Bitartean heldu eskutik
Bitartean heldu eskutik
2001, poesia
104 orrialde
84-95511-48-7
azala: Ikeroker
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2016, nobela
2012, nobela
 

 

BADA BELDUR BAT

 

Bada beldur bat abisurik gabe eta erabat hartzen gaituena.

Otsaileko albatrosak itsaslabarretan bezala

 

gure gogoan pausatzen da,

dena ospel, dena uzkur, dena ahul bilakatuz.

 

Berehala etxera deitzera behartzen gaitu,

ahots ezaguna entzun eta lasaitzeko.

 

Eta, tamalez, aldika beldur hori

gaizto izaten da eta zehatz,

 

eta haize berdeak ekaitza halatsu

iragarri egiten du dohakabea.

 

Berri txarra aditu bezain laster hurbildu ginen ospitalera.

Osabak besoarekin inguratu eta alboratu egin ninduen.

 

Belarrira egiten zidan hitz eta nik bere eskua ikusten nuen soilik.

Txalupan mozoloak harrapatzeko gauza zen esku kakotu hura.

 

«Bizitzan gauza batzuk onartu egin behar dira.

Honek ez du batere itxura onik. Ausart izan behar duzu».

 

Inoiz ez naiz hain bakarrik sentitu.