Bitsa eskuetan
Bitsa eskuetan
2010, poesia
96 orrialde
978-84-92468-23-2
azala: Arrate Rodriguez
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2013, nobela
2000, poesia
 

 

ZAPITXO INTIMOAK

 

Zure atzazalekin itzartu, eta barre egin zeu zarelako.

Geratuko nintzateke zurekin, jakitearren

nola altxatu ohi diren lau eskutara gauaren aiurriak.

 

Izaretan buelta hartu begiak itxita, besapeak irekita.

Sorbaldetatik hara antzerki-oihal sinplea da dena;

monosilaboak paisaian zu, ni.

 

Algak eta lastoa jan zure bularretik,

hatz bat nire zilborrean duzula

galga txiki bat lez, itsu-makila bat lez, arkatz bat lez.

Ahal banu lo egin eta zu gorde,

abestu eta igeri egin aldi berean.

 

Zure izena hartu begiekin,

agurraren odola garbitu zapitxoekin,

adurrez egin didazun arropa airean lehortu.

Hala eta guztiz ere, edonon eta edonoiz,

fereka bat lortu.