Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

ARGIBIDEAK

 

Non zapaldu, non gelditu

noraino luzatu pausoa,

zer ibili, nora zaindu.

Lagunen aurrean gutxiagotzen ninduten mandatuak,

ume-aroan zaharkitutako alfabetoan

idatzitakotzat nituen zure argibideak,

garbigailuko uretan irakurtezin bihur zitezen

poltsikoetan ostentzen nituenak

bihotzarekin josten zenizkidan poltsikoetan,

aintzat hartu gabe

zenbatero bilduko nintzen zure askara,

aintzat hartu gabe

hotza uxatuko zidala zure epelak,

lehorteen berri ez zuela ezagutuko nire ahosabaiak.

Zeinek gorago aurka egin ur-lasterrei,

zeinek sakonago burua sartu lehoi basaren ahoan,

bulkaden ezjakin zoriontsu ginen sasoian.

Eta txotxongiloen hariak

errugabetzen ditudan egunotan,

harri bakarrarekin ordeka zeharkatzeko

gai naizela konturatuta,

eskuak poltsikoetan zahartzea erabaki dut.

 

 

 

© Gotzon Barandiaran

 


www.susa-literatura.eus