Bildumaren zerrendara itzuliIdazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

OSTONDU SAKON POZA

 

Ostondu sakon poza,

bila dabiltza, diotenez,

mila polizia inguru.

Mozorrotu trapu zaharrez

osterantzean, seguru,

minez behar dute goza.

 

Ostondu sakon poza,

badatoz usnaka

ospela eta bekaitza,

bi hankatan edo launaka.

Harri eta guzti dator ekaitza

epeldu ezina izango da hotza.

 

Ostondu sakon poza,

aldarrikatu zuk halako malerusik

ez duela nehork ezagutu,

malkoak ez dizula egiten hutsik,

ezin zaizula euripean lehortu

pozminez duzun bihotza.

 

Ostondu sakon poza,

zaude beti atezuan,

ez lokartu, atzarri,

dantzatu atzeskuan,

ez diezazutela igarri

zoriontsua denaren lotsa.

 

 

 

© Gotzon Barandiaran

 


www.susa-literatura.eus