Poesia kaiera
Poesia kaiera
John Berger
itzulpena: Iņigo Roque Eguzkitza
2019, poesia
64 orrialde
978-84-17051-33-4
John Berger
1926-2017
 
 

 

Zurubia

 

Zutoinak pinuzko

mailak lizarrezko

mailen bitarteetan

hilabetetako belarra zanpaturik

zaldi-zela bat bezain gogor

 

Zurubiaren oinetan

aratinik

sabela puzturik

ogi-ore harrotu gris baten gisan

ardi hil bat

hankak airean dauzkala

sukaldeko aulki batekoak

bezain hanka meheak

atzo galdu zen

alpapa gehiegi jan

eta barruan hartzitzean

urdaila lehertu zitzaion

lehenbiziko elurra ari du

beraren artile hitsaren gainean

ilundian landasagu batek

artoski

jaten dio belarria lurrean

egunsentian bi belek

nolanahika mokokatzen dizkiote

hortz-oiak

zabalik dauzka begi izoztuak

 

Zurubi bakoitzak

burtzoroa du

goieneko mailan

haziak loratu dira

munduko koloreetan

eta bi mitxirrika zuri

eskusoinu baten notak bezalakoak

elkarri segika

laztanka

iheska

igotzen dira zeru urdinera

 

Zurubiaren buruaren gainetik urrun

istantean

hego zuriok urdindu

eta aienatzen dira

hilak bezala

 

Zurubi honetan

bizi naiz

gora eta

behera