Bitartean heldu eskutik
Bitartean heldu eskutik
2001, poesia
104 orrialde
84-95511-48-7
azala: Ikeroker
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2016, nobela
2012, nobela
 

 

ARRISKUA

 

Arriskua zenuen maite.

Zenbaiten ustean haurtzaro latzak

betiko markatu zizkizun esku ahurretako erreka lehorrak,

eta horregatik mugak hauste hori,

bazterrera, zulora hurbiltzeko joera.

 

Irlandatik, Danimarkatik zetozen kamioiak arraina biltzera.

Atzeko kolpe-leungailura abantean igo eta

abiada hartzen zutenean jauzi egitea zenuen gogoko,

hirulau urrats egin eta lurrera erortzeko.

 

Bonba zaharrak hartzen zenituen eskuan,

gerra zaharreko frontean erdietsiak,

sasi artean lubakiak antzematen ziren,

ezin sendatuzko zauri sakonegiak bezala.

 

Arriskua zenuen maite,

eta konturatu naiz ezer ez garela arriskurik gabe,

atea zeharkatzerik ez, itsasoratzerik ez, maitalerik ez.

Denbora igaro da urte haietatik

eta, gaur, zure akabera aurreratzen zutenen begiak

neguak hildako kardantxiloenak dira.