OIHUEN JABEAK
Jabeak
lotu egin beharko lituzke
oihu latz horiek.
Arriskutsuak dira
uhal barik kaleratzeko,
haginka egin diezaiokete
umeren bati.
Eta ez da komeni
umeek ezer ikas dezaten
beranduegi izan arte.
Oihu garratz horien jabeak
paseoan ateratzeko baimenak
egunean beharko lituzke,
horrenbesteko samin eragileak
mantso mantentzeko
ahalmena duela egiaztatu.
Erotzeraino soraiotzen nauten
oihu zakar horien jabeak
ez luke haserretu behar
ez kalean ez jendaurrean.
Oihu latz garratz zakar gehiago eragiteraino,
itxurak egin ditzala sikiera.
Zenbat oihu lakatz
entzuteko betebeharra dugun
begiratuko dut boletin ofizialetan.
Susmoa dut kopurua igotzeko
dekretua argitaratu dutena
udako oporrak profitatuz,
eta gutxi batzuek baino ez dutela
horren berri.
© Gotzon Barandiaran