Poesia kaiera
Poesia kaiera
John Berger
itzulpena: Iņigo Roque Eguzkitza
2019, poesia
64 orrialde
978-84-17051-33-4
John Berger
1926-2017
 
 

 

Troia

 

Hiri honek ez dauka parekorik.

Xut eraiki zuten,

lurraren gainean bermatu gabe.

Huntza horman bezala hazi zen.

Hemen bizi garenok

gora eta behera gabiltza

ehunzangoak bezain aise.

Angelu zuzenetan

ordokiarekiko eta itsasoarekiko,

zurtoin bateko hormetan bizi gara.

Ibai bat igarotzen da gure kaleen artean

nola euria zuhaitzen azalean behera.

 

Urteko azken egunean

atsaguretzeko eskubidea

daukate hiri guztiek.

Zigorraren beldurrik gabe Marrakexek

Parisen mozorroa jantz dezake

Madrilek libre imajina dezake bere burua

Trinidadek Ingalaterrako Bankua zapartarazi.

 

Zeru bat

asmatu zuen hiri honek beretzat

oihal-bilgo bat bezala zabaltzen du.

 

Ametsetan

txori-arrautza zeru-urdin bat aurkitu nuen.

Urdina kaleko teilatuekin elkartzen den tokian

atabal-joka aritzen da ez aditzeko maneran.

Nire begiek ikusten dute soinua.

 

Eguzkiaren muinean

zeruan

justiziaren glaziarrak

argiaren abiada har dezake

eta hilabete baten buru

eguzki sistema zeharkatu

eta ehun mila urteren buru

galaxiako

izarrik urrunena jo.

 

Kalearen amaieran

txolarre bat

pausatzen da goian zeru kontran

odolezko zuhaitz batean

kortexaren ondoan.

 

Preso bat fusilatzen duten aldiko

txolarrea hegan jalgitzen da

beraren begietatik.

 

Zerua gaur

alderrai dabil bizirik ateratako ikusezinekin batera.

Zurtoinetik diosala egiten diogu eskuarekin.