Bitartean heldu eskutik
Bitartean heldu eskutik
2001, poesia
104 orrialde
84-95511-48-7
azala: Ikeroker
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2016, nobela
2012, nobela
 

 

OROIMEN ARIKETA

 

«Ez dut negarrez aritzea besterik

esku-ahurrak desegin artean»

idatzi nuela daukat gogoan.

 

Carverrek hil baino hilabete bat lehenago

erosketetako papertxoan idatzi zuena ere

badatorkit: «Gurina, arrautzak, txokolatea...

 

Antartidara joan ala Australiara?».

Uholak dakartzan adar eta plastikozko

ontziak dira egun oroitzapenak.

 

Eta kalean galdu nuen lagunminaren

betarte zurbila ere badakarkit.

Bere irribarre konplizea.

 

«Ez dut negarrez aritzea besterik

esku-ahurrak desegin artean»

idatzi nuela daukat gogoan.

 

Gordean ditut halaber

neurria hartu nahia, aldatzeko ahalegina,

nire mamuekin irauteko premia,

 

eta denbora arretaz ehundu

begiekin, malkoekin, eskuekin,

itzalen luzapenak bizirik harrapa nazan.