ALBOAN
Itsumustuka ibilitako
basabideetatik nentorren,
zaku bete hutsune,
bidea bakarrik egitearen beldur,
gabezien sakoneretarako neurgailua eskuetan,
bidegurutzeetan agurtzen nituen
bidaide askoren maitale eginda.
Amaiera hasiera bezain urrun
zukeen beste biderik
ez hartzeko erabakia hartu nuen hartan,
alboan zinen, orduan ere.
Haizeak ez, beste zerbaitek
ekarriko zuen hazia,
zure izena ereitera
nire begietan,
lehenengo eskuinekoan,
ezkerrekoan gerora.
Nire begietan
barrea, bularrak, ipurmasailak
ausartagoak, harroagoak, askeagoak dituzu,
ninietan aterpetzen zaizkit
ispilutik arbuiatzen dituzunak.
Oharkabean ere bizi daitekeela
erakusten didazulako
aurrez inork inoiz esan gabekoak
asmatu gura dizkizut,
masaila laztandurik begitik begira
esaten dizkidazunen neurrikoak,
hezur eta haragi ditudanak.
Ez itsasoa, ilargia, loreak, mendiak,
izarrak, zaldi zuriak edo gau epelak,
lehenago ere gehiegitan laidotu ditut,
badakit ez dizutena azala hozkirritzen,
badakit elkarri begiratzen diogunean
sakonago ari garena,
ez dugula gorputzen arteko distantzia
berba hutsen errenkadetan laburtu beharrik,
isilean errazago trukatzen ditugula
azala eta barruko guztia,
musika, literatura.
Izerdia egingo dut gure maitasunak
ez dezan jakin zer izan nagusitzen denean,
nahiago izan dezan ibilian hazi,
lanbidea aldatu egunerokotasunak
behatzetik burura noiz herdoilduko beldurtzean,
ezustekoak ponpatu diezaion bihotza,
ez diezagun nekeak lozorrotu.
© Gotzon Barandiaran