Bitsa eskuetan
Bitsa eskuetan
2010, poesia
96 orrialde
978-84-92468-23-2
azala: Arrate Rodriguez
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2013, nobela
2000, poesia
 

 

HAMAZAZPI LERROTAN  EZ ESATEKO ESKAERA

 

                        Esan hildura xarea hazi zaizula zuri ere,

                        Esan aztarrika ekiten diola egunsenti bakoitzari,

                        Esan nahikoa dela, akitu egiten direla bihotzak.

                                                            Iñigo Aranbarri

 

 

Ez dut entzun gura, ez, eta ez esan,

ez esan izena trukatu dudala, izana bestetu dizudala,

bion kriseiluari neuk egin niola putz biotatik aurrena,

eskumuturrak izarrez lotzen alferrik tematzen naizela.

 

Ez esan imintzio hutsala dela betilore-bokazio hau,

kukuluan ostenduta azala gotortu zaidanik,

ez esan hezurraren itsura baztertu zaitudanik,

Venn diagramen mirabe sinetsiak garenik.

 

Ez esan sabelean utzitako zilarrak,

goiz-albetako arantzak, ez esan gure etxea, ez esan,

ez esan zenbat zer, zenbat hozkada gauak,

zergatik, ustez, neurea ez zaitudan.

 

Ez esan zure ahots hila baino gurago nuela itoginaren elea,

zure ur mortuak baino zubi laxo arrotzak,

ez esan aliritzira ebaki dizudala bizitza,

merkezurrean saldu, zoro antzean, iragana.

 

Ez esan. Ez esan. Ez niri.