Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

ATZAZALETAN

 

Atzamarrak nekatu egiten zitzaizkion

egunak kontatzen hasten zen bakoitzean.

Nork bere buruarekin elkarrizketa izatea

eroen gaitza dela diote sekula ume izan ez direnek,

eta berak ez zerabilen besterik akorduan:

Egutegiek zertan egiten ote dute mesede?

Horren garrantzitsua da bizi dugun egunak

zenbakia eta eguna izatea?

Zergatik dira batzuk besteak baino egunago?

Beharrezkoa delako, noski.

Beharrezkoa baita egun zehatzen esperoan egotea;

bizitza osoa egun zehatzen esperoan ematea:

eskoletara hasteko lehen eguna,

lehen musurako eguna,

maitasuna egiteko lehen eguna,

hamazortzi urte betetzekoa,

lana aurkitzekoa, etxea erostekoa, ezkontzekoa,

familia osatzekoa, jubilatzekoa eta... hiltzekoa.

Eta zergatik ez datoz egutegietara

bizitzea erraza zeneko egun haiek?

Zergatik ez dakartzagu efemerideetara

jolas egitea beste derrigorrik ez genuen

sasoietako egun haiek?

Atzamarrak nekatu egiten zitzaizkion

egunak kontatzen hasten zen bakoitzean.

Urteak pilatzen zitzaizkion atzazaletan.

Horixe pilatu zitzaion urteotan guztietan,

egunak, urteak,

besterik ez.

 

 

 

© Gotzon Barandiaran

 


www.susa-literatura.eus