Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Euriaren izenak bezain haizearen irria triste

Tristea da orain panpinen minuetoa baratzetan

Kanta debekatu bat daukagun artean ez gaude mutu

 

Urkatuaren zangoak ez du oroimenik behatzetan

Harentzat duzu gaur dakarkigun bihotz-sorta gorazarre

Ukabilek bakarrik dakiten otoitzik gabeko oroitza

 

Egin bezate nahi badute gartzelariek akelarre

Hegal guztiak golkoan ditu Urkizuko urkatuak

Muturik gelditu gara Mutitegiko zelai urdinetan

 

Gorroto batek gidatu ditu gure pauso unatuak

Zeinen eremu idorra zaigun poeta haien Gaztela

Katilu betean digu eskaintzen heriotzea gosari

 

Berezko puntua dizu orain Gaztelak gartzela

Paretak hurbildu egiten dira lepo gaztearen gose

Preso isil bat bihurtua da bere buruaren zuhaitz

 

Zure herriko gazteak orain ez dira hilten heriotzez

Patar botila ireki du goizaldean zuzendariak

Irri jatorra eginen dute urkatuaren lepotik

 

Lepo mehea du bizitzeari eusten dion hariak

Kriminala ezagutzeko ez dugu behar lekukorik

Negu gorrian loratuko da gazteen bihotz mindua

 

Urkatuaren fedeak ez dakar bizitzeaz ukorik

Desterru luze honen haizearen hotza dela zioa

Isila da biharamonean patioko pasioa

 

                              * * *

 

Urkatuak hartuko ditu zureak zenituen bazter

Heriotzez hil zinen Lizardi bihotz-begiak itunik

Haren begiak dituzu orain edertasunaren maizter

 

                              * * *

 

Mantxako eremu itogarrian zelda bat dago hutsik

Han dauka zain preso berriak damuaren dama biluzik

Poema lizunagorik Lizardi ikasi ez dizut nik

 

 

 

© Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus