Poesia kaiera
Poesia kaiera
John Berger
itzulpena: Iņigo Roque Eguzkitza
2019, poesia
64 orrialde
978-84-17051-33-4
John Berger
1926-2017
 
 

 

Azkenak dira

 

Beverlyrentzat

 

Mihiaren atzean,

belar-mintzairarekin

eta gatzerako grinarekin,

mihi astun eta

halere itsu baten eskua bezain

abilaren atzean,

behi osasuntsu batek

berrogeita hamar bat aldiz mamurtzen du

hausnartua berriro irentsi aurretik.

 

Irudi du Beverly

animaliak

emigratzen ari direla: haien Amerikak

zeruetako konstelazioak dira:

Muskerra, Lehoia, Hartz Handia,

Aharia, Zezena, Belea,

Erbia…

Beharbada zuhurrenek

hala nola agutiek

Esne Bidea hautatu dute.

 

Erantsi belarria haren saihetsari

eta adituko duzu

haren lau urdailetako marea.

Bigarrenak, sare tankerakoak,

konstelazio-izena dauka:

Erretikulua. Hirugarrenak,

Salterioak,

liburu tankera dauka.

 

Gaixo delarik

mamurtzeko gogoa galduta,

haren lau urdailak

mututzen dira erlauntza bat neguan bezala.

 

Urterik urtera animalia gehiagok alde egiten du.

 

Etxabereak eta azienden gorpuak baizik ez dira geratzen

eta azienda bizian edo hilean

ezinbestez eta ezarian

bihurtzen da haragi

“Sinetsita nago erabat posible dela

—esan zuen Iowako Unibertsitateko

Bob Bust-ek—

animalia bat berariaz

hanburgesatarako diseinatzea”.

 

Beste nonbait

pobreen animaliak

pobreak bezala hiltzen dira

proteina gabeziagatik.

 

Abereek larreetatik biltzen dituztenean

arboladiaren beroa

eta hartz-baratxuriaren arnasa beroa

eramaten dituzte ukuilu hotzetara.

 

Korta garbitzeko

barreiatu

behor-simaur pixka bat

minda xurgatzen baitu

minda udaberria bezain likidoa eta

berde belarkara.

 

Eta ongi lotu gaur gauean

azpiak egin pago-orriz

Beverly

azkenak dira eta.

 

Orain joanak direla

haien kemenaren falta dugu.

Zuhaitzak ibaiak

eta hodeiak ez bezala

animaliek bazeuzkaten begiak

eta haien begirada

iraupena zen.

 

Bazen sekulako eta betiko azeria.

Bera hiltzeko

aski zen

lipar batez egoztea

bere eternitateko

lurretik.

 

Euliek eta beleek

ardi hila jatean

begietatik hasita ekiten zioten.

Haatik ordurako ardia

erditua zen

bere iraupenaren axuriaz.

 

Zapelatzak inguruka

bil-bil egiten zuen bere denbora eternala

mendiak

bezainbat aldiz.

 

Gau bakartitik

egunaren behakoa zetorren,

bere animalia-adikune zuhur

noranahikoarekin.

 

Animaliak isurian zihoazen haien esnea bezala.

Orain joanak direla

haien kemenaren falta dugu.

 

“Zerrama —diotenez—

mekanika baliotsutzat

hartu behar litzateke,

haren egitekoa

txerrikumeak ekoiztea baita”.

 

Haatik batzuetan

esneak,

pitxar zuritik

isurtzen ari zarelarik,

gogora ekartzen dit

txakurren moldean

etxea zaintzen zuen antzara.