GALTZAILEA
Oparotasunak orekatzen nauen galtzailea naiz.
Badakit arrotza zaidan biziera dagoena,
izutzen nauten biztanleak direna,
ihesi noakiela distantziak hurbiltzeko beldurrez,
urteak daroatzadala ezleku,
ezjende horien berririk jakin gurage.
Tarteka, egunak erreskadan eta
ordena beldurgarrian doazela,
lortzen dut begi bat zabaltzea edo
lagun baten biderako kinkela eskuartean izatea:
euskalduna izan arren
ez naiz egundo ziega batean usteldu,
ez naute torturatu,
ez didate hurrekorik ekintza armatuan hil.
Sufrimenduaren nire aldarria
ez doa xuxurlatik gora.
Zer dela-eta orduan
ez naizena puztu behar hau?
Nigan ez dakusat
marjinatu, hirugarrendutako,
etxe, auto, etorkizun zein paperbakorik,
ez nago bakarti samaldan,
eta hala ere galtzaile sentitzen naiz,
eta hala ere garaile naiz ez dutenen aldean.
Bihotzak ihes egiten dit korrika batean,
ez duela ezer ulertzen,
ez dakiela odolari zein norabide eman.
Ostera, handiusteak lanbrotzen nauenean,
kantu zaharretako tragedien ahaireetan
mintzo naiz, epikotasuna xede.
Lirudikeenez, batailan ematen ditut
eguneko orenak,
azala, haragia eta arima zanpatzen dizkidaten
arerio garaiezinen aurka.
Lirudikeenez, saminak hartua dit biziera,
ene sufrimendua latzena da benaz;
eta miresgarria, hala ere, oztopo guztioi
aurre egiteko erakusten dudan adorea.
Agian gezia behar dut eztarritik behera,
zain-hezur guztiak urratu eta
garunean sartuko zaidana,
egunero mingorra gogorarazteko modukoa.
Galtzeak mina ematen dit, bai,
ez garaitua izateagatik, ez bada
garailea dena izateagatik.
© Gotzon Barandiaran