sasi

Guztien

Gainetikan bizi

 

Eskuz diet behar

Eskuz eta ez mokoz

Nik lagunei

Heldu

Eskuz eta estu

Datorkigun uholdean

Inor salba dadin

Ezin ninteke sasi

Guztien

Gainetikan bizi

 

Hitzez ditzagula

Hitzez eta ez txirulaz

Esatekoak

Kanta

Hitzez eta iltzez

Urretxindorrak ez baitaki

Torturaren dantza

Ezin ninteke sasi

Guztien

Gainetikan bizi

 

Larruz niezazuke

Larruz eta ez lumaz

Maitasuna

Froga

Larruz eta lurraz

Amodio garbiagora

Emateko urrats

Ezin ninteke sasi

Guztien

Gainetikan bizi

 

Besoz ohi baitira

Besoz eta ez hegalez

Hildakoak

Jaso

Besoz eta basoz

Bihur daitezen sustrai

Luizi honi eusteko

Ezin ninteke sasi

Guztien

Gainetikan bizi

 

Zutunik nahi nuke

Zutunik eta ez auspez

Urkabera

Etorri

Zutunik eta etenik

Diet egingo irri

Hodei honen azpitik

Ezin ninteke sasi

Guztien

Gainetikan bizi

 

Gainik gain nenbilke

Ai, hegaztia banintz...

Inoiz nahi ez nuke

Sasi

Guztion

Gainetikan bizi

Hodei honen azpiko

Lur gainera naute

Hegalik gabekoek ekarri

 

 

 

© Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus