ATZEMAN DUTE LAPURRA
Atzeman dute lapurra
urteetan ebatsitako
berbak eta guzti.
Polizien telebista kateek erakutsitako irudietan,
harrituta begiratu die
diruz-lagunduta zituen hiztegiei,
atsekabeturik oroitu du
sobornoetarako ez dagoela zekenik.
Ez ei dute torturatu beharrik izan,
ez baitago, antza, torturatu beharrik.
Borondatez aitortu du non nori noiz:
albistegietan, erredakzioetan,
batzar nazionaletan, batzorde exekutiboetan,
berrehun euro banatik gorako bazkalondoetan,
izenburu hutsaletan, pankarta maiztuetan,
komunikatu isilduetan, hileta antzeztuetan.
Aske utzi dute lapurra
urteetan ebatsitako
berbak eta guzti,
ez ei dute aitortu duena ulertu.
Artean, kaltetuek gaztigua ebatzi
eta heriotza zigorrera kondenatu dute,
hilketa mugagabea egotzi diote,
aurrez, denboraz, odol hotzean, anker
egituratuko berbazidioa.
Itzultzaileak ikusle oldearen
hanka azpietatik ihes egin eta
asilo politikoa eskatu du
hizkuntzarik ez dagoen herri batean.
© Gotzon Barandiaran