Bitsa eskuetan
Bitsa eskuetan
2010, poesia
96 orrialde
978-84-92468-23-2
azala: Arrate Rodriguez
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2013, nobela
2000, poesia
 

 

HEGALDIA

 

Ama eta biok Parisera joateko ginela, gaixotu eta hiru hilabetera hil zen. Mundua erakusleiho lizuna iruditu zitzaidan: edonoren bistara nengoen, pasteltxo minberatu bat azpil parpaildunean.

        Lagunen deiak bukatu zirenean, maletari begiratzen hasi nintzen, hortz-eskuila eta kulero berriak hartu, eta edonora ospa egiteak zenbaterainoko ahalegina eskatuko lidakeen kalkulatu guran.

        Baina, seguru, amak deituko zidan, esanez aitari azido urikoak gora egin ziola, edo kardantxiloa kantatzeari utzita zegoela, praka berrien premian zegoela osaba. Lasai egoteko esango nion nik. Lagunduko niola analisietara aitari, emango niola gerezi bat kardantxiloari, erosiko nizkiola prakak osabari.

        Ez, amak ez zidan deituko. Hilda zegoen. Katabuta zarratu aurrean azken musua eman nionean, ezer idatzita ez zeukan paper bat bihurtuta zegoen gorpua.

        Horrenbestez, abiatu nintzen, bada.

        Aldizkari bat zabaldu nuen aireportuan, hara eta hona begira, ea nor edo nor neuri so neukan. Atzean solas eten bat aditu nuen, jakan zahi-printzak zeuzkan gizonezko batek eskuko telefonotik esandako berba maitekorrak: «Cette nuit-ci, mon amour... très fort». Ahotsak logela bat eta bi gorputzen itzalak irudikarazi zizkidan, eta gorputz haietako bat neurea izan zitekeela.

        Busean eraman gintuzten hegazkinera. Izerditan hasi nintzen berehala. Gaueko zaparradan, hegaletako argiek ginda bustiak ziruditen. Gogor oratu nien heldulekuei. Haize-erauntsiek atximur egiten zidaten tripetan. Kalatxori izutuak etorri zitzaizkidan gogora.

        Ekaitza denean kalatxoriek barrualdera jo eta histeriaz egiten baitute karranka, olatu zakartuen lurruna lumetan jasan ezingo balute lez. Neuk ere kalatxorien moduan egin gura nuen txilio. Izua ematen zidan hegaldiak: berdin antzean, eguraldi txarreko gaua zen amak utzitako hutsunea.

        Baina ametsetan bakarrik egiten nuen nik garrasi, ametsetan nintzen bestelakoa: itsas txoria arraina akabatzeko haina. Amak ere ez zuen sekula garrasirik egiten, isilik geratzen zen, berbak irensten zituen begiak gortinetan josita. Hil ere isilik hil zen, biriketako likido kutsatuarekin itota. Orain neu nintzen bizitzaren moko zorrotzean hatsik gabe itotzen ari zena.

        Haizeak balantzaka eragin zion hegazkinari eta erraiak ur bilakatu zitzaizkidan: sabela, hesteak, maskuria. Txepel sentitzen nituen garunak, gutxi egindako arrautza-nahaski baten antzera. Belaki bat behar nuen amari izterrak garbitzeko; kremaz igurtziko nizkion orpoak, izarek eragindako narritadura gozotzeko. Ez, ezin: ama hilda zegoen.

        Izterretan behera likido iluna isurtzen ari nintzela ohartzearekin batera, konortea galdu nuen.

        Denboragarrenera, zurrumurru bat entzun nuen. Hegazkineko pasilloan etzanda nengoen. Alboan makurtuta, azafata bat airea ematen ari zitzaidan abanikoaz, eta ezpainak hezetzen gaza busti batez. Simaurrez beterik lez sumatzen nuen gorputza. Ahokada bat bota nuen.

        Jesartzen lagundu zidaten, bizkarra almohadoi batean bermatuz. Bidaiarietako batzuek burua jiratu zuten, mokanesa sudurrean, muzin. Jakan zahi-printzak zeuzkan gizonak zerbait eman zion azafatari: kamisoi bat, paparraldean Ama Birjinaren dominatxo bat zeukana, neure amarena. Azafatak zutuntzen lagundu eta WCra eraman ninduen, aldatzeko eta makillatzeko.

        Trauskil jaitsi nintzen hegazkinetik, mengeldurik orkatilak. Jakan zahia zuen gizona zain neukan eskailerapean, lurreratze-pistan.

        —Ça va, Mitxu?

        —Mila esker mesedeagatik —esan nion.

        —Autoa daukat aparkalekuan. Etxera eramango zaitut.

        Besotik helduta abiatu ginen autora, pauso txikian. Ordurako ez zen zaparradarik, zirimiria baizik, baina ur bakoa: milaka lore more txiki jausten ari ziren zerutik potxingoetara, ekipajeak garraiatzeko orgen artera, taxien gainera, nire aurpegiaren kontra.

        Halaxe konturatu nintzen zerbait gertatzen ari zela: lore moreengatik, eta ume sentiarazten ninduen esne-usaina gailendu zelako inguruan.

        Autora sartu nintzen. Ama zegoen atzeko jarlekuan, irribarrez. Musu eman nion, pozarren. Berak besarkatu egin ninduen. Hortik aurrerakorik ez dut oroitzen, gelatinazko aintzira batean murgildu nintzela ez bada.