Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 

Nire bekatuak ez du mea culparik ordea

 

Ez ni utzi euskararekin buruz buru

Lagunok

Ez nazazue utz bakarrean euskararekin

Erdaldun nazazue

Lagunok

Egin dezagun bekatu itsusi bat

Ahapetik bederen

Inoizka bederen

Egin dezagun bekatu eder bat

Erdaldun nazazue piska bat

Mesedez

Nik ez dut euskal herria euskararen gain finkatu nahi

Ez nuke nahi hitzezko zutabez jasotako aberrian bizi

Lagunok

Oker xamar idatzi ohi dut beti

Eta bertsotan

Poto eginiko bertsoa zait eder

 

Bai badakit hitzak haizeak daramatzala

Eta euskara biluzik dagoela

Hezur hutsetan ia

Baina nire bekatuak ez du mea culparik

 

Ez nazazue utz euskararekin bakarrean

Ez nuke gure mintzoa ukatu nahi

Euskaraz etsitzen jarraitu ahal izan baizik

Ni ere ez noa haize-alde

Ez niri eskatu lastrerik

Euskaraz mintzatu behar baldin badugu

Mintza gaitezen baina

Lagunok

Mintza gaitezen bizitzeko

Eta ez mintzoa bizitzeko

 

Bai badakit ezagutzen dut ikasi nuen

Sasian usteltzen dagoen

Mihinik gabeko ezkilaren ipuina

Hizkuntza herdoildu hau

Horretxegatik hain zuzen

 

Ez nazazuela utz euskararekin buruz buru

Erdaldun nazazue

Ahapetik bederen

Inoizka bederen

Erdaldun nazazue piska bat mesedez

 

Eguzki honek eskas duen ordua

Nire banderak eskas duen izarra

Zure ezpainek eskas duten hitza

 

Eta ate joka zatozkidate

Mintzoaren ezpata eskuan

 

— Alde egon ala alde egin...

 

Eta nire bekatuak

Lagunok

Ez du mea culparik

 

Bai badakit arrisku bizian gaudela

Badakit bizi-arriskuan gaudela

Eta horretxegatik hain zuzen

Ezpatek odoldu egin behar dutelakoz

Erdaldun nazazue

Lagunok

Egin dezagun bekatu itsusi bat

Ahapetik bederen

Inoizka bederen

Egin dezagun bekatu eder bat

Erdaldun nazazue piska bat mesedez

Erdaren San Bartolome Gauera gonbidatu baino lehen

 

 

 

© Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus