Bitsa eskuetan
Bitsa eskuetan
2010, poesia
96 orrialde
978-84-92468-23-2
azala: Arrate Rodriguez
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2013, nobela
2000, poesia
 

 

BIGARREN BIZITZA

 

                        Pentsatzen dut ate bat dela bakardadea.

                                                                  Marina Aoiz

 

 

Urteak igaro, kasik hogei, eta orduan ere

zure paparra egokitzen zitzaion nire bizkarrari

domeka goizetan erlojuak paretari so jartzean.

 

Salan franko haziak ziren iratzea eta afrikar bioletak,

eta nire gerrian halaxe, eraztun bat gehiago urtero,

gure erregetza mundu honetakoa zen seinale.

 

Esaten nizun ahapeka, hain zintudan maite:

«Faltako banintz, bilatu, topa ezazu nor maitatu».

Hain ninduzun maite.

 

Gaur ez da zugan bazterrik asmo onez txukuntzeko;

nigan ere ez da erpinik bakea jar dezazun.

Zenbat lan galdu. Zenbat negar, antifazaren atzean.

 

Bizitza osorako altzariak aukeratu eta gero,

ezpalak berritzeko geratu ohi gara astero.

Kolore absolutuenaz ari gara, zertarakorik gabe.

 

Ezinezkoa da maitasuna ituntzea.

Tentazio handiegia kronikoki jokatzea:

umiliazioa onartzen kontzientziari irakastea.

 

Orain begiratu aurpegira bizitzari:

gure arteko tartean ez dago berba bat besterik.

Zu eta bion erdian da begiari muzin dagion begia.

 

Atera naiz isilean etxetik, lokatzetan utzirik oinatzak,

giltzari odola dariola. Banoa, ea zertan den beste airea:

bigarren azala, bigarren kodea.

 

Ikaraz jartzen nau ganbaran solte utzitako memoriak.

Iragana sitsa dugu, urteak zenbatzen.

Requiem bat da etorkizuna, teoriak probatzen.

 

Zoriona aitortzeak ahitzen du arrangura.