Bitsa eskuetan
Bitsa eskuetan
2010, poesia
96 orrialde
978-84-92468-23-2
azala: Arrate Rodriguez
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2013, nobela
2000, poesia
 

 

BESTEAK

 

                        Zer egingo diogu, ba, ez naiz perfektua.

                        Parkak dira politago eta argiago.

                                                            Esther Gimenez

 

 

Ez dut nahi izan Aurore Dupin, idazten jardun inork niretzat pianoa jo bitartean. Ez dut nahi Mesalinaren antzik, ezpaten andrearen zipitzik. Ez Magaren taxurik, eta Horaciorekin topo egin zubietan, ez dudalako nahi haur beragatik egin negar, haur beragatik egin barre. Ez dut izan nahi Teresa Calcuttakoa, maitatuz gurutze bat non iltzatu esku betihuts hauek bankuko kartillekin batera. Ez dut nahi Kareninaren antzik, trenbidean herioari turrit egin ezinik larrutan babesturik. Ez dut nahi bihurtu bi izpiritu korapilatu, otalurretan galapan, Catherine eta Heathcliff, eta patuari lotu. Ez dut nahi Saforen kutsurik, peploen azpian muztioa miazten edo labar beltzetan heriotza limurtzen. Ez dut nahi izan neskatxo mazala clair matin usaina, aitatxiren esaneko, zatoz, nire altzoan etzan, ipurdi guri horretan tas-tas egin diezazudan. Ez Anbotoko Mari, ez Nazareteko Maria, ez burezur bati eskainirik bizia, Magdalako Maria. Ez Emma Bovary, ez Borgiatar Lukrezia, ez Salome, ez Alizia, ez Albreteko Joana, ez Lilith, ez Diana, ez Medusa, ez neure ama, ez Sigrid Thulekoa, ez Miletoko Aspasia; ez Anne, ez Alfonsina, ez Sylvia eta ez Marina; ez Errusiako Katrina, ez Sienako Katalina; ez Ava, ezta ere Greta, ez Ingrid eta ez Gina. Ez Virgina Woolf, ez Flora Tristan, ez Simone de Beauvoir, ez Luxemburgtar Rosa... Denak distirantak, denak hain airosak... Ispilu eskerga horretan, panpoxa naiz islatzen, domino-fitxen antzo etengabe kokatzen: ni neu, aurpegi arrunta, papar naroa, zumearen udamina giharretan, ni, gauerdiko kikararen lurruna, uharte isila eta sakan ozena, neu, uneoro poeta, noizean behin jueza, sarri apostolua eta inoiz euskalgeisha.