Bitsa eskuetan
Bitsa eskuetan
2010, poesia
96 orrialde
978-84-92468-23-2
azala: Arrate Rodriguez
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2019, narrazioa
2013, nobela
2000, poesia
 

 

KLUBA

 

B.rekin egin dut topo kanposantuan (neu baino zahartxeagoa da):

        —Orain dela hamabost urte etortzen naiz, zapatu guztietan. Lotan zegoela hil zitzaidan semetxoa. Bat-bateko heriotza. Fabrikara joanda nengoen ni. Beste semea ohartu zen, zazpi urtekoa, esnatu ezin izan zuenean eskolara joateko.

        K. ezagutu dut plazan (neu baino gazteagoa da):

        —Alabak jolasten diren tokian daude gure amaren errautsak, txakurrak pixa egiten duen txokoan, arrosondoen artean. Kanpora eta barrura ibiltzen naiz baserriko zereginetan. Berba egiten diot, edozer. Osasungarria da hildakoekin jardutea, geureak badira, jakina. Berba egiten diot, euriak nire begietan sustraiak bota nahi dituenean. Eten barik berba, paisaia mutua amaren altzoa bihurtzen denean.

        Baietz egin diet buruarekin, eta Atxabalerako bidea hartu dut burumakur, etxeak har dezan nire eskea. Ze, entzun, ama, behar zaitut hondartzan ikusi lasterka, magia egiten denborarekin, eta ni pijama hutsean errepidetik zuri so, olatuen merengea begi-ninietan. Amatxu, film hartako oreinkumea nauzu: prest naukazu zure penak ostentzeko betaurrekoak lortzeko. Ama, hegazkin batek urrun daramatza evax, belcor eta margaret astor kargamentuak. Ama, behar zaitut barreka ikusi hondartzan, eskua eskuan, eguerdi gordinean.