Bildumaren zerrendara itzuli

 

 

Gurutzifikatuaren itzala

 

Gurutzifikatuaren itzala

luzeegia da, astuna,

kristauek beraiek

ezin omen dute jasan

hainbeste zama;

guztioi, eguzkipean paratzerakoan,

jarraikitzen digu gurutzearen itzalak,

hegazti ilun eta mehatxagarri horrek.

 

Umiliazio haundi baten historia,

garrasiak harrien artean,

urre eta miseria;

ezin da onartu hainbeste oinaze

arrazoiaren zapalkuntza hutsa bezala,

malkoak begietan, gurutzadak,

esklabutasuna,

Ama Birgina, usoa,

beheko zorigaitza deuseztarako.

 

Zitalkeria salatzen dut gaur,

gizakiaren alde nagoelako;

itsasoak, belardiak,

oinak eta bihotza

dira jainkoak.

Jainkoa da andrea.

Eta gizakien gainean inor ez.

Harea, lur idorra,

bide amaigabeak

herriak elkartzekotan.

Eta euskal gauean, sorginak.

 

 

© Joakin Balentzia

 


www.susa-literatura.eus